Erakusketa polit batean izan nintzen lehengo batean Guggenheimen. Bertan ziren Chomsky, Piaget , Vigotsky, Siemens, eta Downes margolari ospetsuen maisulan zenbait, hormatik zintzilik. Halakoetan egiten dudan legez, bost koadro aukeratu nituen, berorietan murgildu eta, gehiegi ulertu ez arren, margolan bakoitzari sentsazioak xurgatze aldera. Tentazioari ezin eutsi eta deskribatu egingo dizkizuet koadrootan agertzen ziren eszenak.
1. eszena
Informatikaria bere bulegoan lanean. Bezero bati egin zioten web-orriak akatsa du eta arazo hori konpontzen saiatzen ari da. Egia esan, berak berez ez daki akats hori konpontzen, ez dago honelako milaka kontu aurreikusezin buruan gordetzerik; gainera, gauzak egun batetik bestera aldatzen dira alor honetan. Arazo bat du baina badaki nora jo, non bilatu, non galdetu. Konponbidea sarean bertan aurkitu du.
2. eszena
Ikasle bat bere gelan lanean. Unibertsitaterako lan bat prestatu behar du. Lana osatzeko hamaika lekutan ibili da kuxkuxean. Ingelesezko, katalanezko, euskarazko eta gaztelerazko testuak bildu ditu. Ingelesarekin eta katalanarekin hala-moduz moldatzen da, baina sarean aurkitu dituen zenbait tresnaz baliatuz lortu du testu horiek neurri handi batean ulertzea. Prest dauka lana.
3. eszena
Ikaslea eta irakaslea sarean lanean. Euskara ikasi nahi duen ikaslearen PLEa osatu nahian dabiltza. Aste honetan sarean aurkitu dutena partekatzen eta aukeratzen ari dira. Pare bat jario interesgarri aukeratu dituzte. PLE edo PLNan badituzte dagoeneko hiztegiak, aldizkariak, abestiak, eduki jarioak eta harreman sare pare bat. Horretan jarraituko dute denboralditxo batean.
4. eszena
Hamabost ikasleko talde bat euskaltegian. Ataza bat egiten ari dira. Guztien artean pentsatutako ataza da. Blog bat egingo dute. Horretarako hainbat erabaki hartu dituzte: egitura, helburua, hartzailea, gaia… Bloga publiko egiteko asmoa dute eta beronen bidez komunitatearekin harremanetan hastekoa.
5. eszena
Alboko ikasgelako taldea. Ataza bat egiten ari dira. Irakasleak ikasleek ipuina kontatzen ikas dezaten nahi du. Ikasleen esku utzi du azken erabakia, dena den. Ados egon dira eta irakasleak zenbait ataza bideragarri proposatu ditu.
Horrela utziko ditugu oraingoz eszenak, gehiago osatu gabe. Hurrengo batean kontatuko dizuet horietako bakoitzak zer eragin zidan. Tartean aukera duzue, nahi baduzue, koadro bakoitzean murgildu eta printza didaktikoak ateratzeko.
Argazkia: Guggenheim Structure. Egilea: picturetunes. Lizentzia.



Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Margolanen artean sartuta zure erakusketa horretako koadroek eskola piktoriko desberdinen ikutuak dituztela begitandu zait.
Hiper-errealismotik hasi gara, kostunbrismotik gertu, errealitatearen eta ohituren isla zehatza, errealitateak bere biluztasunean pentsarazten digu, mozorrorik gabe.
Dena dela, erakusketan aurrera egin ahala, errealismo hori ametsekin eta desioekin batuz doa surrealismoaren eta futurismoaren bideetan. Ikusten eta nahi dugun errealitatea fusionatzen doaz apurka-apurka.
Bilakera eta hor eten, azken txanpan ia espero gabeko buelta hartu digu. Errealitatearen eta ametsen erakustalditik ekintzara pasatu gara, muralismoa bezalako arte sozialera. Orduan konturatu naiz bost koadro horiek ez direla margolan isolatuak, mural baten piezak baino, narrazio batenak.
Ez dut ulertzen narrazio horrek nora garamatzan, baina Picassok esan ei zuen modura: "-Ostrak gustatzen zaizkizu? -Bai. -Eta ulertzen dituzu?".
Arte figuratiboaren aurrean gaudela da ziurtatu ahal dudan gauza bakarra. Eta ez da gutxi.