Idealizazioaz

Plisti-plasta | 2009-01-18 17:02

Betidanik sinetsi izan dut utopiaren indarrean. Utopiak laguntzen digu aurrera jotzen; batzuetan, nahitaez, lurrera begiratu behar dugu estropezu ez egiteko, beste batzuetan, ordea, ostertzera begiratu beharko genuke norantz jo jakiteko; baina utopia eragilea izango bada, errealitatetik abiatua izan behar da, errealitatea idealizatzen duenak nekez egingo du bide, zail baita basamortuko espejismotik ura ateratzea.

Zertara dator hainbeste filozopia? Bada, begira, badirelako nire ustez okerreko urratsak emanarazten dizkiguten zenbait idealizazio. Gehiago badiren arren, ahalik eta modurik laburrenean (eta osatugabean, beraz) aipatuko ditut horietako bost.

1. idealizazioa: ikaslea.

Konstruktibismoak fokusa aldatu nahi du, ikaslea bihurtu ikas-prozesuaren gune, autonomian oinarritu. Eta gutako zenbaitzuk euskaltegietan ere horri jarraitu nahi izan diogu. Baina hori al da ikaslearen beraren espektatiba? Hori bere ikas-kultura? Kontuan izan behar dugu gureak ikasle helduak direla eta oso finkatua dutela txikitatik ikaskuntza eta irakaskuntzarekiko ikusmolde jakin bat. Izango al dugu indarrik errepresentazio hori guztia aldatuz euskara irakasteko?

2. idealizazioa: irakaslea.

Irakasleon maila profesionala apur bat idealizatuta dugula uste dut eta, horrez gain, ahalguztidunak izan behar dugula dirudi: konstruktibistak, 2.0, materialgileak, sare-sortzaileak… Finean, iruditzen zait dena bizkarrera etortzen zaigula. Soinean zazpi tresna zintzilik izateaz gain, musika jo eta dantzan egin behar duen ferietako musikariaren irudia datorkit gogora. Eta guk geuk ere sarritan uste dugu hori guztia egiteko gai garela, geurea dela ardura eta musika polita jotzen dugula, gainera. Bada, barkatu, baina ez. Azkenean, musikariari bezala gertatzen zaigu, zer edo zertxo dakigu denetik baina, apenas, ezer ere ez  taxuz (nik behintzat).  Nire ustetan,  irakasleak irakasle izan behar du; ez materialgile, informatiko, administrari eta abar.

3. idealizazioa: HEOK eta metodologia.

Metodologiarekin eta edukiarekin antzera gertatzen zaigu, Lope Agirre bezala beti El Doradoren bila gabiltzala, alegia. Ez dut nik esango  ez direla garrantzizkoak  baina sarritan berauen distirak itsutu egiten gaitu. Honi buruz ezer gutxi esango dut. Nahiko argigarria delakoan,  lehengo batean ATOAN-en ipinitako aipua besterik ez dut ekarriko hona:

Hezkuntzan egiten diren erreformek ikas-irakas praktikan duten eragina itsas zabalean ekaitzak izaten duenaren antzekoa da. Urrazala harrotzen eta nahasten dute baina hondaleak bare jarraitzen du (arre samar bada ere). Hezkuntza-politikak bata bestearen atzetik iragaten dira, aldaketa handien itxurak eginez... bitartean, urrazalaren azpian, bizitzak aurrera darraio eten handirik gabe.

— Cuban

4. idealizazioa: erakunde eragileak

Sarritan ahoa bete-bete egiten zaigu HABE eta honelako hitz tabuekin (nork esan eta nik!). Baina horiek ere ez dira ahalguztidunak, dauzkaten baliabideak dauzkate eta ez da beren gaitasuna eta eragina idealizatu behar.  Habe baino gehiago zutabe dira, goitik beherakoak alegia, baina etxea zutik mantentzeko beharrezkoak dira benetako habeak ere, zeharkakoak, eta horien bidez ez dugu etxea sendotzen asmatu. HABEk ez dizkigu gauza guztiak konponduko, ezin du, muga nabarmenak ditu. Eta gu ezin  gara beti etorriko denaren zain egon.

5. Idealizazioa: IKTak eta sarea.

IKTak erabilita badirudi modernoak garela, gazteagoak, beteta dugula berrikuntza beharra eta beste estatus bat lortzen dugula gainera. Honetan gabiltzanok, aldiz,  badakigu tresnak garrantzia daukala baina are garrantzitsuagoa dela berau nola erabiltzen den. Eta inguruetara begiratuta ezin, bada, oso pozik egon. Ikasle eta irakasle gutxi dira teknologia modu egoki eta berritzailean erabiltzen dutenak. Oso modu akritikoan, bide berriak bide zaharren paraleloan eraikitzen ari garen ustea dut. Gainera, euskal hiztunon sareak (ahalegin aipagarriak badira ere) bultzada garrantzitsua behar du ikaskuntzarako ere erakargarri eta sustatzaile izateko.

Nahikoa gaurkoz, ezkor samar ibili naizelako ustea dut, zenbait gauza behin eta berriz errepikatzen ditudan sentsazioa, beste hainbat gauza esan gabe geratu izanaren ezinegona. Berdin da. Ziur bainaiz hainbat eta hainbat iruzkin izanen direla mezu hau orekatuko dutenak (idealista al naiz?).

Irudia: If only it were that easy. Egilea: adamgreenfield (Flickr). Lizentzia.

Etiketak: | | | | | |

Bidalitako artikuluak

Eta arazoa idealizazioa baino ez da gehiago izango errelitatearen ertz guztiak ikusteko zailtasuna? Konstruktibismoak dioena begi bistara ekarri ezina, edo norberaren mugak (baina baita bertuteak ere) antzemateko zailtasuna, edo metodologia gure jardunean ez identifikatzea, edo geure ahalmenean ez sinestea, edo IKTak patrikeran dauzkagun trasto horiek ere badirela ez konturatzea... Azken batean, uste dut askotan adibide domestikoen beharrean gaudela. Horrela akaso konturatuko ginateke uste dugun baino "modernoago" garela sarritan.

Bide batez, irakasleak eta teknologia direla eta, Miguel Angel Garcia Guerraren artikulu hau interesgarria iruditu zait. Eta metodologia marabilosoak direla eta, Lolak ekarri digun ilustrazio hau:

 

 

Benito | 2009, urtarrila 18 - 19:47 | erantzun honi

Oraintxe ikusi dut adibide bat. Berrikuntzaz ari garenean, informal learning, ikas-paisaia, laguntzen duten baliabideak... Ba ETB1eko Errazu saio berria ikusi eta "ekilikua" ez dut esango, baina duda barik, euskara ikasi eta ezagutzeko zein motibatzeko era erakargarri, atsegin, irekia eta interesgarria dela esango nuke. Eta ez dago misterio gehiagorik sarritan, gauzak egiteko mimoa eta naturaltasuna baino ez akaso. Eta Arkadia zoriontsuren esperoan egon barik, inguruari ondo erreparatzea.

Ona ideia eta ondo egina. Txapo! (nire uste apalean)

Benito | 2009, urtarrila 18 - 20:30 | erantzun honi

Ezkor aritu zarela diozu, Plisti. Eta zer nahi duzu nik esatea. Niregan kontrako efektua izan du. Askotan, bai hemen, bai euskara irakasleak-en idazten diren post batzuetan, badirudi irakasleok Superman-en itxurakoak izan behar dugula, denetarik jakin beharra dugula, dena kontrolatu behar dugula... Eta horrek niri askotan ezinegona sortzen dit, denetara ezin ailegatu izanaren sentsazio estresantea, erruduntasun-tanta batzuen zipriztindurik...
Baina zure gogoetaren eta Benitoren erantzunaren harira, konforma-erraza ez izatera, egunean egotera, ez lokartzerako ohartarazpena berriro somatzen dut eta, aldi berean, neure buruarenganako konfiantzari eustera, betiko irakasle-sen hori elikatzera.
Utopiaren aldeko aldarria somatzen dut nire baitan, baina oinarri finko batean bermatuta: irakasleak gara.

aitor (ez da egiaztatu) | 2009, urtarrila 20 - 12:11 | erantzun honi

Batzuetan izaten dira honelakoak. Zuen mezuak ikusi eta musikatxo bat zebilkidan buruan: ikusi mendizaleak baso eta zelaiak… abesti ezagunarena, hain zuzen. Halako batean, Laboa etorri zait gogora: Ai, nire juaneteak! zioen bere abesti bukaerak. Eta nola ez, abestiak, gure lanbidea eta mendiko bideak lotuko dituen iruzkintxoa idaztea otu zait. Ekin egingo diot:

Mendizale asko dago gure artean, bikain askoak ere ugari , baina badira gure artean:

  • Abiatu nahi baina biderik ikusten ez dutenak.
  • Bidean galtzeko beldur direnak.
  • Nekatzerik nahi ez eta dauden lekuan geratzen direnak.
  • Beren gain pisu handiegiak hartu eta bide motzegia egiten dutenak.
  • -Zertarako inora joan? Hemen ondo gaude, barren! esan ohi dutenak.
  •  Beraiek arin ibiltzearren, besteen motxila karga-karga egiten dutenak.
  • Dela argazki kamera, dela bideo kamera, bideaz disfrutatzen ez dakitenak.
  •  Bide labur eta politagoak izan arren, betiko bidetik joan nahi dutenak.
  •  Plantak egiten badituzte ere, mendizaleak ez direnak.
  • Sasoian ez daudenak, prestatzeari aspaldi utzi ziotenak.
  •  -Zer gore-tex eta zer kristo! Txamarra honekin igo ditut nik, tximista artean, mendi punta ondo zorrotzak! diotenak.
  • Ibiltzea ez dela errenta diotenak.
  • Mendira joateari zentzurik ikusten ez diotenak.
  •  Beti bide errazetik, lauan edo aldats behera, ibili nahi dutenak.
  • Ibilalditxoak prestatzetik sos mordoxka ateratzen dutenak.
  • Beren indarrak ondo neurtzen ez dakitenak.
  • Hitzez mendizale bikainak baina zangoz traketsak direnak.
  •  Zoroen pare ibiltzen direnak, batera eta bestera, nora doazen ondo jakin gabe.
  • -Ai, nire juaneteak! oihu egiten dutenak.

Baina hau guztia errealistegia da, nik idealizazioaren tranpaz hitz egin nahi nuen zuekin, oraingoan. Beste batean izango da (edo ez).

I.O: Testua birpasatzean esaldi honi erreparatu diot: Mendizale asko dago gure artean, bikain askoak ere ugari. Eta pentsatzen hasi naiz batzuetan hizkuntza politikoki zuzena eta buenrrollitoa nola nahasten diren, zein antzekoak diren, idealizazioarekin zer-nolako zerikusia duten, zein geldiarazleak diren. ‘Batzuetan’ diot, zeren beste batzuetan ez baitaukate zerikusirik eta buenrrollito hori behar beharrezkoa baita. Ezta, hala? ;-)

Plisti-plasta (ez da egiaztatu) | 2009, urtarrila 20 - 19:47 | erantzun honi

Ummm... Plistik gaitik ihesi joan garela pentsatu du, "Ubedako mendixketara" edo, eta bera ere mendira gerrilari joan ez joan ez ote dabilen... Tongue out (portzierto mendira "bota" egiten direnak ez dira falta zerrenda horretan?). 

Aitorren iruzkina dela eta, neuk ere esango nuke alegrantzia eta baikortasuna ez daudela inoiz soberan, baina lantzean behin geure hutsuneei erreparatzea sanoa izaten da, geure buruari barre apur bat egiteko baino ez bada ere. Ez dugu beti negarretan zertan ibili, ez, baina inoiz Harvey Keitelen antzera abisua bota beharko da, ezta? (eta barkatu gordinkeria Wink)

Eta idealizazioen zerrenda horri beste puntu bat gehitu nahi nioke hain zuzen ere: hizkuntza bera. Ez duzue inoiz sentsazioa izan erakusten dugun hizkuntza (euskara) ez dagoela inon, ez bada balizko errotaren batean? Klaseetan ematen diren ereduak, azterketeta-ariketetan agertzen diren testuak, ikasleak ikusten duena... Ez du askotan ematen mundu ideal baten mapa bat? Shangri-La moduko bat?

Akaso Plistik aipatzen duen komunitate hori ez dugu bere neurrian erakusten-ekartzen, eta haren ordez Arkadia bat aurkezten diogu ikasleari?

Sentsazio lausoa baino ez da, igual zuek ekarriko nauzue mundu honetara.

 

Karrajua | 2009, urtarrila 22 - 01:11 | erantzun honi

Idealista hasi zatzaizkigu, Plisti, baina gero betondoa ilundu zaizu.
Mendia gora eta mendia behera, "Mendian gora haritza" poema eta kantua ez dakit ezagutzen duzun (letra Amurizarena, musika Imanol zenarena)
Bertako estrofa batean aipatzen da:

"Mundua ez da beti jai,
inoiz tristea ere bai;
baina badira mila motibo
kantatzeko alai.
Bestela datozen penai
ez diet surik bota nahi..."

Nahiago, aukeran, gaurko egun triste honetan (eguraldiaren aldetik diot) baikortasunez eta itxaropenez jarraitu eta aurrera begiratu. Eta gero arte esan.

aitor (ez da egiaztatu) | 2009, urtarrila 21 - 11:56 | erantzun honi

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
  • Lineak eta paragrafoak automatikoki egiten dira.
  • Link to content with [[some text]], where "some text" is the title of existing content or the title of a new piece of content to create. You can also link text to a different title by using [[link to this title|show this text]]. Link to outside URLs with [[http://www.example.com|some text]], or even [[http://www.example.com]].
  • Web and e-mail addresses are automatically converted into links.
  • Use <!--pagebreak--> to create page breaks.
Formatu aukerei buruz informazio gehiago Captcha Image: you will need to recognize the text in it.
Tekleatu goian ikusten dituzun letrak edo zenbakiak, mesedez.

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak