03
Mar
2012

Badaki euskara?

Plisti-plasta | 2012, Martxoa 3 - 11:57

Lehengo egunean irakasle-bilera batean bigarren mailako azterketako idazlan bat aztertzen ari ginen. Ebaluazio zertifikatzailean ari ginen, azterketariak maila ematen zuen ala ez ebazten. Ebaluazio irizpideei jarraiki egokitasunaz, koherentziaz, kohesioaz, aberastasunaz eta zuzentasunaz hitz egin genuen. Aberastasunean eta zuzentasunean denok ados samar, justuan bazen ere maila ematen zuen, baina egokitasunera, koherentziara eta kohesiora heldutakoan oso iritzi ezberdinekoak ginen: ‘gai’ batzuentzat, ‘ez gai’ beste batzuentzat. Halako batean, irakasle batek zera galdetu zuen: ‘Baina badaki euskara?’

Galdera ohikoa izan arren, ez da hutsala. Harrezkero, buelta asko eman dizkiot eta artikulu hau idaztera ere bultzatu nau.

Badaki euskara? galdetzea ‘badaki historia?’ edo ‘badaki geografia?’ galdetzearen parekoa da; hizkuntza bera, eta ez komunikazioa, hartzen du ikas-irakaskuntzaren subjektutzat. Beraz, nahikoa genuke hizkuntzaren beraren ezagutza testatzearekin. Hor ez dute lekurik egokitasunak, koherentziak eta abarrek.

Baina, egia esate aldera, zalantza egin nuen gero. Ez nuen ondo gogoratzen ‘badaki euskara?’ ala ‘badaki euskaraz?’ galdetu zuen irakasleak. Eta orduan hasi nintzen pentsatzen galdera horrek gordetzen zituen elipsietan. Zer dago ‘badaki euskaraz’ horren atzean? Kasu honetan, ‘badaki euskaraz idazten’ egon liteke batzuentzat. Hauen ustean, nahikoa luke azterketariak gaitasun minimo bat erakutsita. Gaia kontuan hartu, eskema estandar bat (sarrera: gaiaren garrantzia/ lehen-orain / abantailak-desabantailak/ bukaera: iritzia) aplikatu eta aurrera.

Beste irakasle  batzuentzat, ostera, elipsia luzeagoa, konplexuagoa eta, egitekoak horretara bultzatuta, aldakorragoa eta zehatzagoa da. Adibide baterako, honelakoa: ‘Badaki euskaraz tabakoaren legea onerako ala txarrerako izan den eraginkortasunez adierazten?’

Hiru galdera, hiru ikuspuntu, hiru paradigma. Bitxia da antzeko hitz ‘korporatiboak’ erabilita ere, zenbat ideia ezberdin ezkutatzen diren elipsi baten atzean. Baina nork du arrazoi?

Baten batentzat harrigarria izan daitekeen arren, hementxe hasten da nire arrazoibidea lausotzen. Ideologia didaktikoak hirugarren bidea hautatzera narama, zalantzarik gabe. Baina, ai lagunak!, idazmenaz ari gara. Ebaluazio zertifikatzaileak nabarmen gehiegizko pisua aitortzen dion trebetasun bati buruz, hain zuzen. Eta nik badakit zenbat eta zehatzago jokatu, orduan eta estuagoa eta zailagoa izango dela bidea; eta horrek trebetasun honen berrindartzea ekarriko duela. Hortxe hasten dira nire zalantzak eta beste irakasle askorenak.

Zalantzok argitze aldera bi dira hartu beharreko bideak. Batetik, norberaren sena eta eskarmentua abiapuntu, asko hitz egin, formazioa areagotu eta sarritan egiten ditugun elipsi horien atzean geratzen dena azaleratu. Eta, bestetik, trebetasunen  pisua eta jitea (interakzioari askoz gehiago erreparatuz) berauen erabilera errealari begira orekatu (baita maila zertifikatzailean ere).   

Imajinatzen al duzue bateratze-saio batean entzumenaz, irakurmenaz edo elkarrizketa-mekanismoez aritzea? Horixe da nire ametsetako bat.

Etiketak: ebaluazioa | gaitasuna | irakasleak |
Bidalitako artikuluak

Ados.Bestalde, itzuli frango

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 3 - 14:55-(e)an bidalia.

Ados.

Bestalde, itzuli frango eman daitezke, zuzentasunari zer pisu ematen zaion, egokitasun eta koerentziak ote duten gaina eta nun kokatzen den oreka pundua gai/ez gai erabakitzeko.

Maiz ahanzten dugu, bizi arruntean, horrelakoak gutxitan egiten direla, diot idazlan garatu luzeak eta seguraski azterketa edo ikas prozesu baten baitan inportantzia piska bat gehiegi ematen diegu nire iduriko.

Ikusten dut beste pundu lauso bat balorazioak egiteko orduan eta batez ere aipatzen dituzun eskema estandar horiekin. Izan ere, baloratzeko orduan, maiz eredu bat edo beste dugu buruan, zuk aipatzen duzun sarrera/ abantail desabantail garapen/ sintesia/ bukaera eta holakoak. Batez ere azalpen eta argudio testuak baloratzearekin.

Arazoa ez da etortzen kriterioetatik, horiek ez baitute zehazten edo behartzen testu egitura mota berezirik. Guk horietaz egiten ditugun irakurketetaz baizik. Eskemak irakasten dira eta espero dira ber gisan ekoizpenetan, zuzen eta eraginkorra diren bakarrak balire bezala. Originaltasuna beti mesfidantza pundu batetik ikusten da. Artetik ohartzekoa da guk erakasten ditugun ereduak eta zuek erakasten dituzuenak ez direla arras berdinak izaten (tradizioz seguraski, pertsonalki eskola frantsesean ikasi nituen ereduak doi bat ezberdinak baitira zuek erabiltzen dituzuenetarik, iduritzen zait) Eta gerta daiteke, testu bat idatzia izana molde ez konbentzionalean, ondorioz irakurri izana 'bitxi' gisa, baloratua eskasa edo arraro, eta bizkitartean arras egoki eta eraginkorra izatea. Nik oraintxe egin dudanak, ez du inolako egitura landu eta ausnarturik, baina hortik ez daiteke erran ez dela deus ulertzen. Ala bai? Eta eztabaidatuko da ea euskaraz dakien ala ez, funtsean egiazko eztabaida ez delarik ikaslearen aldetik, baizik eta baloratzen duenak duen onbjektibitate edo neutralitatearenaren aldetik.

Gero, nik uste, ahozkoaz ari bagina arazo bera izanen genuke. Zeren hor ere, badira batzuk eta besteak, ereduak eta eredu guzietatik kanpo dabiltzanak. Hobekien baloratuko direnak batzuk dira, dudarik gabe besteak direlarik hobekien moldatzen direnak.

Eraginkortasun komunikatiboa

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 3 - 22:56-(e)an bidalia.

Konforme esaten dituzun gauza guztiekin. Egitekoa, edozein delarik ere, modu askotan betetzea dago. Lehengo batean galdetzen zidan irakasle batek ea egokia zen adibideak eranstea iritzia emateko orduan. Berehala gogoratu nuen Anjel Lertxundiren testu bat, non ezin hobeto adierazten zuen etorkinek bizi zuten etsipena ia soil-soilik kaioen gorabeherez mintzatuz. Gauza bat da ikasleei testua eraikitzeko aldamioak eskaintzea eta beste gauza bat, oso bestelakoa, egiteko jakin bat betetzeko modu bakarra dagoela pentsatzea.

Hau ez da soilik arauaren mundua, estrategia komunikatiboarena ere bada neurri handi batean. Eta estrategiari buruz ari garela, nire ustean ohiko ebaluazio-atalei eraginkortasun komunikatiboarena erantsi behar zaio. Ni ere erabat harritu izan nau  zenbaitetan testu eraginkorrek, ezberdinek, estandarretik aldenduek, ebaluazio unean jasotzen duten egurra. Harritu egin nau irakasle batzuek eraginkortasun komunikatiboa arautzeko duten joerak. Legeak ezarri nahi dira eta uniformizazioa. Bada, niri ere joera hori ez zait batere gustatzen.

Ikasleei eskema tipo bat ematen diegu, esaldi ahalik eta aberatsenak idazteko esan (gramatikaren kontzeptu oker bati begira, gainera), ahalik eta zuzenen eta testu-antolatzaile askoz hornituta. Eta bale! Ez zaigu inporta testu horiek gatzik gabekoak diren edo irakurlea bost urteko umea bailitzan tratatzen duten. Kontua hizkuntza lagin bat izatea eta baloratzea da eta horretarako baliagarriak dira. Bestelakoa litzateke jokabidea komunikazio lagin bat atera nahi izango bagenu testu horietatik.

Galdera maltzur batekin bukatuko dut gaurkoa: Idazten al dugu irakasleok?

Paragrafoak

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 3 - 22:59-(e)an bidalia.

Demonio!  Goiko mezuan berriro ere lotu dizkit paragrafo guztiak testu-editore maltzur honek. Testu-egituraketan kale egin dudalakoan nago. ;-)

planteamendu horietan ez dugu idazten

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 4 - 15:18-(e)an bidalia.

Ez dut ulertzen erizpideak aldatu behar direnik, baizik eta hobeki ulertzea eta doi bat distantzia hartzea. Eraginkortasunarena, eta estrategiena orohar, jadanik erabiltzen diren erizpideen baita da. Salbu deskribatzaileak irakurtzen direnean, seguraski besteak ez bezala hauek ez direla irakurtzen.

Gero erakasleek idazten dugunez? Galdera honen atzean dena baldin bada « Idazten al dugu erakasleek, ikasleei galdetzen dizkiegun gaiei buruz eta galdetzen zaien bezala? », nik bederen ez.
Gaiak anitzetan tipikoegiak dira, antzuak eta egiazki iritziaren garapena eta sorkuntzari leku gutxi uzten diotenak. Gainera, azterketez ari bagara, gaiak asko dira, desberdinak, inolako loturarik gabe haien artean eta ez norabide batean jarriak.
Baldintza hauetan, nik behintzat ez dut idazten. Eta espero dut nehork ez didala holakorik galdetuko.

Ahozkoa zailagoa da

Bea (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 4 - 15:19-(e)an bidalia.

Hemen aipatzen duzu idatziaren zuzenketak pausatzen duen problema eta ahozkoarena ez dut uste errazagoa denik. Irizpideak berdintsuak dira sentsibleki, zereginak aski argiak, beti ere ez dira planteamendu eraikitzaile batean emanak baina tira (diot iduritzen zaidala galdetzen diogula aztertzaile edo ikasleari mintzatzea mintzatzeagatik eta holakoa bezain pisurik ez da, ez mintzatzen denarentzat, ez entzunten duenarentzat)
Idazmenarekin aipatzen duzun zalantza, azken denboretan badut bi ikaslerekin, baina nagusiki ahozkoan eta bolarazio bat egiteko orduan, ez da erraza. Euskaraz ari dira, ontsa ene iduriko. Zuzentasunaren aldetik arazorik ez eta gaineratekoan ez dira espero den horretan kokatzen.

Bi horiek pentsarazten naute Maddiri, orain adin puska duena eta klasean ukan nuena ere garai batez.
Ez zen ixiltzen. Beti bazuen zerbait kondatzeko. Galdera sinple bat pausatuz geroz, adibidez bere haur denborako eskola nolakoa zen deskribatzea, bi oreneko hutsunerik gabeko litanian hasten zen.
Bere eskola desribatuko zuen. Dudarik ez. Baina, deskribapen eta kondairan zehar, han hemenka, mila digresio eginen zituen. Gaurko egunean « gaiaz kanpo » kalifikatuko genituzkeenak: hitz eginen zizuen, Martin, bere auzoaz, mutiko bihurria zela eta beti zerbait gaixtakeria asmatzen eta behin asunetara bota zuela... Herriko plaza ez zela gaurko hori, e, batere, batere... lehen bidea bestaldetik pasatzen zela eta... Herriko kontseiluan nor ziren eta nolako aferak izan zituzten erabakiak hartzeko orduan... A, eta eskolatik landa, josten ikasten zuten, errientaren emaztearekin, emazte xarmanta funtsean, gaixoa, egun osoak aspertzen iragaiten baitzituen, eskolaren gainekaldeko apartamenduan...
Eta hola. Erraiten dizuet bi-hiru orenez... baina erreski iraun zezakeen gehiago. Kasu, digresioak eta lekuz kanpoko aipamenak, desordenaturik, entzulea galtzen ahal zutenak, bai, baina haria ez zuen sekulan galtzen, beti hasieran galdetu hartara itzultzen zen. Horrek ez du erran nahi parekoak ez duela fitsik erraiten, ez, parekoak bere galdera bakoitzean, bere erran bakoitzean, Maddiren istorioa elikatzea besterik ez du egiten. Maddiren solasak elekidearen meneko ziren, elekidearengan oinarritzen, horietatik zuzentzen eta horietara itzultzen.

Gaurko egunean, ontsa mintzatzea, diskurtso koerente eta josiaren bidez, solas kontzertatuen bidez baita euskara zuzen eta aberatsaren arabera neurtuko dugu: ideien antolaketa eta joskera, hitz egokiak erabiliz, hiztegi anitza, sintaxia zuzena, ahal bada konplexua, egitura gramatikal ausart zenbaitzuek aipaindurik eta nahi dena.
Maddik egokitasun arazoak izan zitzakeen. Koerentzia ez batere argia entzulearentzat. Aberastasuna, erranen nuke erlatiboa zela ere, ez dut gogoan sekulako hitz eta espresioak baliatzen zituenik. Zuzentasunean, ez dakit euskaraz hutsik egiten ote zuen, bainan lepoa jokatuko nuke ezetz, ez zirela hutsak, baizik eta bere solasaren korapiloen ondorioa, eta erranaldiaren itzulia eskapatu bazitzaion eta bapatean galdurik gertatu izan bazen ere, ez uste izan gelditu eta zuzenduko zuenik, hainbeste gustatzen zaigun « autozuzenketaren » izenean. Pentsa! Berdin berdin segituko zuen, kasurik hoberenean eta zergatik ez zanpez erranaldiaren erdian gelditu eta beste bat hasiko ere zuen, neholako problemarik izan gabe. Azpimarratzekoa, kondatzen zituenak, bizitzen zituela aipatzen. Solasaldiaren erritmoa ez zen sekulan bera izanen, ametsetan galdurik zenean leun eta mantsoagoa seguraski, kexatzen zenean ozenagoa eta lasterragoa, sakre zenbaitez apaindurik, bizitasun gehiago eta sinesgarritasuna emateko doia bistan dena. Hots erraiten zituenak bizitzen zituen eta bere ahozkatzeko moldean irudikatzen, abiadura edo jarioan,

Orduan nahi dugun bezainbat erraiten ahalko dugu ontsa mintzatzea, egoki, koerente eta zuzen mintzatzea dela, txandak errespetatzea eta elkarrizketa kidea kondutan hartu eta integratzea dela, ikasten dela eta horretarako zenbait errezeta eta ariketa pare bat ditugula. Hots protokolo zehatz bati erantzuten diola guziak.
Maddiren aztalera helduko denik ez dut ikusi oraino eta, gero eta argiagoa dut behar bada ez dela ikasten den zerbait. Hizkuntza gaitasunetik anitzez urrunago kokatzen dela. Ariketarengatik ez dakit baina ahozko komunikazioan niretzat sommum bat zen. Eta maleruski, orri batean baloratu behar bagenu, nota eskasarekin gaindituko luke.

Badakizu, badaki eta zenbat daki

Benito-(e)k 2012, Martxoa 4 - 23:32-(e)an bidalia.

Inoiz jarri naiz pentsatzen euskara ikasleari inork "badakizu euskaraz?" hori galdetuz gero erantzuna zein izaten den. Batzuetan "ez, ikasten ari naiz, baina (orainidik) ez", beste batzuetan "buenoooo, apur(txo) bat", beste batzuetan "bai, zer edo zer bai". Ikaslea den eta sentitzen den partez "bai" seguru eta biribila entzutea zaila izaten da, "bai" irribarretsua errazagoa ordea.

Ezezkotik baiezkora continuum moduko bat dagoela iruditzen zait, ikas-prozesuaren pausoekin proportzionala nonbait. Beste faktore batzuek ere badira tartean, noski: pertzepzioa, hizkuntzari eta ikasteari buruzko ideiak eta ideologia, ikas-giroa, ingurukoekiko konparazioa, autoestima... Baina oro har galdera horri erantzun desberdinak ematen zaizkio prozesuan zehar.

Eta esango nuke continuum horretan badagoela nolabaiteko muga bat, ezezko lurraldea baiezkotik bereizten duen muga, "badakit euskaraz" jartzen duen mugarri bat, "baina" askorekin baina baiezkoaren kolorea hartzen dute erantzunek eta jarrerek momentu horretan. Non dago muga hori? Ikaslearen gogoan jakina, bere erantzunetan, eta konprobatzea uste baino errazagoa izaten da: galdera egitea, berak baititu une horretan horri galdetzeko zantzuak eta sentipenak.

Kontua da hemen galdera hori hirugarren pertsonan egiten dugula: "badaki euskara(z)?". Dena den geuk ere zantzuak ditugu horri erantzuteko, behaketa natural batekin naturaltasunez antzemateko modukoak sarri, euskara eta menperatzen ditugun hizkuntza guztietan egiten dugun bezala. Hizkuntza gure aurrean, guretzat edo gurekin zerbait egiteko martxan ipintzen duenean erreparatzen diegun gauza horiek guztiak.

Baina hirugarren galdera bat dago, eta uste dut horrek ekartzen dizkigula buruko min gehien une honetan. Ez dugu "badakizu euskaraz?" edo "badaki euskaraz?" galdetzen, "zenbat euskara daki?" baino. Eta hor gabiltza metroak, kiloak, litroak, watioak, megak, hektareak, indizeak, bite-ak edo arroak eta enparauei neurria hartu ezinik, ezta nazioarteko erakundeen homologazio sistema unibertsalekin ere.

Zertan daki?

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 5 - 09:27-(e)an bidalia.

Eta galdera 'zenbat daki' izan beharrean, 'zer egiten daki' balitz?

Erantzuna zenbakietan eman

Benito-(e)k 2012, Martxoa 6 - 00:44-(e)an bidalia.

Erantzuna zenbakietan eman behar denean "zenbat" baten menpean amaituko dugu beti.

Edozelan ere zure galdera hori "zer eta nola egiten daki?" bat izan daiteke, Europako markoak "komunikazio jarduerak eta estrategiak" zerrendatzen dituenean azken batean galdera horri erantzuten diola esango nuke. "Badaki lan erreformari buruz 200 lerro idazten euskaraz?" galde daiteke, eta horrekin batera "nolako idazkia da?", "nola idazten du?" eta abar.

Beste kontu bat da lan erreformari buruz 200 lerro idaztea euskaraz jakitearen sinonimoa izatea da, baina hori beste istorio bat da.

 

Beste elipsi bat

Plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2012, Martxoa 6 - 17:02-(e)an bidalia.

Ados. Baina kontua da, finean, beste elipsi luze eta korapilatsu baten aurrean gaudela. Zeren zenbakietara etorri baino lehen, galdera honi erantzun behar zaio: ‘gai’ ala ‘ez gai’ da? Zertarako (zer egiteko) ‘gai’ edo ‘ez gai’, ordea? Berriro ere elipsian dago gakoa.

 

Elipsia hori betetzen saiatzen dira HEOC, Europako markoa eta berauetatik eratorritako ebaluazio-eskalak. Zenbakiei, berriz, kalibrazio lana dagokie; ebaluazio-atal bakoitzaren pisuaren ponderazioari dagokionean eta atal bakoitzaren, zein azterketa osoaren gaitasun/ez-gaitasunaren kalibrazioan.

 

Jakin dakit beste eztabaida-bide bat zabaltzen ari naizela. Zenbakiek gaitasun edo ez gaitasuna kalibratu behar dute ala zenbakien batuketak esan behar digu ‘gai’ ala ‘ez gai’ den azterketaria? Berez, ez litzateke kontraesanik egon behar baina egotekotan nire ustez zenbakiek kalibratze funtzio soila izan behar dute. Nahiago ‘zertarako da gai’ ‘zenbat euskara daki’ baino.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia