07
Mai
2007

Bat 62: lehenengo zertzeladak

Helduen Euskalduntze-alfabetatzeari dedikatutako Bat 62ekin hasi naiz. Artikulu batzuk irakurri ditut, eta hona hemen boteprontoko batzuk:

  • Joseba Erkiziaren artikuluak harritu egin nau apur bat, terminologiaren sinpletasunagatik gehien bat. Kurrikulu gramatikala, kurrikulu komunikatiboa adibidez. HABEtik etorri ohi den hizkerarekin ez zait begitandu bat datorrenik. Beharbada ingurune "profano" baterako egokitzapena izan da. Ez zait txarto iruditu, ez, apur bat harrigarria beste barik.
  • Mertxe Mugikaren artikuluan azkenengo partea da interesgarriena nire ustez. Historia egin barik gaur egunekora zuzenean etorrita nahikoa izango zen. Azken zatian uste dut HEOKen paradigma aldaketaren parafrasia egin nahi izan duela kudeketara ekarrita. Ideia interesgarria baina apur bat lausotuta geratu dela uste dut. Hau gehiago garatu izanez gero...
  • Joxe Manuel Odriozolak azkenotan garatu duen identitatearen kontuari beste buelta bat eman diola begitandu zait. Artikulua interesgarria, pentsatzen jartzeko modukoa. Tonoa apur bat agonikoa iruditu zait hala ere.
  • Antton Iñurrategik datuak eman ditu gehien bat. Baina behingoagatik, ingurune "profano" baterako delakoan-edo, era grafiko eta erabilgarrian dauzkagu.
  • Artikuluen aukeraketan duplikazioa iruditu zaizkit neurri batean Nafarroa eta Iparraldeari buruzkoak. Bi alderditatik eman dira datu berdintsuak. Ez da kaltegarria berez, baina aberatsagoa izango zen datu berdinen gainean bakoitzak bere interpretazioa egitea, edo ondorio komunak bilatzea.
  • Titto Betbederrenean gauza interesgarria ikusi dut. Plangintza orokor baten barruan HEAren papera eta zer eginak zehazteko ahalegina. Hegoaldekooi zer ikasia eman digute Iparraldekoek, euskalgintza antolatzeko eraz gehien bat.
  • Josu Peralesek, ohi duen bezala, artikulu landua eta dokumentatua eskaini digu. HEAn ikerketa zertan ibili den eta zertan dabilen, baita HEAren azken hamarkadetako historiaz ere, dokumentu erreferentziala egin duela uste dut. Hala ere, inpresio gazi-geza geratu zait hura irakurrita. Ikerketa horiek eta aplikazioaren artean ez ote da zubirik falta oraindino? Ikerketak bai, baina elite moduko baten eskuetan dabilela begitandu zait, dibulgazio eta garapen praktikoaren faltan. Zer diozue zuek?
  • Inpresio orokor bat. Sektoretik kanpoko batek eskatuta baino ez gara kapaz hainbat gauza plazaratzeko? Gurean plazaratzeko kanal gutxi (Hizpide besterik ez, eta ez dugu asko erabiltzen), eta gaiak jorratzeko moduak gutxiago. Topaketak, jardunaldiak, eta, oro har, komunikazio gutxi sektorean.

Lehenengokoak baino ez dira izan, aipu interesgarri asko egon dira, komentatzeko modukoak. Aurrerantzean saiatuko naiz tiratzen. Artikulu batzuk ez ditut irakurri oraindik gainera (Arkaitz Zarragarena eta Oskar Zapatarena adibidez). Zer esan gehiago emango du seguruenik.

Eta zuek ere zeuenak bota nahi badituzue, hemen daukazue plazatxoa: komentarioen bidez, edo zeuen mezua bidalita, eta, jakina, bloga daukazuenok, hantxe.

Hauek guztiek idazteko hartu duten lanak ez badigu zer esana ematen, maaaaaalo!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia