Badakizue Karrajuan teknoendredo zaleak garela eta aspaldian dauzkagula hortik spin off batzuk. Azkenotan adibidez Atoan-en sukaldean nabil gehiago karraju nagusian baino. Baina bada bat aspaldiko ideia dena, eta apurka-apurka garatzen joan dena klaserako.karrajua.org gunean amaitu arte.
Ez da hemengo izarra, eta beti mantentzen du ikutu esperimentala. Baina inbento guztien artean interes berezia piztu dit beti: irakasleren lanerako baliabideen agregatzailea. Badakizue, web2.0 total estilora.
Horregatik hain zuzen, kontzeptu "modernoegia" delako akaso, beti pentsatu dut ez duela arrakasta handirik izango oraindik orain, eta inorentzako ideia edo eredua izatearekin konformatzen naiz. Izan ere, bisitak gutxi ditu, eta iruzkinik bat ere ez. Hori dela eta, lasaitasun handiagoarekin egiten ditut han esperimentu teknikoak.
Esperimentu horietako bat jasotzen diren materialak baloratzeko bozketa sistema sinplea ezartzea izan zen. Eman puntu positiboa edo negatiboa, gora edo behera. Erabiltzaile anonimoei ere aukera emanda, beldur barik!
Eta hara sorpresa! Bisitari gutxi, iruzkinik ez, baina sistematikoki bozkatzen duen jendea dago. Ez dakit nortzuk diren, anonimoak denak. Bozketa sistemak D'Hondt-en legea baino fidagarritasun gutxiago ;-), eta jendeak bozkatu. Egun batzuetan, matematika lagun, ia handik pasatu diren guztiek eman dutela botoa kalkulatzen dut.
Iñaki Muruaren mezu hau gogoratu dut. Lurker-ak lurker ez izateko bide sinplea: gezi baten gainean klik egiteko modua eman. Blogariok negar egiten dugu (bakarka noski) iruzkinik ez daukagunean, baina beste aldean bada bizitzarik, bai.
Hori bai, materialak egiten dituzuenok ez desanimatu hango emaitzak txarrak badira (onak direnean txapaina atera ere ez), hura ez da sufragio unibertsala eta.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu



jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en


