Aipamen interesgarriak batu ditugu gaur Atoanen, azkenengo biak gehien bat: Txerrak bidali digun Karmele Rotaetxeren hau bateko, eta Berrian zuzendariari bidalitako eskutitzetan irakurri dugun hau besteko.
Aipuez gain, jatorrizko biak osorik irakurtzeko gomendagarri.
Karmele Rotaetxeri elkarrizketa egin diote El Paisen: "Euskara erraztu behar da erabilera ere errazteko". Euskaldun berri baten ikuspuntutik:
toki gehiago egin beharko litzaieke bertan euskaldunberriei eta erdieuskaldunei, guk geuk ezagutzen ditugulako ondoen, jatorrizko euskaldunek baino askoz ere hobeto, euskararen benetako problemak.
Honako irtenbidea proposatzen du normalizazioari begira:
Euskararen kasuan, gaitzena gramatika da. Hori muga objektiboa da euskara ikasi nahi dutenentzat. Horrexegatik, beharbada apur bat erraztu beharko genuke irakasten den euskara, erabilera ere erraztearren. Zergatik derrigortu "diezaizkiokegu" eta horrelako formak ikastera, "ahal" aditza erabilita errazagoa baldin bada.
Hizkuntza bera, gramatika-edo, erraztu beharra dago. Oinarrizko euskara baten beharra aldarrikatu du Karmelek. Moreno Cabreraren "sesquilingüismo" ideia horretarantz hurbiltzen da akaso: hizkuntza oinarrizko gaitasuna, ohikoena eta hurbilena ulertzeko eta hartaz jarduteko adinakoxe.
Duda bat datorkit hala ere, "diezaizkiokegu", "gintzazkezue" eta enparauak dira euskararen zailtasun linguistiko nagusiak? Hizkuntza erabiltzea gehien galarazten dutenak? Lehengo egunean Berrian agertu zen Zakilixut-en hau ekartzeko tentaziori ezin eutsi izan diot.
Pili Carrascok bidali du gutuna (Berrikuntza, euskararekiko gorrotoa gelditzeko) Berriara. Euskaldun berria hau ere bai, ama eta, kontatu duena irakurririk, ikasle saiatu eta porrokatua. Azkenotan entzuten direnekin kezkatuta, euskara ikastea erakargarriago eta eskuragarriago egitea eskatzen digu euskaltzaleoi eta erakundeei:
Euskararen alde ludikoa berreskuratu behar dugu. Euskararen kontrako militantzia sustatzen ari gara irudimen falta dugulako.
Eta horretarako:
Belarriak eta begiak ireki, jendeari entzun eta zaharkituta dagoen helduen euskalduntzeko sistema hori irauli. Hori da behar dugun berrikuntza.
Hitz klabea bietan: erraztu. Euskara ikasteko eta erabilteko bideak erraztu. Estrategia bi, nahi badugu, baina antzeko eskakizuna euskaldun berri biren ahotik.
Azterketa sasoi honetan kezka. Benetan ari gara euskarara gerturatzea errazten?
Argazkia: Our direction, B Tal Flickr-en
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu


jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Azken aldian, halako hots ugari entzuten dira, ezta? Erraztu. Euskara jendea gogaitzen dabil; azterketak eta agiriak direla eta, jendeak gero eta gorroto handiagoa hartzen ari zaio euskarari...
Baina niri beldurra ematen dit jendeak azterketak erraztea proposatzen duenean, irtenbide gisa. Azterketak, normalean, mailaren deskriptoreek diotenaren azpitik egoten dira. Horrek esan nahi du, berez, azterketa gainditu arren, ez duzula zertan maila izan. Eta horren adibide franko ditugu, guk denok, begi bistan; ala ez? Orduan, gero ezin kexatuko gara ganorazko zerbitzua euskaraz jasotzen ez badugu, ezta?
Nik dakidala, hemen inor ez da behartzen "diezazkiokegu" jakiten; nire amak sekula ez du esan halakorik, eta oso euskalduna da.
Hizkuntza guztietan gauza bera gertatzen da, ezta? Eginkizun batzuetarako, hizkuntza-maila bat beharko duzu, eta beste batzuetarako, beste bat. Hortxe dago gakoa, egin dezagun beharretara egokituko den euskara, eta irakats dezagun, euskaltegiok, eta lagun dezatela, erakundeak, helburu ezberdinekin ikasten ari diren euskaldunak. Kito!
Eta, erraztekotan, ikas prozesua erraztu dezagun; erraztu baino gehiago, eraginkortu.