10
Mai
2008

Euskaraz hitz egiten hasteko instrukzioak


Aspaldian irakurri nuen Séchu Senderen Made in Galiza liburuaren pasarte hau: "Instrucciones para empezar a hablar gallego". Galizian hizkuntza ikastea-erabiltzearekin gureen antzerako kezkaz darabiltzate aspaldion, eta Séchuk haiek jorratzeko dituen estiloa eta umorea beti gustatu zaizkit. Hemen sarri faltan sentitzen dira halakoak eta Séchuren fan bat baino gehiago gaude EHn, ezta?

Ikasi duen hizkuntza berria erabiltzen hasteko instrukzioak ematen ditu Sendek pasarte horretan. Eta (norberaren abilidadearekin) itzultzen-egokitzen saiatu naiz. Ea zer deritzozuen. Hemen daukazue:

Euskaraz hitz egiten hasteko jarraibideak

Welcome to the best method to learn Basque!

Bienvenu à la meilleure méthode pou apprendre le basque!

Euskaraz hitz egiten hasteko lehenengo pausoa erraza da. Egizu karnet tamainako argazkia, euskaraz egiten hasi baino lehen nolakoa zinen gogoratzeko.

Bigarren pausoak ahalegin apur bat gehiago eskatzen du: beldurrik gabe euskaraz irakurtzea. Animoa eta aurrera!

Hirugarren pausoan gaude. Bulinsky interpretazio metodoan oinarrituta, hizkuntza ikasten ari den pertsonaia baten paperean sartu behar duzu, ondorio dramatiko guztiekin.

Adibidez, kopako sonbreroa, bibotea edo ileordearekin mozorrotu, sartu taberna batean esate baterako, eta euskaraz lehenengo hitzak bota pertsonaia horren izenean: "Zurito bat mesedez".

Zergatik mozorroa? Ikasten hasten garenean komenigarria da -jende lotsatiarentzat batez ere- ezagunek nor garen ez jakitea. Ezagun hauek askotan gure misioa kakazteko abilidade berezia dutelako, hauen modukoak esanez:

  • Euskaraz egiten duzu? Beituuu! (barrez)
  • Eneeee! Ze ondo egiten duzun! (%100 ironia eta zuzenkeria politikoa)
  • Oso ondo neska/mutila! (pozik antzean baina beldurrez)
  • Ostias! Honekin orain euskaraz egin behar da. (hau esan ez baina pentsatu bai, eta aurpegian igarri)
  • Zelan euskaraz ba? (ikaratuta)
  • Zer, perfilaren azterketa daukazu? (zinismo gordina)
  • Ostia, colega, ¿y a ti qué punto te ha dado? (moskeatuta)
  • Ondo egingo bazenu sikieran... (jatorrista, profanazio-sentimendua)
  • Igarri egiten da, ez duzu amaren tititik edan. (jatorristago)

Ergelkeria hauek esaten dituztenek ez dute intentzio txarrik izaten, baina askotan irteten zaizkigu horrelakoak, eta “Zer esango dute?” horrek atzera bota ditu euskaraz egiten saiatu den bat baino gehiago.

"Zer esango" hori dena dela, norberaren semeak bankua atrakatzen badu arduratzeko motiboa izan daiteke adibidez, baina hizkuntza bat erabiltzeak ez ditu ondorio berdinak, ez horixe!

Edonola ere, argi izan galdera horrek inseguritatea dakarrela: Eta euskaraz egiten hasten banaiz, zer esango dute?

Kategoria berdintsuan egon daiteke "Zer pentsatuko dute?" galdera ere, hizkuntza ikasteko prozesuan psikiatriak zer-nolako garrantzia daukan konturatzeko balio behar diguna.

Euskaraz egiten hasteko laugarren pausoa norberaren errorei barre egitea da, besteek barre egin baino lehen. Umoreaz hartu behar dira "Ez nahi dut" edo "Utzi paketean!" bezalakoak. Zientifikoki frogatuta dago historian inor ez dela joan A: Hizkuntza bat ere ez erabili egoeratik C: Hizkuntza bat ondo erabili egoerara, tarteko B: Halan-holan hitz egin egoeratik pasatu gabe.

Irakurtzen dakienak liburuetan aurkitu dezake laguntza. Hiztegietan ia berba guztiak daude Atik Zra ordenatuta. Dena dela, irakurtzen ez badakizu, edo, besterik gabe, ez badaukazu irakurtzeko gogorik, lasai. Kasu asko dokumentatu dira, euskaraz libururik egundo irakurri ez duten pertsona asko daude, eta euskaraz ederto baten egiten dute berba.

Azken fasera heltzen ari gara, euskararen desmitifikazio-fasera hain zuen ere, une honetan, esanak esan eta mitoak mito, konturatzen gara euskara munduko beste hizkuntza guztiak bezalakoa dela, berez ez daukala aparteko transzendentalitaterik. Eta egun batean harrituko gara konturatuta norbaiti, natural-natural, ia pentsatu gabe, ordua galdetzen ari garela euskaraz.

Eta behin helburua lortuta, berriro harrituko gara ikustean -batzuek diotenaren kontra- euskaraz egiteko ez dela ez abertzale erradikala izan behar, ez baserri batean bizi behar.

Euskaraz egiteko instrukzio hauetako azken pausora heldu gara, ez dago atzera egiterik gainera. Lehengo argazkia oraingo argazkiarekin konparatzeko ordua da, eta dena berdina dela ikusiko dugu.

Aldaketak ikustezinak izango dira, eta baten bat balego azalpen bakarra denbora edo euskararekin zer ikusirik ez daukan beste edozein faktore baino ez da izango.


Originala beti hobea hala ere: Instrucciones para empezar a hablar gallego. Bideo bertsioa ere badago gainera:

Primeran, orain bideoa falta

edorta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Maiatza 12 - 17:57-(e)an bidalia.

Primeran, orain bideoa falta da, egin bezain laster blogetan jarriko dugu.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia