27
Ots
2013

XXI. mendeko ikaslea

Bufa! Ia urtebetea joan da hemen azken mezua idatzi nuenetik. Blogari karneta kentzeko iraungitzet datatik gertu egon behar da hori. Eskerrak zerbait idazteko aitzakia-motiboa-arrazoia eman didatela Argiako lagunek.

Askok jakingou duzue urte sasoi hau AEK-n lan egiten dugunontzat Korrika sasoia dela, eta hortxe ibiltzen gara gauza batekin ez bada beste batekin endredatuta.

2013 honetan pentsatu genuen Korrika Kulturala deitzen den horren barruan euskara ikastea eta irakasteari buruzko programa bat sartzea, "Euskara ikasi XXI. mendean" leloa hartuta lau mahai-inguru (edo tertulia) eta irakasleon topaketa bat antolatu dugu.

Mahai-inguru horietako bat "Nola ikasi" zuen izenburua, asmoa datozen ikasteko eta irakasteko erak identifikatzea eta geure lanera hausnarketa hori nolabait ekartzea.  Gonbidatuak Abel Camacho, Ainhoa Ezeiza, Maite Goñi eta Josu Perales, moderatzailea mezu hau sinatzen duen hau berau. Otsailaren 14an Gasteizen batu eta hantxe jardun genuen. Hemen behean duzue zuzenean egin zen grabazioa (soinua ez da ona, baina testigantza behintzat geratu da).

Saioak Twitter-en eduki zuen isla, nola ez! Storify honetan bildu ditut batzuk.

Honezaz gain, saioaren harira, Abel Camachok bere blogean batu eta azaldu ditu han esandakoak:  Euskara ikasi XXI: mendean (Ireki)

Dena den, oraingoan ez naiz idaztetik libratu, Argiako lagunek mahai-inguruaren laburpena eskatu zidaten Termometroa atalerako, eta hala publikatu da 2.359 zenbakian: Nola, noiz, non, norekin... euskara ikasi?

Kazetari fidagarria izan ez eta norberak akorduan (eta bideoan) geratu zaiona bildu eta paratu du. Hemen daukazue neure kronika-edo Argian publikatu den modura:

XXI. mendeko ikaslea

Atzera begiratzeko unea ohi da omenaldia, omenduaren merituen memoria ekartzeko unea. Gu, berriz, gerora begira joan ginen omenduaren bila, neguko ostegun batean, arrastian Gasteizko Kutxin ezagutu nahi izan genuen Korrikaren omendua: euskara ikaslea. XXI. mendeak ekarriko digun euskara-ikaslearen erretratuaren bila abiatu ginen bada.

Soslai hori zirriborratzen laguntzeko lau marrazkilari batu genituen: Josu Perales, Maite Goñi, Ainhoa Ezeiza eta Abel Camacho, eta galdera hauen bueltan jarri genituen marrak ehuntzen: Nola ikasiko da euskara XXI. mendean? Nolakoa izango da euskara ikaslea? Zer egingo du? Zer eskatuko du?

Handik ordu pare batera ez geneukan argazki garbirik, ezta erretratu robot baliagarririk ere, bai ordea marra ugari, nork bere irudia egiteko adina. Hona hemen utzi zizkiguten marrak eta borroak. Hartu nahi dituzunak eta egizu zeure marrazkia.

Gomendatu zigun Josu Peralesek ingelesa ikasten duenari erreparatzeko, hizkuntzak ikastea ingelesa ikastea da batik bat gaur egun munduan, eta hortik datoz gero datozen gehienak, euskara-ikaslearen soslaia ere bai agian. Dena den, gurera ere begiratzeko abisua egin zigun: euskara praktikatzen ari diren mintza-berba-solaslagun horiek guztiak oraina ez ezik geroa ere izan daitezke. Hizkuntz-ikasleen artean gero eta gehiago apreziatzen (eta ordaintzen) da ikasi nahi den hizkuntzako solaskidea. Hezur-haragizko irakaslea ez da galduko baina ekosistema horretan bizi beharko du.

LED pantaila batean hasi zen Maite Goñi marrazten, makinen clip art-ak, zuzentzen duten makinak, gurekin hitz egiten duten makinak, baina aldi berean milaka gauza egiteko aukera ematen diguten makinak ere badira: hainbat lagunekin gauzak egin eta jarduteko, hamaika mila irakasle aurkitzeko, baita hamaika irakasleren lana egiteko ere, edo irakasle baten lana hamaika aldiz egiteko.

Pintzel iluna hartu zuen Abelek orduan. Pintura geruzatxo bat baino ez ei zaie eman hainbat gauzari, eta geruza horren azpian aspaldiko horma dugu nonbait, betiko edukiak, betiko bideak nagusiki. Ikasleak berriz baditu hainbat gauza lehen ez zituenak: testuak, materialak, aukerak... horiek guztiak kudeatzen trebatu behar da etokizuneko ikaslea: bere prozesua gidatzen eta ebaluatzen. Etorkizuneko ikasleak gero eta botere gehiago izango baitu.

Tonu biziagoetara egin zuen salto Ainhoa Ezeizaren paletak. Marrazkia mihisearen mugatik harago eroatea aldarrikatu zuen, ikaskuntzaren alderdi informalera, eta batez ere sozializaziora. Hizkuntza sozializatuaz ikasten da eta ikasiko da, eta sare sozialak behar dira, Interneten eta porlanezko munduan, bietan. Akaso ikasleen sareak eraiki beharko dira, une honetan faltan-edo sentitzen direnak, izan ere, euskaldunok gutxi izan, baina sareak erraz ehuntzen ditugu.

Bi orduren buruan etorkizuneko irakaslea hasi da agian bere burua ere zirriborro horiekin marrazten.

Eta pentsatuko du igoal batez ere ikaslearen solaskidea izan beharko duela, edo harentzat komunitate baterako zizerone lanak egin beharko dituela. Hizkuntza pertsona horien zer egin eta harremanetan kokatu behar duela ere pentsa dezake. Hizkuntzari forma barik zentzua eman behar diola ondorioztatuko du baten batek.
Pentsatuko dute beste batzuek makinek lekua kendu ez diezaieten borroka egin beharko dutela. Makinak gobernatzeko modua topatu beharko dutela beste batzuek. Baten batek makinari lan astunak nola eman pentsatuko du bitartean. Inguruan dituen makinei probetxu nola atera beste batzuk. Makinatzen denak.

Ikaslearekiko erlazioaz hasiko dira pentsatzen, euskaltegitik kanpora hedatuta marraztuko dute batzuek: sarera edo kalera. Beste irakasle batzuekin konpartituta ikusiko dute beste batzuek euren burua. Eta ikasleak boterea hartuta irudikatuko dute batek baino gehiagok, zer eta nola ikasi nahi duen argi, ebaluatzeko gai ere bai, irakaslearekiko menpekotasuna galduta neurri handi batean.

Dena orain bezalaxe ikusiko dutenak ere izango dira, horrela nahi dutelako batzuek edo geroa dagoeneko hemen dagoela ikusi dutelako beste batzuek.

Kutxira irten eta neguko zeru beltzari begira geratzea nahiago du baten batek, bere marrazkiaren tonu nagusirako aproposa. Beste batzuek berriz, ostegun gauean Kutxin irribarrez dabiltzan gazteen aurpegietatik aukeratuko dute euren erretraturako aurpegia.

Kutxiko gazteriaren koloreak

Ainhoa Ezeiza (ez da egiaztatu)-(e)k 2013, Otsaila 28 - 19:30-(e)an bidalia.

Kolorez ari zarelarik, aitortu behar dut mahai-inguruaren ostean Gasteizko AEK-ko irakasle gazte batzuekin elkartu nintzela poteoan, Kutxin gora eta behera (a ze bixamuna ostiralean!), eta neure burua ikusi nuen beraiengan islaturik, oso sentsazio bitxian. Orain hogei urte halaxen ibiltzen ginen, energiaz eta ilusioz beterik, ikasleekin oso inplikaturik, gaugiroan... eta horrek itxaropena piztu zidan.

Nire ustez, euskara irakasleon profesionalizazioa behar-beharrezkoa izan zen prekarietateari aurre egiteko, baina profesionalizazio horrek aldi berean estandarizazioa ekarri zuelako irudipena dut: profesionalak izan gaitezen eta liburu bat erabili, denok berdin. Profesionalak izan gaitezen eta denok atazetan oinarritutako ikaskuntza hitzez hitz bete dezagun. Profesionalak izan gaitezen eta azterketa zurrunak erabil ditzagun ikasleen maila neurtzeko... neurtzerik egongo balitz.

Oso ados nago koloreekin egindako analogiarekin. Edozer irakasteak koloreak, ñabardurak eta sormena eskatzen du, arriskuak hartzea, ikaslearekin hitz egin eta ikustea nola arraio lagun diezaiokegun hobeto, azkarrago, atseginago ikas dezan. Abelek zioen eran, profesionalak izan behar dugu gure jakintza guztia ikasleen mesedetan jartzeko, beste irakasle batzuekin batera lan egin, ikas-prozesuetan sakondu... Eta prozesu horien emaitza, ikasgelako eta ikasgelatik kanpoko koloreak izango dira, zenbaitetan beltzak edo zuri-beltzak, bestetan ortzadar.

Atsegina izan zen oso mahai-inguruan parte hartzea (eta mahai-inguru ostean ere bai) eta berriz ere eskerrak ematen dizkizut gonbiteagatik. Argigarria niretzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia