10
Api
2013

Gramatikak hiztuna itotzen duenean

Hona ekarri nahi dudan eztabaida galdera sinple bat eginez has daiteke: hizkuntza bat zerk osatzen du, hiztunak bere eguneroko jardunaren bitartez ala hizkuntzaren arau gramatikalek?

Eta erantzuna, gehienentzat, sinplea eta argia da segur aski: hizkuntza hiztunek etengabe eraikitzen duten errealitatea da lehenik, eta era analitiko batean -edo zientifiko batean, nahi bada- aztertzen eta jasotzen den arau eta ezaugarri multzo bat bigarrenik.

Baina, hain ebidentea dirudien hori -edo agian ez?- askotan ez da errealitatearekin bat etortzen. Are gehiago irakasleon jardunari erreparatzen badiogu: zenbatetan ez ote gara itsutu gramatikarekin? Zenbatetan jarri dugu gramatika hiztunaren aurretik?

Argi dago, ikaslegoaren gehiengoarentzat euskalduntzeko ezinbesteko tresna da gramatika, ez dut hori ukatu nahi. Ni ez naiz horietaz ari, ni jada euskaldunak direnez ari naiz: nork ez du izan inoiz hiztun “peto” bat -dela trebetasunen bat hobetzeko, hiztegian sakontzeko, euskaraz gai “berriez” hitz egiteko, jendea ezagutzeko...- euskaltegira hurbildutakoa? Eta zenbatetan jarri izan zaie euren hizkera ezbaian, adibidez, “zergatik...” erantzuten dutenean? Ez ote da hori tresna (gramatika) helburu (hizkuntza, hiztunen eraikuntza behar lukeena) bilakatzea? Ez ote da garbizalekeria bigun batean erortzea?

Jakina, ez da erraza mugak non diren zehaztea: zein da hiztun egokia? Hiztun “petoak”, hau da, normalean euskaraz mintzo ohi diren guztiak hiztun egokiak dira? Norbaitek esan lezake, eta arrazoi osoz, ezetz. Baina, era berean, gramatikaren sakralizazioan erori nahi ez badugu, ezezkoa beharko luke honako galderaren erantzunak ere: gramatika arau guztiak ez betetzeagatik hiztun kaxkarrak dira? Zein dago zeinen zerbitzura?

Badakit, erantzunak baino gehiago galderak ekarri ditut hona. Baina, hain zuzen ere, uste dut horixe dela beharrezkoena: hausnarketa eta eztabaida, gramatikaren eta hiztunen errealitatearen arteko oreka zaila egoki kudeatzeko, iparra ez galtzeko, hiztun “petoak” ez uxatzeko -frustrazioagatik (“nirea ez da euskara”) edo mesfidantzagatik (“egun darabiltena ez da euskara”). Azken batean, ahalik eta jende gehien euskarara hurbiltzeko.

Parkea

Benito-(e)k 2013, Apirila 10 - 12:25-(e)an bidalia.

Lehenengo eta behin ongi etorri Eneko, Karraju honetan haize berria sartu da eta estimatzekoa da hori.

Zure gogoetaren harira aspaldiko anekdota daukat akorduan. Euskaldun peto horietako bat, arnasgune horietako bateko biztanlea, euskara gora eta behera gabiltzala hark niri: "Zelan esaten da "parque" euskaraz?", "Ba, "parkea", zelan esaten duzu zuk ba?" Nik. "Parkea, baina hori ez da euskara" berak.

Gramatikaz ari zara zu, hiztegi kontua zen hau, baina uste dut bata dela edo bestea dela azpian fenomeno bera ez ote dagoen nago.

Ongi etorri, bai, Eneko.

otto-(e)k 2013, Apirila 11 - 10:31-(e)an bidalia.

Ongi etorri, bai, Eneko.

Baina lehenengo saio honetatik bertatik hasiko gara demandan.

Izan ere, ez zenituzte nahastu behar gramatika eta hizkuntzaren (edozeinen) aldaera estandarraren gramatika-arauak. Arauak bete barik hitz egiten duen hiztunak, petoa izan zein ez, bere gramatikaren arabera erabiltzen du hizkuntza.

Bestalde, ezin dut irudikatu zertara jotzen duen euskaltegira euskaldun peto horrek, ez bada aldaera estandarri begira gabeziak ikusten ez badio bere jardunari. Hizkuntza erabiltzeko aukerak izateko, badaude bestelako aukerak (Berbalguna-eta). Esate baterako, zertan hobetu nahi izango du hiztun peto batek ezein trebetasunetan?

Euskaltegiari (eta irakasleei) baino, gizartearen jarrerari dagokio hausnarketa hori, orain berri Kike Amonarrizi entzun nion bezala.

Eskerrik asko ongi etorriagatik

Eneko-(e)k 2013, Apirila 11 - 12:05-(e)an bidalia.

Pozten naiz demandak egiteaz, horretarako baita hau.

Lehenik eta behin, zure lehen puntuari erantzunez, arrazoia eman behar dizut. Barka gaizki ulertu bada, baina bai, badakit aldaera orok duela gramatika bat atzean; zuk diozun bezala, "hizkuntzaren aldaera estandarraren gramatika-arauei" buruz ari nintzen. Eta horrekin planteatu nahi nituen bi gauza:

1- Ikasleei ez ote diegun sarriegitan haien aldaera okerra dela adierazten, estandarra ez dela adierazi ordez -neuk behintzat, askotan ikusi dut hori, eta neu ere erori izan naiz horretan inoiz-. Denok ados jartzen gara esaten dugunean hizkuntza hiztunak egiten duela eta bla, bla, bla... ebidentea! Baina, gero, estandarrak bakarrik balio duelako ideia helarazten diegu nahita ala nahi gabe. Eta Benitoren iruzkinarekin lotuz, bai, gizarte osoan dagoen kontua da hau, eta askotan hiztunak beraiek dira pentsamendu hori dakartenak (nirea ez da euskara); baina euskara irakasle gisa, zeozer egiterik izango dugu, ezta? Joera hori elikatu ala kontra egin, ezta? 

2- Horrez gain, aldaera estandarra ez ote da zurrunegia? Ez litzateke hizkuntzaren mesederako izango aldaera estandarra malguagoa, zabalagoa balitz? Bide batez, honek hiztegiarentzat ere balio du, Amurizaren kritikekin bat eginez.

Eta azkenik, diozu hiztun "petoa" ea zertarako hurbilduko den euskaltegira. Bada, tituluren bat lortzeko, idazmena praktikatzeko (ea nor ibili ohi den 200-300 hitzetako iritzi artikuluak idazten; gainera, koherenteak, kohesionatuak, aberatsak, zuzenak eta, noski, estandarrak!). Eta, adibide bat jartzearren, idazmenaren kontuan ikusten dira aurrekoan aipatu ditudan puntuak: 2. mailan estandarra ez den guztia zigortu behar da, okertzat emanez? Eta aldaera horietako hainbat zergatik ez dira hizkuntza estandarra kontsideratzen? Aztertzaile-bileretara joan baino ez dago ikusteko zein zurrunak eta hertsiak garen askotan. eta nire ustez, horrek ez du fabore gehiegirik egiten.

Beno, eta barkatu hainbeste luzatu izana...

Gramatika problema erdi bat da

Antton (ez da egiaztatu)-(e)k 2013, Apirila 13 - 13:41-(e)an bidalia.

 

Oso ongi ulertzen da zure arrangura. Ikasleenganik maiz entzuten dira horrelakoak. Egia esan, ez diet inportantzia gehiegi ematen, batez ere, irakasle gisa egingo dudan horrek dituelako mamuak uxatuko.

 

Ikasleei agertzea gramatikaren obsesio hori, nonbait normala dela iduritzen zait.

Izan ere, ikasleak « hizkuntza komunikazio sistema » dela entzungo badu, bere horretan ulertuko duena « sistema »ren kontua da, ez dut uste gehiago eska diezaiokegunik (ez eta komeni denik zehaztasun txikietan sartzea) ez baita irakaslea eta ez baitu komunikazioan aditu izan beharrik.

Sistema seguraski gehien aipatzen, eztabaidatzen, zuzentzen... dena da eta nire iduriko denei eskuragarriena zaiguna : arautua da, sistemikoa, zorrotza, hotza, kategorizatua, frogatua, argia 'edo ez), oso konkretua. Eta ikasleak babesa horretan aurkituko du, sistemaren arauetan, hitzak zein diren bai eta zein ez, zer den « hobeki » eta holakoak.

Eta ez dabil oker.

Beste kontu bat da, irakaslearena. Irakasle artean gora eta behera aipatzen baitugu afera, autokritika asko eginez. Batzuetan inpresioa ematen dit ez ote den mito bat, entretenitzen duguna gure solasetan, agian sortu duguna komunikatzeko ukan ditzakegun nekezien bidez akaso, beti ere uste baitut gramatika irakasteko planteamenduetan dabilen irakasle gutxi dagoela gaur.

Irakaslearen kasuan, goiko perpausean « hizkuntza komunikazio sistema » horretan, hitz bat bestea baino hobeki ulertzen ote du ? hitz horietarik bat besteak baino garantzitsuagoa ote zaio ? Zinez baditut dudak. Galdera ez ote da, sinpleki, ba ote dakien multzo horretako bakoitzari oreka bat emateko zer egin konkretuki.

 

Anttoni

Eneko-(e)k 2013, Apirila 19 - 18:44-(e)an bidalia.

Zuk plantetatu moduan, "komunikazio sistema" horretan oreka lortzea da kontua, baina gauza batean ez dut zurekin bat egiten: komunikazioaren ikuspegia gailentzen ari den arren, iruditzen zait batzuk sarritan beste inertzia batzuetan erortzen garela (nahi gabe ere); eta, horrez gain, ez dut uste hain gutxi direnik oraindik "gramatika irakasteko planteamenduetan" daudenak. Hala ere, hau pertzepzio hutsa da!

Adibide muturreko bat, labur-labur ahal bada, ilustratzeko:

  • Habe 2.mailan: testu ulerterraza, adierazkorra eta mamitsua.
  • Hiru ergatibo akats, "baita ere..." bat, "zergatikan..." bat, bizpairu "bait-" edota "-arazi" banandurik idatzita, beste akats solte pare bat-edo (komunikazioa eragozten ez dutenak).
  • 20 bat aztertzaileko taldea; bospaseik (!!!) ez dute "komunikaziorik" ikusten, "sistema" (estandarra) soilik eta, mailako akats ugari, ergatiboko akats sistematikoak eta baldintzazko, ahalerazko edo subjubtibozko aditzik erabili ez izana argudiatuz ("pobrea" baitzen horregatik), penko! Non dago oreka? Eskoletan ere jarrera bera duten seinale ez ote?

Benetakoa?

Benito-(e)k 2013, Apirila 19 - 19:11-(e)an bidalia.

Kasu hori muturrekoa da bai, baina benetakoa da?

Egia esanda, ez naiz harrituko egia bada, baina apur bat tristetu bai ;(

Oroitarazi behar da etengabe

Antton (ez da egiaztatu)-(e)k 2013, Apirila 20 - 15:27-(e)an bidalia.

 

Aupa.

Mea Culpa ! Hasierako kontua ikasleena zen. Eta irakasleen kasuan, baliteke aztertzekoa ea norainokoa den, zein prestakuntza mota ematen den honen saihesteko eta abar. Nik, dena den, ez dut oso argi ere, kontua, baina norbait ahalegindu behar bada zuzena izaten eta distantzia hartzen irakaslearen figura da, bereganik hori espero da behintzat. Dudarik gabe, egon badira oraindik zer edo nola egin ez dutenak asmatu.

Gero ematen duzun adibidea, ulertzen dut. Baina kasu honetan, oraindik beste rol bat da : aztertzailearena, hots epailearena. Hauen kasuan berriz betikora lerratzea erraza da eta nolazpait badauka sadismo kutsua (diot zure esku den kopiaren bidez, norbaiti eman/uka diezaiokezu eta horri deitzen zaio boterea, argi eta gaua egitea). Kasu honetan, ez dakit zein diren ematen diren instrukzioak, azalpenak eta abar. Nahiz ideia bat ukan. Beraz nire esperientziatik abiatuko naiz, nahiz, seguraski, ez zaituen asko lagunduko eta ez duen arazoa konponduko.

 

Gertatzen bada lerratzea, horrek ez luke ere hainbeste inportantzia hartu behar. Izan ere, horretarako dira zuzenketa irizpideak eta neurgailuak.

Ongi ezagutzen dudan azterketa batean, zuzenketa irizpideak etortzen dira gisa honetan, preseski aipatzen duzun 2. mailako zailtasun horien antzekoa saihestu nahian :

  • irizpideak zein diren ariketa/jarduerako

  • irizpide bakoitzaren eskala bat : zer den ongi, ertain eta gaizki.

  • Eskala bakoitzean puntuazio langa bat.

Beraz, lerratzen banaiz ere inportantzia gehiegi ematen irizpide bati, kasu honetan zuzentasun gramatikalari, ezin du eragin nota orokorrean maila batetik haratago.

Adibide bat emateko :

Idazlana zuzentzen da 30 punturarik. Irizpideak 5 dira, horien artean zuzentasun gramatikal eta ortografikoarena 15 puntuetarik. Zuzentasunarengatik badira 5 deskriptore (oso eskas, eskas, balekoa, ona, oso ona). Eta deskriptore batean kokatzean puntuazio langa : eskasa bada 3-6 pundu, oso ona bada 12-15 pundu izango ditu.

Hortik, norbaitek zuzentasunean oso eskasa badu baina beste irizpideetan nola edo hala bete badu, gaindi dezake idazlana. Kasu batzuetan gertatuko da, hain eskasa izatea zuzentasunean kasua beharko dela tratatu aparte, kontraste talde batean adibidez eta erabaki eman ala ez. Baina ezinezkoa dena da, zuzentasunari garrantzia hainbesteraino ematea, aztertzaile-irakasle-dena delakoak zer eta nola egiten duen ahanztea eta beste irizpideetan punduak zuzentasunarengatik kentzeraino. Hau da testualitatean punduak kentzea iraganeko subjuktiboa nor-nori-nork gaizki emateagatik beste guzian jaistea.

Batzuetan zuzentzaileek hori ahanzten dute. Memoria gauza konplexua da eta ! Beraz oroitaraziz gero, pentsu dut bidean jar daitekeela

oroitaraztea zen helburua

Eneko-(e)k 2013, Apirila 23 - 11:12-(e)an bidalia.

Benito, neuk jarritako adibidea, errealitatearen pertzepzioan oroimenak egin diezazkidan amarrutxoak gora-behera, erreala da.
Eta, Antton, hain justu ere, teorian baloratu beharrekoa sarritan praktikan ahaztu egiten delako idatzi nuen sarrera hau. Izan ere, oso ebidentea da kontua, baina errazkeriak eta inertziak ikuspegi "gramatikalegi" batera eramaten gaitu batzuetan eta, horregatik, noizean behin geure buruei oroitarazi behar diegu hau guztia, nire ustez.
Eta azkenik, badakit aztertzaile lana ez dela irakaslearena, baina bateko inertziak bestean ere izaten ditugu normalean.

Euskañolaz eta hiperzuzenketaz

Eneko-(e)k 2013, Apirila 26 - 10:15-(e)an bidalia.

Hona hemen Kike Amonarriz, Xabier Amuriza eta Carlos Ciden arteko eztabaida. Osorik da interesgarria, baina sarrera honetako gaiarekin lotura zuzena 16. minututik aurrera aurki dezakegu batez ere.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia