!name-ren blog-a

07
Urr
2012

Helduen euskalduntzea amaitzeko tentazioa

Bon, honezkero nahi izan duenak irakurri du aurreko barikuko predikua Berrian, Sustatun edo ZuZeun; edozelan ere, hementxe ere kargatu dut, berton gremiokoak -bereziki, ez bakarrik- errazago edo erosoago eztabaidatuko dugulakoan.

Eztabaida zabalik dago:

Helduen euskalduntzea amaitzeko tentazioa

Aspalditik datorren joera da, baina esango nuke azken boladan inoiz baino handiagoz ari dela zabaltzen helduen euskalduntzeak bereak egin duelako sentsazioa. Iragartzen hasiak dira ikasleen beherakada eta helduen euskalduntzearen beharrik eza. Helduak euskaldundu? Krisi garaiotan gure diruak horretan xahutu?

Helduen euskalduntzea hil behar bada, hil dezagun behingoz. Gainera, eskatzen hasita, izan dadila heriotz duina, oinazerik gabeko eutanasia merezi du-eta. Eta egin diezaiogun hileta hunkigarri bat: eresiak, erostariak... parafernalia guztiarekin.

Hil behingoz ala bizi berri bat eman, aukeratu beharrean gaude. Franco duela 37 urte hil zen, Eusko Jaurlaritzak 32 bete ditu eta HABEk 31. Euskalduntzea estrategikotzat geneukalakoan honaino heldu gara eta hauxe da daukaguna: gure eskola eta institutuetatik ateratzen diren gazteen euskara maila ez da -aitortzeak mesede egingo digu- espero genuena, aitortuko dieten maila aitortuko dietela ere. Eusko Jaurlaritzak plazaratutako V. Inkesta Soziolinguistikoaren arabera oraindik ere gehienak dira euskaraz moldatu ezin diren Euskal Autonomia Erkidegotarrak: % 27 baino ez dira elebidunak, laurdena baino ez!! Badago, beraz, nori irakatsi -herritarren % 73- eta badago nork: nonahi ditugu euskaltegiak. Egiaren erdia baino ez da hau, ordea, garaian garaiko Jaurlaritzaren menpeko HABEk estu lotuta dauzka euskaltegiok eta dirulaguntzak beherantz doaz, aspaldion era basatian.

Elebidun kopurua herritarren laurdena bakarrik izanda ere, duela urte batzuetatik hona jomuga erabileran jarri da eta honek lasaitze moduko bat ekarri du, nire ustez, euskalduntzean. Eta, barkatu, baina herritarren erdiek ere ez dakitenean ezin dugu jakitea gutxietsi; gustuko izan ala ez, hauxe dugu errealitatea. Eta errealitatea, lagunok, oso oso oso -baina oso- egoskorra da. Gauzak honela, datozen hauteskundeetatik aterako den Jaurlaritzari egokituko zaio euskalduntzeaz erabakiak hartzea: Helduen Euskalduntzeari azkena ematea ala erronkari ganoraz heldu eta zereginari indar berriz ekitea.

Ez dira gutxi datozen urteotan helduen euskalduntzeak erantzun beharreko erronkak; baten batzuk aipatuko ditut, beste batzuk ere izango dira, jakina: 

  • Euskalduntze sare publikoa: Helduen euskalduntzerako aukera publikoa eta doakoak eskubide eztabaidaezina behar luke EAEko biztanleentzat eta dauden aukerak mantendu ezezik sustatu behar lirateke: Udal Euskaltegiak dauden herrietan aukera honen alde egin beharko luke administrazioak, eskuak lotuta dituen neurriraketa bertan behera lagata. Gainera, hiriburuetan berreskuratu beharko litzateke euskara ikasteko aukera publikoa. Hamarkadak joan dira jada HABEk bere euskaltegiak itxi zituenetik eta orduz geroztik hiriburuetako ikasleek ez daukate euskaltegi publiko batean ikasteko aukerarik. Ez, ez daukate. Jaurlaritza berria osa lezake(t)en alderdi(ar)en lehentasunen artean egon beharko litzateke hiriburuetan aukera publikoa sortuz hirietan helduen euskalduntzeari indar berrituz ekitea.
  • Zertifikazio sistema bateratu eta serioa eratzea ere badago, nire ustez, hurrengo legegintzaldiaren ajendan. Berraztertu beharko da, esaterako, aurreko aprilaren 17an onartutako dekretu sonatua, "erdia edo gehiago euskaraz ikasi dutenei" B1, B2 edo -kasuan kasuko- C1 tituluak lortzeko azterketarik egin behar ez izatea ekarri zuena.
  • Teknologia berriak: Euskalduntzea lehendabizi pentsatu zenetik jauzi erraldoia eman du teknologiak: alkoholez zebiltzan multikopistetatik tablet eta smarphoneetara etorri gara: teknologia berriak ez dira jada hain berriak. Online ala online/presentzial ikastaroak ez dira etorkizuna, oraina behar lukete. Bestalde, hezkuntzan hain ezagun eta erabiliak diren Berritzeguneen moduko zerbait antolatu beharko litzateke sare guztietako euskaltegientzat.
  • Modulazio malguagoa: Bizimodua azkartu egin zaigu eta ikasleak gero eta denbora gutxiagoz dabiltza. Honek guztiak ikastaroen modulazioan aldaketak eragin behar lituzke: izan gaitezen malguak eta, esaterako, fokuratu dezagun prozesua helburuen betetzean eta ez hainbeste orduetan. Aurreko puntuan aipatutako online/presentzial ikastaro mistoak egokiak lirateke bide honetan abiatzeko.
  • Doakotasuna aipatu dugu gorago ere: eskandalagarria da gaur egun 400-800 € ordaindu behar izatea ikastaro baten truke, zer eta euskara ikasteko? Euskalduntzeak doakoa behar du. Hau irakurtzean baten bat aztoratu balitz, esan behar litzaioke doakoak ez duela ordaindubakoa derrigor adierazten eta badirela moduak ordaindutakoa itzultzeko.
  • AEK: Gordin esatearren, AEKrekin zerbait egin beharko da, ezta? Nago sekulako desproporzioa dagoela AEKk euskalduntzeari eman/ematen dion eta jaso/jasotzen duenaren artean. Ez dut ondo ezagutzen, baina uste dut ez nabilela oker esaten badut AEK bokazio publikoa duen erakundea dela eta sortze beretik izan dela; agian hortik abia gintezke.

Eta zergatik nioen hasieran hau guztia hurrengo Jaurlaritzari egokituko zaiola? Bada, uste osoa dudalako hurrengo hauteskundeetatik gehiengo desberdin bat aterako dela eta herri honen euskalduntzean sinestuta gauden apurrok zer esana izango dugula. Aspaldi-aspaldian lehenengoz euskararen aldeko neurriak hartzeko gehiengo osoa izango da Eusko Legebiltzarrean. Aitzakiarik bat ere, beraz.

Gerta daiteke ezetz, hurrengo gobernua -eta hurrengoa, eta hurrengoa...- orain artekoen antzeko bideetatik ibiltzea; kasu horretan orain arte bezala jarraituko dugu: ikasleak, indarrak eta aukerak galtzen, baina garaian garaiko gobernuaren estatistiketan gero eta euskaldunago agertuz. Eta horrela ez bada ere, beti geratuko zaigu Europako sudur handienen herria izatearen kontsolamendua. Gaitzerdi.

P.S.: Euskaldunon Egunkarian idatzi nuen honetaz duela 10 urte ere antzeko kontuak aipatuz. Egunkaria gaur ez dago, baina Sustatuk gorde zuen ordukoa eta hemen daukazue, nahi izanez gero: http://sustatu.com/1037004436

29
Mar
2012

Iñaki Uribe HABEko Zuzendariari gutun irekia

Zuzendari jaun hori:

Etsipenez, ezen ez harriduraz, zoritxarrez, irakurri ditut zure hitzak Argia aldizkariko 2.317. alean. Laster langintza honetan 30 urte beteko ditudanez eta urte hauetan guztietan HABEren pean lan egin dudanez, hartu dut beta iruzkin batzuk egiteko, gaizki ez baderitzozu.

Diozu: "Partaidetza handia izan da; barruko teknikariek, euskaltegiek, irakasleek eta ikasleek hartu dute parte. Denei galdetu zaie zer aldatuko luketen, hori izan da abiapuntua." Jakin beharko zenuke partaidetza handia izatea ez dela, berez, ezeren bermea: hainbesteri galdetzea alferrikakoa gerta liteke hainbeste horien erantzunetan islatutakoa kontuan izaten ez bada. Bestalde, aukera anitzeko galderen eredua egokia da oso dauden erantzunen artean aukeratzeko. Daudenen artean.

Diozu: "Besteak beste, HABE dena agintzen ari zela ikusi genuen, dena erregulatzen eta arautzen euskaltegiekiko." Ez naiz oso abila hitzen bigarren zentzua harrapatzen, baina esango nuke iradoki nahi duzula orain bestela jokatzen duela HABEk, orain ez duela "dena agintzen". Ez dut adibiderik jarriko, hau irakurriko duen edozein euskaltegi-irakaslek jarriko lizuke sorta bat, baita sorta bat sorta ere.

Diozu: "Udal euskaltegietakoak funtzionarioak dira, nolabait esateko" eta beherago "Euskaltegi pribatuetan irakasle denak ez dira finkoak". Pentsatu nahi dut hau ez duzula asmo txarrez esan, baina, ezjakintasuna kenduta, ez zait beste arrazoirik bururatzen neurri honetako arinkeria esateko. Udal Euskaltegi gehien-gehienetan ez dago funtzionariorik, bat ere ez. Eta zin dagizut Udal Euskaltegietan irakasle "ez finko" asko eta asko dagoela, batzuetan kontratu eta lan-baldintza lotsagarrietan. Eta HABE, Zuzendari jaun hori, horren jakitun da.

Diozu: "On-line ikastaroek, beharbada, ikasgelako ikastorduak murrizten lagunduko digute". Ederto! Ados! Baina galdera bat: Nora joan dira "talde mistoak"? Non daude, zein larretan?

Diozu: "On-line sistemak arazo oso inportantea dauka, mintzapraktika gutxi egin daiteke." Hemen ere ados, hoba ez! Beraz, ulertu behar dut hemendik aurrera online ikasleei mintza-saio eta tutoretza ordu gehiago eskaini ahal izango dizkiegula, ezta? Bai, ezta?

Diozu: "Problema da adin batetik aurrera oso zaila dela hizkuntza ikastea. Ondo aztertu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu alferrikakoa dela irakaskuntza mota hori."  Elkarrizketa honetan diozuzan arinkeria guztietatik hauxe begitandu zait larriena, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko Zuzendariaren ahotik atera delako batez ere. "Loro viejo no aprende a hablar" esan zuenari arrazoia ematen helduen euskalduntzeaz arduratzen denak; hamaika ezezik, hamabi ere ikusten ari gara, baiki. Zer nahi duzu esatea, ikusi ditut nik euskaldundu diren helduak eta ez bat eta ez bi. Baina, tira, zeuk ere jakin zenezake horrenbeste.

Besterik gabe, eta esan dudan guztia ezerezean galduko den uste erabatekoan, agurtzen zaitut.

Josu Lezameta, euskara irakaslea.

16
Mar
2012

Ikasleen ikastaroak hornitzen

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza

Aurreko batean kontatu genizuen zelan hornitu eta aberastu izan ditugun ikastaroak. Azken aldion denboraz estuago gabiltza, badakizue, eta bestela planteatu dugu ikasleen eskura jarriko duguna zelan aurkeztu, honetarako ematen dugun denbora aurrezte aldera.

Moodle plataformaren bitartez sartzen dira gure ikasleak Boga ikastaroetara. Goitik behera hasita, behin ikastaroaren barruan, halako mosaikoa ikusten du ikasleak.
 

estekamosaiko2

Irudi bakoitzaren gainean klik eginda, aukeratutako lekura joango da ikaslea: Berria, Sustatu, Euskaljakintza... Moodle-n bazabiltzate, ez da zaila halakoa txertatzea: Baliabidea gehitu => Etiketa gehitu => Testu editorean HTML aukeratzeko botoia <> sakatu eta hemen daukazuen kodea itsatsi; irudien neurria alda dezakezue, argazki eta esteka gehiago erantsi... nahi duzuena.

Goian eta eskuin aldera bideo bat jartzen dugu, noizean behin -astero, ahal delarik- aldatzen duguna. Hemen kodea, berdin egin nahi izanez gero.

Bideoaren azpian "Urteko egun bakoitzeko esaera zahar bat". Hortik zehar aurkitutako javascript tuneatu bat da: kutxatxo baten agertuko da automatikoki -voilà!- egun horretako data eta atsotitz desberdin bat. 365 ez daude, baina ia hirurehun esaera zahar izango dira, udako oporretakoak eta beste zenbait egunetakoak kenduta. Hemen duzue kodea, zuek ere inon txertatu nahi baduzue. Eta urtea osatu arte falta diren atsotitzak jartzen badituzue, ez ahaztu guztioi horren berri ematea ;-)

Urteko egun bakoitzeko esaera bat

Ikastaro bakoitzaren beheko aldean jarri ditugun karpetetan dauzkate ikasleek geuk sortutako HotPotatoes edo Webquestions tankerako ariketak (aditza, deklinabidea, entzunaren ulermena, birpasa...) Boga-ko ariketak egiten gogaitu direnerako edo bereziki zer edo zer landu nahi badute. (klik handiago ikusteko)

 

 

birpasa

Azkenik, hemen duzue iazko udan ikasleei jarri geniena, aspertuz gero nora jo zezaketen erakusteko. Hemendik hartu genuen ideia, tunning apur bat eta... honatx kodea!


 
 
18
Urr
2011

Zergatik ez naizen joango MoodleMoot Euskadi 2011ra

Josu Lezameta, euskara irakaslea Galdakaoko Udal Euskaltegian

Aurten HABEri egokitu zaio MoodleMoot Euskadi 2011ren antolaketa eta ostiral honetan bertaratzeko gogo biziz nenbilen, Euskalduntze Alfabetatzearekin, neure lanarekin, lotura zuzena zuelako eta Moodle-rekin lan egiten dudanez, ikasi nahi nuelako nik baino dexente gehiago dakitenengandik.

Baina ez naiz joango.

Eta, zergatik ez naizen joango azaltzen hasi baino lehen, argi utzi nahi dut ez dudala injustoa izan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 sustatzen eta bertan aurkezteko hitzaldiak prestatzen dihardutenekin. Jakin dakit, horretan dabiltzan batzuk ezagutzen ditudalako, tonaka ilusio eta lan jarri dutela oraingoan ere, beti bezala. Eurentzat esker ona baino ez daukat.

Baina ez naiz joango, batez ere, iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ez naiz joango eguneroko jardunean online euskalduntzearen zati bat, ezagutzen dudana, euskaltegi publikoetakoa, amildegira daraman erakundeak antolatu duelako. Amildegira. HABEk, badakit, baditu bi bihotz, dirua banatzen duena bata eta didaktikaz arduratzen dena bestea. Eta bi esku ere baditu, baina -zer egingo zaio- ez du balio esateak ezker eskuak ez dakiela eskuma zertan dabilen.

Eta ez naiz joango HABEk eskuin eskua samatik askatzen ez digun bitartean. HABEk ez du zenbait gauza ulertzen, ez ditu ulertu nahi:

  • Ikasleei bakarkako lana aitortzen diela dio HABEk, baina baliabide zehatz batean -Boga-n- egiten duten denbora baino ez die onartzen: euskaltegian prestatutako edo euskaljakintza.com -eko Hot-potatoes motako ariketak egiten ari direnekoa, Photopeach-eko jokoetan edo ikasbil-en ematen dutena, ez. Ez dago denbora hori HABEren aurrean zuritzerik, hori ez da “asistentzia”. Eta bakarkako lana AUTOikaskuntzan, lagunok, oooooso eremu zabala izan daiteke.
  • Gurean, Galdakaoko Udal Euskaltegian, duela urte batzuk astean ordu beteko tutoretza pertsonala ematen genion ikasleari. HABEk behartu gintuen astean ordu erdira jeistera. Eta gero ordu erdi bai, baina astero beharrean hamabostean behin. Irakaskuntza mundukoak ez zaretenok ere ohartuko zarete AUTOikaskuntza sistema batean zein garrantzitusu suerta daitekeen tutoretza pertsonala: helburua/bidea elkarrekin zehaztu, zalantzak argitu, adorea eman...
  • Mintza taldea berezituak (izan) ditugu guk online ikasleekin, maila eta ordutegi desberdinetan, astean ordu betez. HABEtik iradoki digute “ohiko taldeetan” sartzeko online ikasleak astean ordu betez. Porrota, eta honetan dabilenak badaki: astean hamar orduz elkarrekin daudenen artean sar ezazu arrotz bat astean -edo hamabostean- behin ordu betez. Ikaslea alderrai.

Besterik ere egon da: lan karga handitu zaigu irakasleoi, errentagarriak ez garela entzun behar izan dugu ez behin, udalaren desafekzioa... Tira, hori guztia ere irentsiko nuen berriro -ofizioaren ajeak- baina, ikasturte honetan, jakin nahi nuke zergatik, HABEren jarrera online autoikaskuntzarekiko okertu egin da. Are okertu. Ikasleek jada matrikula ordainduta eta ikasturtea martxan jartzekotan gaudela, hara non aldatzen dizkieten baldintzak ikasle, irakasle zein euskaltegiei, “orain horrela da” azalpen bakartzat. Eta hara non Autoikaskuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua egiten ari diren, sutsuki. Hamaika ikusteko jaio gara, baiki.

Eta, jakina, ez dut joan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 antolatu duen erakundeari xaboia ematera. Eta batez ere, ez dut nahi -berriro diot- iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ni harro egon naiz gure euskaltegian eskaintzen genuen zerbitzuaz, haize kontra eskaintzen ari izan garena. Baina orain ezin dut, orain HABEk ez dit uzten, orain ikaslea eta online sistema porrotera bideratzen duena baino ezin dut eskaini. Eta hori behartuta egin dezaket, baina nahita ez.

Eta ez naiz joango.
___________________________________________________________________
Beste leku batzuetan ere izan dituzte antzeko arazoak eta nik baino hobeto azaldu dituzte.

27
Mai
2011

Online aplikazio bi partekatzeko asmoz

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza irakasleak

Baliabide erakargarriak nahi dituzu? Arrakastatsuak? Atseginak eta ikasleen gustukoak? Doakoak? Bai? Segi irakurtzen:

Jarraian dituzuen hauek erabiltzen hasi ginenean, eta bisita kopuruari erreparatuta (14.000 baino gehiago dagoeneko), ohartu ginen gure ikasleak ezezik besteren batzuk ere bazebiltzala handik. Pentsatu genuen orduan ongi etorriak zirela bisitari haiek eta aplikazioak ezagutarazi eta nolabait gainerakoekin partekatu egin behar genituela, nahi duenak erabili eta berriak sor ditzan.

Photopeach.com

Ideia sinple batetik abiatuta egin genituen hiztegi irudidunok -hitzak, irudiak eta musika lotu- Photopeach delakoan izena eman eta trasteatzen hasi ginenean. Horrela, apurka-apurka, 28 hiztegi eta joko (quizz) sortu genituen eta Galdakaoko Udal Euskaltegiko autoikaskuntzako ikasleentzako ikastaroetan txertatzen hasi ginen, astean desberdin bat jarrita.

Hemen dituzue, beraz, gure hiztegitxo irudidunak zuentzat: ikusi, ibili, zuen ikasleei erakutsi eta zuek ere ideia berriekin Photopeach-en izena eman eta hasi saltseatzen. Erraz erraza da: gaia aukeratu, argazkiak igo, testua jarri, musika aukeratu eta voilà!

Hemen aurkituko dituzue gureak: http://photopeach.com/user/GaldakaokoUE

Eta hemen erakuskari bi, jokoa eta hiztegia:

Proprofs.com

Hangman -urkatuaren jokoa- eta Scrable -letrak ordenatuz hitza asmatu- motakoak egin ditugu Proprofs delakoa erabiliz. 30 dituzue guztira, gurutzegrama eta puzzle bana ere tarteko. Aurrekoa bezala, hau ere ezin errazagoa da zuek ere antzekoak egin ditzazuen.

Hona hemen gureak: http://www.proprofs.com/games/player/galdakaokoue

Eta hona erakuskari bat (Bizkaiko herrien izenak):

Bai Photopeach-ek eta bai Proprofs-ek aukera ematen dute esteka jarri edota zuen web orri edo blogetan enbotatzeko.

Ah! Ez ahaztu: Ganorazko zer edo zer egiten duzuenean, partekatuko duzue besteokin, ezta? Aurrera!

 

Sindikatu edukia