EAE
Benito(e)k bidalita 2010, urtarrila 30 - 01:21(e)an.
Hor goian aipatzen dugun "euskaltegien mundu" horretaz mundu-munduak dakiena eta uste duena ez zaigu beti bat etortzen barruan dugunarekin edo nahi genukeenarekin. Hala bada, erratuta dauden ideia batzuk agertzen dira lantzean behin, topikoak esan daiteke.
Bat aski zabaldua. Euskaltegiak HABE edo AEK dira. "Ez dakit nor HABEn dabil ikasten", edo AEK-kook batzuetan entzuten ditugu honakoak: "HABEkoak dira horiek, konpetentziakoak", beste edozein euskaltegigatik esanda.
Bistan dago euskaltegien munduaren mapamundia ez dagoela oso argi bazterrotan. Akaso jende gehienarentzat ez da hil ala biziko kontua izango,eta sinplifikazio hori nahikoa zaiola. Apur bat kezkagarriagoa izaten da berriz honetaz hobeto informatuta espero zenukeen jendearengandik datorrenean: hedabideak, euskaltzaleak...
Atzo, lankide batek erakutsi zigun Euskararen Berripaperaren azkenengo alea. Hau hain zuzen ere:

Eta komentarioa egin zuen. "Ematen du HABEk berak hartu dituela matrikula horiek guztiak". Eta egia esanda, HABEn ez da inor matrikulatzen, zuzenean behintzat. Alegia, matrikula horiek EAEko euskaltegi homologatuetan izena emandako ikasleak dira, AEK, IKA, Batuz, Elkarlan, Udal Euskaltegiak eta abar.
Guk badakigu jakin, eta jende gehiagok ere bai. Baina erakunde publikoetatik datorren informazio-orria, horrek hiritar askori ematen dion zehaztasun bermearekin, euskararen gainean informazioa ahalik eta gehien hedatzea asmo duena eta ele bitan banatua, eta hor horrela idatzita "HABEren matrikulazio datuak / datos de matriculación de HABE", ba, seguru nago batek baino gehiagok hala pentsatu duela, horiek guztiak HABEren balizko euskaltegietan ibili direla euskara ikasten.
Ez da kontu larria izango, baina sektore honetaz dabilen informazio-hutsune hori estaltzen ez du asko lagunduko. Eta seguru laster batean berriro entzungo diogula ahots serioren bati "En los euskaltegis de HABE" edo horrelako zerbait.
Topikoekin hasita, gaur beste bat irakurri dudala uste dut. ETBk prestatu duen "Kerman mintzalagun bila" saio berriaren aurkezpenean hau irakurri dut (azpimarra nirea):
Kerman ahozko euskara behin betiko menderatzeko helburuz kalera irtengo da. Helburu horrekin, Kermanek liburuak dauden-daudenean utziko ditu eta kale aldera abiatuko da euskara eguneroko bizimoduan erabiltzeko helburuz: euskaltegian urteetan irakatsi dioten teoria guztia benetan aplikatzeko garaia iritsi zaio
Topikoa da, ala topikoa izatea nahi genuke?
Hainbeste urte "komunikatibo" adjektiboa hamaika substantiborekin ezkontzen, hainbeste paradigma aldaketa, HEOK, EEM eta enparau, eta oraindik "teoriari" bueltaka gabiltzala uste du munduak?
Ez da izango?
Benito(e)k bidalita 2009, iraila 11 - 00:04(e)an.
Gaurko, irailak 11, hirugarrengoz tradizio bihurtzeko bidean dagoen ekitaldia dago iragarrita: EAEko Ekitaldi Akademikoaren hasiera ekitaldia, HABEk antolatuta. Badakizue dakizuenok, autoritate eta ordezkarien berbatxu batzuk, hizlari baten hitzezko hitzaldia, eta luntxa aka pintxo jana. Behin baino ez naiz egon eta ez dago txarto, kexatzen behintzat ez gara hasiko.
Aurten baina, Murphyren atzaparrek bete-betean harrapatuta berriro joan barik. Tira ba, jarduteko uneak eta lekuak egongo dira bestela. Pena ematen dit aurtengo gonbidatuari entzuteko aukerarik ez izatea baina.
Iragarri aurretik ez dut ezagutu izan Juli Palou. Puntuak galdu ditut honez gero, baina hala izan da. Bitxia da haren izena ezaguna ez izana gainera, Bartzelonako Unibertsitatetik hizkuntzen irakaskuntaren inguruan dabilen mogimendu interesgarriaren erdigunean dago Palou nonbait, eta HABEkoek utzi diguten hitzaldiaren laburpenean (pdf, eta pantailari buelta emanda irakurrita), zerbait berria kontatzera datorrela iruditu zait. Gai batzuk igarri ditut hortik: hizkuntza ikasleren nortasuna, nortasun horren osaketa, bilakaera horren narrazioa, "niaren idazketa"...
Idazketak, adierazteaz gain, pentsaera eraikitzen du. Norbanakoak bere buruaz, bere esperientziaz idazten duenean, bere burua banatzeko aukera du, eta, beraz, bere buruaren alderdi berriak aurkitzeko egokiera. Niaren idazketa gogoeta egiteko aukera bilakatzen da, norberak pentsatzeko abagune eta ikasten ari den pertsona moduan bere burua ikusteko egokiera.
Eta laburpen hori irakurrita -apur bat kriptikoa akaso, baina horregatik iradokitzaileagoa- pentsatzen jarri naiz hizkuntza ikasteak zer ekarri digun horretan ibiil garenoi , zelan ez garen ibili sarri gauzak esateko modu berri baten bila soilik, eta ibilbide horrek gugan azken batean ergina izan duela konturatu. Eta akaso esperientzia horren berri emateak norberari zein entzun-irakurtzeko gogoa-zortea-patua daukanari zerbait piztuko ote dion.
Esan dut ba, kontu berria eta interesgarria. Lastima zuzenean entzun ezin izana. Inork kontatuko ahal digu! (esperantza handi barik)
Dena dela, Palou ezagutu ez, eta internetomanook hartuta ditugun bizioen artean ez dakiguna segidan gogelatzea denez, hantxe hasi naiz Palouren berriren bila. Eta tontamentean irakasleen prestakuntzan jardun duela jakin dut, eta horretaz idatzi duela, eta berak parte hartutako liburu pare bat Google Books-en topatu. Artikulu baten titulua gustatu zait gainera: "Els professors de llengua: entre el desig i la realitat". Horixe, desioa eta errealitatea, prestakuntzarekin dudan sentsazioa deskribatzeko hitz bi horiexek hautatuko nituzke neuk ere.
Prestakuntza, ene! Uztailetik hona, Miramarreko ikastarokoak, hangoei ekiteko sasoia heldu da bada. Buelta pare bat ematen hasi beharko dugu.
Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 1 - 04:04(e)an.
EAEko gobernu berriaren hizkuntz-politikarenak tentuz hartzekoak izango dira oraindik, goiz da edo. Beldurrerako motiborik ez ei dago, hala ere, esanak esan, mesfidantza da nagusi euskaltzaleon artean, kontrakorik frogatzen ez den bitartean edo. Ez gara justuak izango eta badaezpada, zer dugu honez gero?
- López lehendakariaren inbestidura-diskurtsoan (pdf): "Gizarte batek bi hizkuntza izateak aberastasuna dakar". Aniztasunaren eta aberastasunaren diskurtsoa. Zuzena, polita, gaur-gaurkoa, XXI diskurso inpekablearen topiko estandarra nonbait.
- Isabel Celaa, Hezkuntza sailburuak: "Hemos vivido bastantes años en el sistema educativo pensando sólo en términos 'euskera-castellano'. Es un empobrecimiento".
- Rafael Bengoa, Osasun sailburuak: "La interconexión profesional en España y en Europa se debe enriquecer y no nos debemos encerrar en nosotros mismos debido al idioma". Ondoren, Osakidetzan euskararen merituen murrizketa iragarri.
Bi hizkuntzak ez ziren ba aberastasuna? Derrepentean ondarea zena pobrezia bihurtu da? Krisiak hain arin debaluatzen ditu baloreak? Ala burbuila batek puztuta eduki du balioren bat?
Beste gauza bat izan daiteke. Egunotan hainbat irakasle aztertzaile lanean dabiltza tituludungaien diskurtso idatziak analizatzen. Ebaluazio-irizpideen artean apreziatuenak eta seguru aski gutxien ulertuak: koherentzia eta kohesioa. Aberastasunaren irizpidea kakaztu digute hemen eta nik ere ez dut ondo asmatzen beste horiekin. Aztertzaile horiek lagunduko digute akaso. Izan ere, diskurtso arazo-baten aurrean gaudela susmatzen dut, zerbaitetan koherentea izan ez baina kohesio arraro bat erakusten duena.
Celáaren beste hitz hauetan bezala: "Una lengua impuesta nunca será amada y una lengua querida será más usada".
Benito(e)k bidalita 2009, otsaila 16 - 14:16(e)an.
Etxetik mugitu barik eta goiz osoan telebista-irratirik piztu barik ere ez zara libratzen: lore-banatzaile amateur-interesatuak etxeko atariaren ondoan, doinu ozeneko furgoneta musikalak, atezain automatikoan betiko postaria ez diren postariak postontzia postakoak ez diren postazalez betetzen...
Opari botaniko, musikal eta postal interesatu asko, bai, hauteskundeak. Eta interesaren interesa dela eta, pentsatu dut une batean "Eta guri zer interes piztuko digute hauek guztiek?". Eta proba tonto bat egin dut. Ez da Mikelek lehengoan egin zuenaren parekoa inondik ere.
Haien bila joan naiz interneten. Hauteskundeetan inportanteena programak ei direla, bilatuko dut "euskaltegi" hitza programetan.
Lehenengo inpresioa. Askotan esan dut nahikoa dorpea naizela gauzak aurkitzen, baina alderdien webguneetan, edo hausteskundeetarako berariaz prestatu diren webgune gehienetan kostatu egin zait programetara heltzea. Batzuen kasuan ez dut aurkitu. Beraz, ikusi ez dudan programaren bat badago, esadazue mesedez.
Emaitza, bitxia. "Euskaltegi" hitza EAJ eta PSEren programetan baino ez dut aurkitu.
Hona aipamenak:
EAJren programan (pdf)
Euskaltegien sarea sendotzea, urtero 8.000 euskaldun berri izan daitezen. (70 orr., Erabileraren sustapena azpiatalean)
Helduen euskalduntzearen arloan, euskaltegi sarearen ikasketa eskaintzen aniztasuna eta kalitatea sendotzea presentziazko zein semi-presentziazko ikastaro eta autoikasketakoen bitartez. (orrialde eta atal berean)
PSE-EEren programa (pdf, euskarazko bertsiorik ez dut aurkitu, balego esan)
Resolver los problemas que se plantean en el acceso a las Administraciones Públicas, mediante la normalización y homologación de los estudios que se realizan en los euskaltegis, las Escuelas Oficiales de Idiomas, exámenes EGA o los estudios en la Enseñanza Obligatoria y Bachillerato. Clarificar el futuro de los servicios de euskaldunización de adultos: papel de Habe y red de euskaltegis. También habrá de clarificarse el papel que debe jugar la enseñanza del euskera promovida por el Gobierno Vasco a través de EITB e Internet.(64. orr. Una estrategia de desarrollo cultural desde el bilingüismo atalean)
Besteetan ere saiatu naiz topatzen. PPren programan (pdf) ez da "euskaltegi" hitzaren agerpenik, EArenean (pdf) ere ez, EBk ez du programa dokumentu batean jarri, baina webgune osoan "euskaltegi" bilaketa eginda ez dut emaitzarik lortu. D3Mren webgunean ez dut hitzaren aipamenik aurkitu, Aralar alderdiarenean ez dut programa modukorik ikusi bilatzeko, eta UPyDren 33 proposamen hauen artean ez da hitz hori erabili.
Esan bezala, norbaitek ikusten badu nik ikusi ez dudanik esaizue, mesedez.
Bestalde, honek derrepenteko jolasetik dauka gehiago azterketatik baino. Euskara, euskalduntzea, hizkuntza eta halako berbak ere bilatu daitezke ideia zehatzago bat izateko. Hala ere, jaso dugun lagintxo honek ere zer komentatua eman dezake akaso.
EAJk eskaintzaz dioena beste nonbait entzun dudala uste dut. PSEk etorkizuna argitu nahi digula dio, baina zer, nola eta norantz argitu? EITB eta internet-erantz?
Azken batean, geroak erranen. Edo zeuek erranen.
Benito(e)k bidalita 2007, abendua 10 - 00:02(e)an.
Gaur HABEren Batzorde akademikoa bilduko da aspaldiko partez. Azken bilera duela lau urte luze egin zen hain zuzen ere.
EAEko Batzorde akademikoa ez da ezaguna izango seguruenik, orain arte gutxitan bildu dela dirudi eta bileron artean urteetako tartea egon da askotan. Beraz, askok izena ere egundo entzun barik edukiko duzue.
Zertarako da? HABEren antolamenduan honela azaltzen da:
Batzorde Akademikoari, gai akademikoetan eta pedagogikoetan analisiak egitea eta euskaltegien jardueren ebaluazioa dagozkio eta, orobat, HABEren Urteko Memoriaz informatzea.
1996ko dekretu honetan dauzkazue zehaztapen gehiago.
Didaktika kontuak azken batean.
Didaktika-eraketa "dikotomia" horretaz egun batean esan beharko dugu zerbait. Gaur zelako umorearekin amaitzen dugun...
