teknologia

07
Ots
2012

Aihotzak eta iparrorratzak

Plisti-plasta | 2012, Otsaila 7 - 20:21

Erre-bueltara

Azken egunotan pare bat bideo eta pare bat artikulu izan ditut gogoan jira-bueltaka. Bukaeran jarriko dizkizuet horien estekak baina lehenago aihotza edo iparrorratza hartu eta sasitzan bidetxoa egin beharra daukagu, norabide batekoa zein bestekoa izan.

1.norabidea: ‘Mundu bat, hizkuntza bat’ (Mark Pagelen bidea) (aihotza)

Gizakiak Lurrean beste animalia-espeziekiko nagusitasuna lortu du garapen gaitasunari esker. Garapen gaitasun horren funtsa ikaskuntza soziala da, gizakiak beste gizakiengandik ikasten du, beste animaliek ez bezala (ez neurri berean behintzat). Ikaskuntza sozial horren hedatzailea hizkuntza da. Beraz, hizkuntza aniztasuna oztopo da ikaskuntza sozialerako eta hedaduraz garapenerako. Alegia, munduko biztanle guztiok hizkuntza bakarra erabiliko bagenu, edota behintzat, ezagutuko bagenu, erraztu egingo litzateke ikaskuntza soziala eta, ondorioz, garapena biderkatu egingo litzateke.

Antonio Valdecantosek honen harira zera dio: ‘Kanpaina irmoak egin dituzte batzuek gaztelera  politika linguistiko periferikoetatik defendatzeko baina horiek beroriek ez dute hitzik esan ingelesa eskolan eta unibertsitatean inposatzearen aurka’.  ‘Ez du inork auzitan jarri asmo honen egokitasuna, eztabaidagai bakarra helburu hori lortzeko modua izan da’

Badugu, beraz, bide eta norabide bat eta horretan dihardute urteetan, nahiko modu traketsean bada ere, aihozkadaka eta aihozkadaka.

2. norabidea. ‘Mundu asko, hizkuntza asko’ (iparrorratza)

Begira diezaiogun arazoari beste ikuspuntu batetik. Bira dezagun puntu kardinala.  Ez dezagun ukatu garapena, ezta ikaskuntza soziala ere, baina izan dezagun argi garapenak garapen izango bada, ez duela sekula suntsitzailea izan behar.

Nola lortu, baina, ikaskuntza sozialak ezinbestekoa duen elkar ulertzea eta ahalik eta hizkuntza gehienen biziraupena? Agian, teknologiari zenbait kandela piztuta.

Aspaldi batean txoko honetan bertan idatzitako hitzak kopiatuko ditut hitzez hitz: ‘epe ertainean, hizkuntza batean edo bestean sortutako testuak ezaguna dugun hizkuntzan jaso ahal izatea ez da ameskeria hutsa’. Oraindik orain hastapenetan badaude ere, sarritan erabiltzen ditugu itzultzaile automatikoak, edo telefono aplikazioak atzerrian elkar ulertzeko. Hastapenak dira, bai, baina bide honek ez du aihotz beharrik, zorionez. Bide honetan zeresan handia izan lezake teknologiak eta aurreko batean aipaturiko errealitate areagotuaren aldeko apustuak.

3- tarteko bideak: ‘Duolingo’

Badira tarteko proiektuak ere, Duolingo dugu horietako bat, Internet osoa hainbat hizkuntzatara itzultzean datza. Asmo erraldoi horretarako hizkuntza ikasleen lana eta adimen kolektiboa baliatu nahi dituzte, Wikipediaren bideari jarraiki nolabait. Proiektu honen arazoetariko bat asimetriarena da. Pentsa ezazue zenbat ingeles ikasle inplika daitezkeen eta zenbat euskara ikasle. Asimetria argia da. Ingelesak, gaztelerak edo txinerak  askoz itzultzaile gehiago eta itzulpen lan gutxiago izango lukete. Eta, Interneten izaera dinamikoa eta iraunkorra kontuan izanik, hau bezalako proiektuek nire ustean ez dute bide luzea egiterik, are hizkuntza txikien kasuan.

Hauexek izan dira, ba, azkenaldian ibili ditudan burutazioak eta agindutakoa zor denez, bertan dituzue horien iturburu izan diren bideo eta artikuluak:

17
Ira
2009

Kalera noa (ihesi)

Ainhoa Ezeizak blog estreinatu berrian artikulu gomendagarria eskaini zigun lehengo egunean. Gaztelania irakasle bezala Facebook nola eta zergatik erabili duen kontatu zigun, praktikatik jakintza teorikorekin elkarreraginean jardun duela erakutsi digu lehenengoz, eta hori beti da estimagarria, eta, bigarrengoz, zer pentsatua eman digu, neuri behintzat bai, eta horrek bai balioa.

Moodle-Facebook halako dikotomia baten antzean ipini ditu: formala-informala, erregistro desberdinek batean edo bestean kokatu eta landu,  zein egokien. Facebook bezalako sare sozialetan norberaren alderdi informal, lagunartekoa nola agertzen den, eta hizkuntzaren ikaskuntzarako oztopo barik, tresna interesgarria dugula azken batean, testuinguru horretan kokatuta beti ere.

Eta iruditu zait hizkuntza ikasteko teknologia berriez ari garela, azken batean teknologiarekin lotuta ez dauden kontuekin egingo dugula topo behin eta berriz. Kasu honetan aurrez aurre vs. internet bezalako aukera baten aurrean, formal-informala, Irakaslea vs irakaslea, Ikaslea vs. ikaslea, ikasle-irakasleak vs. pertsonak baten aurrean baino.

Eta "kalea" hitza agertu da Iñaki Muruaren iruzkin batean, komatxo artean: "Zenbait unetan sarea "kalea" bezala hartu behar ikasleekiko harremanetarako. Parekotasunak balio lezake irakaslearen portaerak argitze aldera." Eta uste dut hor dagoela hizkuntza-irakaslearen lanaren gakoetako bat. Ez gara jakintzaren emaile edo instruktore hutsak, ezta -modernitateetan sarturik- tutore edo ikas-prozesuaren gaineko aholkulari-gidari-bideratzaile soilak ere. Pertsonak ere bagara, hizkuntza erabiltzen duten pertsonak, eta pertsonekin dihardugu, hizkuntza horretaz baliatu nahi duten pertsonekin, eta hizkuntzaren ikaskuntza gure artean maila guztietako komunikazioa eratuz, sustatuz eta errotuz bideratuko dugu besteak beste eta ezinbestean.

Hortaz, buelta bat gehiago emanda. Ez zait inoiz gustatu kalea-ikasgela bereizketa hori, baina ez dut jakin inoiz zergatik azaltzen, mania lerdoren bat izango zelakoan edo. Baina oraintxe konturatu naiz, ikasgela ere (gela fisiko ukigarri aurrez aurreko tradizionalena ere bai) "kalea" da, ikasteko eta komunikatzeko gunea, "kalea" ikasteko gunea ere izan daitekeen bezala, eta kalea bezala, etxeko egongela, hondartza exotikoa, mendi tarte bukolikoa edo troka bazter latzena izan daitezkeen bezala, fisikoak nahiz birtualak, pertsonen arteko hartu-emana eta esan-entzuna oparoak eta sentituak diren bitartean behintzat.

19
Mai
2009

Ikaslearen idazkera ordenagailuak aztertuta

Azkenengo Hizpiden HUHEZIko Asier Irizarrek eta IXA taldeko Kepa Sarasolak idatzi zuten artikulua irakurtzen egon naiz: Puntuazio arteko hiru hitzeko segiden arterketa ikasleen testuetan eta alderaketa kazetaritza-testuekin.

Teknologiak hizkuntzaren irakaskuntzan eman dezakeenaz dihardugula LMSak, bipuntuzeroak eta halakoak izaten ditugu mintzagai azkenotan, baina bada beste arlo bat, teknikoagoa eta ez hain erakargarriagoa agian, hizkuntzaren analisi informatikoa. Kepak eta Asierrek hortik ere zer hartua dagoela ohartarazi gaituzte.

Konputagailuak testu idatziak aztertzen jarri dituzte hain zuzen ere. Testuon artean euskara ikasleek idatzitakoak eta Egunkariarenak, eta alderaketa egin dute haien artean. Ikasleen testuen artean argudio-testuak dira nagusi, Egunkariarenak berriz edozertariko kazetaritza testuak direla ulertu dut.

Idazkien corpus horretan puntuazio-zeinuen artean hitz bakarreko, biko eta hiruko segidak bilatu zituzten, arreta bereziki testu-antolatzaileetan eta lokailuetan jarrita,  eta emaitza deigarri batzuk atera dira:

  • Ikasleek gehiago erabili dituzte komak eta puntu eta komak Egunkariakoek baino.
  • Ikasleen testuetan "beraz" da puntuazio-zeinuen artean gehien erabilitako hitza, Egunkarian berriz aldiz, "berriz".
  • "Halaber" Egunkarian sarri erabili den arren ikasleen testuan ez da ia agertu. "Badirudi ikasleei ez zaiela hitz hori gustatzen" diote egileek.
  • Bi hitzeko kateetan "izan ere" da erabiliena oro har. Ikasleen artean "hau da" ia bestearen parean. Egunkarian "hala ere" izan da bigarrena
  • Hiru hitzekoetan "hain zuzen ere" eta "hori dela eta" nagusi guztietan.
  • Ere tartean dagoen kateetan, "izan ere" nagusi guztietan.
  • Ikasleen testuetan "beraz", "horrela" eta "adibidez" maizago agertzen dira kazetaritza testuetan baino.
  • Ikasleek oso gutxi erabiltzen dituzte "hain zuzen", "ildo horretan", "nolanahi ere", "esate baterako" eta "aldi berean". Aldiz, "dena den", "era berean", "batez ere", "horretaz gain", "hau da" eta "alde batetik" Egunkarian baino askoz sarriago ikasleen idazkietan.

Analisia interesgarria edo deigarria izateaz gainera (eta kasu honetan esango nuke proba edo erakustaldia izan dela batez ere), sentsazioa izan dut emaitzetan kuantifikatuta agertu diren horiek testu bat ikasle batek idatzia delako "intuizioa" ematen diguten elementuak eta kopuruak izaten direla. Hizkuntza uste dugun baino neurgarriagoa da seguruenik, eta honen garapenak baliabide eta tresna gehiago ekar ditzakeela esango nuke. Autoreek ere hala uste dute:

...badira hizkuntzaren kalitatea neurtzeko beste hainbat eta hainbat elementu semantiko, sintaktiko edo pragmatiko ere guk hemen aztertu ez ditugunak. Saiatu beharko genuke beste neurri horiek lantzeko tresna informatikoak sortzen.

Espero dezagun hizkuntzaren azterketa konputazional-edo horrek laster batean fruitu gehiago ematea eta sotware-a zein erabilpenerako ideiak eta metodoak guztiok eskura izatea.

Bide batez. Asierrek eta Kepak eurek prestatu dituzte tresnok programazio-lengoiaren ezagutzaz baliatuta. Denok ez gara horraino ailegatzen, baina han-hemenka badira horrelako emaitza zehatzak eskaini barik ere, testuak aztertu edo haiekin jolasteko aukeraren bat ematen diguten beste tresna batzuk:

  • Wordle-k bezala etiketa-hodeiak edo hitz-odeiak sortzen dituztenak. Badakizue, hitzak testuan agertzen diren maiztasunaren arabera handiago edo txikiagoak izango dira hodeian.
  • Testu prozesadore gehienetan aukera izaten duzue testuaren hitz eta karaktere kopuruak kontatzeko. Ez da asko izaten, badira hala ere gauza gehiago bilatzen duten programak: gehien agertzen diren hitzak eta euren sailkapena adibidez. Probatu Windows-erako izen bereko bi programa hauek adibidez: TextSTAT edoTextStat, edo testuaren estatiskikak online ematen dituen Textalyser.

Test mining (Testu "meatzaritza") edo test analytics deitzen diren disziplinekin lotutako software-a bilatzen baduzue, zer edo zer aurkituko duzue beharbada, eta irudimen apur batekin ideia interesgarriren bat irten daiteke.

Gauza gehiago ere izango dira baina gaur apur bat alfertuta nabil aplikazio edo tresna gehiago bilatzeko, hala ere, seguru zuetako baten batek ikusi duela zerbait interesgarria hortik. EHUren proiektu hau bezala, izenagatik baino ez bada ere.

17
Mai
2009

Moodle ez dena

Blogarion ohitura onak galtzen hasita gaude azkenotan, joaten garen ebentoen aipamenak, iruzkinak edo laburpenak egitearena hain zuzen ere.

Ostiralean Bilbon, Athleticen aste nagusi luzearen akaberaz gainera, beste ebento bat izan zen: MoodleMoot Euskadi, eta bertan egon nintzela ordukoaren izpitxo pare bat ekarriko ditut sikierasean.

Jendea, horixe akordura etorri zaidan lehenengoa, jendea. Moodle-ekin endredatzen jendea dabil bazterrotan duda barik, arlo askotakoa gainera: eskola, unibertsitatea, lan-hezkuntza, hizkuntzen irakaskuntza, informatika... Hemen Euskal Herrian interneten saltseatzen dabiltzan izen ezagun asko han antza, baina aurpegiak ezagutu barik gehienak bertan identifikatu ezinda (trebezia sozial presentzialak garatzeko ibilbide formatibo librea diseinatuko al du Moodlezaleren batek!).

Programa ere luzea, erreseinak egiteko behintzat luzeegia. Anibal de la Torre kartelburuak zabaldu zuen eguna, ordubete baino gehiagorako eduki zuen kantxa eta pozik utzi zuen publikoa. Moodle atxakia hartuta, bere ibilbide, ideia, gogoeta eta proiektuen berri eman zigun. Ideia asko hitzaldian zehar, seguru guztioi zerbait geratu zaigula buruan, nik neuk:

  • 5-90-5 zatiketa: inmobilistak, tropel nagusia, aintzindariak hurrenez hurren. Aurrerakuntza azkenengoen esku utzi behar da, denak inplikatu beharrik gabe. Interesa eta jakin mina dituenak urratuko du bidea. Era berean, langintza hau ez da "funtzionarien" esku utzi behar, dabilen jendeari laguntza eman eta -behar denean- bakean utzi behar da. Ondo ulertu nuen?
  • Konektibismoari egin zion kritika (?). Ez ei da ikaskuntzaren teoria berririk behar, badakigu betidanik zelan ikasi den, horri erreparatzea da kontua.
  • Testu idatzitik harago joan beharra dago, ikasmaterialak eta hezkuntz-komunikazioan multimedia gero eta erabiliagoa izango da, eta horren erabilpenean trebatu egin behar da.
  • Atazetan oinarritutako metodologia aldarrikatu zuen,eta, jakina, ezaguna egin zitzaigun kontua, gauza beraz ari ote gara gure AOIrekin?
  • Ebaluazioak eta feedback-ak karga ekartzen dute, gehiegizkoa sarri. Itota ei dabiltza elearning-eko tutore asko eta asko.

Gauza gehiago ere esan zituen, den-dena ez dut gogoratzen eta gogoratuta ere ez nuke hona ekarriko.

Anibalen ostean saio laburren sorta hasi zen, 10 minutuko tartea bakoitzari, gauza asko eta ikuspuntu, ingurune eta interes anitzak.

Hablapalabra. Conectivismo para niños de 10 años en Moodle saioan neukan interes berezia. Luis Soldevllak eta David Vidalek aurkeztu behar zuten. David Vidal izen ezaguna da blogosferan, Nodos Ele taldeko kidea eta konektibismoaren predikatzaile nagusietako bat. Eta interesa nuen behingoz saltsa berri horiekin sukaldatutako platerren bat ikusiko ote nuen, gogoeta, eztabaida eta psikolasto interesgarri bezain ikuezinetatik landa. Hamar mintutuk ez dute askorako ematen, baina itxura ona dauka Hablapalabra horrek. Jende gaztea dabil hor eta gogotsu gainera. Ez da seguruenik askok esperoko duten edo kezkatuko dituen iraultza, azken batean eurek esan zuten modura, kontua ez da hitz, termino edo berba handiekin loratu behar, azken batean oso gauza naturala ari dira aurkezten. Ideian nagusi batzuk:

  • Ikaskuntza eta jakintza ingurutik, eguneroko esperientziatik abiatu
  • Umearen ikaskuntza prozesuan partaidetza dugun guztiok kontzientzia eta parte hartzeari begira jarri.
  • Pertsonalizazioa, ikaskuntzaren ikuspegi zabala, norberak gidatuta eta, gehien bat, jakintza konexioa bezala ulertuta, ez eraikuntza.

Euren hitz batzuk ekarrita laburtu daiteke egitasmoa:

Queríamos desafiar la imagen del barco que se dirige hacia el océano del conocimiento, dirigido por un capitán y por un cauce único. hablapalabra se parece más a un ecosistema fluvial, en el que podemos encontrar multitud de pequeñas embarcaciones que se dirigen cada una a un destino diferente.

Egia esanda, hitzaldietatik baino argiago ikusten dira ideiak dokumentazioa irakurrita, Nodos Elen dauzkazue erreferentziak. Anibalek aurretik esandakoetatik eztabaida interesgarria sortu zitekeela zirudien, baina astirik ez, lastima. Dena dela seguru nago sarean jarraituko duela kontuak.

Gainerakoan bakar-bakarrik aipatuko dut arratsaldeko azken orduan antolatu zen Euskara irakasleen ez-konferentzia. Mahararen konpetentzia latza eduki genuen eta ez ginen majareta asko-asko bildu. Dena dela, Ainhoa antolatzaileak tartea gustura pasatzeko jeneroa ekarri zigun eta halaxe egon ginen. Denetariko pertsonala, eskoletakoa, HABEko teknikariak, euskaltegietakoak... Bakoitzaren aurkezpenetik tiraka eman genuen ia denbora guztia. Apuntatzekoak boteprontoan:

  • Ainhoa, Maite eta Andoni lantzen ibili diren proiektua bezalakoak elkarlanean ekiteko gonbidapen etengabea. Euren partetik behintzat gogoa badago, dena dela, zer-zertan-zertarakoak zehaztu beharko dira gehiago nire ustez.
  • Moodle-en inguruan Santurtziko Udal Euskaltegikoak ibili dira orain arte itzulpenak eta plataforma bera sustatzen neurri batean. Hala ere moodle.org-eko euskarazko foroa bastante triste dabil. Neu ere apur bat harritu nau Moodle-ek sortu duen mogimenduak sarean oro har hain saltsa gutxi sortzeak, eta ez nabil soilik foro horretaz. Sarea partekatu eta elkarlanerako gune bezala etengabe ari gara predikatzen, baina zaila izaten da ezeren eta inoren berri izatea halako jardunaldi antolatuetan ez bada. Akaso sareko komunikazioak ere beharko luke antolakuntza eta dinamizazio apur bat, topaketa presentzialen antzera.
  • Hau guztia dela eta HABEko Iñaki Muruak ekarri zigun gogora aspaldian egin zuen ikerketako ondorio batzuk (hori da, ezta?). Partaidetza eta elkarlana aurrera eroateko orduan konfidantza mailekin egiten da topo, jendea ez da berehala ezagutzen ez duenarekin partekatzen hasiko nahiz eta interes eta behar izan berdinak izan, lotura sozial edo afektibo handiagorik ez badago. Pentsatzen utzi nuen kontuak (ondo ulertu banuen), eta neurri handi batean horrela dela esango nuke, hala ere, era berean esango nuke sarean konfidantza maila horiek lortu egin ahal direla, batzar hartan geunden batzuen arteko loturak lekuko, batik bat sarearen bidez eginak. Dena dela, argi dago lotura horiek ez direla automatiko etortzen lan-interesetatik soilik, alderdi afektibo hori ere landu beharra dago seguruenik. Sare sozialen eredua etorri zitzaidan burura, lagunaren laguna eta halakoak, ez dakit hori ote den bidea, baina horrantz apuntatzen dela iruditu zitzaidan.
  • Bestalde, HABEkoek primizia pare bat eman zizkiguten. Ikasbil aldatzen ari dira, eta laster sekuentziak eta materialak norberak ere igotzeko aukera emango omen da (web2.0 edo horrelako zerbait entzun nuela iruditu zitzaidan), eta gainera norberaren Moodle ikastaroetan txertatzeko moduko formatuan banatuko omen dira. Ez dakit hau isildu beharreko sekretua ote den, ez dut uste, han esan bazen jakina zen kontakatilu news han egongo zela eta ez dela bertan geratuko, hemen doa beraz. Edozelan ere, HABEren gardentasunaz eta komunikazio politikaz segitzen dut gauza asko ulertu gabe. HABE -erakunde publikoa den partez eta hiritar honen uste apalean- zertan ari den, zer proiektu eta asmo dauzkan eta haien zergatiek, helburuek, epeek eta abarrek publikoak eta eskuragarriak izan beharko lukete uneoro, areago kudeatzen duen sektoreko partaideentzat, inori "primiziak" eman edo lagunarteko kontu bezala tratatu barik. Hain zuzen ere, han eman ziren azalpen batzuk entzunda (HABEko kideen partaidetzaz, materialen banaketa...) "excusatio non petita..."  bat etorri zitzaidan asoziazio mental gisara.

Tira ba, honaino ailegatu naiz. Beste norbaitek beste zerbait badauka botatzea dauka hemen edo nahi duen lekuan. Eta aupada handi-handia antolakuntzan ibili ziren guztiei, Txapo, lagunok!

Argazkia: MoodleMoot Euskadi 09. Egilea. binnary. Lizentzia.

22
Api
2009

Berrikuntzaren ajeak

Elkarrizketa (denari eztabaida deitzeko mania  hori!) polita izan dugu Jolaus eta biok Atoan-en. Nodos Elekoek egin duten manifestuaren aipamena ekarri nuen Atoan-era, eta Jolausek bueltak ematen hasi. Gaia: berrikuntza, datorrena, teknologia eta horren inguruko ajeak eta etsipenak.

Elkarrizketa hori hemen jarraitzea pentsatu dut, Karraju handia kantxa zabalagoa da oraindik orain eta Wink. Edozelan ere, hemen daukazue abiapuntua:Nodos Ele: 2. manifestua (Atoan).

Hango aipamen batzuk ekarriko ditut leheengo:

Gure hezkuntza sistemaren ardatz nagusiak definituko dituzten espezialistek teknologiaren ikuspegi zaharkitu hori aldatzen ez duten bitartean, zaila izango da Downes eta Siemensek planteatzen dituzten teoria berritzaileak gure geletara eramatea. Piaget, Vygotsky eta Bruner-en teoriak hain barneratuta dituzten horiek noiz ulertuko dute teknologiak zeharo aldatu dituela informazioari balio erantsia gehitzeko moduak? Noiz ezagutuko dituzte Downes, Siemens edo Shirkyren teoriak? Noiz azalduko zaizkie magisteritza egiten ari diren etorkizuneko irakasleei teoria hauek Unibertsitatean? 2020an? 2025an? Ni jubilatu baino lehen bai?

(Jolaus)

Planteamendu, ideia, gogoeta eta psikolastoetan ibilitzen gara sarri. Nik neuk "Teoria ona baino praktikoagorik ez dago" dioen horrekin bat nator erabat, baina horrek ez du praktikarako pausoa kentzen, eta sentsazioa izaten dut askotan aldarri horiekin batera esperientzia praktiko arrakastatsu eta argien berrien faltan gaudela.

[...]

Azken batean, kontua ez ote litzateke izango predikatzen diren hainbat ideia norberak aplikatzeko ahalegina egitea, aplikatzea eta ebaluatzea?

(neu)

Ikasle helduen kasuan, ezinezkoa lanketa bide berri hauek aurrera eramatea. Bide luzea egin dute irakasleen babesean, irakasleak esandakoa egiten, irakasleari entzuten, irakasleak galderak egiten eta eurek erantzunak ematen. Ez dakite/ ez dute nahi, bapatean euren aprendizaiaren arduradun nagusiak bilakatu; ez zaie sekulan horrela"erakutsi" eta horrelakoal planteatzen zaienean, muturra okertzen dute.

[...]

Irakasleriak ez du abenturarako gogorik edota ausardiarik. Orain gertatzen ari dena, duela 40 urte ikastoletan zegoen izpirituari berriro heltzea eskatzen du. Orduan euskal hezkuntza munduan dena egiteke zegoen, ereduak, materialak... dena zerotik sortu beharra zegoen eta izpiritu baikorra eta ilusioa zegoen edonon. Gaur egun, eroso bizi gara; baliabideak argitaletxeek ematen dizkigute, programazioa aspaldi daukagu lotuta, gurasoek hori eskatzen digute... Zertarako praktikara eraman kontu berriak?

(Jolaus)

Ikusten duzuenez ideia pare bat erabili ditugu besteak beste: berrikuntzarako baldintzak eta berrikuntzen praktikotasuna.

Hariarekin jarraitzeko ideia pare bat gehiago apuntatu nahi nituzke. Aspaldian sartuta gabiltzan gogoeta etengabetik aterata eta hari segida ematekotan.

  • Eredu pedagogiko berriez hitz egiten da erraz, baina iruditzen zait konektibismoa, teknologia eta halakoetan oraindik orain ez dela eredu pedagogiko osorik eraiki. Oinarrizko ideia batzuk, hastapeneko konstrukto teorikoak, erakargarriak akaso, interesgarriak gehienetan... baina gauzak zehazki nola-noiz egin pista gutxi ematen dutenak oraindiko. Deigarria (eta apur bat antojagarria azkenotan) egiten zait web2.0, elearning2.0 eta halakoei buruzko aurkezpen eta azalpen gehienetan beti zerrenda berdina ikustea: blogak,wikiak, podcast-ak... edo delicious, flickr, blogger, wordpress eta enparauen logoen erreskada. "Bale, eta horrekin zer?" galdetuko dute askok, eta arrazoiarekin nire ustez.
  • Praktikoak izan behar dugu. Onartzen dut "praktikoa" hitza aipatzea askotan geldirik egoteko atxakia baino ez dela izaten, edo "esaidazu zer egin behar dudan" horren sinonimoa, "ez dut pentsatu nahi" alegia. Baina azken batean praktikan amaitzen dira buruko jarioen erreka guztiak, eta horrek eman behar dio balioa ideiari, hau da, praktikatik ebaluatzen hasi behar dira gauzak askotan.
  • Berrikuntza berez ez da ezer. Berrikuntzak zerbait ekarri behar dio aplikatzen duenari, berriarekin irabaziko duela ikusi behar du. Egia da begiak erraz isten dituzten asko dabiltzala inguruan, bai, baina begiak berahala zabaltzen dira probetxuren bat aterako dela frogatzen denean. Eta berrikuntzarekin datorrena batez ere ahalegina, lana eta eztabaida bada, eta pareko emaitzarik ez bada ikusten/saltzen, ez dira asko arrimatuko, ez.
  • Erakundeen sustegua dela eta ez dela. Nik neuk erakundeetatik (eta ez nabil erakunde publikoez soilik), ez nuke asko esperoko. Lidergo berritzailea ez da inoiz "goian" egon. Berrikuntzara bi kasutan apuntatzen dira gehien bat: 1) irudia ematea komeni denean, edo politikoki zuzena izan behar denean ("berrikuntza, noski!"), eta 2) oztopo guztien gainetik norbaitek zerbaitek funtzionatzen duela frogatzea lortzen duenenan, erdarazko errefrauak zatar dioen modura: "Vistos los cojones, macho".

Jarrera atzerakoietan jausi behar dugu orain? Ez ba! Aurrera begira jarraitu behar dugu. Oztopoak asko dira, geugandik hasita seguruenik, baina era berean normala da oztopoak aurkitzea, eta normala da era berean azkenengo emaitza espero ez zena izatea, eta ustekabeak aurkitzea, onerako nahiz txarrerako.

 

27
Urr
2008

(Auto)inmolazioa

Gaur goizean Amarauna irratsaioan blogen heriotzaz egin digute galdera tertuliakideoi. Luzatzeko tarterik ez, eta grazia pare batekin erantzun dugu. Autoinmolazioa egiten gatozela-edo (saioa hemen entzun dezakezue).

Hileta kanpaiak zabaldu dira azkenotan blogei eskainita, zarata handiarekin batzuk, baikor eta burutsu erantzun nahi izan dute bestetzuk. Duela bizpahiru urteko euforiaren ifrentzuan sartu garela esan daiteke behinik behin.

Arratsaldean berriz, RSSaren txorrotak tanta latza ekarri du. Ibilbidea blogaren iturriak "Fin" esan digu. Zer da ba? Zer amaitu da? Bloga bera. Iñakik sarrera guztiak ezabatu ditu dagoeneko, eta laster bloga ezabatzeko asmoa dauka.

Zer dela eta?

Porque mi objetivo original de utilizar el blog como espacio de reflexión y discusión no se ha cumplido, en su lugar, ha sido más bien una especie de tablón de anuncios donde la interacción con mis lectores ha sido muy baja o, al menos, más baja de lo que a mí me hubiera gustado que fuera. El potencial interactivo (esto es web 2.0) del blog apenas se ha desarrollado y, por esta razón, renuncio a invertir más tiempo y esfuerzo en este proyecto.

2.0 delako honek ez ditu Iñakiren espektatibak bete, bistan da. Inoizko oparoena izango zen uztak etsipena ekarri dio nagusiki. Arrazoizko arrazoi bat tartean:

Leo por aquí y por allá sobre las grandezas de la web 2.0, pero veo mucha teoría (potencia) y poca experiencia práctica (acto).

Iñakik esan du, esan, baina aitortu behar dut neuk ere izan dudala sentsazio hori berori behin baino gehiagotan. Partekatzea, ezagutzaren eraikuntza kolektiboa, feedback-a, elkarrizketa... Eta zertan-non-noiz gertatu da hori? Nola? Kasuak pentsatzen hasi eta topatzea kostatzen da. Geure arloan gehien bat. Adibide espektakularrik ez behintzat.

Arazoa ez ei dago bitartekoetan, geugan baino:

De cualquier modo, tengo la sensación de que el problema de fondo no está en la tecnología, sino en los usuarios. Sospecho que el espíritu web 2.0 no está muy extendido entre los usuarios, por eso es que las herramientas web 2.0 no desarrollan mucho su potencial interactivo.

Iñakiren gogoeta gordina izan da, baina zintzoa. Horrela geratu zaio berari. Eta geuri?

Has gaitezen bertotik, Karrajutik. Partaidetza (horretaz ere galdetu digute gaur goizean), bilatzen duguna eta espero duguna. Ondo da. Zer partaidetza izan dugu? Zortzi-hamar lagunek bidali digute artikuluren bat inoiz. Hogei, hogeita hamarren batek egin dizkigute ekarpenak iruzkinen bidez. Partaidetza da hori? Argi eta garbi: BAI. Eta inportanteena, zenbat jendek irakurtzen du hau? Estatistikak hartuta eta prudentziaren eta zentzunaren galbahe guztiak pasatuta estimazioa eginez, berrogeita hamarren bat esango nuke. Hori ere partaidetza da. Ala ez?

Zer nahi genuen bada? Gehiago? Nahi bai, beti. Espero genuen? Nik neuk behintzat ez. Beharbada espektatiben neurrian dago koxka.

Hala ere, egon liteke beste faktore bat etsipena sor dezakeena, publiko falta baino larriagoa nire ustez. Ez dakit zelan deitu. Akaso psikolastoaren ziklo etengabea. Ideiak, iritziak, albisteak bota, jaso, jorratu, tratatu, landu, jardun eta jardun, baina hori guztia ezertan ez dela gauzatzen sentitu. Akabuan alferrik edo ari zarela senti dezakezu.

Karrajua ez dugu itxiko, ez. Gainera, beste endredo batean sartuta gutxiago. Baina Iñakik esan duen modura honek guztiak beste karga bat ere ekartzen du, informazioaren eta elkarrizketaren sobredosia, eta haren tentsioa eta estresa. Horrek guztiak ezer ez digula ekartzen sentitzen hasten bagara, okerrago.

Ez dakit 2.0 edo dena delako botika honek zenbat gaitz eta zelan sendatuko dituen. Seguruenik ez esaten den beste, eta botika aipatze hutsarekin gutxiago. Hala ere, oraindik esango nuke gure botikinetan laster batean beharrezkoa izango dela, hori bai, betiko tiriten eta merkrominaren ondoan. Testatzen jarraituko dugu apur batean, ezta?

PD. Iñakiri egin duen ahalegina eta utzi dizkigun gogoetak, ideiak, materialak eta lan guztiak eskertu barik ezin amaitu. Penaz baina eskerrik asko, zorte on, eta berriro jausten bazara tentazioan, badakizu non gaituzun. ;-)

15
Urr
2008

Proposamena: irakasleen sarea

Egun luzea eta riki-rakaz betea izan dut gaur irakasleen prestakuntza, irakasle berriak, irakasleentzako laguntza eta irakasleen jarduera dela eta ez dela. Internet eta katxarroen artean hainbeste ibilita badakizue, ultramoderno bihurtzen gara eta okurrentzia xelebreak egosten hasten gara, eta badakizue, behin hasita ez dago hainbeste konplikaziorik ez zegoeneko Arkadia hartara bueltatzeko modurik. Ai! Txanka, zaldia eta erregebastoaren erresuma gogoangarri hura!

Natorren harira ba! Honez gero, titulua eta aurrekoa irakurrita baten bat pentsatzen hasi da: "Hemen zer konspirazio klase darabilte hauek?" Trankil, ez gabiltza joko handian, txikira akaso.

Azkenotan ideia zaharberritu asko dabiltza zabaltzen ezagutza, komunikazioa eta abarren gainean:

Ondo. Beraz euskara irakasleek ikasi egin nahi dugu, gure lana hobetu nahi dugu, eta horretarako bide ona izan daiteke egiten dugunaren gainean norekin jardun topatu, eta jarduteko kantxa izan.

Sare sozialak dira interneten dabilen bost hogerlekoko azken berbetako bat. Berba berriak sortzeko mania gero! Horiek ez dira interneteko betiko foroak ba? Baliteke, baina orain bakoitzak berea bota eta besteak erantzun ez ezik, argazkiak, bideoak eta halakoak ere bota ahal dira, eta gainera bakoitzaren "fitxa" ere egiten da. Badakizu, nor zaren, nongoa, zer gustatzen zaizu, harrikadaren bat... Internet ligatzeko asmatu zela eta bizioak geratzen dira.

Duela hilabete batzuek ikastoletan dabiltzan irakasle batzuek (gure IKTeroak tartean, esan egin behar da, mila mersi ideia, itzulpena eta guztiagatik) ZirIKTeroak izeneko txiringoarekin eman ziguten sorpresa. Halako txoko bat non teknologia, konpetentziak, katxarroak, internet eta hezkuntzaren gainean diharduten gustura eta alai. Interneten endredatzen ausartuko ote da jendea? Pentsatu nuen neure artean. Beinke! Koadrila elegantea dabil gaur hor ba! Gainera debalde eta asko zoratu barik. A ze inbidia!

Eta zelan montatzen da horrelako bat? Ea ba. "Sortu zeure sarea" klikatu eta txiringoa daukazu momentuan. Ene! Euskara irakasleentzako sare soziala egin dut ia-ia nahi barik bata!

Bai, baina gurean horrelako bat... Ez dakit ba. Baten batek zalantza daukala eta igual beste batek badakiela, edo beste batek klasean egin duela marabila bat eta kontatzeko deseatzen dagoela, edo urliak euskaltegiaren inguruan dauden salatu beharreko guztiak salatu behar dituela, edo berendiak demandarako gogoa daukala eta mezu dinamitero batekin eztabaitaeztabaida probokatuko duela, edo "nire ikasleek konpletibari mania diote" eta kontsolamendu soziala behar duen hura.... Egin, egin daitezke horrelakoak eta gehiago, teknikoki ez dago arazorik. Baina egingo genituzke benetan?

Probatzea debalde da, Ning-ek ipintzen digu txosna eta eszenatokia. Orain publikoa behar da. Inor animatzen da asuntu honi buelta pare bat ematen?

PD. A! Kontua da Ning-en sortu dudala sare bat, Euskara irakasleak deitzen dena, eta sare sozial indibiduala kontzeptua apur bat oximoronikoa da, eta baten bati ideia gustatu eta saltsa ipintzen animatzen bada, erromeria polita egin dezakegu agian.

Zer dago han?

Zer egin behar da?

Ikusteko ezer ere ez, joan, ibili eta ikusi. Parte hartzeko (idazteko, gauzak bidaltzeko eta abar)  Partaide egin ipintzen duen lekuan sakatu, eposta helbidea sartu, pasahitza aukeratu, jaiotze-data ipintzen duen lekua gezurra sartu, beheko kodea tekleatu eta partaide egin botoian sakatu. Listo!

Proposamentxoa da, gehiago barik. Bestela kartak eskatzen jarraituko dut txanka-zaldia-erregea etorri arte.

28
Ira
2008

Tendentziak

Azkenengo Hizpide irakurtzen eta gainbegiratzen ibili naiz egunotan, tarteka eta gain-gainetik egia esanda. Gauza interesgarriak irakurri ditut, ez denak.

Azkenengo zenbaki honen lehenengo aipamena egin nuenean, txiste modura, artikulu egile guztiak oraingoan HABEko teknikariak direla erreparatu nuen. Baina gainetik irakurrita ere, horrek zerbaiten zantzua ematen duela konturatu naiz. HABEko teknikariak artikulu hauek idaztea ez da seguruenik kasualitatea edo honetarako hartu duten berariazko lana, egiten ari diren lanarekin lotuta egongo da, eta, ondorioz, HABEn zertan ari diren traza hartzeko bidea emango digute akaso.

Lehenengo inpresioa:

Moodle. Ikasten gunea antolatu dute. Bistan da Moodle-i etekina atera nahi diotela. Halaxe igarri dut Mari Jose Lasheras eta Agurne Aizpitarte eta Natxo Guillénen artikuluetatik: Ikaskuntza konbinatua: gaia zertan den eta Web semantikoa eta sare sozialak hizkuntza ikas-irakaskuntzan hurrenez hurren.

Lehenengoan ikaskuntza konbinatua edo bLearning-i buruzko azalpen ona izan liteke, eta horretaz interesa daukanarentzat abiapuntua izan daiteke artikulua. Edozelan ere, aurrez aurreko jarduna osatzeko baliabide eta aukeren zerrenda moduko bat falta izan dela uste dut, denak Moodle-en amaitzen duela ematen du.

Beste artikulua apur bat nahastosoa suertatu dela begitandu zait. Web semantikoa, sare sozialak... gero wiki eta blogetara bueltatzen da, web2.0ra alegia. Kontzeptu horiek guztiak ez dira erraz definitzen, are gutxiago teknologia kontuetan aditu-aditu ez denari, baina artikuluan dagoen porrusaldarekin ez dut uste ez argitu ez interesa piztu denik. Edozelan ere, deigarriena egin zait Moodle sare sozialetan sartzea. Kontzeptua zabal-zabala eta lausoa da, baina orain arte gutxitan ikusi dut Moodle-en aipamenik sare sozialez jarduten denean. Bitxia behintzat, edo zer egosten ari den adierazgarria ere izan liteke. Moodle-en dena amaitzen den sentsazio antzeko bat berriro.

Teknologia tentuz aplikatu. Luis Mari Txabarrik artikulu bitan jorratu du IKTen aplikazioa. Triangelu didaktikoaren kontzeptuan hartu du oinarri uneoro. Azken ondorioa, teknologiarekin ez itsutu eta gogoan hartu pertsonek ikastea dela kontua. IKTen erabileraren arrisku pedagogikoez ohartarazi  nahi izan duela begitandu zait, eta elkarreragina, autonomia, oinarri pedagogikoez jardun du luze. Teknologiaren liluraren arriskuez sarri jardun da irakaskuntzan eta hizkuntzen irakaskuntzaren mundua. Egia da euforia moduko bat dabilela sasoi honetan, hala ere, ez dakit zehazki honek zer ekarriko duen gurera. Azken aipuak utzi nau pentsatzen:

Eskatzen du, azken batean, gure kurrikuluaren oinarriak berraztertzea.

Ez dakit honi zer interpretazio egingo zaion zehazki. Teknologiak azkenotan sortu duen zurrunbiloari aterkina jarri eta tentuz ibiltzea akaso. Dena dela, teknologia dabilen abiadurari ausardia apur batekin erantzuten ez bazaio, atze-atzean eta gaindituta geratzeko arriskua ez da txikia.

Testua eta diskurtsoaren azterketa. Pello Esnalek Kontaketa, azalpena eta preskripzioa: sekuentzia nagusiak-en aspaldi jorratzen dabilen bideari ekarpen berria egin dio. Testuaren pedagogia, diskurtsoaren analisia, testuaren arkitektura  eta ingurukoak. Duela hiruzpalau urte 4. mailan hasi da ezartzen eredu hau, eta egingo nuke asmoa dagoela ikasprozesu osora zabaltzeko. Beharbada, gakoa testuaren analisia bera zelan egin baino, horri i(ra)kas-jardunera ekartzeko eredu baliagarria aurkitzea da. Zalantza daukat gure ikasle tipoak zelan erantzungo duen diskurtsoa eta testua aztertzeari begira jarritako jardunbideari. Edozelan ere, irakasleontzat baligarria da duda barik, baina hortik etor daitekeenerako prestatu beharko da, badaezpada.

Nire barruntoak honaino ailegatzen dira. Irakurri duzuenok (eta ez duzuenok ere bai) zer barruntatzen duzue ari dela egosten Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean.

Sindikatu edukia