zertikazioa

23
Mar
2012

Dekretuak eta ebazpenak

Hiztegi juridikoa praktikatzen eta ikasten da gure sektorean aspaldian: ebazpena, xedapena, dekretua... Urtero halako pare baten edo gehiagoren pentsuan ibiltzen gara hain zuzen ere, ohikoak izaten direnak (diru-laguntzak, azterketak...). Lantzean behin zerbait berria dakarren baten bat edo dena hankaz gora ipintzen duenik ere izaten da ordea.

Eta etorri dira halakoak azkenotan:

Martxoaren 2an otsailaren 13ko bat etorri zitzaigun (hiztegi juridikoa ikasten gabiltza, baina denbora-paradoxa juridikoen jabe izateak goragoko maila bat eskatzen du). Urterokoa, HABEren azterketak nolakoak izango diren arautzen dituen ebazpena. Nobedadea han: ulermena eta irakurmena neurtzen dituzten probak euskaltegian bertan egingo direla-edo dio ebazpenak.

Interpretazioak, nahasteak eta saltsak ekarri ditu honek hasiera batean. Gerora neurriarekin pozik agertu dira euskaltegi batzuk. Euskaltegien lanaren eta gaitasunaren onarpena da haien iritziz. Beste euskaltegiek ez dute oraingoz iritzirik plazaratu honetaz. Ahots kritikoren bat entzun da ordea, eta interesgarria izan daiteke argudio eta jarrera desberdinak entzun-irakurtzea agian.

Nik neuk ez dut uste neurri honek berez aparteko ezer dakarrenik. Orain arte ekarri behar zuenetik aparte. Beste kontu bat da azterketak, zertifikazioak eta kristo hori guztia nola ari den gure jarduna baldintzatzen. Agian hor dago gakoa, ez probak euskaltegian, BECen edo San Mamesen egiten diren.

Bigarren bat ere etorri da. Ez dut honen erreferentzia juridikorik aurkitu, HABEren mezu telegrafiko bat baizik.

2012 urtearen barruan ez da egongo dirulaguntza-deialdirik, Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuetan ez baita horrelakorik jasotzen.

2013an HABEk dirulaguntza-deialdi hauek berreskuratzeko ahalegina egingo du.

2013ko aurrekontuetan aztertuko da 2012an HABEren mailaren bat gainditzen duten ikasleek dagokien dirulaguntza eskatzeko aukera izatea.

Bai, aurten euskaltegian ikasten dutenek ez dute matrikulan ordaindutakoa konpentsatuko dien diru-laguntzarik jasoko HABEtik. Matrikulan gastatutakoa hortxe joan da, gainditu zein gainditu ez. Euskaltegi pribatuek zerbait esan dute honetaz, hala jaso dute lehen ekarri dudan albistean.

Deigarria egiten zait, euskara ikastea garestiagoa izango da, eta ez da apenas ezer esan honetaz. Eta esango nuke euskara ikasi nahi duenarentzat oztopo eta faena handiagoa dela hau aurreko guztia baino. Faena ederra.

Proben eta azterketen basoko arbolen artean galdu da hau nonbait. Edo euskalgintzari oro har aplikatu zaizkion murrizketen basoan beste arbola bat baino ez da izan, baina ez garrantzi gutxiagokoa.

Eta gaur etorri zaigu hirugarrena. Aspaldian iragarritako filmaren estreinaldia: hezkuntza sisteman euskaraz ikasitakoei euskara agiria konbalidatzeko dekretua iragarri dute Zelaak eta Urgelle-ek.

Apirilaren 3an jarriko da indarrean eta 2008ko apiriletik aurrera ikasketak burututakoei aplikatuko zaie.

Iragarrita aspaldian, eta polemika ere ugari ekarri du, euskalgintzan oro har. Kontrako argudioen artean bat nagusitu dela esango nuke: hezkuntza-sistemak une honetan ez du ikasleen euskara maila egokia bermatzen, ez ikasketa ertainetan ez unibertsitatean.

Euskaltegien aldetik mehatxu modura ikusten da gehien bat. Agiria automatikoki eskuratuko duten pertsona horiek guztiek ez dute euren euskara maila hobetzeko euskaltegietara jo beharko, eta horrek ikasleen galera ekar dezake.

Honen harira interesgarriak IKAko Jon Zabala eta Mailu Lasateren hitz hauek, Argiako erreportaia honetan jasotakoak.

Bost urtean %30eko ikasle galera izango dugula. Plan estrategikoak dio hori, EAEko euskaltegiez ari dela. Zerk eragingo du jaitsiera? Besteak beste, dekretu zirriborro honek, hau da, hainbat lagun agiriak aurkeztetik salbuesteak. Bestalde, hor da beti krisia. Ekonomia. Gure galdera zera da: %30eko galera izango omen dugu ikasleetan. Hori horrela gertatuko da, ala hori gerta dadin bideak jarriko dira? Azken finean, egiten den hizkuntza politikaren gorabeheran dago hori

HABEren plan estrategikoak berak kontsideratu du %30eko galera bat horren arabera beraz. Arrazoien artean dekretu hau, baina duda barik, diru-laguntzak kentzeak ere izango du pisua. Eta horri beste hainbat faktore gehitu: krisia bera, euskara ikastearekin pertsona nabarmen batzuek erakusten duten jarrera, hizkuntza-eskakizuna behar duten lanpostuen eskaintzen murrizketa (administrazioan gehien bat)... eta enparauak.

Hain beltza dator? Euskaltegietan noraino igarriko dugu? Noiz? Prospektiba ariketak egiten hasi behar da nonbait, baina hileta jotzen abilak izaten gara eta ezkortasuna nagusituko den susmoa daukat.

Baikortasunari atea ireki guran, badira mehatxuak azken batean aukerak direla diotenak, edo horrela euskara benetan ikasi nahi duenak ikasiko duela pentsatzen duenik ere bai. Baliteke, baina aukerak aurkitzen jakin egin behar da batetik, eta bestetik ez dakit euskara ikastea "benetan" nahi dutenengana soilik eramanda inoiz euskara nahi dugun lekura eramango genukeen, horrez gain ikasi nahi duten horiek "ahal" ere izan behar dute, eta ez dute hain erraza izango.

Ez dakit zer gertatuko den, baina nola edo hala gertatuta gertatzen den hori traumatikoa izatea erraza da une honetan.

Hau guztia EAEri dagokiola noski, beste leku batzuetan beltz dago kontua aspaldian.

Sindikatu edukia