euskaltegiak
Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 24 - 13:34(e)an.
Ez da gauza ona izaten norberaren parrokiako kanpaiak baino ez entzutea, baina bilbotarroi, gure parrokia katedrala izanda gainera (a, hori ez da?), hainbeste kritikatzen (eta gorrotatzen) zaigun harrokeria puntu hori lantzean behin berreskuratzea ez zaigu txarto etortzen, San Antoneko zubiaren ingurutik hasita zortzi mendetan zehar gorpuztu den inperioko seme-alabok geure nortasun guztia galduko ez badugu behintzat.
Bertan Bilbo! hizkuntz eskakizunetako probetan galdetzen ez diren esamolde horietako bat da (nik dakidala behintzat, baina kontuz!). Gauza handi baten aurrean botatzen ei da, Bizkaian edo Mendebaldean erabilia dirudienez.
Eta Bertan Bilbo Aitor eta Pedro Zuberogoitiak atondu duten liburuaren izenburua ere bada. Artxanda eta Pagasarriren arteko troka eta bazterretan XX.mendean euskalgintza zer eta non izan den laburtu digute hirurehun eta hainbat orrialdetan.
Gustura irakurri eta hainbat gauza jakin ditut horrela neuk behintzat, gure aurretik asko izan direla, eta gaur egunekotzat ditugun kezka asko ez direla berriak, besteak beste.
Gauza jakina da beharbada "euskaltegi" hitza Bilbon sortu zela 1980en hasieran. Imanol Berriatuak hala bataiatzea gomendatu zien orduan hemen eratu ziren euskara ikasteko zentro berri profesionalizatuei. Helduen euskalduntze-alfabetatzearen plaza nagusia izan da Botxoa urteetan seguruenik, eta 1960tik aurrrerakoak kontatzen dituzten pasarteak (Xabier Peña, Euskalduntzen, Jalgi Hadi, Imanol Berriatua...) irakurtzea gomendatuko nioke HEAn diharduten edo jarduteko asmoa duten guztiei.
Edozelan ere, irakurritakoen artean deigarrienak, ezezagunenak eta aipagarrienak XX mendearen hasierakoak egin zaizkit. Bilboko institutuko euskara katedratik hasita (Azkue, Arana eta Unamonoren lehiarekin hasi zen hura), gerra aurreko mugimendurainokoak: Euzkeltzale Bazkuna, Emakume Abertzaleen Batza eta enparauen lana.
Jakin dut adibidez orain lan egiten dudan lekuaren ondo-ondoan, Bidebarrieta eta Txakur kaleen izkinan 1930 inguruan Euzko Gaztedijak euskara sustatu eta ikasteko zentro sendoa atondu zuela. Ehundaka ikasle eta egundoko giroa ei zebilen han, hitzaldiak, kantuak... Hemen ondoan, berton Bilbon.
Eta Bilboko institutuan eskolak eman zituen Joseba Altuna irakaslearen aipamen honek harritu nau, haren "modernitateak" gehien bat:
Mi opinión es que estas clases deberán ser esencialmente prácticas, haciendo porque de ellas salga el alumno todo lo euzkeldun que sea posible.
A este objeto hay que procurar no abusar de términos gramaticales y hacer que el alumno empieze a pensar y hablar en Euzkera desde el primer momento.
[...]
El profesor deber poner un gran empeño en hacer agradable el tiempo de clase. Hay que instruir deleitando. Ni mucha gramática ni mucha rigidez. El éxito de una clase de Euzkera puede depender de ello.
Este ha sido el sistema implantado y seguido por el suscrito en las escuelas municipales de Bilbao y puede vanagloriarse del éxito obtenido.
(Joseba Altunak 1920an Bilboko institutuko euskara katedraren deialdira aurkeztu zuen "Programa Razonado".)
Bertan Bilbo hemendik aurrera ezagunagoa izatea mereziko duen esamoldea dela uste dut. Ezta?
PD: Bihar, ekainak 25, Zuberogoitia anaiak izango ditugu Txurdinagan liburuaz solasean eta Mahatserriko Irakurlearen Tartearen 50. saioa ospatzen, Julen Gabiriak aurkeztuta (honek ondo ezagutzen du esamoldea). Mahatserri partera zaudete gonbidatuta beraz.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 15 - 14:07(e)an.
Ostegun honetan, ekainak 19, Bilboko Elkarlan euskaltegiek ikasleen jaia antolatu dute ikasturteari agurra emateko. Iaz bezala ikasleei errekonozimendua emateko jaia egingo diete, eta horrekin batera ekitaldi literario berezia ere atondu digute: Axularren Gero-ren irakurraldi etengabea.
Goizeko 8etatik arrastiko 8ak arte, Arriaga antzokiaren aurrean gure literaturan klasikoen artean klasiko izendatuta daukagun liburua entzuteko parada edukiko dugu Bilbon beraz.
Geuk ere egingo diogu ekarpentxoa ekimenari. Ustekabeko etenaldiren bat balego-edo, hutsune horiek betetzen eta luzamenduetan ez ibiltzen lagundu dezakeen zerbait. (Ahozko azterketetan ez erabili gero!
).
powered by ODEO
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 11 - 17:49(e)an.
Lehengo egunean Jon Urruxulegik euskaltegi mota berria antolatzeko proposamena egin zuen Berrian, Euskal Estatua izeneko artikuluan hain zuzen ere. Joxe Manuel Odriozolak izenburu berarekin plazaratu zuen gutunean jorratu zuen haritik tiratzen du Urruxulegik: euskal estatua eraikitzeko orduan euskarari zer balio-pisu ematen dioten alderdiek eta politikariek, euskal subjektu nuklearra...
Jonek hain zuzen ere, euskal subjektu nuklear hori eraikitzen laguntzeko modu bat proposatzen du: hutsik dauden herriak "euskaltegi" bihurtzea, euskaraz funtzionatu eta biziko liratekeen entitate lokal berriak, barnetegi modura ere funtzionatu dezaketenak...
Inoiz entzun dut halako proposamenik, hustutako herriak euskaldunekin berpopulatzea eta hala. Proposamena bitxia behintzat bada, baina ez naiz hasiko hura aztertzen. Jonek balizko euskaltegi hori deskribatzeko pasarte honetan azpimarratutakoak eman dit atentzioa:
Subentzio beharrik gabeko euskaltegi librea, idealismoaren habia, Nor-Nori-Nork sistema zigortzailerik gabeko eskola liberatzailea, euskaraz bizi leloaren praktika sozio-linguistiko plastikoa, kibutz euskaldun ez estatala, naturaren kodigoaren erresuma, euskal herria litzatekeen euskaltegia litzateke horrelako bat. Zergatik ez martxan jarri?
NNN, alde batetik euskalduntze-alfabetatzearen ikur bihurtuta (bai, Gozategiren kantua), bestetik sistema zapaltzaile baten ikurra, askatasunaren ukatzaile omen. Eta ez dakit ba, muturretik muturrerako bidaian ez ote gabiltzan..
Gogoratu dut duela hilabete batzuk Gontzal Fontanedaren Euskal Euskara liburuaz ari ginela, Gontzalen aipu hau:
Gero azaldu zen nor-nori-nork, Elvira Zipitriaren bidez. Estibalizko priorea bere ikaslea zen, nire adiskidea eta liburuxka bat idatzi zuen: Nor-nori-nork el secreto del verbo vasco.
NNN, euskal aditzaren paradigmak sailkatzeko terminologia hori, ez zuen zapaltzaile batek sortu antza, ikastola eta gau-eskoletan ziharduten irakasleek baino, frankismoaren sasoi gogorrean. Seguruenik gainera, asmo bakarra zuten orduan euskara ikasten eta alfabetatzen saiatzen ziren animosoei hizkuntzaren forma ulertu eta buruan eskemak egiteko lagungarri bat eskaintzea. Euskara ikasi eta, ondorioz, erabiltzeko tresna bat.
Ausartegia izatea da akaso, baina ikas-estrategia ez genioke deituko gaur egun? Hizkuntzaren forma interpretatzen laguntzen digun tresna, terminologia, sailkapena, deskripzioa... Ikasteko tresna edonola ere.
Neuri behintzat lagungarri suertatu zitzaidan ikasten nenbilenean, grafikoa eta argia. Euskararen aditzaren paradigma egun batzuetan lortu nuen hala ulertzea eta memoriaz ikastea. Gero hizkuntzaren formari esanahia eman behar izan diodanean, erabili alegia, eskema bat eduki dut eraikita, gauzak biziki erraztu dizkidana.
Errorea izan daiteke ikas-prozesua hizkuntzaren forman zentratzea. Horretaz uste dut aspaldi gaudela gehien-gehienok jabetuta. Hizkuntza ikasteko hizkuntza erabili egin behar da, esangura eman, elkarreragina eta hori guztia. Baina ikasteko modu "naturalenean" ere ikasten duenak hizkuntza hartu behar du hausnarketagai eta mintzagai. Irakur-entzuten duenari erreparatu, ondorioak atera, formaz pentsatu, galdetu ("Nola esaten da?"), hizkuntza "eraiki". Eta eraikuntza lan horretan laguntzeko tresnak badaude, sistematikoki baztertzea behintzat ez zait egokia iruditzen.
Aspaldian entzun nion baten bati euskara ez dela ikasten "por via axilar", liburua besapean batetik bestera eroaten dutenengatik. Ez ba! Baina basoko polena ere ez dakit transmisio bide eraginkorrena ote den.
Eta zapaldu aditzaren esanahia ez dago aditz laguntzailearen forman, subjektua eta objektuaren arteko erlazioan baino, seguraski.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, maiatza 15 - 18:48(e)an.
Nafarroatik dator sorpresa oraingoan. Iruñean AEKren Iruñezar euskaltegian bideo hau egin dute. Ez da spot-a ez, fim labur-ertaina baino, 20 minutu ingurukoa. Ondo landua duda barik, eta umorez betea.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, maiatza 14 - 17:50(e)an.
Helduen euskalduntzeaz ari garenean ikusmira norberaren ingurutik gehiegi ez urruntzeko joera izaten dugu denok. Badira hala ere HABEren "inperiotik" haragoko planetak, eta han ere ari dira, gogo eta ilusio handiarekin aritu ere.
Larunbat honetan hain zuzen ere, AEK-k egoitza berria inauguratuko du Baionan, hiru pisuko etxea hartu da, Baionako gau-eskola (gau eta egunez orain ezta?), bulegoak eta behean Kalostrape ostatua.
Iparraldean helduen euskalduntzeak hazkunde polita izan du azken urteotan, Hegoaldean apenas konturatu ez garen arren. Han ere, hemen bezala, lan luzea dugu aurretik. Kalostrape eta kalostrapegaina izango dira duda barik horretarako tresna aproposak.
Hantxe izango gara larunbatean, eta aurrerantzean ere bai, seguru.
Informazio gehiago:
Eta bidean ez galtzeko:
Kalostrape map
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, maiatza 6 - 23:39(e)an.
Euskara21 horri kukutxoa egin diot gaur. Askoren antzera seguruenik. Hizkuntz-politikaz eta euskararen gainean jarduteko gune horretan gogoeta batzuk ditugu dagoeneko. Bitxia, lelo batzuk behin eta berriz: Hizkuntz-eskakizunak, lanposturako merituak, harako eta honako inposizioak... eta euskaltzale gutxi.
Tira! Euskara ikastea eta euskaltegiak sarri aipatuak ondorioz. Esan direnen artean, aipu batek eman dit zer pentsatua, Gaitasuna landu, gakoetako bat mezuan hain zuzen ere (euskaraz gutxi bota dira eta haietako bat). Hau (letra lodia nik ipini dut):
Jende askorekin hitz egin izan dut honetaz eta azkenean beti ematen didate arrazoia, gakoa da hainbat eta hainbat gazteren gaitasuna baxua dela, D ereduan ikasi arren. Gainera, gazte hauek badakite, baina ez dute izena emango euskaltegi batean, lotsa ematen die horrek (askok esan didate “baina zelan joango naiz ni euskaltegi batera…”).
Deigarria, ezta? Hala bada, zerk lotsatzen ditu gazteok euskaltegira joanda? Zaharretxearen traza hartzen ari ote gara? Kontzientzia txarraren baten erakusgarri bihurtu ote gara? Zer ikusia ote dauka honek irakasle berriak lortzeko zailtasunekin?
Egia esanda, inguruan inoiz barruntatu dut D ereduan ikasitako gazteek halako errespetutxoa izaten diotela euskaltegiari, eta berton gabiltzanoi ondorioz. Baina belaunaldi kontuak izan direla pentsatu izan dut.
Edozelan ere, kezkagarria izango da aurrekoan esandakoa edo beste mezu honetan esan den hau hala badira:
Si es verdad que las nuevas generaciones tienen la oportunidad de aprenderlo desde los colegios. Aún así, en algín mometo de sus vidas, tendrán que apuntarse a una academia, pues el Título les será necesario.
Gazteek euskaraz egiteko edo titulua eskuratzeko azkenean euskaltegira etorri behar derrigor, eta euskaltegiak izutu. Ederra etorkizuna gurea! Umeentzako "sacamantecas" modura-edo erreziklatu beharko dugu.
PS: igual hobe nuen hau Euskara21ean botatzea, baina hango eztabaidek hartu duten norabidea ikusita, neuri ere etorri zait halako errespetu atabikoa.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, apirila 17 - 17:55(e)an.
Titulazioen dekretuak zer esana ekarri digu asteon, duda barik. Atzo euskaltegi pribatu-homologatuetako ordezkariek prentsaurrekoan azaldu zuten euren iritzia. Positiboa oro har.
AEK eta IKAren webguneetan daukagu adierazpenaren testua. Sareko Argiaren bidez hedabideetako errenferentziak aurkitu ditzakezue.
Aipamen batzuk:
Euskaltegi pribatu homologatuon iritziz, ikasleek euskaltegian bertan lortu dezaketen eta Europa osoko titulazioekin bateragarria izango den euskara titulu ofizialak eskaintzeak euskal hiritar askoren jarrera ezkorrean eragingo du. Erabaki honek euskara ikastea erraztuko du eta, ondorioz, jendea euskarara hurbiltzea. Hori dela-eta, erabileran ere igartzea espero dugu.
Izan ere, gure helburua ez da jendea tituluak lortzera bultzatzea, ez hori bakarrik behintzat. Euskaltegiok euskararen erabilera bultzatu nahi dugu, argi eta garbi. Xedea ez da azterketak egitea edota ikasleak tituluak lortzen trebatzea. Ez dugu nahi euskara azterketekin identifikatzea, hainbeste titulu eta azterketa egin beharrarekin, orain arte gertatu den bezala.
Baina hemendik aurrerako bidea errazagoa izango delakoan gaude, ikasleentzat nahikoa izango delako euskaltegian maila bat eskuratzea titulu baten jabe izateko, beste ezer egiaztatzen ibili beharrik gabe.
Beraz, herritarrek eguneroko bizimoduan euskara gustura eta eroso erabili dezaten urrats garrantzitsu bat da eta euskararen onurarako izatea espero dugu.
Igual belarriondokoren bat irabaziko dut, baina -neure iritzia honetatik asko aldendu barik ere- hemengo baieztapen batzuk: "...bidea errazagoa izango delakoan...", "euskara gustura eta eroso erabili..." Ez dakit ba. Tira!
Edozelan ere, ezin dugu ahaztu honek guztiak erronka dakarkigula berekin.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, martxoa 27 - 01:42(e)an.
Sektoreari buruzko hausnarketa planteatu ziguten lehengoan Batzorde Akademikoan, erronka eta kezka nagusiak zeintzuk ziren aipatu eta hemendik aurrera jorratzeko geratu ziren apuntatuta. Han esan zirenen artean, ideia batekin geratu naiz egunotan, irakasleen lana, irudia eta ospe soziala "saldu" beharra. Helduen euskara irakasleak profesionalak dira, lana serio egiten dute, prestakuntza eta gogoarekin ari dira eta hori guzti hori jendartera zabaldu beharra dago.
Egia da, edo horrela begitandu zait neuri pentsatzen hasita. HEAren publizitatean eta sektoreaz hitz egiten denean irakaslea gutxitan aipatzen da. Ikasle-kopuruak, erakunde eta euskaltegien metodologia, egiturak, tresnak, eskaintza ugariak eta desberdinak... baina horren atzetik dabiltzan pertsonak gutxi, euren merituak, prestakuntza, ibilibidea, ospea... Ez dago izarrik gurean, irakasle ezagunik (irakasle lanagatik behintzat) gutxi.
Ez dut ikerketa zehatzik egin, baina nire eskuetara heldu diren balorazio inkesta askotatik jasotako inpresioa da: irakaslea izaten da ikasleari baloratzeko ematen zaizkien galdetegi, inkesta eta halakoetan puntu gehien jasotzen dituen "item" horietako bat. Ikasleekin berba eginda berdin, ikas-prozesuko une erabakiorrak nabarmentzean irakasleren baten papera aipatzen da sarri. Hala ere, ez da "saltzen" den elementua izaten, euskaltegian edo erakundean den-denak klonak edo operazio berdina berdin exekutatzen duten operario balioaniztunak bailiren.
Eta nire ustez, bada saltzeko generoa gainera. Esperientzia handia metatuz doa gurean adibidez, hogei urtetik gora dihardutenak asko adibidez, gero eta gehiago. Milaka ordu klase, jardunbide desberdinak ezagututa eta eskarmentatuta, eta hori baino garrantzitsuagoa: ikasle askoren errekonozimendua jasotako profesionalak ditugu.
Horri kontrajarrita, badakigu, soldatak, kabaretera-ordutegiak, segurtasun eza, egonkortasun falta, eta, horren ondorioak: desmotibazioa, estresa, lanaren ordain afektibo-sozial eskasa.
Honetaz gabiltzala, sarean endredatzen Madrid Teacher webgunera heldu nintzen lehengoan. Deigarria egin zitzaidan eta Atoan-en apuntatu nuen hain zuzen ere. Madrid Teacher ez da (ez dirudi hala behintzat) akademia edo erakundea, hizkuntz-irakasleek euren zerbitzuak eskaintzen dituzten gunea baino. Irakasle bakoitzak bere curriculuma, espezialitatea, lan-metodoa eta lan-eremua azaltzen ditu, batzuek esperientziak kontatzeko bideoak ere erabiltzen dituzte bertan. Norberaren promozioa egiten da neurri handi batean, ez erakunde edo akademia batena. Freelance irakasleak ditugu nonbait, helduentzako hizkuntza batzuen irakaskuntzan ohikoa izaten da figura hori, gurean nahikoa marginala berriz.
Pentsatzen hasita, ez dakit freelance maila horretaraino heldu beharko genukeen (ikara apur bat ematen du egia esanda), baina, ez litzaiguke ondo etorriko indibidualazio apur bat gurean ere? Onerako nahiz txarrerako jakina. Irakasle power?
PD: Badakit, ironikoa (adar jotzea ere bai) iruditu lezake irakasle power horrek irakasleak harrien azpitik topatzen dabilenarentzat.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
