14
Ira
2011

Eitb nahierara, baina jaitsi gabe

Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.

Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. -k oharatarazi digu tweet honetan.

Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.

Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.

Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.

Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.

Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.

08
Ira
2011

Aprende ingles TV

TDT eta kable bidezko telebistarekin hainbat kanal ditugu derrepentean etxean, kanal tematiko deritzen horietakoak dira asko, eta, sarritan, ez diegu arreta handirik ematen, zapping atake horietako batean kateatu arte.

Aprende Inglés TV topatu dut gaur horrela, aspaldian dago dialean seguruenik (Euskaltelen kablea daukat nik etxean), eta funtsean ingelesa ikastearen inguruko kanala da. Vaughan Systems enpresa dago atzetik dirudienez, eta gaztelaniadun hiztunei bideratuta dago kanal hori.

Gauza bat iruditu zait deigarriena, aurkezleak irakasleak ei dira, eta benetako ikasleak agertzen dira saio askotan, dela erroreak zuzentzeko lehiaketa-saioan, dela komunikazioari buruzko saio-klase batean adibidez. Telebista-akademia moduko bat alegia.

Ez naiz hasiko euskara ikasteko horrelako kate bat egin behar dela aldarrikatzen (kalterako izango ez litzatekeen arren), euskara irakasleoi kate horrek eman diezazkigukeen ideiei buruz baino. Esaterako, erroreak zuzentzeko burua bertan enterratzeko ariketa sortak prestatu beharrean, lehiaketa-jolas modukoak prestatzea. Edo ikasle-irakasle batzuk jardunean ikusteak ekar ditzakeen ideiak edo inspirazioa besterik gabe.

Ez da asko izango, baina beti izan daiteke interesgarria hizkuntza ikasle-irakasleak lanean ikustea, telebistan (edo Interneten) bada ere.

27
Mai
2011

Online aplikazio bi partekatzeko asmoz

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza irakasleak

Baliabide erakargarriak nahi dituzu? Arrakastatsuak? Atseginak eta ikasleen gustukoak? Doakoak? Bai? Segi irakurtzen:

Jarraian dituzuen hauek erabiltzen hasi ginenean, eta bisita kopuruari erreparatuta (14.000 baino gehiago dagoeneko), ohartu ginen gure ikasleak ezezik besteren batzuk ere bazebiltzala handik. Pentsatu genuen orduan ongi etorriak zirela bisitari haiek eta aplikazioak ezagutarazi eta nolabait gainerakoekin partekatu egin behar genituela, nahi duenak erabili eta berriak sor ditzan.

Photopeach.com

Ideia sinple batetik abiatuta egin genituen hiztegi irudidunok -hitzak, irudiak eta musika lotu- Photopeach delakoan izena eman eta trasteatzen hasi ginenean. Horrela, apurka-apurka, 28 hiztegi eta joko (quizz) sortu genituen eta Galdakaoko Udal Euskaltegiko autoikaskuntzako ikasleentzako ikastaroetan txertatzen hasi ginen, astean desberdin bat jarrita.

Hemen dituzue, beraz, gure hiztegitxo irudidunak zuentzat: ikusi, ibili, zuen ikasleei erakutsi eta zuek ere ideia berriekin Photopeach-en izena eman eta hasi saltseatzen. Erraz erraza da: gaia aukeratu, argazkiak igo, testua jarri, musika aukeratu eta voilà!

Hemen aurkituko dituzue gureak: http://photopeach.com/user/GaldakaokoUE

Eta hemen erakuskari bi, jokoa eta hiztegia:

Proprofs.com

Hangman -urkatuaren jokoa- eta Scrable -letrak ordenatuz hitza asmatu- motakoak egin ditugu Proprofs delakoa erabiliz. 30 dituzue guztira, gurutzegrama eta puzzle bana ere tarteko. Aurrekoa bezala, hau ere ezin errazagoa da zuek ere antzekoak egin ditzazuen.

Hona hemen gureak: http://www.proprofs.com/games/player/galdakaokoue

Eta hona erakuskari bat (Bizkaiko herrien izenak):

Bai Photopeach-ek eta bai Proprofs-ek aukera ematen dute esteka jarri edota zuen web orri edo blogetan enbotatzeko.

Ah! Ez ahaztu: Ganorazko zer edo zer egiten duzuenean, partekatuko duzue besteokin, ezta? Aurrera!

 

26
Api
2011

Konoaren bueltak

Duela lau urte Dale-ren konoaren aipamena egin nuen hemen, sarean zebilen irudi bat ekarri nuen hobeto esanda. Dale-k hobetoen zer ikasten dugun azaldu nahi izan zuen konoaren figura horrekin, eginaz ikastearen balioa azpimarratuz eta ikaskuntza instrukzio hutsetik harago joan behar duela nolabait adieraziz.

Gaur Clarión blogean jakin dut orduko irudi hura ez dela Dale-ren benetako konoa, enpresa batean 1967 inguruan hango batek egin zuen bertsio librea baino. Dale-ren figurari kuantifikazio batzuk gehitu zizkioten irudi serioago, zientifikoago eta "enpresarialagoa" eman guran. Badakizue enpresa munduan zenbat gustatzen diren grafikoak, portzentaiak eta zenbakiak oro har.

Zenbakietatik aparte ez bide dago alde handiegirik Dale-k adierazi nahi zuen ideiaren eta bertsio kuadrikulatuaren artean. Ikaslea ikasgaiaren esperientzian eta errealitatean zenbat eta inplikatuago ikaskuntza eraginkorragoa. Hizkuntzaren arlora ekarrita, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, erabilera hori ikaslearentzat zenbat eta baliagarriago, emozionalago, asebetegarriago eta esanguratsuago; hobeto, arinago eta gusturago ikasiko da nonbait.

Clarióneko artikuluan konoaren bertsio propioa egiteko bidea proposatu digute bestalde. Edozein ikastaro edo ikas-aktibitatetan aplikatu daiteke, formulario baten bidez ikasleei nola ikasi duten gehiago galdetu ahal diegu. Proba egin zuten eta emaitzak Dale-ren jatorrizko konoaren ideietara hurbildu zirela ikusi zuten.

Pentsaten jarri naiz nola egin litekeen horrelako bat euskara ikasleekin, eta duda bat etorri zait. Gure kasuan ikasleek erantzungo lukete praktikan eta hizkuntzaren erabileran murgilduz gehiago ikasten dutela? Ala instrukzioak, azalpenak eta jarduera mekanikoek pisu handia hartuko lukete?

Alegia, hIzkuntza ikastea hizkuntza horrekin gauzak egiten ikastea baino hizkuntza hori "kontrolatzea" eta "ezagutzea" delako ideia beste arlo batzuetan baino zabalduago ote dago gurean?

Beti etortzen zait gogora ikasle batekin gertatutakoa, egun batean klasean, halako digresio linguistiko-filologiko baten ostean ikasle hark: "Zenbat ikasi dugu gaur!"

Irudia: Cono de la experiencia (Wikimedia). Egilea: Jgaray.

09
Api
2011

Gramatika hizpide

Plisti-plasta | 2011, Apirila 9 - 23:58

Bidaiatxo honetan lagundu nahi badidazu, Hizpideren 75. zenbakia izango dugu abiapuntu. Zehatzago, Josu Peralesen ‘Ba al dago bizitzarik atazetan oinarritutako irakaskuntzatik harago?’ artikulua. Bertan, Josuk, ohi bezain fin eta aratz, azken urteotan ikasbideek izaniko bilakaera erakusten digu.  Josuren iritziz,  proba enpiriko gutxitxo dago metodologia bat edo beste hobesteko.  Bere hitzak esanguratsuak dira oso: Ikasbide bat puri-purian egoteak ez du esan nahi hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena horixe denik. Indarrean zegoen ikasbidearekiko frustrazioa, asperdura, aldatzeko gogoa, gauza berrien lilura, argitaletxeen interesak, izan daitezke, besteak beste, ikasbide bat zokoratzeko eta beste bat besarkatzeko arrazoia.

Zenbait pausaldi egin ditu Josuk artikuluko ibilbidean, AOI zuhaitzak itzalpean ezkutatzen duenari  erreparatu dio batean, APP harkaitzaren gogortasunari beste batean eta Gramatika errekastoaren ibarrean ere eseri da, uraren emariari  begira. Hementxe paratuko gara gu ere Josuren ondoan. Longburuan duela:  Zeri begiratu:  hizkuntz formari ala hizkuntz formei? - galdetu digu tupustean.  Hizkuntz  formei begiratzen badiegu,  antzinako modu klasikoa izango dugu oinarri, item linguistikoen lantze soila. Hizkuntz  formari begiratzen badiogu, ostera, komunikazioa izango dugu funts eta abiapuntu, hizkuntzaren formak komunikazioari eragin liezazkiokeen  trabak edo erants liezaiokeen eraginkortasuna (gaitasun estrategikoa) aztertuko dugu. Korapilo polita!

Dagoeneko nekatzen hasiak gara eta nasai ditzagun, beraz, apur bat mendiko boten lokarriak. Horretarako, belarria zorroztu eta sei ikasgelatako jarduerak adituko ditugu segidan, zuk zeuk azter dezazun bilakaera, noiz den gramatika helburu eta noiz komunikaziorako baliabide:

  • 1. gela: Epa! Gogoan duzue atzo landu genuen ‘Norentzat’ kasua, ezta. Bada,  gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero ariketa analitiko batzuk egingo ditugu,  ondo ulertu duzuela ziurtatzeko eta praktikan jartzeko.
  • 2. gela: Epa, gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero berau zertarako erabil daitekeen azalduko dizuet:  identifikazioak eta definizioak egiteko, hain zuzen.
  • 3. gela: Epa, irakurri mesedez eman dizuedan testua eta erreparatu azpimarratuta dituzuen esaldiei:  erlatibozkoak dira. Zertarako erabiltzen ditugu? Nola eratzen dira?
  • 4. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue, erlatiboa erabiliz. Hara, erlatiboa egiteko…
  • 5. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue. Ikus dezagun zeintzuk baliabide behar ditugun horretarako: lexikoa, postposizioak, erlatiboa, deskripzioaren ordena…
  • 6. gela: Epa, azter dezagun atzo grabatutakoa (idatzitakoa). Hara, identifikazioa ez duzu egoki formulatu; batzuetan ez da gramatikalki zuzena (kasu honetan, adibidez) eta beste pasarte hau errepikakorregia da. Begira, erlatiboa deitzen den tresna hau erabil dezakezu, hobetzeko.

Beno, konforme. Akaso, ez dira adibiderik egokienak, esan dizut, ba, nekatu samar nengoela. Dena den, bada hor bilakaera bat. Beraz, zaude lasai. Ez lotsatu, batzuetan bide malkarretan gramatikaren makila erabili behar izanagatik. Baina gogoratu makila honek  komunikazioaren bidean  laguntza tresna izan behar duela beti, eta ez helburu. Makila helburu bihurtzen denean, denok mutu geratzen baikara.

Erreka ondoko iturriko ura eskaini digu Josuk, burua apur bat  freskatu eta zahatoari tira egin diogu guk, ordea…  Segi zuk ere bidea egiten,  gustuko baduzu.

08
Api
2011

Benetako komunikazioaren alde

Plisti-plasta | 2011, Apirila 8 - 11:43

Batzuetan izaten da, ba, barnean distira egiten  dizun ideia txikitxo bat.  Ustez potoloagoak diren batzuk  une batez ilundu arren, dir-dir jarraitzen duen horietakoa. Honelakoa da gaur dakarkizuedana. Noizbait arituak gara beroni buruz Karrajua honetako bazterren batean baina  iruditu zait merezi duela, une batez sikiera, teleskopioa berari begira jartzea. Hara:

Etengabe ari  gara komunikazioaz berbetan, dela metodo komunikatiboa, dela ekintza komunikatiboa, dela egoera komunikatiboa, dela ‘eta  abar’ buztan luze bat. Eta ondo dago. Bat nator honelako planteamendu askorekin. Baina , eta orain mikroskopioa erabilita, ikasgelan erabiltzen ditugun  egoera / ekintza komunikatiboak aztertuz gero, lau motatakoak bereiz ditzaket:

  1. Simulazio hutsezkoak. Adibidea: medikuaren kontsultan (ikasle batek mediku rola hartzen du eta besteak gaixoarena; ondoren, beraien arteko elkarrizketa egiten da). Honelako ariketen funtsa  ikasleak bizi litzakeen egoera komunikatiboetarako prestatzean datza. Ikasleen balizko egoera komunikatiboak identifikatu eta ikasgela probaleku bezala erabiltzen dugu honelakoetan.
  2. Ikastalde barneko benetako  komunikazioa. Ikasgelako edo euskaltegiko pertsonen artekoa. Rolik gabea,  ikasleak edo irakasleak bere benetako ahotsa darabil. Adibidea: ikasgelako baten bati  gaixorik daukan semeari buruz galdetzen  zaionean edo ikasle batek ikusi berri duen filma gomendatzen digunean…
  3. Ikastaldetik kanporako benetako komunikazioa. Interakzioaren xede euskara hiztun komunitatea duena. Adibidea:  ikasleak/ ikastaldeak  interesgune duen blog batean parte hartzen duenean edo Kultur Etxeak antolatutako hitzaldiren  batera joaten denean.
  4. Ekintza komunikatibo ordezkatzailea. Ordura arte H1en egindako ekintza komunikatiboak H2n egiteko bide ematen duena. Adibidea: GPSa euskaraz, kutxazain automatikoa euskaraz…

Nire ustetan, gaur gaurkoz lerratuegia dugu programazioa simulazio hutsezko egoera komunikatiboetara eta beharrezkoa dugu, akaso, 2-3-4 motetako  ekintza komunikatiboei gehiago erreparatzea . Programatu eta programazioan leku zabalagoa eman beharko litzaiekeelakoan nago.

Konbentzituta nago ikasgela eta euskaltegiaren probaleku izaera  ez ezik, komunikazio gune eta hiztun sareko adabegi  izaera ere  sendotu behar ditugula. Baita eskolen programaziotik bertatik ere.

Irudia: 团队开会3D小人高清图片_zcool.com.cn. Egilea: 姒儿喵喵 (Flickr). Lizentzia.

30
Mar
2011

Negua joan da

Zer: 

Asteon zer esana eman du Zea Maysen azkenengo bideo-klipak. Istorioa polita dago atzetik. Ainhoa Moiua gor-mutuen hizkuntzako irakaslea eta itzultzailea dugu, eta Zea Maysen zale handia ere bai. Negua joan da kantua gor-mutuen hizkuntzara "itzuli" eta horrekin bideoa grabatu zuen Zea Maysekoei oparia egiteko asmoz. Beste opari bat etorri zitzaion bueltan, eta kantuaren bideoklipean bera dugu protagonista.

Hala kontatu zigun Jozulinek bere blogean, eta autoikaskuntzako ikasleekin ere zerbait egitea pentsatu zuen, pentsatu eta egin. Hemen behean duzue Jozulinek bidali digun aktibitatea, Galdakaoko Udal Euskaltegiko autoikaskuntzako mintza-taldeetan egin dutena.

Eskerrik asko Jozu-lin. Merezita dituzu kriantza on pare bat (kaxa pare bat, e!). ;)

Negua joan da ta

Hemen Ainhoari Goienan egin zioten elkarrizketa:

11
Mar
2011

Hartu, eman, jardun, itzuli

Still Life with Plato

Soziolinguistika Klusterraren Jardunaldiaren apunteak (kronika kategoriara ez naiz altxatzen ausartzen) izan dira hemen idatzi dudan azkena, eta sarean agertu zen lehenengo erreferentzietako bat izanda, gehiago etorri dira gerora, kronikagile profesionalen eskutik batzuk, antolatzaileek eurek eginda beste batzuk..

Arratsaldeko azken saioan jardun nuen Julen Arexolaleiba, Jacqueline Urla eta Txerra Rodriguezekin, Arkaitz Zarragak mahaiaren bueltan jarri zizkigun dibulgazioa, prestakuntza eta soziolinguistikaren hedapenaz.

Berriki argitaratu den Soziolinguistika Eskuliburua izan zen abiapuntua nonbait, soziolinguistikaren ezagutza, kontzientzia eta haren gaineko hausnarketarako tresna izateko asmoa duena. Eta liburua dela eta ez dela airean ibili zen liburu formatuaren egokitasuna jorragai eta hausnargai. Prestakuntzan eta dibulgazioan liburuak zer funtzio eduki dezakeen saiatu nintzen kokatzen, Europako Erreferentzia Markotik* hartutako ideia bati tiraka.

Kroniketako batean, Argian hain zuzen ere, hau irakurri dut berriz: "Soziolinguistikaren hedapen zabalerako liburu formatuaren egokitasuna zalantzan jarri zuen hainbatek, tartean AEK-ko irakasle eta blogari Benito Fizek."

Tira, onartu behar dut ideiekin txiribuelta pare bat egin nituela, eta akabuan erraza izango zela hori ulertzea. Bloga edukita damu publikorako ez ezik, kaparrada apur bat gehiago emateko ere aukera dugunez, saiatuko naiz ideia berriro ekartzen.

EEMri buelta pare bat ematen ibili naiz azkenotan lan kontuak direla eta. Hainbeste urte hor bueltaka eta sarean eskegita ere bai, eta orain arte harek dakarrenaz gutxi egin da berba, ez bada A1...C4 sekuentzia horrekiko baliokidetzeak eta adiskidetzeak aldarrikatzeko, gehinetan zenbat euskara dakizun esango dizun titulu horrentzat berme eta lustre europarraren bila.

Arreta ematen duen lehenengo gauzetako bat orain arte "trebetasunak" deitu diren horien (ulermena, mintzamena, irakurmena, idazmena laukote klasikoa) aipamen zuzenik ez aurkitzea. Taularen batean aurkitzen dira terminook, baina ez haien azalpenik ez haren kokapenik markoaren oinarrizko enkoadrean. Haiengandik hurbilenik "hizkuntz jarduerak" bataiatuta beste laukote bat aurkitu daiteke: harrera, ekoizpena, elkarreragina eta bitartekotza. Hizkuntzarekin egiten direnak sailkatzeko onarria.

Hortik ahozko eta idatzizko kanalaren presaren arabear bederatzi ataleko azpi sailkapena dugu: ahozkoaren ulermena, idatzizkoaren ulermena, ikus-entzunezkoaren ulermena, ahozko adierazpena, idatzizko adierazpena, ahozko elkarreragina, idatzizko elkarreragina, ahozko bitartekotza eta idatzizko bitartekotza. Honek antz handiagoa hartzen du laukote tradizionalarekin, bere barne hartzen du akaso, baina luzatu ere bai. Sailkapen horren arabera maila bakoitzaren gaitasun maila deskribatzen da ondoren, komunikazio-jarduerak deitzen direnak.

Berrikuntza izan daiteke banaketa hori, gurean behintzat bai, eta deigarria gaur egun arte terminologia hori helduen euskalduntzean apenas agertu ez izana. Tira, ez gara horretan sartuko dena dela.

Hasierako hizkuntz-jardueren banaketari tamaina hartu nahian, saiatu nintzen bizitzan hizkuntzarekin egiten ditugun gauzak kokatzen, eta kate moduko hau ikusi nuen adibidez: norbaitek artikulu bat idatzen du (idatzizko adierazpena), norbaitek irakurtzen du irakurri behar den modura (idatzikoaren ulermena), irakurri duen horrek irakurri duen beste batekin komentatzen du autobusean (ahozko elkarreragina) eta Twitter-en (idatziko elkarreragina), euskaraz ondo ez dakien bati azaltzen dio hark "zer zabiltza irakurtzen?" galdetuta (ahozko bitartekotza), eta gaztelaniaz egiten du erreseina bat (idatzizko bitartekotza).

Bai, hizkuntz-jarduerak edo komunikazio jarduerak ez datoz solte. Artikulu horren bidea ez zen amaitzen batek idatzi-beste batek irakurri zirkulu horretan, ez, bide asko daude irekita, eta artikuluarekin lortu nahi zen hedapena seguruenik zabalagoa izan da beste jarduera horiei esker (hartaz berbaz edo idatziz jardutea, beste hizkuntza edo formatu batzuetara ekartzea) irakurtze huts eta garbiarekin baino.

Ideia erakargarria, akaso EEMren interpretazio oso pertsonala, baina jokoa ematen du prestakuntzaz eta dibulgazioaz hausnartzeko.

Zer lotura dauka honek bada liburuekin, dibulgazioarekin eta prestakuntzarekin? Uste dut artikuluaren adibide horrekin barruntatu daitekeela. Kendu artikulua eta jarri liburua. Dibulgazioa, prestakuntza edo jakintzaren hedapena asmo duen liburu batek asmo horiek beteko ditue lehenengo eta behin baten batek liburua irakurtzen badu, baina nire ustez, komunikazioaren katea hizkuntzaren beste jarduera batzuetara hedatu behar da eraginkorra izango bada.

  • Liburuak dioenaz ahoz eta idatziz jardun. Irakurri duzuna (dena irakurri ez arren) komentatu, konpartitu, bueltak eman.
  • Liburuak dioena praktikara ekarri praktikan kokatu eta irudikatu. "Ekintza bidezko ikuspegia" aldarrikatzen digu EEMk, hizkuntzak gauzak egiteko orduan hartzen duela zentzua nonbait. Beste ideia interesgarri bat.
  • Liburua eraldatu, haren edukia beste "hizkuntza" batzuetara ekarri: grafikoak, laburpenak, eskemak, aurkezpenak, ikasmateriala... laburtu, luzatu, egokitu, "itzuli".
  • Liburuak dioena ahoz kontatu. Badakizue, hitzaldiak, klaseak, saioak, azalpenak...

Hori zen zabaldu nahi nuen ideia. EEMko laukote horretatik ideia hartuta: ekoitzi eta hartu bai, baina jardun eta "itzuli" ere bai, etengabeko katean. Dibulgaziorako liburua bere asmoa beteko du komunikazioaren katean "dibulgatu" ahala, hedatu ahala. Eta horretarako bideak jartzen badira, hobeto.

Hortaz, dibulgaziorako eta prestakuntzarako ez dut liburu formatuaren egokitasuna kolokan jarriko. Baina liburua argitaratzea eta hura irakurtzea ez da nahikoa (eta azken hau erraza ere ez, egia esanda).

Betor hau guztia aste honetan HABEtik etorri zaigun Itzulpen saileko azken alearen harira ere. Penny Ur irakaslearen A Course in Language Teaching Trainee Book itzuli dute: Hizkuntza-irakaskuntzarako ikastaroa. Bitartekotza deitzen den hori egin da, testua itzuli eta gure hizkuntzara ekarri. Irakasle berrien prestakuntzari begira egin da itzulpena dirudienez. Katea aktibatu egin beharko da nonbait.

* Scribd-era igo dut ordenadorean eduki dudan pdf ale hori. Izan ere, EEMaren euskarazko bertsioak desagertu egin dira saretik, orain arteko lotura gehienak behintzat ez dabiltza. Akaso beste nonbait jarri da eta ez dut jakin, baina ez dut aurkitzerik lortu.

Argazkia: Still Life with Plato. Egilea: Rander Pederson. Lizentzia.

20
Ots
2011

Berrikuntza txikiak

Berrikuntza tekniko batzuk egiten nabil Karrajuan. Itxura aldaketa ikusi duzue dagoeneko. Ez da behin betikoa baina egokitzapen teknikoak egiteko aldatu egin behar izan dut.

Azken itxura hartzen duen bitartean irekita utziko dut, baliteke konturatu gabeko erroreren bat egotea, baina funtzional dago inbentoa.

Barkatu endredoak, eta sustoak.

19
Ots
2011

Lubakirako argia

IV. Soziolinguistika jardunaldian izan nintzen atzo. Ez da lehenengo aldia Klusterraren ekitaldi honetan partaide naizena, oraingoan pulpituan ere eduki dut txokotxoa berriz.

Soziolinguistikaren dibulgazioa, zabalkundea, prestakuntza eta halakoen inguruan ardaztu da aurtengo ekitaldia, eta edukietan ez ezik, formatuetan ere berrikuntz batzuk probatu nahi izan dira. Ez dut kronika zehatzik egingo, materialak ere seguraski laster izango dituzue sarean, Klusterrekoek ohi duten bezala, eta han jasotako ideia batzuk ekartzen saiatuko naiz.

Politikarien ohiko sarreraren ondoren Xamar jarri zen mikrofonoaren aurrean, bakarrik ez baina. Ohiko hitzaldi-speech-aren ordez Klusterreko Belen Urangak hartu zuen elkarrizketatzaile papera, zuzeneko galdera-erantzun saio publikoa izan genuen alegia, ordubete luzeko elkarrizketa.

Irakaslea da Xamar, eta euskara irakasleen edo euskaraz diharduten irakasleen lanaz metafora belikoa egin zuen: "Irakasleak aurkitzen du hizkuntza-gatazakaren lehenengo trintxera".  Irakaskuntzan edo hizkuntzan ari garenon aspaldiko sentsazio bati jarri dizkio hitzak Xamarrek seguraski, abangoardiako fronte batean ari gara, euskararen mugetan nonbait. Horrek dakarren higadura emozional, motibazional eta fisikoa ere bai ezagunak ditugu honez gero. Xamarrek mahai gainean jarri zuen, eta hala ere nago euskalgintza edo dena delako mundu-sektorean horren pisua eta garrantzia ez dela behar beste aintzat hartu garapena, ikerketa edo gogoeta egiteko orduan. Deigarriago zenbat euskaltzale profesionalek ere jardun duten inoiz irakaskuntza lanetan jakinda.

Xamarren ideia horrekin geratu nintzen. Ondoren kultura eta jarreren inguruan ere jardun zuen. Berrian irakur dezakezue gehiago.

Hausnartu sariak eman ziren gero, eta lanen egileei tartetxoa utzi zitzaien haien berri emateko. Bat aldizkariaren 78. zenbakian daude jasota. Sarien hurrenkeran atzekoz aurrera Patxi Juaristik Euskal soziolinguistika aplikatua: bilakaera metodologikoa eta teknikoa lehenengo. Ikerketa soziolinguistikoen historioa aztertu du, eta ondorioetan, nik ulertu nuenaren arabera, haren ustez ikerketa eredu kritikoaren faltan gaude, partaideak inplikatzen eta erakaldaketan jartzen duen eredua. Ideia interesgarria iruditu zitzaidan benetan, ikertua partaide egitea, ondo ulertu banuen behintzat.

Galder Unzalu deustuarrak Sugea dantzan: She's in fashion-etik Bilbao euskaraz-era bigarren. Bilbon espazio publikoaren diseinu eta kudeaketa publikoa eta hizkuntzak zein komunikazioak duen lekuaz paralelismoa ezartzeko ariketa bitxia eta interesgarria egin zuen. Komunikazioa ezinbesteko du hizkuntzak, eta komunikaziorako espazioak eta aukerak Bilbo batean murrizten ditu politika urbanoak berak, euskaldunok komunikazio espazio publiko horiek konkistatu behar dugu nonbait. Beste ideia interesgarri bat duda barik.

Luis Azpiazu irakasleak jaso du lehenengo saria Gazteak, musika eta euskara lanarekin. Arrasateko Arizmendi ikastolan egin zuen ikerketa lana, euskara eta euskal munduaren erreferentzia kulturalak gazteek nola ikusten dituzten musikaren bidez. Egilea bera ez zen bertan egon, eta haren lanaren pasarte batzuk irakurri zizkiguten. Badirudi gaur egun euskara indarra galtzen hasita dagoela gaztetxoen erreferentzia musikalen artean, "euskal musika" topiko edo gune zehatz batzuekin lotzen ari direla. Seinale kezkagarriak nonbait.

Goizaren errematea lan-saioa deitu zutena izan genuen. Formatu esperimentala jarri nahi izan zuten praktikan hemen. Mikel Zalbidek "Teoriari tiraka, diglosiaren purgatorioaz" izenarekin emangio zion gaiari sarrera, eta bertan beste hiru adituk emango zioten erantzuna: Paula Kasares, Iñaki Martinez de Luna eta Estibaliz Amorrortuk (azken hau ezin etorri izan zen azkenean).

Diglosia kontzeptuaren historiaz eta adierak argitu nahian hasi zen Zalbide, terminoa adiera desberdinak dituela, beti ez direla bat etortzen eta halako adiera kolokiala dabilela hor nonbait zabalduta egokia ez dena (trenari abioia edo abioiari trena). Martinez de Lunak eta Kasaresek eman zioten segida eztabaidari, eta gauza interesgarriak entzun ziren, baina uste dut askori geratu zitzaigun sentsazioa eztabaida bizantino baten aurrean egon ginela. Gaiak (diglosiaren adierak) ez duela hainbesteko garrantzirik, edo ez zitzaiola oratu gaiaren muinari (noraino heldu behar dugu: elebistasun orekatu, deskorekatu edo zer bateraino?).

Ideia batekin geratu nintzen hari horretan: diglosia hitzak adiera kolokiala hartu badu, bistan dago hemen badagoela halako soziolinguistika popularra deitu daitekeen zerbait, hau da, dibulgazioak funtzionatu du nonbait gurean, termino tekniko bat adituen hizkeratik euskaltzaleen hizkerara ailegatzeraino. Ez gara 0tik hasten beraz.

Bazkalorduan zer hausnartu eduki genuen beraz, eta arrastiko txanpari ekiteko modua. Kataluniatik etorri eta Jordi Solé i Camardonsi egokitu zitzaion bazkalosteko modorraren erremedioa izateko beharlekua. Katalanez aritu zen Solék bat-bateko itzulpen zerbitzuarekin, askok erabii ez genuena gure osagai latinoari esker. Katalunian soziolinguistikaren dibulgazioa arlo ezberdinetan nola jorratu den kontatu zigun, hezkuntzan bereziki, hango kezkak eta irtenbideak. Ideia asko eta ni bati erreparatu nion, hizkuntzaren egoera, erabilera eta izaera soziala hizkuntzaren partea ere bada, eta hala zabaldu behar da, hizkuntzaren erabilera ez da soilik egin beharreko bat, ezagutu beharrekoa ere bai adibidez. Hizkuntzaren aldeko lanarentzako ezinbestekoa ia. Hala, ikas-programetan ere txertatu izan dira osagai soziolinguistikoak. heziketa soziolinguistikoa edo deitu daitekeena. Euskara ikasten duenarentzako "curriculumetan" horrek zer leku duen jorratzeko gaia dela esango nuke.

Jardunaldiaren errematea Txerra Rodriguez, Jaqueline Urla, Julen Arexolaleiba eta lauron esku geratu zen, Arkaitz Zarragak gidatuta soziolinguistikaren dibulgazioak jarduteko jarri gintuzten mahaiaren atzean mahai-inguruan. Duela gutxi argitaratu de Soziolinguistika eskuliburuaren koordinatzailea izan da Arkaitz eta hura izan zen jardunaren abiapuntua.

Mahaian egonda eta memoria txarraren jabe, zurrunbiloan ideiak oraindik. Baten bat ekartzearren, uste dut bat etorri ginela soziolinguistika euskararen normalizazioarekin lotuta gehien bat, arlo desberdinetara zabaldu beharreko jakintza eta gogoetagaia dela: euskararen profesionalen artean, euskaltzale konprometitu edo militateen artean, eta jendartean oro har. Bakoitzena bere mailan, formatuetan eta kanaletan. Urlak esan zuen modura, gure muga linguistiko, sozial eta politikoetatik harago ere eman behar da euskararen berri "soziolinguistikoa": euskara zertan den, zer eta zergatik ari garen egiten eta euskal-komunitatearen ikuspegi sozial hori zabaldu nonbait.

Bistan da lehenengo lubakian dabiltzan horiek zeren aurrean dauden ulertu eta hari ekiteko estrategiak eta taktikak aurkitzen laguntzeko tresnak eta mapak eskertuko lituzketela, lubakitik inoiz irten ahal izateko besteak beste.

 

Sindikatu edukia