Marcoele aldizkarian Granadako Unibertsitateko Centro de Ciencias Modernas-eko José Plácido Ruiz Campillori elkarrizketa egin diote Gramatika kognitiboaren inguruan.
Emilio Quintanaren Caos Ordenado Relativo blogean aurkitu dut aipamena. Eta hariari jarraituta gramatikaren inguruko eztabaida interesgarri honetara heldu naiz Fernando Santamaríaren Gabinete de infórmatica blogean: Aprendizaje de idiomas.
Gaztelaniaren irakaskuntzako blogosferan ezagunak diren Emilio Quintanak berak, Leonor Quintanak eta Francisco Herrerak, besteak beste, han dihardute gramatikaren ikuspegi desberdinak gora eta behera.
Gai polemikoa duda barik gramatikarena, eztabaida bizia da momentu askotan, eta halako giroa dabilela sumatzen da ELEren munduan. Ez da txarra, ez. Irakasle komunitate bizia dabil hor, eta blogosfera hausnarketa didaktikorako tresna bikaina izan daitekeela frogatzen digute.
Hausnarketarako David Vidalen ¡Estratego! blogeko hau: No lo entiendo.
Eta Ruíz Campilloren aipua amaitzeko:
La gramática real no vive en los libros, sino en la mente de las comunidades que la usan, y cuando el uso real va en contra del libro de gramática, no es la realidad la que falla: es el libro que no es capaz de dar cuenta de ella.
Zer diogu HEAko miniblogosferako kideok?



Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Latza plazaratzen duzun gaia eta latza irakurri berri dudan eztabaida (lasaiago ibiliko ahal gara gure artean!). Historia (disoziazioaren historia) apur batekin hasiko naiz:
TEORIAKO LURRALDEAN
(Ni ez naiz bertako biztanle, barkatu ikuspegi okerra badut).
Hizkuntza deskripzioaren eskalada interesgarri bat ikusten da: fonema > hitza > esaldia > sekuentzia > segmento diskurtsiboak > testua. Gehienok, egia esan, kanpo-basea esaldian dugu eta lantzean behin ausartzen gara gorago jotzen baina zailtasun franko ditugu (ziur aski biderik ez, eta arrasto lauso bati jarraitzen diogulako).
Hizkuntzaren didaktikan ere antzeko eskalada izan da estrukturalismotik komunikazioan ardaztutako metodologietara: konstruktibismora... eta ez bakarrik hizkuntzaren didaktikan baita psikolinguistikan eta abarretan.
Zer gertatu da tartean?
Bada, fenomenoaren (hizkuntzaren ikaskuntzaren) konplexutasunean sakondu ahala, disoziazioa nabarmenagoa egin dela.
Begira, lehenago ikuspegi erredukzionista genuen: hizkuntza deskriba eta irakats daitekeen arau multzo bat da (gramatika), beraz, nahikoa dugu arauok sailkatzea (syllabusa) eta transmisio eraginkorra ziurtatzea (didaktika).
Oraingo ikuspegia askoz konplexuagoa eta osoagoa da eta paradigma berria ez dago guztiz egosita. Begira zer dioen kontu honetan aditu den Maria Pilar Alonso Fourcadek: "era askotako lan teorikoak izan arren, oraindik ez bagara ados jarri zertaz ari garen, esaldiaren mailaz goitiko forma eta funtzioez, eta beraz unitate linguistikoez eta gramatikaz edo izaera desberdina duten unitateez, ez da harritzekoa irakaskuntza jardueran ari diren irakasleek gramatika tradizionalak aukeratzea."
Bertan ageri zaizkigu lehenengo gorabeherak, hizkuntzaren didaktikari era multidiziplinarrean ekiten zaio eta salbuespenak salbuespen (Broncarten eskola...) disoziazioa argia da (lehenengo disoziazioa deituko diogu).
Eta tartean...
ENPIRIAKO LURRALDEAN
Ikas-irakaskuntzak eboluzioa izan badu ere, ez da nire ustetan esaten den bestekoa (azkenengo 10 urteez ari naiz), ebaluazio zehatzik egin ez den arren (bada garaia, gero!). Zertan ari dira irakasleak?
- Irakasle batzuek paradigma zaharrarekin lanean jarraitzen dute. Horren atzean bi arrazoi egon litezke: bata,bide berria argi ez ikustea (gogoratu Maria Pilar Alonsoren hitzak) eta nahiago izatea emaitzatxoak eman dizkien eskilara zaharra erabiltzea ikasleei gora egiten laguntzeko; eta, bestea, paradigma berria modu esanguratsuan , topiko batzuetatik haratago, ez ezagutzea (formazio-planen defizita).
- Noraezean dabiltzan irakasleak syllabus zaharrik erabili nahi ez eta berria oraindik egosi gabea dela ulertu ez, eta ahal dena, ataza bat beste baten atzetik, egiten dabiltzanak.
- Tarteko bideak bilatu dituztenak. Hemen ere bi prozedura ematen dira (mezu honen akuilu den eztabaidan argi eta garbi islatzen direnak baina nire ustetan kontrajarriak ez direnak): gramatika kognitiboa, funtsean gramatikaren erabileraren aldetiko esplikazio logikoa, komunikazio-tresna eta ikaskuntza-tresna, eta ez helburu, estatusa aitortzen diona; edota egoera komunikatiboa abiapuntu, gramatikaren funtzioen adierazpena egiten duena.
Argi utzi nahi dut tarteko bide hauek ez direla "disimulu", alegia beste molde batzuekin lehengoa egiten jarraitzea (horrelako asko dago).
Ikusten duzuenez hemen dago bigarren disoziazioa: Enpiria eta Teoriaren artekoa. Ohikoa izaten da disoziazio hau, historikoki eman dena, baina oraingoan ezaugarri berezi batzuk dituelakoan nago (Teoriaren barneko disoziazioek eraginda).
Eta bitartean ikasle jendea zer?
Porrot eskolar handiegia pairatzen badu ere, ikasi egiten du. Gaur egungo egoera ez delako lehengoa baino okerragoa. Apur bat despistatuta bada ere, bidean goazelako. Dena ez dugulako txarto egiten eta nola gertatzen den oso ondo ez badakigu ere badelako berezko ikaskuntza mota bat, irakaskuntzaren kanpo-syllabusaren antzera, edo ez, ikaskuntzaren barne-syllabusa (ikasleari berari dagokiona) eraikitzen duena (funtsezkoak honetan ikaste eta irakaste estrategiak).
Esan bezala, bidean goaz, gure trenaren erregai nagusia sen-didaktikoa dela (eskerrak!). Atzean utzi dugu Gramatikaren geltokia eta oraindik ez gara heldu Komunikazioaren geltokira (trenbidea egin barik dago edo ez da guztiz segurua). Ondo egingo dugu gramatika kognitiboaren edo besteren apeaderoan jaitsi (baina ez geratu), erregaia berritu eta egin beharreko bideaz apur bat hausnartzen badugu.