21
Ots
2007

Ikasgelatik plazara

Ikasgelatik plazara

Hizkuntzaren normalizazioari helduen euskalduntzetik heldu nahian. Bat aldizkariaren 62. zenbakian argitaratuta.

Helduen euskalduntze-alfabetatzea (HEA) hasiera batetik euskara normalizaziorantz eroango duen prozesuaren adarretako bat kontsideratu izan da. Izan ere, euskara inoiz Euskal Herriko hizkuntza “normala”eta “naturala” izango bada eta herri honetan maila guztietako hartu-emanetarako erabiliko badugu, hartarako behar diren baldintza politiko-administratiboak, hizkuntzarekiko jarrerak eta hizkuntz-eredu normalizatuarekin eta abarrekin batera, herritarrak hizkuntza arlo guztietan erabiltzeko trebatzea dugu zer eginetako bat da.

“Euskara irakastea ez da ingelesa irakastea” bezalako aldarriak botatzen dira inoiz gure artetik, ikaslea hizkuntzan trebatzearren ez ezik, hizkuntzari geroa ziurtatzearren ere gabiltza lanean. Helduen euskalduntze-alfabetatzea konbentzimendu eta proiektu kolektibo batetik abiatu da, eta proiektu horri erantzun behar dio. Nola integratu beraz hizkuntzaren normalizazioa hizkuntzaren irakaskuntzan? Artikulu honetan galdera horri erantzuteko bideen gainean hausnarketatxoa plazaratzen saiatuko gara. Ez da hausnarketa berria, baina bai, gure ustez, berriro ekarri beharrekoa. Ilintiari eragingo diogu, baina gar ona egiteko hango eta hemengo egurra ere beharko da.

Historia apurtxo bat

Helduaroan euskara ikasi duenik betik egon da seguraski, XVII. mendean Mikoletak zerbaitengatik emango zuen argitara Modo breve de aprender la lengua Vizcayna hura, euskara erabili beharragatik ikasi batzuek, jakinminagatik edo interes zientifikoagatik beste batzuek, bistan da euskararen egoera “normal” batek jartzen zuela jendea ikasten, eta ikasitakoa non erabili ez ziren kezkatuko.

XIX mendearen azken aldean euskara beste motibo bategatik ikasi zuten batzuk agertu ziren. “Gure hizkuntza delako eta gorde egin behar dugulako” edo horrelako zerbait erantzungo zuten orduan ikasteko motibazioaren inguruko inkesta batean Campionek edo Aranak adibidez. Hizkuntza ikasi eta bizia eman beharraz hasi ziren kezkatzen alegia, hizkuntza ordura arte bezain ondo sumatu ez, edo ordura arte ez bezala arduratzen hasi, eta asko konbentzitu gainera. Euskara ikasteko eskolen sare antzeko zerbait antolatzen hasi zen. Handik urte batzuetara “euskaldun berri” terminoa agertu zen. Eta euskadun berriok, gutxi-asko, euskararen erabilera publikoaren esparruan ere sartzen hasi ziren: literatura, hedabideak,... Hau da, ikasitakoa praktikan ipintzen hasi ziren arlo publikoan, eta seguruenik pribatuan ere bai. Espainiako gerrak Hegoaldean etena ekarri zuen arte.

1940-50 inguruan euskara ikasteko aukerarik bazen, urriak eta zailtasunez beteak. Hala ere, euskaldun berrien belaunaldi garrantzitsua agertu zitzaigun, autodidaktak asko eta hizkuntzari aurrekoak baino are atxekiago. Gutxi ziren, baina Krutwig, Txilardegi, Kintana eta enparauek gaur egungo euskalgintzaren oinarria ezartzen egin zuten lanaren pisua ez da azaldu beharrik ere. Nora bideratu zuten haiek ikasitakoa? Historiak berak diosku, hizkuntzaren geroaz biziki kezkatuta, hizkuntza duindu eta garai eta arlo berrietara egokitzeari ekin zioten: hizkuntzalaritzan eta literaturan jardun zuten adibidez, baina baita normalizazioak beharko zituen egiturak eta tresnak sustatzen ere: ikastolak, prentsa, kultur produkzioa,... gau-eskolak.

Haien eta besteren ahalegin horrekin 1960tik aurrera helduen euskalduntzea antolatzen eta zabaltzen hasi zen. Hurrengo hamabost urteetan helduentzako eskolak zabaltzen hasi ziren, ikasmaterialak eta tresnak hasi ziren egiten, eta ondorioz euskaldun berriak ere gero eta gehiago.

Baina, ordura arte bezala, euskara ikasten zuenak zaila zeukan ikasitakoa erabiltzea. Borondate eta motibazio handiarekin ere, marko juridiko-politikoak ez zuen laguntza handirik ematen batetik, baina bestetik, hizkuntza erabiltzeko esparruak gutxi eta urrunak izaten ziren askotan. Edo ingurune euskaldunetara joan, edo ernatzen hasita zegoen kulturaren munduan sartu behar zen: literatura, musika, irakaskuntza, hizkuntzalaritza,... Edozelan ere, euskaldun berri askorentzat ikastekoaz gainerako ahalegin handia berriro, motibazioarekin soilik konpentsatzeko zaila, hiri inguruneetan gehien bat.

Praktika jarduerak

Egoera hau nolabaiteko kezka sortzen hasi zen euskalduntzearen munduan, ikasle nahiz irakasleen inguruan. Honela bada, 1970en erdi aldetik aurrera euskara eskolez gainera ekimen berriak hasi ziren jorratzen. Alde batetik hizkuntza ikas-irakasteko ahaleginari fruitua bilatzeko asmoa zegoen, baina, aldi berean, ikuspegi pedagogiko hutsetik ere ikasitakoa erabiltzeko edo, hobeto esanda, praktikatzeko beharra nabaritzen zen, hau da, hizkuntza ondo ikasteko erabili egin behar delako ideia. Ideia hau ez zen (eta ez da gaur egun ere) berria inondik ere, Babelgoaz geroztik seguruenik gure espezieak beste hizkuntza bat ikasteko hau egin behar delako konbentzimendua dauka, eta lehenengo euskaldun berri asko praktika horren bila hasi ziren, dela nekazal mundura, dela literaturara, dela euskaldunen berriketei belarria ipintzera, dela mezatara…

Honela bada sasoi honetan praktikarako ekimen espezifikoak era antolatuan egiten hasi ziren, eta gaur egun arte iraun dute askok

  • Euskara praktikatzeko jarduera puntualak: irteerak, asteburuak, euskararen egunak, euskal-jaiak, kultur-emanaldiak, ikastaroak. Urteekin ekimen puntualak izatetik programetan antolatzera pasatu dira hainbat lekutan. Euskaldun berrientzako jarduera soziokulturalen programak sortu dira horrela, gehienetan bestelako jarduerekin integratuta: mintzalagun programekin (Zahar Berri, Egizu), edo euskaltegi batzuetako eskaintza didaktikoan txertatuta (Zilegi eskola Hernaniko AEKn edo Bilboko Gabriel Aresti euskaltegiaren tailerrak). Asko dira hala ere programazio soziokultural osagarria eskaintzen duten euskaltegiak.

  • Honekin batera, lehenengo mintza-taldeak agertu ziren, euskara praktikatzeko batzen ziren ikasle-taldeak ziren, astean behin-edo euskaraz leku baten edo aktibitate baten inguruan (txikiteoa, mendia, asteburua..) euskaraz jarduten zutenak. Mintza-praktika terminoa zabaldu zen sasoi honetan. Bada sasoi hartatik gaur arteko bidea egin duenik, Bilboko Lizardi Mintza-taldea edo Santutxuko Mintza-taldea adibidez.

  • Aurreko bi markoen artean kokatu daitezke euskal txokoak, ikasleen elkarteak edo ikasleen txokoak. Ez dira beti euskara ikasleei begira soilik antolatu izan, askotan erabilera sustatzeko ekimen orokorrak izan dira, gehienetan aisialdia eta kulturarekin lotuak. Antolatzaileen artean denetik topatzen dugu: euskaltegiak, euskara taldeak eta elkarteak, udalak,..

  • Baserrietan edo herri euskaldunetako familietan egonaldiak ez ziren gauza berria, hizkuntzaren ingurune naturalean eta jatorrizko hiztunekin egun batzuk pasatzea, euskaraz 24 orduz eta bere inguruan txertatuta. Euskara ondo ikasteko baserrira joan behar zelakoa erdi-mitoa bihurtuta zegoen ordurako. Hasieran norberak bilatzen zuen halako aukeraren bat, baina 1980etatik aurrera zerbitzu modura hasi ziren antolatzen. HABEk hartu zuen haren antolaketaren ardura urteetan eta gaur egun Urrats eta Ulibarri euskaltegien ardurapean dago zerbitzua..

  • Barnetegien loraldia ere sasoi honetakoa da. Barnetegiak alde batetik eskola denboraren trinkotzea bilatzen zuen, epe labur baten ikas prozesuan sakon murgiltzea, baina beste alde batetik, erabileran ere murgiltzea bilatzen zuen, bi arlotatik: eskola denboratik hara euskara erabili behar den gunea barnetegian bertan eratuta, eta bestetik, ikastaldea euskararen berezko inguru baten kokatuta. Gaur egun nahikoa estandarizatuta daukagu barnetegien eskaintza, urte osoan zehar gainera.

  • Ahozko hizkuntzaren esparrutik harago egin beharra ere nabaritu zen 1980en hasieran, hizkuntza idatzia ere praktikarako esparru interesgarria eta komenigarria da, eta euskara praktikatzeko literatura berria ez bazen ere, gogoratu Xabier Gereñoren liburuak adibidez, hizkuntza idatzia erabiliz praktikatzeko aukera beste erregistro batzuetara zabaltzearren Aizu! eta HABE aldizkariak agertu ziren, euskara ikasleei begira egindako hedabideak.

  • 1990etan sartuta, Tandem estiloko hizkuntzen elkartrukerako bikoteen ideiatik abiatuta, jatorrizko hiztunak eta hizkuntz-praktikariak berriketan jarduteko bikote edo talde txikietan batzeko ekimenak hasi ziren martxan. Donostiako Bagera elkarteak 1993an Mintzalaguna bataiatu zuen ideia, eta handik hona Euskal Herri osora zabaldu dira halako ekimenak, gaur egun, izen ugarirekin (Mintzalaguna, Berbalaguna, Mintzakide,...) halako loraldi batean daudela esan dezakegu. Aipagarria da ekimen hauen sustapena, lehenengo batean behintzat, euskaltegietatik kanpotik etorri zela, euskara elkarteeetatik hain zuzen ere, hau da, erabileraren esparruan lan egiten duten erakundeetatik. Seguruenik hau beste arloetako euskaltzaleen artean ere HEAren lana gizarteratzeaz ardura dagoen zantzua dugu.

  • Kolektibo espezifikoentzako praktika jarduerak ere agertu dira urteotan, gurasoentzako barnetegiak eta mintzalagunak, etorkinentzako berbalaguna, langileentzako mintza-tratuak, gazteentzako barnetegiak,...

Jarduera hauen arrakasta desberdina izan da unea eta lekuaren arabera. Edozelan ere ikasle askorentzat euskara hobetzeko ez ezik, hizkuntza eta haren inguruko munduarekin identifikazio positiboa eta harreman-sareak sustatzeko balio izan diete urteetan. HEAren munduan eta euskalgintzan oro har, hasiera batean behintzat, oso serio hartu izan ez baziren ere, azken urteotan aldaketa sumatu da, eta badirudi HEAko eta euskalgintzako gainerako erakundeek zein erakunde publikoek euren balioaz ohartu eta sustapen serioagoa garatzeari ekin diotela.

Hala ere, praktika jarduera hauetan hizkuntzaren normalizazioan aurrera egiteko hutsune batzuk sumatu daitezke :

  • Helburu pedagogikoa izan da nagusi gehienetan, hizkuntza erabiltzeko baino, hizkuntza lantzeko tresna modura ikusi dira. Egia da bidenabar harreman sareak, hizkuntz ohiturak eta identifikazio soziokulturala lortu dela askotan, baina ez dira normalizazioari begirako proiektu espezifikoak izan, horrela, “benetako” hizkuntz komunitatetik urrun geratu dira praktikariak askotan.

  • Jarduera hauetako askotan ikasle talde hutsak izan ditugu, edo esporadikoak izan dira. Ondorioz, zailtasunak egoten dira euskara erabiltzen duten harreman sareak finkatzeko eta zabaltzeko, edo euskararentzako esparru jarraiak finkatzeko. Era berean, ikasle askoren bizimoduan ikas-esperientziak edo une bereziak izan dira, gerora norberaren bizitzan integratzeko zailak suertatzen direnak. Horrez gain, aisialdiarekin edo bizitza soziokulturalarekin lotu dira sarri, norberaren bizitzaren arlo nagusietatik (familia, lagunartea, lana, harreman publikoak,..) urrun.

  • Helburu pedagogikoa duten arren, ikaslearen ohiko bizimoduarekin ez ezik, lotura falta nabarmena izan da jarduera didaktikoaren antolaketarekin ere. Eskola denboraren ekintza edo jarduera osagarri modura ikusi dira sarritan, edo programa paralelo modura kasurik onenetan. Ez da egoten ikaslea praktika esparru hauetarako prestatzeko ildo espezifikorik, edo praktika uneetako hizkuntz-esperientziez eskola denboran hausnartzeko lekurik programazioetan.

Azken puntu honek eskola jardunean zentratuko gaitu. HEAren aktibitate zentrala.

Klasetik

Euskalduntzearen fruitua euskararen geroratze-lanean txertatzeko praktika-jardueren on-gaitzak ekarri ditugu. Ekimen interesgarriak, eragingarriak, positiboak eta beharrezkoak dira duda barik. Baina euskaltegietan jarduera nagusia ikasgelan gertatzen da, eskola-denboran. Euskararen status eta erabileran nola eragin ahal dugu geuretik? Ez da galdera berria, eta erantzun batzuk egon dira dagoeneko.

Kontzientziazioa eta dibulgazioa

Helduen euskalduntze-alfabetatzean lehenengo momentutik ikasleak euskara ikasteko ez ezik hizkuntzaren egoeraz jabetu eta haren aurrean jarrera bat hartzeko ere ahalegin desberdinak egin dira. Era askotan, baina jeneralean estrukturazio handirik gabe. Hizkuntzarekiko lotura afektibo-ideologikoa eta askotan jarrera aktiboa sustatzea izan da asmoa.

Honetarako irakasleak diskurtso kontzientziatzailea zabaltzetik, kanpaina handietarako (Korrika,..) tartea daukagu. Hor erdian

  • Ikasmaterial batzuetan lantzean behin kontzientzia eta jarrerak lantzea xede izan duten aktibitateak

  • Ikasleak euskara erabiltzera bultzatzeko ere ahalegin batzuk egin dira: euskarazko produktuen kontsumoa sustatzekoak (irakurle kanpainak edo prentsa ezagutzekoak).

  • Konpromisoen sistema ere agertu da batzuetan, euskara une, leku edo pertsona batzuekin erabiltzeko ikasleak hartzen duena

Ahalegin handiak izan dira kasu askotan baina hobetzeko puntuak agertzen dira:

  • Mezua errepikatzera mugatu da sarritan, ez da asko sakondu.

  • Ikaslearen “kontzientziaren” gainean utzi dute pisu gehiena sarritan

  • Ekimen asko planifikazio eta jarraipen barik egin dira.

Motibazioa, giroa, taldea,...

Euskaltegietan ikasteko eskaintza taldeetan oinarrituta dago hein handi batean. Horrela bada, ikas-prozesua eragingarri egiteko taldea eratzea eta euskaltegian giro atsegina sortzea aspaldian azpimarratu da. Bestalde, kontziente edo ez, ikasleak euskararekin daukan pertzepzioa positibatzeko nahiz haren ikasteko motibazioari eusteko joera handia dago gure sektorean euskaltegian giro atsegina eta aldi berean euskaltzalea eskaintzeko. Dekoraziotik hasita aktibitate osagarrien antolaketara: irteerak, jaiak, kultur emanaldiak,... zabaltzen da ardura hau.

“Mintza-praktika”

Praktikaz jardun dugu lehenago, baina klasetik aparteko jarduera bezala. Hala ere, ikuspegi komunikatiboa zabaltzen hasi zenetik klasean bertan xede hizkuntza erabili beharraren ideia sano zabaldu zen: dokumentu errealekin lan egitea (idatziak nahiz ikus-entzunezkoak), eta, nagusiki euskara klaseko hizkuntza bihurtu behar zelako ideia errotu ziren. Irakaslearen klaseko diskurtsoa xede hizkuntzara ahalbait arinen ekartzen saiatzen gara, baita ikasleari klasean euskara erabiltzeko aukerak ematen ere. Mintza-praktikarako uneak ia programazio guztietan agertzen dira, gehiago mailen eskalan gora egin ahala. Ikuspegi metodologiko eta irakasleen jokaera ezberdinaren arabera praktika-ataza hauen uztarketa didaktikoa era batekoa edo bestekoa izan da: landutakoa praktikatzera bideratuak, praktika librerako une espezifikoak, sozializazioa,..

Gaur egun ere AOI bezalako ikuspegi metodologikoek hizkuntzaren erabileran jartzen dute ardatza. Erabilera dena dela, ez da ulertzen erabileraren sustapena bezala, klasean xede-hizkuntza “benetan” edo esanguran zentratutako atazetatik abiatuta ikas-prozesua antolatzeko era bezala baino.

Programazioetan une hauek txertatzea, praktika jardueretan bezala, gehienetan hizkuntza lantzeko beharrezko estrategia modura ulertu izan da, jariotasunari begira batez ere, baina euskaltegia horrela euskara erabiltzeko gune ere bihurtu da kasu askotan, euskara erabili zein euskal-mundua ezagutzekoa. Jarreretan zein harreman-sareetan nolabaiteko eragina eduki dela ezin da ukatu horrenbestez. Hala ere, gune zehatz horretan geratu izan da gehienetan, horrez gain, jarduera pedagogikotik bereizten zaila izanik, ez da normalizazioari begirako jarduera estrukturatu eta planifikatu modura ulertu izan.

Metodologia

Hizkuntza normalizatzeko hezkuntza munduan landu beharreko ildoen artean hizkuntza ikasteko eta lantzeko metodologia eragingarriaren beharra azpimarratu zen aspaldian. Zer esanik ez helduen euskalduntzeak ere bere egin behar duela ildo hori, emaitza akademikoei begira baino ez balitz ere.

Ez dugu orain emango helduen euskalduntzearen bilakaera eta aukera metodologikoaren berri. Era batera edo bestera eta arrakasta gehiago edo gutxiagorekin, ahalegina egin da betidanik jarduera didaktikoa hobetzeko, azken ekarpenak integratzeko eta, azken baten, emaitzak hobetzen lagundu ditzaketen bideak bilatzeko. Hizkuntzaren normalizazioa jardun pedagogikoan integratzeko esperientzietan zentratuko gara.

EBI edo Kulturgintza

1980en erdi aldean AEKn euskara ikastean ez ezik, klasetik hizkuntzaren berreskuratzean ere eragingo zuen ikuspegi metodologikoa landu zen. Esan daiteke HEAren barruan proposamen hau ikastea eta normalizazioa uztartzeko lehenengo saioa izan zela. Izen ezberdinak hartu zituen unearen arabera, AEK-k EBI (Ekintza Bidezko Ikaskuntza) izenarekin bataiatu zuen handik urte batzuetara, baina hasieratik ardatz zeukan kontzeptuaren izena erabili zen sarriago: Kulturgintza.

Ikuspegi honen oinarriak 1985ean argitaratu zen ELE aldizkariaren 1. zenbakian azaldu ziren. Funtsezko kontzeptua sasoian helduen hezkuntzaren munduko jardunbide aurrerakoi batzuetatik hartua zen, ikastaldeak eragile soziala izan behar zuen, ikastearekin batera ingurua eraldatzen lagundu behar zuen. Gure kasura ekarrita, gehien bat euskararen statusean nabaritzen zen beharra, euskararen presentzia edo irakaskuntza antidiglosikoa bezalako kontzeptuak erabiltzen ziren sarri.

Hau guztia kulturaren kontzepzio zehatz batetik zetorren, kultura mundua eta komunitatea eraikitzeko eta eraldatzeko ekinbide bezala ulertzen zen, kulturgintza aktibitate sozial eraikitzailea da beraz.

Ikuspuntu pedagogikoa eta normalizatzailea ardatz batean lotzen ziren horrela: “ekintza”. Ikuspegi komunikatibotik hizkuntz-ekintzaren ideia jasotzen zen, hau da, benetako komunikazio jarduerak antolatzea beharrezkoa da ikas-prozesua eragingarriago suertatzeko. Kulturaren pertzepzio horretatik kultur-ekintza kontzeptua zetorren bestalde, komunitatean eragiteko jarduerak. Horrela bada, jarduera horietan murgilduta, ikasleak hizkuntza ikasi eta hizkuntzaren normalizazioan eragiten du.

ELE 1 hartan agertu zen adibide bat azalduz saiatuko gara ulertarazten. Herri batean trafiko seinaleak erdara hutsez daude, ikasle talde batek seinale horiek itzuli edo Udalari itzultzea eskatu diezaioke gutun baten bidez adibidez. “Ekintza” honekin alde batetik benetako jarduera baterako hizkuntza erabili behar izanda marko egokia aurkitu dugu hizkuntza bera lantzeko. Bestalde, ekintza bera zuzenduta dago euskararen normalizazioan eragiteko, paisaia linguistikoan kasu honetan. Ekintza horren arrakasta beraz bi bidetatik ebaluatu behar da, ikaslearen hizkuntzan daukan eraginean batetik, eta inguruan daukan eraginean bestetik.

Programazio didaktikoak ekintza izan behar zuen ardatz horrenbestez. Hartara, ikas prozesua funtsean kultur ekintza baten prestaketa ziren 25 orduko zikloetan antolatzen zen. 6 urratseko mailaketa baten barruan urrats bakoitzean 4 ziklo zeuden, 24 guztira. Ziklo bakoitza gai baten inguruan antolatzen zen, eta gaiok familia eta kalea bezalako gai hurbiletatik historia eta kulturaren moduko gai kritikoetarako progresioan antolatzen ziren ikas-prozesuan. Edukiak syllabus nozio-funtzionalaren arabera antolatzen ziren, beti ere gaiari egokituta.

AEK osoan urteetan esperientzia ugari izan ziren honen inguruan. Kultur ekintza ugari burutu ziren, eta gaur egun ere, orduko sistematizazioarekin ez bada ere, bada lantzean behin programazio modu hori erabiltzen duenik.

Planteamendu honek urteekin deribazio pare bat izan zituen. Pello Jauregik ELE 6n markoa giza-talde naturaletara ekartzeko proposamena egin zuen. Nafarroako AEK-k ingurune hurbilaren kontzeptua erantsi zuen 1992 inguruan. Ingurune hurbila pertsonaren ohiko harreman-sareak direla esan daiteke: familia, lagunartea, lana,..

Zertan da hau guztia gaur egun?

Duela 20 urte EBI AEKren ildo didaktiko modura ezarri zen eta sistematikoki aplikatu. Esperientzia asko burutu ziren handik aurrera, baina urteekin, berriz, sistematikotasun hori galduz joan da, eta gaur aplikazioa lantzean behinekoa edo oso lokalizatua da. EBIren boteprontoko balantze batekin azaltzen saiatu gaitezke.

EBI AEK-k bere funtzioari buruz daukan ikuspegiaren isla izan zen. Helduentzako euskararen irakaskuntzan diharduen erakundea da, baina arlo hori euskararen normalizaziorako bidea den neurrian, AEK euskararen normalizazioan lan egiten duen erakundea baita. Irakaskuntza jarduera horretara era integralean bideratzeko ahalegin garrantzitsua izan zen EBI, eta zentzu horretan euskalgintzari egindako ekarpen gisa hobeto aztertzea komeniko litzateke.

AEK-k kezka agertu zuen une hartan hizuntzaren egoeragatik, 20 urte geroago dena halakoa ez bada ere, normalizazioarekiko kezka hemen dugu oraindino. Kezka hartatik abiatuta etorri zen fruitua ez bada, kezkari heltzeko bidea ez da inondik inora baztertzekoa. Irakas-jardueratik normalizazio prozesuan nola eragin galdera hura bera etengabe planteatuz adibidez.

Ebaluazio sistematikoa falta izan zuen EBIk, emaitzak eta egokitzapenak. Hori izan daiteke egin ziren hutsuneetako bat. Hala ere, balantzeetan esperientzia positiboak ere aipatzen dira, gaur egun akaso berriro aztertzea mereziko luketenak.

Hutsuneak aitortu ditugu, hutsunerik izan zen eta, gaur predikatzen dugun modura errore haietatik asko ikasi dezakegu. Esan bezala, ebaluazio sistematikorik izan ez bazen ere, zertzelada batzuk zirriborratzen saiatuko gara:

  • EBI programa-eredu zurrunegia zen nonbait. Oso jardunbide estua ipintzen zien irakasleei, eta zaila suertatzen zen beti horrela programatzea eta elementu guztiak uztartzea. .

  • EBIren oinarriak garatu behar zituzten irakasleek zailtasun ugari aurkitzen zituzten. Ideia eta eredu berri asko pilatzen ziren, bai alde didaktikotik (ikuspegi komunikatiboa), bai normalizazio-lanaren aldetik (ikuspegi soziolinguistikoa). Ahalegin handia egin zen arren, gauzak mamitu eta aplikatzea zaila suertatu ohi zen.

  • Irakasleari normalizazio eragile papera eman nahi zitzaion, baina alde horretatik hausnarketa eta formazioa urria gertatu zen seguruenik. Bestalde, euskalgintzaren planifikazio lokal edo global batean kokatuta norabidea argiago egongo zen agian.

  • Ikasleari eragile aktiboa izatea eskatzen zitzaion oro har. Errealitatean ostera, berauen disposizioa eta jarrera ez ziren sarritan hala suertatzen. Bestalde, taldea zen ardatza, ikasle bakoitzaren interesak, jarrerak, beharrak eta aukerak haren menpean jarrita.

EBIren hutsunea ez, baina normalizazioaren gaineko hausnarbide hura baztertuz joateko arrazoi suertatu zen 1990en amaieran agertu ziren ekarpen didaktiko berriak, gerora HABEren HEOKen plazaratu zirenak eta sektore osoan eragina izan zutenak. EBI neurri handi baten haietako batzuetan aitzindari izan zela esan badaiteke ere, lana hizkuntzaren pedagogian zentratuz joan zen sasoi hartan.

Gaur egungoak

HEOK

1999n HABEk Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua plazaratu zuen. Oinarrizko curriculum honek azken urteetako ekarpen pedagogikoak jasota helduen euskalduntzeari marko berria ezarri nahi izan zion. Legezko dokumentua izanda, epe baten barruan EAEko euskaltegi guztiek haren gainean euren Euskaltegiko Kurrikulu Proiektua (EKP) eraiki behar izan zuten. Nola ikusten du HEOK honek normalizazioa? Alderdi soziokulturala atalean (27 orr.) aurkitu dugu zerbait:

Gauza jakina da, gainera, euskaltegiaren zeregina garrantzizkoa dela euskararen eskurapenean, baina ez bakarra. Euskaltegitik kanpoko eguneroko jardunean osatu behar du ikasleak euskaltegiko lana. Giro erdaldunetan, ordea, aukera hori oso murritza denez, euskaltegiaren esku gelditzen da egoera normal batean nolabait gizarteari edo inguruari dagokion zeregina. Horrela, ahalegin berezia egin beharko dute irakasleak eta euskaltegiak, inguruneak ikasleari eskaintzen ez diona eskaintzen: euskara ikasteko eta erabiltzeko aukera.

Inguru erdaldunetan euskaltegiak erabiltzeko aukera eskaini beharra aipatzen da, gizarteak eskaintzen ez duen kasuetan. Baina hori euskaltegiak berak bakarrik egin beharreko lana da? Ala horretarako planifikazio baten parte izan behar du?

Motibazioarekiko ardura era plazaratzen da, baina irtenbide argirik eskaini gabe:

.. Baina oraindik euskal gizartean ez da beharrezko euskara jakitea eta lehen aipatu diren behar horiek maila sinbolikoan geratzeko arriskua dute. Honek guztiak, esan bezala, eragina du ikasteko motibazioan eta, ondorioz, emaitzetan.

Alderdi soziokulturalaren aipamena ere hor dago, euskararen dimentsio kulturala,

Hizkuntza ikastea ez da hizkuntza honen zeinuez jabetzera mugatzen; horiek bere barnean daramatzaten eduki kulturalak ere bereganatzea eskatzen baitu. Kultura ere ikasten da hizkuntza bat ikastean. Kultura ere badelako hizkuntza: errealitatea ikusteko eta erabiltzeko baliabidea. Beraz, euskara irakastean, euskal kultura ere irakasten ari da irakaslea.

Aurrerakuntza izan daiteke identitatea eta euskal munduaren ezagutzari atea irekiz, baina aldarri honek seguruenik hizkuntzen irakaskuntzan urte haietan zabaldu zen “eduki soziokulturalak” kontzeptuarekin lotuago hizkuntza minorizatuen normalizazioarekin baino.

HEOKek beraz ez dio bide argirik zabaltzen gure kezkari. Euskaltegiak normalizazioarekin daukan ardura onartzen du, baina estrategia zehatzik proposatu gabe. Neurri batean, euskaltegi edo sare bakoitzaren esku geratu daiteke honen garapena. Ez ditugu EKP guztiak ezagutzen, eta ez dakigu berorietan estrategia zehatzagorik plantzeatzen denentz, baliteke, baina plazara behintzat albiste gutxi heldu da azken urteotan.

Zer orduan?

Hasierako galderara gatoz bueltan. Ez da erantzuten erraza, eta seguruenik erantzun bakar-zehatzik ere ez da egongo. Dena dela, norberarenak botata, beste norbaiti -buelta emateko baino ez bada ere- buruan hausnarketa pizten badio eta trena martxan ipintzeko era izan ahal bada ausartu egin beharko dugu.

Non eragin? Objektua definitu

Hizkuntzaren normalizazioan eragin nahi badugu hau da lenenengo galdera, galdera kurrikularra nonbait: Zer da normalizazioa eta zer lortu nahi dugu? Baliteke alferrikako galdera dela pentsatzea, baina nago gutariko askori ez litzaigukeela erraza egingo azalpen argia ematea. Zer esan nahi da azken batean? Curriculumetan hizkuntza zer den ondo definitzen saiatzen garen modura, geure hizkuntza nola egotea nahi dugun ere zehazten saiatu beharko dugula.

Honek inplikazio argia dakar, hizkuntzaren pedagogia ez ezik, normalizazioaren ingurukoak ere landu beharra dagoela, eta horretarako seguruenik laguntza behark du HEAk.

Nondik eragin?

“Non gaude?”edo “Non egiten dugu lan?” izan daitezke galdera honen sinonimoak. Helduentzako hizkuntzaren irakaskuntzan dihardugu, eta hori da geure abiapuntua, gainera geure jardunak esparru geografiko eta sozial baten kokatzen da.

Euskalgintzan daukagun funtzioa helduak euskara erabiltzeko trebatzearekin dago lotuta eta horren profesionalak gara azken baten, lanari beraz marko horretan eman behar diogu zentzua lehenengo eta behin, gogoz eta ilusioz bada hobeto, baina geure lanean intregratzeko ahaleginarekin.

Nola eragin?

Aurreko historia guztiak nire ustez, gauza bat utzi du argi, eragiteko erak ugari dira, baina inportantea da uneoro “eragingarriena” den bidea bilatzea. Eragingarria azken helburua hobetoen betetzen duena bada, lehenengo eta behin lortu nahi den helburua ezartzea komeni da. Eta normalizazioaz ari bagara eta horri begira jardun behar badugu, jardunaren antolaketan isla eduki behar du. Hau da, helburuen eta edukien formulazioan hori aintzat hartu beharko litzateke. Beharbada, lehenengo pausoa ikasleak lortu beharko lukeen gaitasunarekin batera, zer nolako jarrerak lortu eta erabilera esparruetan nola eragin nahi genukeen ere planteatu beharko genuke. HEOKek planteatzen duen “paradigma aldaketari” beste buelta bat, alegia. Nola adibidez?

  • Programen disenuan helburu horiek formulatu, edukiak zehaztu, horretarako estrategiak aukeratu eta ikastaroan zeharreko progresioa diseinatuta. Hau da, gure programetan normalizazioari begirako ildoak zabaldu. AEKn une honetan ikertzen ari garen gaia da hau.

  • AOI bezalako ikuspegi metodologikoak darabilen erabilera kontzeptu horri beste buelta bat emanda erabilera hori, atazak, klasetik kanpora proiektatuz. EBIk egin zuen antzera, baina ikuspegi zabalago batekin nonbait.

  • Ekintza eta aktibitate soziokultural osagarriak gure programazioetan sartu eta berton garatu.

  • Gure eskaintzak normalizazio prozesuaren beharrei nolako erantzuna ematen dien aztertu eta hartarako egokitu. Honek gure inguruan normalizazio planei adi egotea edo normalizazio planak sustatzea dakar.

  • Ikasleak/hiritarrak normalizazioaren ondorioz eduki ditzakeen beharretara programak nahiz eskaintza bera egokitu. Trebakuntzaren kontzeptua zabaltzen hasi zen aspaldian, beharbada hori da arlo askotarako behar dugun enfokea.

  • Orain arteko bideei eutsi, baina ahal den neurrian hobetu:

    • Praktika jarduerak erabilera esparru iraunkorrak sortzera bideratu: guneak, harreman-sareak,... erabiltzeari praktikatik haragoko esangura eman. Ikas-jarduerarekin integratu. Hiztun komunitatea osatzera eta handitzera bideratu, ez euskaldun berrien txokoak sortzera. Formatu eta aplikazio esparru berriak landu: lan-mundua, familia,..

    • Aktibitate osagarriak eta girotzea euskaltegitik harago zabaldu.

Zer eskatzen du honek?

  • Euskara irakasleari eta HEAri oro har hau guztia lantzea eta bertan sakontzea: tresnak, formazioa, ikerketa…

  • Euskaltegien artean eta euskalgintzako beste erakundeekin kolaborazio gehiago plan eta programa globalak arrakastaz burutu nahi badira.

  • Normalizazioaren gainean etengabeko hausnarketa, ikerketa, esperimentazioa eta komunikazioa.

  • HEAren finantziazio eta modulazio-marko estua gainditu. Ikas-jardueren antolaketa ratio baten barruko ikastaldeetara nahiko mugatuta dago. Trebakuntza garatzea seguruenik eskaintza indibidualizatuagoa eta modularragoa eskatuko digu. Irakaslea-taldea-gela eskema ez da beti honetarako egokia izaten.

Ondorioak-edo

a.

Euskara i(ra)kastea bera ere euskararen alde asko egiteko modua izan daiteke.

b.

Helduen euskalduntzeak funtzio argia dauka normalizazioan, baina bere jarduera horretara begira jarri behar du, eta horretarako bere lana euskalgintzaren barruan ondo integratu behar da.

c.

Erabilera sustatzea eta praktika sustatzea ez dira nahastu behar. Praktikak erabilerarako bidea egiten laguntzen du baina ez da hor amaitzen.

d.

Normalizazioari begira lan egin nahi bada, komenigarria da lehenengo eta behin zer nahi dugun ahalik eta hobetoen zehaztea, eta bigarrengoz hori lortzeko bidea antolatzea.

e.

Euskara irakasle askok pentsa dezakete aparteko saltsetan sartu barik, jarduera didaktikoan zentratuta ikasleak euskara ondo menperatzea lortuz gero horrela ere ekarpen handia egiten zaiola normalizazioari, eta halaxe da, baina, nahi izanez gero, aurrerago ere joan daiteke.

Beharrezko hausnarketa eta lanketa baterako akuilua izatea baino ez da izan asmoa. Beraz, hau dena osatzera, kritikatzera, lantzera edo zuzentzera datorren guztia ongi etorria izango da, gure lanari zentzua ematen dionari buruz ariko baikara.

Autokomentarioa

Karrajua-(e)k 2007, Maiatza 5 - 02:04-(e)an bidalia.

Norberak egin beharko du lehenengo kritika. Eta norberarengandik hastea onena. Orain irakurrita, ez naiz pozik geratu artikuluarekin. Idazkerarekin gehien bat. Nahastosoa geratu dela begitandu zait. Igual berton berridatziko dut. 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia