06
Mai
2006

Praktika jarduerak: kokapena eta lehenengo hurreratzea

AEKren barruko hausnarketa baterako prestatu nuen zirriborroa. Praktika jarduerak kokatzen eta definitzen saiatu nintzen. Mintzalagunak indarra hartu duten honetan ekarpen teorikoa egiteko ahalegina. Lehenengoko burutazioak dira, hausnarketa eta erabakiak bideratzekoak.

Euskara ikastea eta erabiltzea

Erabileraren ikuspegi bi:

  • Hizkuntza erabili behar da ondo ikasteko. Hizkuntza jakitea hizkuntza erabiltzeko gaitasuna eskuratzea da azken baten. Hori lortzeko jarduera pedagogikoan hizkuntza erabiltzeak garrantzi handia eduki edo metodologiaren ardatza izan behar du (AOI, prozesuzko programak, ...). Horrezaz gainera, programatutako jarduera pedagogikotik aparte ere ikasleari hizkuntza horren erabilera esparruetan murgiltzeko aukera ematea komenigarria da: barnetegiak, hizkuntza erabiltzen den herrietako egonaldiak, hizkuntza horren bidez burututako egitasmoak eta jarduera soziokulturalak,...
  • Hizkuntza erabiltzeari begira irakatsi behar da. Gure helburua: euskararen egoera normalizatzea bada horren barruan erabilera areagotzea dago. Hizkuntza normalizatu beharreko egoera baten hizkuntzak eskuratu beharrek funtzio sozialak betetzeko trebatu behar da ikaslea, eta funtzio sozial horiek betetzea sustatu, hau da, ikasi-berriak erabiltzera bultzatu. Beraz, azken helburua hizkuntza erabiltzen trebatzea da, ez hizkuntzaren mekanismoak ezagutzea soilik.

Ikuspegi biak dira baliagarriak azken baten biek erabileraren sustapenean eragiten dutelako, eta kontrajarriak ez direlako.

 

  • Hizkuntza "praktikatzea" erabiltzea da. Erabileran eragiteko modua.
  • Hizkuntza erabiltzea ikasteko ia (?) ezinbesteko baliabidea da.

Lehenengo ondorioak

Hizkuntza normalizatzeko ezinbestekoa da hizkuntzaren esparru geografikoko biztanleak hizkuntza hori erabiltzen trebatzea. Helduen euskalduntzeak horretan dihardu hain zuzen ere, eskola mundua, famili-transmisioa eta beste hainbat eragilerekin batera.

Horrez gain, normalizazioari begirako langintzan erabilera sustatzeko lana ere ezinbestekoa da, hortik, era bateko edo besteko planifikazioarekin hainbat egitasmo, ekimen eta jarduera sortzen dira.

Edonola ere irakaskuntza/transmisioa eta erabilera planen artean beste arlo bat agetzen zaigu, tarteko arloa: murgiltze edo praktika jarduerak, hau da, helburu pedagogiko batekin burutzen diren erabilera jarduerak. Hizkuntza erabiltzearen bidez hizkuntza hobetzea helburu dutenak. Helburu pedagogikoa izaten da nagusi, baina aldi berean erabilera (eta estatusa ere bai) sustatzen laguntzen dutenak.

Praktika jarduerak

Helburuak

 

  • Komunikazio gaitasuna hobetzea erabilera esanguratsuaren bidez.
  • Eragin esparruko euskararen erabileran eragitea.

 

Erabilera esanguratsua: hizkuntza giza jarduera baten funtzio zehatz baterako erabiltzen da, hau da, hizkuntzaren erabilerak benetako esangura dauka, (testuingurua, funtzio eta asmo komunikatiboa, hartzailea, kanala,...) eta ez da forman fokalizatzen.

Praktika-jardueren ezaugarriak

 

  • Helburu nagusi hizkuntz gaitasuna hobetzea dute. Hizkuntza ikaslea dute lehengo xede nonbait.
  • Hizkuntzaren erabilera esanguratsua gertatu behar da. Ez dira zentratzen hizkuntzari buruzko hausnarketan eta lanketan. Ez dira irakaskuntza-jarduera hutsak.
  • Jeneralean Helduen Euskalduntzetik sustatu izan dira jarduerok. Ez beti, baina euskaltegien parte hartzea eskatzen dute.
  • Praktika jarduerak eta erabilera sustatzeko egitasmoak ez dira arlo independienteak eta inkonpatibleak, baina ezaugarri desberdinei ematen diete indarra.

Praktika jarduerak

Erabilera planak

Helburu nagusia

Gaitasun erlatiboaren hobekuntza. Pedagogikoa

Hizkuntzaren erabilera zabaltzea esparru baten. Hizkuntz ohituretan eragitea. Soziala

Xede taldea

Hizkuntza ikaslea (aurreratua?)

Hiztun konpetentea

Bezeroa-sustatzailea

Euskaltegia / Euskalgintzako erakundea / erakunde ofiziala,...

Erakundea / Euskalgintzako erakundea,.../ Administrazioa,.... (euskaltegia ez)

Jardunbidea

Komunikazio sare berriak sortu

Interakzioaren garrantzia

Finkatutako sareetan ohiturak aldatu edo sortu

Praktika-jarduera desberdinen zerrenda

 

  • Praktikarako modulazioa: mintza-praktika eskolak, ...
  • Mintza-taldeak eta praktika komunitateak
  • Mintzalaguna eta solas-taldeak
  • Ikasi berrientzako jarduera soziokulturalak (ikastaroak, irteerak, jarduera ludikoak,..)
  • Egonaldiak famili-inguru euskaldunetan
  • Euskarazko jardueretan, sareetan edo egitasmoetan integratzeko egitasmoak
  • Barnetegiak
  • Euskaltegietako aktibitate osagarriak.
  • Berariazko emanaldi sozio-kultural publikoak.
  • Berariazko hedabideak eta produkzio kulturala (aldizkariak, literatura, webguneak,..).
  • Ikasi berriek burutzeko egitasmoak eta lanak.

Jorratu bako arloak, ideia posibleak edo jorratzen ari diren arlo berriak

  • Lan mundua eta lanerako formazioa.
  • Etorkinen integrazioa
  • Familia transmisioa (euskara ikasten ari diren gurasoak)
  • Talde naturalak
  • ...

Praktika-jarduerak ebaluatzeko/lehenesteko irizpideak

Zeintzuk dira horrelako jarduerak aukeratzeko, bilatzeko edo lehenesteko jarraitu beharreko irizpideak?

  • Gaitasun erlatiboaren hobekuntza
  • Jarraikortasuna eta etorkizuna
  • Sare sozialak sortu/zabaldu
  • Hiztun konpetenteekiko elkarreragina eta harremana
  • Eragin soziala: hizkuntzarekiko jarrera, zabalkundea,...
  • Zabalkundea: jende kopurua, eragin-esparrua,...
  • Bideragarritasuna
  • Baliabide-emaitza erlazioa
  • ...

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia