Blogak

29
Mar
2012

Iñaki Uribe HABEko Zuzendariari gutun irekia

Zuzendari jaun hori:

Etsipenez, ezen ez harriduraz, zoritxarrez, irakurri ditut zure hitzak Argia aldizkariko 2.317. alean. Laster langintza honetan 30 urte beteko ditudanez eta urte hauetan guztietan HABEren pean lan egin dudanez, hartu dut beta iruzkin batzuk egiteko, gaizki ez baderitzozu.

Diozu: "Partaidetza handia izan da; barruko teknikariek, euskaltegiek, irakasleek eta ikasleek hartu dute parte. Denei galdetu zaie zer aldatuko luketen, hori izan da abiapuntua." Jakin beharko zenuke partaidetza handia izatea ez dela, berez, ezeren bermea: hainbesteri galdetzea alferrikakoa gerta liteke hainbeste horien erantzunetan islatutakoa kontuan izaten ez bada. Bestalde, aukera anitzeko galderen eredua egokia da oso dauden erantzunen artean aukeratzeko. Daudenen artean.

Diozu: "Besteak beste, HABE dena agintzen ari zela ikusi genuen, dena erregulatzen eta arautzen euskaltegiekiko." Ez naiz oso abila hitzen bigarren zentzua harrapatzen, baina esango nuke iradoki nahi duzula orain bestela jokatzen duela HABEk, orain ez duela "dena agintzen". Ez dut adibiderik jarriko, hau irakurriko duen edozein euskaltegi-irakaslek jarriko lizuke sorta bat, baita sorta bat sorta ere.

Diozu: "Udal euskaltegietakoak funtzionarioak dira, nolabait esateko" eta beherago "Euskaltegi pribatuetan irakasle denak ez dira finkoak". Pentsatu nahi dut hau ez duzula asmo txarrez esan, baina, ezjakintasuna kenduta, ez zait beste arrazoirik bururatzen neurri honetako arinkeria esateko. Udal Euskaltegi gehien-gehienetan ez dago funtzionariorik, bat ere ez. Eta zin dagizut Udal Euskaltegietan irakasle "ez finko" asko eta asko dagoela, batzuetan kontratu eta lan-baldintza lotsagarrietan. Eta HABE, Zuzendari jaun hori, horren jakitun da.

Diozu: "On-line ikastaroek, beharbada, ikasgelako ikastorduak murrizten lagunduko digute". Ederto! Ados! Baina galdera bat: Nora joan dira "talde mistoak"? Non daude, zein larretan?

Diozu: "On-line sistemak arazo oso inportantea dauka, mintzapraktika gutxi egin daiteke." Hemen ere ados, hoba ez! Beraz, ulertu behar dut hemendik aurrera online ikasleei mintza-saio eta tutoretza ordu gehiago eskaini ahal izango dizkiegula, ezta? Bai, ezta?

Diozu: "Problema da adin batetik aurrera oso zaila dela hizkuntza ikastea. Ondo aztertu behar da. Batzuetan pentsatzen dugu alferrikakoa dela irakaskuntza mota hori."  Elkarrizketa honetan diozuzan arinkeria guztietatik hauxe begitandu zait larriena, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeko Zuzendariaren ahotik atera delako batez ere. "Loro viejo no aprende a hablar" esan zuenari arrazoia ematen helduen euskalduntzeaz arduratzen denak; hamaika ezezik, hamabi ere ikusten ari gara, baiki. Zer nahi duzu esatea, ikusi ditut nik euskaldundu diren helduak eta ez bat eta ez bi. Baina, tira, zeuk ere jakin zenezake horrenbeste.

Besterik gabe, eta esan dudan guztia ezerezean galduko den uste erabatekoan, agurtzen zaitut.

Josu Lezameta, euskara irakaslea.

25
Mar
2012

Kazetarien gremioari

Lehengo egunean urtetik urtera topatzen duzun senide horietako batekin juntatu nintzen, eta badakizue, halakoetan norberaren bizimodua, umeak, lana eta abarren partea elkarri ematea izaten da ohitura.

Umea dauka senideak, hamar urte ingurukoa, eta jakinda ni zertan nabilen "umea euskaltegian daukagu, HABEra joaten da" kontatu zidan. Umearen adina jakinda eta euskaltegiaren jabea entzunda "HABEra? Nora ba?" galdetuko nuela suposatuko duzue.

Alderdi politiko baten egoitzaren izena izan zen erantzuna. Umeei klaseak ematen dizkien euskaltegi edo akademia modukoa dago bertan. Bilbo inguruan behintzat aspaldian dira ezagunak alderdi horren ingurumarian antolatzen diren euskara-klaseak.

Suposatuko duzue gaizki ulertua argitzen saiatuko nintzela: "Ez, hori ez da HABE", "Hori X da", "HABEk helduen klaseak kudeatzen ditu, 16 urtetik gorakoak", "Horiek ez daukate zer ikusirik HABErekin orduan", eta "gainera, HABEk ez dauka euskaltegirik", "euskaltegi asko daude, baina HABErenak ez", "HABEk diru-laguntzak kudeatzen ditu eta horrela, Gasteizko gobernuaren erakunde bat da, baina eurek ez dute klaserik ematen", "euskaltegi publikoak eta pribatuak daude, HABEk batzuk homologatzen ditu, gureak, AEKrenak adibidez", "Nik AEKn egiten dut lan, baina beste "enpresa" batzuk daude, hemen inguruan X, Y eta Z dauzkazu adibidez" eta abar.

Senideak baiezko keinua egin eta ulertu zuela ulertarazi zidan, pertsona ikasia da eta ez nuen dudarik egin. Gure mundu honi arreta handirik ez dio ematen eta segurutik euskaltegien eta oro har euskararen irakaskuntzaren inguruko topiko zabalekin geratuta egon da, hainbat eta hainbat bezala.

Onartu beharra dago agian helduen euskalduntzearen ingurumari osoan ez diogula arreta eta ahalegin berezirik eman izan geure who's who hori herritarren eremu zabalenera hedatzeari, edo ez dugula asmatu behinik behin. Baina ez da erraza izango gure asmoekin, lanarekin edo hizkuntzarekin interes edo erlazio hurbilik ez duten askok eta askok horretaz jabetzea eta arreta ematea bestalde.

Okerragoa da berriz guretik gertuago dauden, eta gure berri izan eta ematearen ardura duten kolektibo batengandik honelakoak etortzea:

Aste honetan berton jasoak bi hauek:

Klase gehienak eguerditan izaten dira HABE eta AEK-ko euskaltegietan

Bilboko dendariak bezeroari begira (Argia)

HABEko euskaltegietan, ikasleen laurdenek 16-20 urte dituzte

Isabel Zelaa EAEko Hezkuntza sailburuari elkarrizketa Berrian  (kazetariaren galdera).  

Kasu honetan HABEko eta HABEren arteko ñabarduraz konturatuta idatzi du kazetariak agian, baina edonola ere anbiguotasuna geratu dela esango nuke.

Bide batez, Zelaa sailburuak galdera horri erantzundakoak ez du argitzen lagunduko, ez:

Edo segitu nahi dutela, edo hobetu. 400.000 ikasleri buruz ari gara, eta HABEra joaten direnak proportzio txikia dira. Gure sisteman ondo funtzionatzen du euskarak.

Ez dira lehenengo kasuak izan. Duela gutxi Twitter-en oharra egin zuen @jozulin-ek Argiaren erreportaje honetan irakurritakoaren harira.

Eta aspaldiago, duela ia lau urte, hemen berton bota genituen batzuk Radio Euskadin entzundako batzuen ondorioz.

Euskal Herriko kazetariekin ez dut senide batzuekin bezala urtetik urtera jesarri, kafea hartu eta berriketan jarduteko zorte hori, baina bazkalostean familia artean eman nituen azalpen horiek guztiak kazetarien eta komunikatzaileen gremioarekin ere konpartituko ditut hemen plazer handiarekin.

Argazkia: Titulu barik. Egilea: hitzak_soberan. Lizentzia.

23
Mar
2012

Dekretuak eta ebazpenak

Hiztegi juridikoa praktikatzen eta ikasten da gure sektorean aspaldian: ebazpena, xedapena, dekretua... Urtero halako pare baten edo gehiagoren pentsuan ibiltzen gara hain zuzen ere, ohikoak izaten direnak (diru-laguntzak, azterketak...). Lantzean behin zerbait berria dakarren baten bat edo dena hankaz gora ipintzen duenik ere izaten da ordea.

Eta etorri dira halakoak azkenotan:

Martxoaren 2an otsailaren 13ko bat etorri zitzaigun (hiztegi juridikoa ikasten gabiltza, baina denbora-paradoxa juridikoen jabe izateak goragoko maila bat eskatzen du). Urterokoa, HABEren azterketak nolakoak izango diren arautzen dituen ebazpena. Nobedadea han: ulermena eta irakurmena neurtzen dituzten probak euskaltegian bertan egingo direla-edo dio ebazpenak.

Interpretazioak, nahasteak eta saltsak ekarri ditu honek hasiera batean. Gerora neurriarekin pozik agertu dira euskaltegi batzuk. Euskaltegien lanaren eta gaitasunaren onarpena da haien iritziz. Beste euskaltegiek ez dute oraingoz iritzirik plazaratu honetaz. Ahots kritikoren bat entzun da ordea, eta interesgarria izan daiteke argudio eta jarrera desberdinak entzun-irakurtzea agian.

Nik neuk ez dut uste neurri honek berez aparteko ezer dakarrenik. Orain arte ekarri behar zuenetik aparte. Beste kontu bat da azterketak, zertifikazioak eta kristo hori guztia nola ari den gure jarduna baldintzatzen. Agian hor dago gakoa, ez probak euskaltegian, BECen edo San Mamesen egiten diren.

Bigarren bat ere etorri da. Ez dut honen erreferentzia juridikorik aurkitu, HABEren mezu telegrafiko bat baizik.

2012 urtearen barruan ez da egongo dirulaguntza-deialdirik, Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuetan ez baita horrelakorik jasotzen.

2013an HABEk dirulaguntza-deialdi hauek berreskuratzeko ahalegina egingo du.

2013ko aurrekontuetan aztertuko da 2012an HABEren mailaren bat gainditzen duten ikasleek dagokien dirulaguntza eskatzeko aukera izatea.

Bai, aurten euskaltegian ikasten dutenek ez dute matrikulan ordaindutakoa konpentsatuko dien diru-laguntzarik jasoko HABEtik. Matrikulan gastatutakoa hortxe joan da, gainditu zein gainditu ez. Euskaltegi pribatuek zerbait esan dute honetaz, hala jaso dute lehen ekarri dudan albistean.

Deigarria egiten zait, euskara ikastea garestiagoa izango da, eta ez da apenas ezer esan honetaz. Eta esango nuke euskara ikasi nahi duenarentzat oztopo eta faena handiagoa dela hau aurreko guztia baino. Faena ederra.

Proben eta azterketen basoko arbolen artean galdu da hau nonbait. Edo euskalgintzari oro har aplikatu zaizkion murrizketen basoan beste arbola bat baino ez da izan, baina ez garrantzi gutxiagokoa.

Eta gaur etorri zaigu hirugarrena. Aspaldian iragarritako filmaren estreinaldia: hezkuntza sisteman euskaraz ikasitakoei euskara agiria konbalidatzeko dekretua iragarri dute Zelaak eta Urgelle-ek.

Apirilaren 3an jarriko da indarrean eta 2008ko apiriletik aurrera ikasketak burututakoei aplikatuko zaie.

Iragarrita aspaldian, eta polemika ere ugari ekarri du, euskalgintzan oro har. Kontrako argudioen artean bat nagusitu dela esango nuke: hezkuntza-sistemak une honetan ez du ikasleen euskara maila egokia bermatzen, ez ikasketa ertainetan ez unibertsitatean.

Euskaltegien aldetik mehatxu modura ikusten da gehien bat. Agiria automatikoki eskuratuko duten pertsona horiek guztiek ez dute euren euskara maila hobetzeko euskaltegietara jo beharko, eta horrek ikasleen galera ekar dezake.

Honen harira interesgarriak IKAko Jon Zabala eta Mailu Lasateren hitz hauek, Argiako erreportaia honetan jasotakoak.

Bost urtean %30eko ikasle galera izango dugula. Plan estrategikoak dio hori, EAEko euskaltegiez ari dela. Zerk eragingo du jaitsiera? Besteak beste, dekretu zirriborro honek, hau da, hainbat lagun agiriak aurkeztetik salbuesteak. Bestalde, hor da beti krisia. Ekonomia. Gure galdera zera da: %30eko galera izango omen dugu ikasleetan. Hori horrela gertatuko da, ala hori gerta dadin bideak jarriko dira? Azken finean, egiten den hizkuntza politikaren gorabeheran dago hori

HABEren plan estrategikoak berak kontsideratu du %30eko galera bat horren arabera beraz. Arrazoien artean dekretu hau, baina duda barik, diru-laguntzak kentzeak ere izango du pisua. Eta horri beste hainbat faktore gehitu: krisia bera, euskara ikastearekin pertsona nabarmen batzuek erakusten duten jarrera, hizkuntza-eskakizuna behar duten lanpostuen eskaintzen murrizketa (administrazioan gehien bat)... eta enparauak.

Hain beltza dator? Euskaltegietan noraino igarriko dugu? Noiz? Prospektiba ariketak egiten hasi behar da nonbait, baina hileta jotzen abilak izaten gara eta ezkortasuna nagusituko den susmoa daukat.

Baikortasunari atea ireki guran, badira mehatxuak azken batean aukerak direla diotenak, edo horrela euskara benetan ikasi nahi duenak ikasiko duela pentsatzen duenik ere bai. Baliteke, baina aukerak aurkitzen jakin egin behar da batetik, eta bestetik ez dakit euskara ikastea "benetan" nahi dutenengana soilik eramanda inoiz euskara nahi dugun lekura eramango genukeen, horrez gain ikasi nahi duten horiek "ahal" ere izan behar dute, eta ez dute hain erraza izango.

Ez dakit zer gertatuko den, baina nola edo hala gertatuta gertatzen den hori traumatikoa izatea erraza da une honetan.

Hau guztia EAEri dagokiola noski, beste leku batzuetan beltz dago kontua aspaldian.

16
Mar
2012

Ikasleen ikastaroak hornitzen

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza

Aurreko batean kontatu genizuen zelan hornitu eta aberastu izan ditugun ikastaroak. Azken aldion denboraz estuago gabiltza, badakizue, eta bestela planteatu dugu ikasleen eskura jarriko duguna zelan aurkeztu, honetarako ematen dugun denbora aurrezte aldera.

Moodle plataformaren bitartez sartzen dira gure ikasleak Boga ikastaroetara. Goitik behera hasita, behin ikastaroaren barruan, halako mosaikoa ikusten du ikasleak.
 

estekamosaiko2

Irudi bakoitzaren gainean klik eginda, aukeratutako lekura joango da ikaslea: Berria, Sustatu, Euskaljakintza... Moodle-n bazabiltzate, ez da zaila halakoa txertatzea: Baliabidea gehitu => Etiketa gehitu => Testu editorean HTML aukeratzeko botoia <> sakatu eta hemen daukazuen kodea itsatsi; irudien neurria alda dezakezue, argazki eta esteka gehiago erantsi... nahi duzuena.

Goian eta eskuin aldera bideo bat jartzen dugu, noizean behin -astero, ahal delarik- aldatzen duguna. Hemen kodea, berdin egin nahi izanez gero.

Bideoaren azpian "Urteko egun bakoitzeko esaera zahar bat". Hortik zehar aurkitutako javascript tuneatu bat da: kutxatxo baten agertuko da automatikoki -voilà!- egun horretako data eta atsotitz desberdin bat. 365 ez daude, baina ia hirurehun esaera zahar izango dira, udako oporretakoak eta beste zenbait egunetakoak kenduta. Hemen duzue kodea, zuek ere inon txertatu nahi baduzue. Eta urtea osatu arte falta diren atsotitzak jartzen badituzue, ez ahaztu guztioi horren berri ematea ;-)

Urteko egun bakoitzeko esaera bat

Ikastaro bakoitzaren beheko aldean jarri ditugun karpetetan dauzkate ikasleek geuk sortutako HotPotatoes edo Webquestions tankerako ariketak (aditza, deklinabidea, entzunaren ulermena, birpasa...) Boga-ko ariketak egiten gogaitu direnerako edo bereziki zer edo zer landu nahi badute. (klik handiago ikusteko)

 

 

birpasa

Azkenik, hemen duzue iazko udan ikasleei jarri geniena, aspertuz gero nora jo zezaketen erakusteko. Hemendik hartu genuen ideia, tunning apur bat eta... honatx kodea!


 
 
09
Ots
2012

Epailea eta iturgina

robo dunny dino

Materialen artean ikaslearentzako orrien subgeneroan bada ohiko figura bat. Zutabe biko taula edo grafikoa, eskuin-ezker “ongi” eta “gaizki” (edo haien sinonimoetariko bat) izenburu eta goitik beherako zerrendetan item bilduma sarri luzea, bostetik gorakoa normalean.

Lehengo egunean halako bat suertatu zitzaidan aurrean irakasle baten galderaren harira. Hark “baina hori “ondo”/”txarto” dago?” galdera bota zuen zalantzatan, eta kukutxoa egin nion zerrendari. Argitzen hasi nahi eta ez zitzaidan erraza egin item asko zutabearen alde batean edo bestean kokatzea, ez.

Eta une batean ongia eta gaitza apartatzen sentitu nuen neure burua, epaile paperean ustekabean. Norbait neure ebazpenak halako jurisprudentzia emango ziola esperoan zegoen, hark lege idatzi haren gainean eman beharko zuen-eta sententzia beste epaitegi batean, lehen auzialdiko auzitegian seguru asko.

Baina legea konplexua ei da, maila eta ñabardura askotakoa, ezin dena berdin arautu eta epaitu, eta item haien artean aldeak ikusi nituen:

  • Lege gorena, oinarrizko eskubideak edo konstituzioren baten kontrako “gaizkiak” batzuk. Zentzunak ere onartuko ez lituzkeenak. Argi.
  • Eskubide administratiboaren urradurak. Izapide jurdiko-administratiboetan onargarriak ez, baina bizimodu arruntean halako zorroztasunik eskatzen ez dutenak.
  • Delitu eta falta komunak, pena luzea merezi dezakete batzuek, isunik ere ez beste batzuek, beti ere delituaren nork, nori, nor, non, noiz eta nolakoaren arabera juzgatzekoak.
  • Auzi pertsonalak, moralak edo norberaren ideologiaren islak. Inondik inora ere eskubide orokorrak araututakoak, eta sarri bake-epaitegian bideratu beharrekoak, edo “Legearen” mundutik kanpokoak besterik gabe: sinismena, ideiak edo usteen arloko auzi hutsak.
  • Lege-ohitura lokalak, tokian tokikoak, helbiderik eta norabide argirik ez daukan paper batean idatzita.

Hauek guztiak arautegi uniforme batean agertzen ziren, lege-liburuen erreferentzia barik eta arloaren edo larritasunaren arabera sailkatu gabe.

Eta epaileak sententzia guztiak autoritate berdinarekin botatzen dituela, zein den konstituzio, zein den lege sendoa, zein behin-behineko xedapena, zein ohitura eta zein lege-hutsune... ez da harritzekoa izango hiritar etorri berriari hiri berria legez eta arau zorrotzez betetakoa iruditzea, estua, konplexua...

Baina epaileari ez zaio errezagoa lege-iturriak aurkitzea. Arlo bateko lege-arau batzuk ezartzen ditu batek, haren helmena eta eskumenaren gainean bertsio kontrajarriak egoten dira baina nolabaiteko autoritate ofiziala duen bakarra dela dirudi.

Hura ez da bakarra hala ere, ez dago legelarien kolegiorik baina hainbatek autoritatea hartu dutela dirudi: besteak beste ospe zientifiko-literario-soziala, erudizioa, togaren dotorezia, epaiak botatzeko abilezia edo sententziatzeko afizioa izaten dira autoritate-iturri.

Oinarri juridiko printzipal bat ei dago legegintza honetan hala ere: oinarrizko legea hiritarrek eurek menderik mende egin dute eta lege gorena huraxe dela. Baina lege hori ez dago idatzita eta hiritarrak hasi dira segurtasun hori galtzen sarri, legelarien kopuruak eta aniztasunak ez diete asko laguntzen horretan.

Eta zer egin epaileak? Berak epaitu behar ditu hiritar berrien egintzak eta esanak, hiriko biztanle izateko lain diren ebatzi gorago edo beheragoko auzitegietan, eta legearen bidea erakutsi bidenabar. Konplexua epaile-lana, bai. Hiritarren eta hiritargaien epaiketan edo aholkularitza juridikoan beti, eta sarri legegile ere bai.

Toga erantzi barik ibili behar nonbait. Hiritargaiaren obrak onaren edo gaizkiaren zutabeetan kokatu eta kokatu, epaia bota eta hurrengorako gaztigatu. Hiritargaiak "Amen!" normalean, baina erreintzidentzia tasa handia izaten du epaileak, erori eta erori egiten dira, haiek hiritartzerik ez dagoela etsipenaz sinisten hasi arte.

Epailea eta hiritargaiak hirian murgildu dira egun batean, hiritar bizimodua egiten denak maila berean: auzitegiko kafetegian, aurreko parketxoan edo aretoan bertan epai eta epai artean... Hiritargaiak ziudadano ahaleginean eta epailea toga erantzita, txamarraren azpian gordeta egia esanda, epaigintza ez, baina aholkularitza jurdikoa beharko baita segurutik. Eta une horretan konturatu da hiritargai horiek epailea bezainbat iturgina behar dutela ziudadania berrira ailegatzeko.

Ez diote ongiaz eta gaizkiaz galdetu apenas, ez da euren kezka une honetan, badakite inoiz gorago edo beheragoko aretoren batean euren hiritartasuna ebatziko dela, bai, baina hiriko kaleetan dorpe ibiltzen direla eta atasko horietatik irteteko seinaleak eskatzen dizkiote epaileari: "nola esaten da...?" hasten da galdera bat, nahi duen lekura joateko nora jo ez dakiela trabatuta beste bat, kalearen beste aldera pasatu ez pasatu zalantzan beste bat... atasko asko, ugari. Hirian berria zarelarik naturala da hori guztia bestalde.

Mailua atera eta mahaia jotzeko tentazioa izaten du epaileak sarri, baina mailua togaren barruko poltsikoan gorde, mantenu-gelara joan eta desataskadorea hartu du handik.

"Hiri honek iturginak behar ditu" idatzi du sententzia liburuan, "edo prebarikazio gehiago" oharretan.

Argazkia: robo dunny dino. Egilea: mugley. Lizentzia.

19
Urr
2011

Zergatik ez naizen joango MoodleMoot Euskadi 2011ra

Josu Lezameta, euskara irakaslea Galdakaoko Udal Euskaltegian

Aurten HABEri egokitu zaio MoodleMoot Euskadi 2011ren antolaketa eta ostiral honetan bertaratzeko gogo biziz nenbilen, Euskalduntze Alfabetatzearekin, neure lanarekin, lotura zuzena zuelako eta Moodle-rekin lan egiten dudanez, ikasi nahi nuelako nik baino dexente gehiago dakitenengandik.

Baina ez naiz joango.

Eta, zergatik ez naizen joango azaltzen hasi baino lehen, argi utzi nahi dut ez dudala injustoa izan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 sustatzen eta bertan aurkezteko hitzaldiak prestatzen dihardutenekin. Jakin dakit, horretan dabiltzan batzuk ezagutzen ditudalako, tonaka ilusio eta lan jarri dutela oraingoan ere, beti bezala. Eurentzat esker ona baino ez daukat.

Baina ez naiz joango, batez ere, iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ez naiz joango eguneroko jardunean online euskalduntzearen zati bat, ezagutzen dudana, euskaltegi publikoetakoa, amildegira daraman erakundeak antolatu duelako. Amildegira. HABEk, badakit, baditu bi bihotz, dirua banatzen duena bata eta didaktikaz arduratzen dena bestea. Eta bi esku ere baditu, baina -zer egingo zaio- ez du balio esateak ezker eskuak ez dakiela eskuma zertan dabilen.

Eta ez naiz joango HABEk eskuin eskua samatik askatzen ez digun bitartean. HABEk ez du zenbait gauza ulertzen, ez ditu ulertu nahi:

  • Ikasleei bakarkako lana aitortzen diela dio HABEk, baina baliabide zehatz batean -Boga-n- egiten duten denbora baino ez die onartzen: euskaltegian prestatutako edo euskaljakintza.com -eko Hot-potatoes motako ariketak egiten ari direnekoa, Photopeach-eko jokoetan edo ikasbil-en ematen dutena, ez. Ez dago denbora hori HABEren aurrean zuritzerik, hori ez da “asistentzia”. Eta bakarkako lana AUTOikaskuntzan, lagunok, oooooso eremu zabala izan daiteke.
  • Gurean, Galdakaoko Udal Euskaltegian, duela urte batzuk astean ordu beteko tutoretza pertsonala ematen genion ikasleari. HABEk behartu gintuen astean ordu erdira jeistera. Eta gero ordu erdi bai, baina astero beharrean hamabostean behin. Irakaskuntza mundukoak ez zaretenok ere ohartuko zarete AUTOikaskuntza sistema batean zein garrantzitusu suerta daitekeen tutoretza pertsonala: helburua/bidea elkarrekin zehaztu, zalantzak argitu, adorea eman...
  • Mintza taldea berezituak (izan) ditugu guk online ikasleekin, maila eta ordutegi desberdinetan, astean ordu betez. HABEtik iradoki digute “ohiko taldeetan” sartzeko online ikasleak astean ordu betez. Porrota, eta honetan dabilenak badaki: astean hamar orduz elkarrekin daudenen artean sar ezazu arrotz bat astean -edo hamabostean- behin ordu betez. Ikaslea alderrai.

Besterik ere egon da: lan karga handitu zaigu irakasleoi, errentagarriak ez garela entzun behar izan dugu ez behin, udalaren desafekzioa... Tira, hori guztia ere irentsiko nuen berriro -ofizioaren ajeak- baina, ikasturte honetan, jakin nahi nuke zergatik, HABEren jarrera online autoikaskuntzarekiko okertu egin da. Are okertu. Ikasleek jada matrikula ordainduta eta ikasturtea martxan jartzekotan gaudela, hara non aldatzen dizkieten baldintzak ikasle, irakasle zein euskaltegiei, “orain horrela da” azalpen bakartzat. Eta hara non Autoikaskuntzaren eta teknologia berrien aldeko apustua egiten ari diren, sutsuki. Hamaika ikusteko jaio gara, baiki.

Eta, jakina, ez dut joan nahi MoodleMoot Euskadi 2011 antolatu duen erakundeari xaboia ematera. Eta batez ere, ez dut nahi -berriro diot- iraganean hitz egin beharko nukeelako: guk zera egiten genuen ikasleekin, gure ikasleek zera zeukaten... Ni harro egon naiz gure euskaltegian eskaintzen genuen zerbitzuaz, haize kontra eskaintzen ari izan garena. Baina orain ezin dut, orain HABEk ez dit uzten, orain ikaslea eta online sistema porrotera bideratzen duena baino ezin dut eskaini. Eta hori behartuta egin dezaket, baina nahita ez.

Eta ez naiz joango.
___________________________________________________________________
Beste leku batzuetan ere izan dituzte antzeko arazoak eta nik baino hobeto azaldu dituzte.

14
Ira
2011

Eitb nahierara, baina jaitsi gabe

Aspaldian aipatu genuen hemen Eitb-ren webgunea ikus-entzunezko dokumentuen iturri handia izan daitekeela euskara irakasleontzat. Bai, txukunagoa, ordenatuagoa akaso, erakargarriago eta txuloagoa askorentzat, baina dokumentu-iturri izateko arazoak izango ditugu hemendik aurrera.

Irrati saioak mp3 formatuan eta bideoak mp4-n jaisteko aukera ematen zigun lehengoan, eta orain ez eitb.com-en, ez eitb.tv berrian ez da aukera hori zuzenean agertzen, eta edukiak babestuta daudela ematen du gainera. -k oharatarazi digu tweet honetan.

Badirudi audioa eta bideoa RTMP protokoloan eskaintzen direla orain, beste telebista kate askok egiten dutenaren antzera, bideoak jaitsi edo kopiatzea eragozteko asmoz. Eta horrek konexio barik erabili behar dituztenei oso zaila jarri die jaistea eta beste leku batera eramatea, klasera esate baterako.

Bila ibili naiz, eta ez dut alternatiba errazik aurkitu. Eitb.tv-tik ("nahierara") programa hau erabilita jaitsi daitezkeela dirudi, ez eitb.com-etik ordea. RTMP protokolo horretan eskaintzen diren edukiak jaisteko beste alternatiba batzuk daude munduan, baina ordenagailuen erabiltzaile arruntarentzat konplikatuak edo astunak izan daitezke gehienak.

Audioei dagokinez, lehengo podcast-ak mantentzen dira, eta hortik bai, mp3 formatuan jaitsi daitezke edukiak, behar dugun entzungaia podcast-etan badago behintzat.

Bideoei dagokienez, lehen aipatu dudanaz gainera, ingelesezko bertsio honetan lehengo interfazea gorde dute, eta bideoak jaisteko aukera zuzena mantentzen da, baina erdarazko bideoak dira dirudienez.

Tira, ikus-entzunezko material horiek konexiorik gabe erabili behar dutenentzat jaitsi eta leku batetik bestera eramateko aukera gehiago edo errazago ezagutzen badituzue eskertuko dizuegu jakinaraztea. Hemen behintzat ez dute azaltzen.

27
Mai
2011

Online aplikazio bi partekatzeko asmoz

Lola Izagirre eta Josu Lezameta, Galdakaoko Udal Euskaltegiko Autoikaskuntza irakasleak

Baliabide erakargarriak nahi dituzu? Arrakastatsuak? Atseginak eta ikasleen gustukoak? Doakoak? Bai? Segi irakurtzen:

Jarraian dituzuen hauek erabiltzen hasi ginenean, eta bisita kopuruari erreparatuta (14.000 baino gehiago dagoeneko), ohartu ginen gure ikasleak ezezik besteren batzuk ere bazebiltzala handik. Pentsatu genuen orduan ongi etorriak zirela bisitari haiek eta aplikazioak ezagutarazi eta nolabait gainerakoekin partekatu egin behar genituela, nahi duenak erabili eta berriak sor ditzan.

Photopeach.com

Ideia sinple batetik abiatuta egin genituen hiztegi irudidunok -hitzak, irudiak eta musika lotu- Photopeach delakoan izena eman eta trasteatzen hasi ginenean. Horrela, apurka-apurka, 28 hiztegi eta joko (quizz) sortu genituen eta Galdakaoko Udal Euskaltegiko autoikaskuntzako ikasleentzako ikastaroetan txertatzen hasi ginen, astean desberdin bat jarrita.

Hemen dituzue, beraz, gure hiztegitxo irudidunak zuentzat: ikusi, ibili, zuen ikasleei erakutsi eta zuek ere ideia berriekin Photopeach-en izena eman eta hasi saltseatzen. Erraz erraza da: gaia aukeratu, argazkiak igo, testua jarri, musika aukeratu eta voilà!

Hemen aurkituko dituzue gureak: http://photopeach.com/user/GaldakaokoUE

Eta hemen erakuskari bi, jokoa eta hiztegia:

Proprofs.com

Hangman -urkatuaren jokoa- eta Scrable -letrak ordenatuz hitza asmatu- motakoak egin ditugu Proprofs delakoa erabiliz. 30 dituzue guztira, gurutzegrama eta puzzle bana ere tarteko. Aurrekoa bezala, hau ere ezin errazagoa da zuek ere antzekoak egin ditzazuen.

Hona hemen gureak: http://www.proprofs.com/games/player/galdakaokoue

Eta hona erakuskari bat (Bizkaiko herrien izenak):

Bai Photopeach-ek eta bai Proprofs-ek aukera ematen dute esteka jarri edota zuen web orri edo blogetan enbotatzeko.

Ah! Ez ahaztu: Ganorazko zer edo zer egiten duzuenean, partekatuko duzue besteokin, ezta? Aurrera!

 

Sindikatu edukia