hizkuntza-politika

23
Mar
2012

Dekretuak eta ebazpenak

Hiztegi juridikoa praktikatzen eta ikasten da gure sektorean aspaldian: ebazpena, xedapena, dekretua... Urtero halako pare baten edo gehiagoren pentsuan ibiltzen gara hain zuzen ere, ohikoak izaten direnak (diru-laguntzak, azterketak...). Lantzean behin zerbait berria dakarren baten bat edo dena hankaz gora ipintzen duenik ere izaten da ordea.

Eta etorri dira halakoak azkenotan:

Martxoaren 2an otsailaren 13ko bat etorri zitzaigun (hiztegi juridikoa ikasten gabiltza, baina denbora-paradoxa juridikoen jabe izateak goragoko maila bat eskatzen du). Urterokoa, HABEren azterketak nolakoak izango diren arautzen dituen ebazpena. Nobedadea han: ulermena eta irakurmena neurtzen dituzten probak euskaltegian bertan egingo direla-edo dio ebazpenak.

Interpretazioak, nahasteak eta saltsak ekarri ditu honek hasiera batean. Gerora neurriarekin pozik agertu dira euskaltegi batzuk. Euskaltegien lanaren eta gaitasunaren onarpena da haien iritziz. Beste euskaltegiek ez dute oraingoz iritzirik plazaratu honetaz. Ahots kritikoren bat entzun da ordea, eta interesgarria izan daiteke argudio eta jarrera desberdinak entzun-irakurtzea agian.

Nik neuk ez dut uste neurri honek berez aparteko ezer dakarrenik. Orain arte ekarri behar zuenetik aparte. Beste kontu bat da azterketak, zertifikazioak eta kristo hori guztia nola ari den gure jarduna baldintzatzen. Agian hor dago gakoa, ez probak euskaltegian, BECen edo San Mamesen egiten diren.

Bigarren bat ere etorri da. Ez dut honen erreferentzia juridikorik aurkitu, HABEren mezu telegrafiko bat baizik.

2012 urtearen barruan ez da egongo dirulaguntza-deialdirik, Eusko Legebiltzarrak onartutako aurrekontuetan ez baita horrelakorik jasotzen.

2013an HABEk dirulaguntza-deialdi hauek berreskuratzeko ahalegina egingo du.

2013ko aurrekontuetan aztertuko da 2012an HABEren mailaren bat gainditzen duten ikasleek dagokien dirulaguntza eskatzeko aukera izatea.

Bai, aurten euskaltegian ikasten dutenek ez dute matrikulan ordaindutakoa konpentsatuko dien diru-laguntzarik jasoko HABEtik. Matrikulan gastatutakoa hortxe joan da, gainditu zein gainditu ez. Euskaltegi pribatuek zerbait esan dute honetaz, hala jaso dute lehen ekarri dudan albistean.

Deigarria egiten zait, euskara ikastea garestiagoa izango da, eta ez da apenas ezer esan honetaz. Eta esango nuke euskara ikasi nahi duenarentzat oztopo eta faena handiagoa dela hau aurreko guztia baino. Faena ederra.

Proben eta azterketen basoko arbolen artean galdu da hau nonbait. Edo euskalgintzari oro har aplikatu zaizkion murrizketen basoan beste arbola bat baino ez da izan, baina ez garrantzi gutxiagokoa.

Eta gaur etorri zaigu hirugarrena. Aspaldian iragarritako filmaren estreinaldia: hezkuntza sisteman euskaraz ikasitakoei euskara agiria konbalidatzeko dekretua iragarri dute Zelaak eta Urgelle-ek.

Apirilaren 3an jarriko da indarrean eta 2008ko apiriletik aurrera ikasketak burututakoei aplikatuko zaie.

Iragarrita aspaldian, eta polemika ere ugari ekarri du, euskalgintzan oro har. Kontrako argudioen artean bat nagusitu dela esango nuke: hezkuntza-sistemak une honetan ez du ikasleen euskara maila egokia bermatzen, ez ikasketa ertainetan ez unibertsitatean.

Euskaltegien aldetik mehatxu modura ikusten da gehien bat. Agiria automatikoki eskuratuko duten pertsona horiek guztiek ez dute euren euskara maila hobetzeko euskaltegietara jo beharko, eta horrek ikasleen galera ekar dezake.

Honen harira interesgarriak IKAko Jon Zabala eta Mailu Lasateren hitz hauek, Argiako erreportaia honetan jasotakoak.

Bost urtean %30eko ikasle galera izango dugula. Plan estrategikoak dio hori, EAEko euskaltegiez ari dela. Zerk eragingo du jaitsiera? Besteak beste, dekretu zirriborro honek, hau da, hainbat lagun agiriak aurkeztetik salbuesteak. Bestalde, hor da beti krisia. Ekonomia. Gure galdera zera da: %30eko galera izango omen dugu ikasleetan. Hori horrela gertatuko da, ala hori gerta dadin bideak jarriko dira? Azken finean, egiten den hizkuntza politikaren gorabeheran dago hori

HABEren plan estrategikoak berak kontsideratu du %30eko galera bat horren arabera beraz. Arrazoien artean dekretu hau, baina duda barik, diru-laguntzak kentzeak ere izango du pisua. Eta horri beste hainbat faktore gehitu: krisia bera, euskara ikastearekin pertsona nabarmen batzuek erakusten duten jarrera, hizkuntza-eskakizuna behar duten lanpostuen eskaintzen murrizketa (administrazioan gehien bat)... eta enparauak.

Hain beltza dator? Euskaltegietan noraino igarriko dugu? Noiz? Prospektiba ariketak egiten hasi behar da nonbait, baina hileta jotzen abilak izaten gara eta ezkortasuna nagusituko den susmoa daukat.

Baikortasunari atea ireki guran, badira mehatxuak azken batean aukerak direla diotenak, edo horrela euskara benetan ikasi nahi duenak ikasiko duela pentsatzen duenik ere bai. Baliteke, baina aukerak aurkitzen jakin egin behar da batetik, eta bestetik ez dakit euskara ikastea "benetan" nahi dutenengana soilik eramanda inoiz euskara nahi dugun lekura eramango genukeen, horrez gain ikasi nahi duten horiek "ahal" ere izan behar dute, eta ez dute hain erraza izango.

Ez dakit zer gertatuko den, baina nola edo hala gertatuta gertatzen den hori traumatikoa izatea erraza da une honetan.

Hau guztia EAEri dagokiola noski, beste leku batzuetan beltz dago kontua aspaldian.

17
Aza
2010

Tituluak, diruak eta gaitasunak

Gaurko albistea izan da, EAEn D ereduan ikasi dutenei EGA/3. maila/C1 homologatuko zaie berez, ez dute azterketarik egin beharko titulua akreditatzeko alegia. EAEko gobernuaren asmoa da hori behintzat, 2012tik aurrera indarrean jartzea.

Harridura edo zalantza behintzat zabaldu da sarean. Onintza Iruretak ez du ulertzen ekimena, bere ikasle-esperientzian ikusitakoa gogoanz zalantza piztu zaio. Ugaitz Zabalak ere gaur egun Hezkuntza-sistemak ezagutza hori bermatzen ote duen ironiaz dihardu. Zuzeun eztabaida piztu da honen inguruan, I. Larrazabal opariez ari da artikuluan, ahalegina saritzea nahikoa ote den edo.

Twitter-en pilota alde bitara joan da pilota. Bistan da orain Unibertsitatearen gain geratzen dela neurri batean euskara maila bermatzearena. Ricardo Gomezek unibertsitarioen euskara mailaren arazoaren erruaren zati bat hartzen du bere gain, alegia, hezkuntza-sistemak eta Unibertsitateak euskara maila bermatzen ez dutelako hori bertako hutsunea ez ote den.

Baina gurera etorrita ere egon dira erreakzioak. Haserrea, sustoa, susmoak...

Albisteak zer esana eman du, bai. Alde batetik justua izan daiteke, pertsona batek ikasketa guztiak euskaraz egin badu, eta unibertsitate-maila batera heldu bada, suposatuko dugu hori guztia euskaraz egin badu, horretarako euskara-maila izango duela, alegia, hori egiteko hizkuntza-gaitasuna. Europako Erreferentzia Marko/Eredu batean C1 mailarekin deskribatu daitekeena, edo HABEren 3. maila, edo EGAk akreditatzen duen gaitasuna.

Hala da errealitatean? Bistan da era berean zalantzak ugari dabiltzala hezkuntza-sistemaren bidez lortzen den hizkuntza-gaitasunarekin: jarioa, erraztasuna, aberastasuna eta -bereziki- zuzentasunari dagokionez.

Baina une honetan susmoa ere pizten da. Krisia, murrizketak, HABEren "kolapsoa", eta orain hau. Ezaguna da euskaltegien "bezeroen" artean D ereduan jardundako gazteak izaten direla, euren euskara-mailari bedeinkapena emango dion agiriaren bila datozenak. Eta azterketa desberdinetan (denetan sarri) aurkeztu ohi dira.

Tituluak zuzenean homologatuta, euskaltegietan ikasle batzuk gutxiago, diru-laguntzetan gastu gutxiago beraz, azterketetan ere publiko gutxiago, pertsonal eta gastu gutxiago... Horrelako kalkulua egin ote du norbaitek?

Zalantza asko gai honen inguruan. Neure aldetik lehengo egunean etorri zitzaidan ideia berdina. Euskara-maila zelan-nori-noiz-nola ebaluatu-egiaztatu-akreditatu hainbat indar, berba eta buru-neke. Eta, denbora eta energia horren zati bat hizkuntza hobeto nola ikasi eta ikasi eragin pentsatzen eta probatzen emango bagenu, igual ez genuke hainbeste arduratu behar tituluak non eta nola ematen diren.

Tira, apur bat hippy hippie paratu naiz igual, baina une honetan esango nuke EHko gizarteari egingo bagenio azterketa globala, C1 horretatik urrun-urrun dagoela ikusiko genukeela duda barik. Hau da, maila horrek deskribatzen duen gaitasunarekin egin daitezkeen gauza gehienak egiteko orduan zailtasuna eta ezina izango lirateke nagusi.

Sindikatu edukia