30
Abe
2007

PISAtik BECera

Arkaitz Zarraga Azumendi | 2007, Abendua 30 - 18:51


PISA informeak zalaparta ikaragarria sortu du komunikabide eta ikastetxeetan. Euskaraz ikasten duten ikasle gehienek probak erdaraz egin izanak hizkuntz normalkuntzaren aurkakoak aztoratu ditu. Iruzurra eta antzeko berbak erabili dituzte gero eta eskari handiagoa duen euskarazko irakaskuntzaren aurka egiteko. Egungo hezkuntza sistemaren defendatzaileek, berriz, argi adierazi dute kritika neurrigabez osaturiko kanpaina hau manipulazio hutsa dela. Tontxuk gidatzen duen departamentuak azterketok ama hizkuntzan egitea erabaki dela adierazi dute, munduko beste umeen modura, barneratuen duten hizkuntzan egin dituztela probok, alegia. Munduko gainontzeko umeak dauden maila berean egoteko.

Neuk zalantzak dauzkat gaitasun horiek (matematikan, irakurmenaren ulermenean...) zein hizkuntzatan erakutsi ditzaketen hobeto gure irakaskuntza sistemako ikasleek, baina antza denez, aurretik egindako ikerketa batzuen arabera, emaitzak hobeak dira (%86rentzat) espainolez.

Ni neu ere guraso erdaldunak nituen D ereduko ikaslea izan nintzen. Kalean lagunartean erdara genuen nagusi, baina arlo akademikoarekin loturikoak ez genituen erdaraz ezagutzen eta auzoko lagunek ea “quebrados” eta “oraciones” egiten genituen galdetzean, gu kikildu egiten ginen. “Pues no!”. Hori bai, zatikiak eta era guztietako esaldiak ederto menperatzen genituen.

Gaur egun, seguru nago, bai haiek eta bai gu kapaz gara, geure hizkuntzetan eta geure eguneroko beharren arabera, matematika kalkulu ezberdinak egiteko. Erdaraz guztiok ulertzen ditugu Correo, Gara, Deia, Marca eta oro har gure inguruan argitaratzen diren egunkari ezberdinetako artikulu orokorrak (B2). Ez ordea Berriakoak.

Gurekin ikastolan ikasitako askok ere ez dute horretarako gaitasunik lortu, edo inoiz lortu bazuten galdua dute honezkero.

Azken hauen gaitasunik eza jarraitutako ibilbidearekin lotuko nuke zalantzarik gabe. Euskarazko gune sinbolikoa elikatu eta hurbil izan dugunok baino ez dugu gaitasun hori eskuratu. Euren aisialdian euskararik erabili ez dutenek, erdarazko komunikabideak baino ez ditutztenek erabili, musika espainolez eta ingelesez baino entzun ez dutenek ez dute euskaraz aritzeko gutxieneko gaitasunik lortu.

Zentzu horretan bi gauza argi geratu dira: batetik, eskola ez dela nahikoa gutxitua den hizkuntza ikasleek osoki berengana dezaten, eta bestetik, gure ikasleek badutela nahikoa tresna gizarte erdaldunean, euskaraz ikasitakoa erdarara transferitzeko.

Hau guztia horrela delako, eskola ez delako nahikoa gure umeen biharko gaitasuna bermatzeko, plangintza askotan kontuan hartu izan da hau eta horrela idatzi. Aisialdia euskaraz burutzeko diru kopuru majoa bideratzen da herri ezberdinetako EBPNetan. Ipuin kontalariak ekarri, zinema euskaraz jarri... askotan gu gazteak gineneko pelikulak jartzeko (Willow joan den astean)

Atzo arratsaldean BECen burutzen den gabonetako parkera joan ginen, aurten lehenengo aldiz. Urteroko bisita izaten da Bizkaian umeak ditugunontzat, baita beste herrialdeetako askorentzat ere atzo ikusi ahal izan genuenez. Urtero sentsazio gazi-gozoaz irteten naiz handik. Atzokoan ere, umeek ondo pasatu bai, baina arrotz sentitu zirela somatu nuen behin baino gehiagotan. Gure umeak herri txiki euskaldun batekoak dira eta ez dira erdaraz bizi, eta igarri egiten zaie. Metroan telefonoz aitite-amamekin hitz egiten dutenean (erdaraz) bagoi osoa barrez lehertzen jartzeko gaitasuna dute, “ahora se para aita” (aita pareko da) eta antzeko perlak esaten dituztenean.

Esan bezala, BECera heldu eta ezagun piloa topatu genuen. Hiru areto zeuden barrakaz eta jolasez beteak. Batzuk ohiko barrakeroak ziren (gehienetan bezala erdaldunak). Beste batzuk entitate pribatu eta GKEen txiringitoak ziren (Telefonica, BBK, Euskaltel, ASPACE, Radio Nervion, Metro Bilbao...) Hauetako askotan ez zegoen ezer euskaraz idatzirik, begirale asko ere ez ziren gure umeekin komunikatzeko kapaz, baina gainera, Radio Nervion eta Metro Bilbaoko Karaokeetatik etengabe ari ziren gaztelaniazko eta ingelesezko musika kantatzen. Nahiko harrituta eta haserre geratu nintzen, baina tira, betiko euskaldun militante ipurterrea izateko gogorik ez nuen. Umeak ondo pasatzen ari ziren eta aldarrikapenetan hasteko unea ez zela erabaki nuen.

Baina nire tenperaturak goia jo zuen Eusko Jaurlaritzako karaokerako eskenatoki handitik monitoreak eta karaokeko parte hartzaile guztiek erdara hutsa erabiltzen zutela ikustean. Guztiz desinibituta zeuden ama batzuk “Borriquito como tú” hasi zirenean ezin izan nuen gehiago eta taulara hurbildu nintzen begiraleei kanten zerrenda eskatzeko. 25 diska zeuzkaten aukeratzeko, bakoitzak 20 bat kanta. Matematiketan gaizki ikasi ez banuen 500 bat kanta zeuden (eta nik “Borriquito como tú” entzun behar). Tira ba, bat bera ere ez zegoen euskaraz!! David Bustamante, Ainhoa, Camela, Estopa... baita Camilo Sexto ere!! (ez da txantxa) Baina euskaraz ezertxo ere ez.

Gure arteko komentarioak gogorrak izan ziren, ekintza ezberdinak bururatu zitzaizkigun, baina denak ere “politikoki ez zuzenak”. Intransigente eta intolerante moduan geratzeko arrisku larrian berriz ere.

Kontuak kontu, umeentzako “la letxe” den urteroko gabonetako parke hori A eredu gordinean dagoela esan dezakegu. Bitartean gure herrian euskarazko zinea jarriko dugu, umeen guraso militanteek beren umeak ekar ditzaten.

Seguru nago gure seme alabek lortuko dutela batxilerrera heldu orduko PISAn eskatutako gutxieneko maila espainolez ere. Espero dut ingelesez eta frantsesez ere gutxieneko maila eskuratzea. Baina beren belaunaldiko beste gazteek euskaraz normaltasunez aritzeko gaitasuna nekez lortuko dute benetan garrantzitsuak diren gertakizunetan hizkuntzaren presentzia hutsaren hurrena izaten jarraitzen badu. Are gehiago, plangintzak normatiboak ezarri dituztenek ere ahaztu egiten badute betetzearen garrantzia.

Nik horrelakoetan isunak jarri beharko liratekeela uste dut, bestela norbaitek spray bat hartu edo karaoke makina lapurtu eta kartzelaratua izateko arriskuan egongo da eta.

Etiketak: eskola | hezkuntza | hizkuntz-politika | normalizazioa | umeak |
Bidalitako artikuluak

Tururu!

plistiplasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Urtarrila 1 - 23:39-(e)an bidalia.

Ai, Arkaitz!

Amorrua ez da zurea bakarrik. Ba al daki zenbaitek honelakoak ez direla pasadizo hutsak? Ba al dakite zein den umeei igortzen zaien ezkutuko mezua: lana/ikasketak euskaraz vs. jolasa/dibertsioa espainolez? Ezagutzen al dute zein garrantzitsuak diren honelako egunak umeen biografia laburrean?

Pisako dorreak makur dirauela alde baterantz!

Borriquito como tú abestea merezi duen jende ugari dagoela oraindik gure bazter hauetan!

Tururu!

Ardurak

Benito-(e)k 2008, Urtarrila 2 - 02:54-(e)an bidalia.

Plistik esan du, honelakoak ez dira pasadizo hutsak izaten. Normalak, edo hobeto esanda, "naturalak" ere izaten dira.

Dena dela, Arkaitzek nahi ez lukeen hori gertatu aurretik, ez ginateke apur bat animatuko akaso ardura daukan norbaitek oskola itxi eta "betikoak betiko modura" batekin errematatu beharrean arazoa hor dagoela onartu eta konpontzeko ahalegina egingo duela ikustaraziko (ez soilik adieraziko) baligu?

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia