08
Ots
2009

Beretaren abizena

Bidaia intimoak: trailerra from korrika on Vimeo.

Korrikaren ebentoak hasi direla jakin duzue honez gero, atzo edizio honetarako egin den Bidaia intimoak filma estreinatu zen Bilbon. Lau pertsonak euskara bizi nahi duen herrira egin dituzten bidaiak, ikasleak azken batean. Kontxole! Ea zer dioten, ikasle jendeak dioena entzuteko aukera gutxi eta zineman gutxiago, joan egin beharko da (ez, AEKn ez gaituzte joatera derrigortu, Artezkaritzak ez gaitu hainbeste "arteztu" oraindino).

Dokumentala ei da generoa, protagonistak ez dira pertsonaiak, pertsonak baino. Euren bizipenak kontatzen dizkigute bakoitzaren ibilbidearen mapa moduko bat egiten den bitartean. Euskararekin egin duten ibilbidearen mugarri garrantzitsu bakoitza puntu bat eta izen bat (bide batez, ideia ona begitandu zait ikasleekin egiteko, euskararekin izan duzun harremanaren une inportanteenei izena ipini eta mapa egin. Biografia linguistikoa egiteko modu grafiko eta atsegina nonbait).

Lau istorio beraz, batetik euskara txikitan galdu eta gerora berreskuratu zuten bi lagun: Mixele lapurtarra eta Jesus Mari ermuar-gasteiztarra; bestetik, Euskal Herritik kanpotik etorritako lagun bi: Rami tuareg-a eta Tereixa galiziarra, amodioak eta Ruperren kontzertu batek bertoratuta, hurrenez hurren.

Kanpotik etorri eta euskara ikasten duen jendearen istorioak entzuten-irakurtzen ohitu gara, azken urteotan gehien bat. Inoiz esan dugun legez hedabideetako jendearentzat erakargarriak izaten dira halako kasuak. Tereixa eta Ramirenek hala ere ez dute erakargarritasunik galdu, are gutxiago ibilbidea kontatu duten modura eta eman zaien denbora eta trataera zinematografikoarekin. Atseginez eta freskotasunez ikusi ditut istorioak neuk behintzat.

Euskara txikitan galdu duen jendearena berriz, uste dut orain arte gutxi zabaldu den gaia dela oro har. Nortasuna, hizkuntzen gatazka familian bertan, eskola, ingurua, jarrerak... Transmisioaren etenak familian eragin duen inkomunikazioaren kasu latz bi kontatu dizkigute: Jesus Mariren opor isilak eta Mixeleren amatxirekin mintzatu ezina. Euskararen azken mendeko atzerakadak horrelako asko eta asko ekarri ditu seguruenik: atsekabeak, lotsak, tristurak, haserreak eta saminak... eta erreakzioak ere bai, Mixele eta Jesus Mari horren adibideak dira azken batean, sustraiak galtzeari uko egin dioten pertsonak. Eta sustraiak hitza guztiek aipatu dute. Besteek ikuspegi desberdina eman dute baina: sustraiak non ezarri bilatzen duen nomadarena edo -arbolek ez bezala- erroak, dagoen lekuan dagoela, hazi ahal dituen pertsonarena.

Lau istorio polit azken batean. Maiak, Zapirainek eta besteek eman dieten trataerarekin erakargarri, hunkigarri eta, gehien bat, argigarri izan daitezke hemen hizkuntzarekin zer gertatzen den ulertu nahi duenarentzat.  Honetan gabiltzanoi enpatia eta emozioa piztuko dizkigute gehien bat, urrunagokoari ere bai akaso. Azpitituluak edo bikoizketa komeni dira nire ustez

Ez naiz zinezale amorratua, are gutxiago kritikaria, baina gustatu egin filma. Ideia ona izan dute egileek: pertsonak eurak protagonista izatea (zinema 2.0 deitu beharko zaio honi? :D ). Horrez gain tonu intimoa eta pertsonalean egin da. Ideiak, aldarrikapenak eta halakoak nabarmendu barik, pertsonen barnea eta bizitza ditugu hor: sentimenduak, ilusioak, pozak, harremanak... Honelako trataerarekin konturatzen zara gure mundutxo honetan soilik halako milaka istorio ditugula, kontatu beharrekoak.

Hutsunetxo bat nabaritu dut hala ere. Euskara ikasi dute lau pertsona hauek, bidaia emozionala kontatu zaigu batez ere, "zergatik ikasi", "zertarako ikasi" ematen du izan direla tema nagusiak, ondo. Ez da film honen asmoa izan seguruenera, baina uste dut askotan gertatzen dela: ez zaizue iruditzen "zelan ikasi" horri heldu behar zaionean halako elipsi moduko bat egiten dela, ez dela horretaz asko esaten? "Hemen datoz didaktikari birtuosoak euren temarekin!" ;-) . Baliteke, baina bidaiaren etapa hori kontatzeko ez dago teknizismoetara jotzea beste biderik? Kontuan hartu, askotan arazoa zergatia eta zertarakoa baino gehiago "nola" izaten dela.

Tira ba. Amaitzeko buruan geratu zaizkidan gauza bi. Lehenengo Tereixak fimaren ostean irakurri dizkigun Castelaoren hitzok:

Un can de Turquía ouvea igual que un can de Dinamarca; un cabalo das Pampas arxentinas rincha igoal que un cabalo da Bretaña. ¿E sabedes por que? Porque os probes animaes aínda están no idioma universal...”

Ideia bat honekin batera: euskararekin egiten dugun lanak gurean ez ezik, munduko beste hizkuntzetan izango du eragina.

Bigarrena, Ramiri gaztetan "beret basque" hitzaren bigarren atala zer zen galdetu zuenean erantzun ziotena:

Bizitzen bazara, ikasiko duzu

Filma datozen asteotan hainbat lekutan izango duzue ikusgai.

Language attrition

Benito-(e)k 2009, Otsaila 10 - 21:56-(e)an bidalia.

Norbanakoak hizkuntza bat galtzeari (ama-hizkuntza dela, L2 dela) Language Attrition deitzen zaio ingelesez (ez dut euskaraz edo inguruko erdaretan ezer topatu oraingoz). Wikipedian duzue honetaz irakurtzeko abiapuntua: ingelesez edo italieraz adibidez.

Badirudi honi buruzko ikerketak eta azterketak nahikoa berriak direla oro har. Azken hamarkadetan eman zaio arreta nonbait. Hizkuntzaren eskurapenaren kontrako prozesua edo fenomenoa dela esan daiteke, Jesus Mari edo Mixeleri txikitan gertatu zitzaiena hain zuzen ere, ama-hizkuntza "ahaztea".

Wikipediako artikutik azken ondorio moduko hau ekarriko dut:

Learners motivated to keep their attriting L1 or L2 may very well maintain it (galbidean duten H1 edo H2 mantentzeko motibatuta dauden ikasleek ez lukete gordetzeko aparteko arazorik izan behar)

Eta kontuz kontzeptuekin, Mikel Zalbidek ohartarazten digun bezala:

Nolanahi ere, gauza bat izan behar genuke argi: ingelesez ere ez direla gauza berberak language change, language shift, language attrition, language loss eta language death.

Hizkuntza ahitzea/higatzea

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 11 - 16:14-(e)an bidalia.

Neuk ere ez dut ikusi kontzeptu hori euskaraz emana (ezta gaztelaniaz edo katalanez ere). Morrisen begiratuta attrition ahitze edo higatze moduan ekartzen du, baina bi horiek ere ez naute asetzen ....

Hizkuntza ahaztea

Benito-(e)k 2009, Otsaila 11 - 18:56-(e)an bidalia.

Bai, kostatzen da euskaraz edo Euskal Herrian dokumentazioa aurkitzea, egongo da zerbait akaso, baina deigarria egiten zait literatura gehiago ez egotea, hemen sarri gertatu den fenomenoa baita.

Bidaia intimoak-en kontatzen diren bi kasu horien modukoak seguru denok ezagutu ditugula, urrun joan barik euskaltegietan txikitako euskara ahaztu eta berreskuratu nahi duen jendea sarri izan dugu adibidez.

Izenari dagokionez, ez dakit zer izendapen tekniko eman dakiokeen "attrition" horri -itzulpen horiek neu ere ez naute asetzen- baina berbeta korrientean "ahaztu" berba da ohikoena: "Eskolara joan eta ahaztu egin nuen", "Txikitan banekien, baina gero ahaztu egin zitzaidan"... "Hizkuntzaren ahanztura" termino teknikoa izateko lar poetikoa ematen du hala ere. Wink

Badirudi "attrition" hori bi alderditatik aztertu dela gehien bat. Alde batetik ama-hizkuntzaren galera (H1), bereziki beste lurralde batera joandako emigranteen kasuan. Eta bestetik bigarren hizkuntzarena (H2), hizkuntza ikasleak "ikasitakoa" zelan galtzen duen. Hizkuntza minorizatuen artean fenomeno ezaguna dela ematen du bestalde. 

Argi dago faktore sozialak eta soziolinguistikoek dutela eragina galera horretan, baina aldi berean, ama-hizkuntzaren galera zer egoeratan gertatzen den eta "gogoratzeko" modurik ba ote dagoen galdera interesgarriak dira.

Edozelan ere, argi dago ama-hizkuntza edo txikitan jasotako hizkuntza bat ahaztu egin ahal dela, edo ahaztu delako pertzepzioa gerta daitekela behinik behin. Transmisioaz hainbeste hitz egiten den sasoi honetan beharbada transmisioa ziurtatzeaz gainera, transmisio hori "atxikigarria" izateko modua ere bilatu beharko da.

Hizkuntza ahaztu ala galdu?

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 12 - 10:47-(e)an bidalia.

Zuk aipatzen duzu askotan hizkuntza ahaztu egin zitzaidala esaten dutela horiek. Nik ere sarritan entzun dut hizkuntza galdu egin dutela esaten. Ez dakit, Zalbidek ere antzeko egoeratan gesaldu erabiltzen du (ez nau betetzen horrek ere) eta galduk ere beste konnotazio batzuk izan ditzake. Ez dugu arazoa konponduko, baina oinarri batzuk jarri bai, ezta?

Atrizioa

Gilen (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Otsaila 19 - 02:50-(e)an bidalia.

Ingeleraren bidetik, italierak eta frantsesak bezala, "atrizioa" esatea ez litzateke ezin barkatuzko azioa, nik uste.

Halere, euskarari gagozkiola, "deseuskaldundu" eta "deseuskalduntze" nahiko ezagunak dira, ezta?

Bestela, zentzu orokorrean, "hizkuntzagabetu" eta "hizkuntzagabetze" edo esan genezake.

Atrizioak

Benito-(e)k 2009, Otsaila 19 - 14:34-(e)an bidalia.

Atrizioa euskarazko hiztegietan bilatuta bestelako adiera batera eramaten gaitu, ikus hemen adibidez. Dena dela adiera internazional horren adibidea aurkitu dugu Wikipedian, begira:

Los Angeleseko saiakuntzak zatiketa erresistenzia neurtzen du eta friabilitate saiakuntzak atrizio erresistentzia.

Hala ere, proposamenak proposamen (eskerrik asko bide batez, Gilen), soziolingusitikan, psikolinguistikan eta halakoetan dabiltzanek ez dute terminoa itzuli dagoeneko?

Bitxia iruditzen zait fenomenoa Euskal Herrian gertatua eta ezaguna izanda orain arte horren itzulpenik ere ez egotea (ez balego).

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia