22
Ira
2009

Kanpaina betean

Urteen poderioz iraileko matrikulazio-kanpaina errutina dugu gurean. Jendea euskaltegira e(ra)karri behar da orain, orain gehien bat,  urtebeteko ibilbidea hil honetako uztak erabakiko baitu, oraingoak gehien bat. Publizitateko inbertsioen marradun grafikoak sekulako tontorra erakutsiko luke bederatzigarren (edo lehenengo) hil honetan duda barik. Kartelen, afixen eta irrati-telebistetako iragarkien sasoia da iraila gurean.

Eta urtetik urtera nahikoa errutinarioa egiten zait neuri behintzat. Iragarkietako ideia berriren bat gorabehera, marmotaren urtearena etortzen zait akordura, gehien bat. Sorpresa helburu duen publizitatearen arteak ez dit sorpresa handiegirik ematen urtetik urtera, baina hori gutxinekoa izango da egia esanda, azken batean kanpaina horien target-a beste batzuk dira, ez geu, eta benetako emaitzak datorren astean ikusiko ditugu. Ea ba.

Aurtengo kanpainan (baten batek azken orduko bolanderaren bat gordeta ez badauka behintzat) dena dela, gauza bat egin zait ohikoa baino deigarriagoa: udal-mailako erakunde batzuen kanpainak. Originaltasuna eta freskotasuna gehien bat hortik etorri dela esango nuke, HABE edo euskaltegien euren kanpainetatik baino gehiago.

Bilboko Udalaren kanpaina hau ikusi nuen lehenegoz. Apartekoa izan barik, erakunde publiko-ofizial batena izateko ukitu freskotxo bat nabaritu nuen.

Baina originaltasunaren bidetik urrats polita izan da Nafarroako euskara zerbitzu batzuek antolatu duten Euskafe hori. Kanpaina osatuagoa eta kanal askotakoa, bideo eta guzti:

Eta hura bezain landua, eta gainera publizitate hutsetik harago, informazio eta zerbitzu batzuez ondo hornituta, Buruntzaldeko euskara zerbitzuen-kanpaina etorri da gero. Gainera sasoi bateko kanpaina baino gehiago izateko asmoz jaio dela dirudi, eskualdeko euskaltegien eta euskalduntzearen informazioa, zerbitzu eta komunikazio gune zentralizatua eskaini guran edo, automailaketa zerbitzua bezalako tresnak adibidez.

Ez da hor amaitu kontua, ez, ukitu biral batekin Gasteizko Udaletik suabe-suabe egin ziguten gonbitea hitza hartzeko ondoren.

Eta errematea, larrosa kolorez jantzia, Donostiatik etorri da. Euskara mon amour leloarekin webgune eta kanpaina grafiko landu eta originala ekarri digute plazara.

Publizitatea juzgatzeko era bi egon daitezke gutxienez, batetik estetikaren gaineko iritzia, eta hor ez naiz sartuko, gustuak, zaletasunak eta aurreiritziak tarteko, alferrik baita eztabaidatzea, eta bestetik, emaitza "komertzialena", eta horretaz ezer esateko informaziorik ez daukagu oraindik (ezta apur batean edukiko ere).

Gauza bakarra okurritzen zait bakarrik: udaletxeetako biltegi-fitxategi-gordeleku ustez ilun horietan badirudi irudimena, freskotasuna eta originaltasuna -edo haiek topatzeko gogoa behintzat- ez direla erabat galdu. Euskaltegietako txoko koloretsuetan baino biziago daudela ere ausartuko nintzateke esatera, hori esatera ausartzeko ausardia handia beharko ez balitz.

Ulibarrikoena

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Iraila 30 - 10:15-(e)an bidalia.

Atzo Bilboko Alde Zaharrean ikusi nuen tipo bat bizikleta batean (limusina bat imitzatzen zuen bizikleta) Ulibarri euskaltgiko propaganda egiten. El euskaltegi izan da euren leloa (arraroa, ezta?)

Kartela

Benito-(e)k 2009, Iraila 30 - 16:29-(e)an bidalia.

Ikusi dut kartela eta kanpaina kalean, baina ez sarean ezer ere ez.

Euren webgunean behintzat nik ez dut erreferentziarik aurkitu.

Sarean zero

txerra (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Iraila 30 - 17:13-(e)an bidalia.

Ni ere saiatu naiz erreferentzia bidaltzen, baina inposible. ..... Oso kanpaina modernoa, baina interneten zero ... arraroa ezta?

Arraroa ez

Benito-(e)k 2009, Iraila 30 - 18:00-(e)an bidalia.

Arraroa ez da zoritxarrez. Ez euskaltegien munduan, ez gainerakoan. Publizitateko euskarri modura web-a ez da lehenengoa izaten jeneralean.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia