29
Urt
2012

Elkarreraginaren garrantziaz (I)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 29 - 02:53

Nahikoa litzateke Europako Erreferentzi Markoari begiradatxoa egitea elkarreraginari ematen dion garrantziaz jabetzeko. Hainbestekoa da, non ardatz nagusietakoa den eta bere baitan hartzen dituen idazmenaren eta mintzamenaren zenbait atal. Iruditzen zait apur bat kamustua dugula elkarreraginaren esparrua, mintzamenaren atal izatera mugatua, propio gutxiegi landua, eta balorazio garaian orokortuegia. Elkarreragin mekanismoak aztertu beharrean, erabili egiten dugu elkarrizketa egokitasuna, koherentzia eta kohesioa, jariotasuna, aberastasuna eta zuzentasuna neurtzeko. Komenigarria da, beraz, elkarrizketak berezko duen interakzioari eta beronen barrunbeari erreparatzea. Eta zeri begiratu behar diogu, bada? Hona hemen, txantiloia osatzeko irizpide batzuk:

  • Abiapuntu-jarrera egoki adierazi dute.
  • Entzun diote elkarri.
  • Egoki kudeatu dituzte hitz egiteko txandak.
  • Ikuspuntua azaltzerakoan kontuan izan dute solaskidearen iritzia.
  • Solaskidearentzat atsegin eta eroso samarra den diskurtso modua erabili dute: elkarkidetza.
  • Arestian aipatutakoa kontuan izan dute (egoki josi dituzte bi diskurtsoak).
  • Saiatu dira, nolabait, komunikazio-hutsak konpontzen: jario-etenak, isiluneak, mintzabideak zabaldu…
  • Jarrera aktiboa izan dute elkarrizketan.
  • Modalizazioa egokia izan da: ñabardura, graduazioa, umorea…
  • Ez-hitzezko elementuak baliatu dituzte (keinuak, irribarreak…)
  • Jarioa: ideia/informazio-emaria (kantitateari zein kalitateari begira). Erritmoa. Automatismoak.
  • Doinua.
  • Ez dute intseguritate handirik erakutsi.
  • Ideien arteko hierarkia argia da. Argudiobideari eutsi diote.
  • Errefusa gaitasuna.
  • Erregistro egokia.
  • Birformulazioa.
  • Kohesioa.
  • Zuzentasuna.
  • Eraginkortasun komunikatiboa.
  • Egoki bukatu dute elkarrizketa.

Badakit, hauetako puntu askok ñabardura asko eskatzen dituztela eta zerrendatu besterik ez ditudala egin, oso ordena nahasian gainera. Badakit edozein behaketa-txantiloik baino garrantzi handiagoa dutela behatzen duten begiek. Baina nik noizean behin erabili izan ditut irizpideok, elkarrizketaren eskemarekin batera, eta lagungarri gertatu zaizkit senak esaten zidana osatzeko. Adibidea jarriko dizuet hurrengo sarreran.

  1. OHARRA: Txantiloi honek Antonio Unzue-ren Debaterako argudiatu. Bigarren Hezkuntzako arlo guztietarako proposamena (pdf 623 KB)  du oinarri.
  2. OHARRA: Ahozko elkarreraginari erreparatu diogu oraingoan. Jakitun gara, baina, Internetek nabarmen areagotu duela idatzizko elkarreragina ere (e-posta, foroak, txatak, sare-sozialak…) Argi dago, beraz, idatzizko elkarreraginak ere merezi duela arreta eta lanketa.

Argazkia: Graphic Conversation. Egilea: Marc Wathieu . Lizentzia.

Etiketak: ahozkotasuna | ebaluazioa | elkarreragina | mintzamena |
Bidalitako artikuluak

Elkarreragina, adierazpena, ulermena...

Benito-(e)k 2012, Urtarrila 29 - 21:50-(e)an bidalia.

EEMn arreta ematen duten lehenengo gauzen artean trebetasunen eskema tradizionala -eta ondo errotua gurean- haustea da dudarik gabe. Ahozkoaren ulermena, irakurmena, mintzamena, idazmena laukotetik bederatzikote batera goaz: ahozkoaren, idatzizkoaren eta ikus-entzunezkoaren ulermena, ahozko eta idatzizko adierazpena, ahozko eta idatzizko elkarreragina eta -gurean apenas aipatu den bat- ahozko eta idatizko "bitartekotza". Ez ditu "trebetasunak" deitzen gainera, "hizkuntz-jarduerak" baizik.

Hortik azkenoetan halako eredu hibridoa zabaltzen ari dela iruditu zait: ulermena, mintzamena, irakurmena, idazmena + elkarreragina moduko zerbait. HABEk Q87rako ebaluaziorako zabaldu duen eredu batean adibidez.

Edonola ere, sailkapenak sailkapen, begitandu zait gehiegi ari gara -berriro- trebetasunen mapa hori ebaluaziora edo zertifikaziora ekartzen: nola ebaluatu, zer ebaluazio-irizpide ezarri "trebetasun" horiek zertifikatu edo testatzeko. Eta akaso EEMn agertzen diren zerrendei begiratu, eta pentsatzen hasi beharko genuke a) trebetasuen mapa horren arabera zer egiten dugu hizkuntzarekin, ikasleek zertzuk egin nahi lituzkete? eta b) Nola lagundu ahal diogu ikasleari halakoak egiten trebatzen, prestatzen eta egiten?

Adibidez, ahozko elkarreraginari dagokionez, galdera batzuk bota daitezke: euskara bitarteko zer egin nahi-behar lukete pertsona hauek beste pertsona batzuekin ahoz elkarreraginean? Zer egoera, kanal, testuinguru, harreman-mota burutu nahiko lukete? Zer asmorekin, zertarako? Zer trebezia-ezagutza beharko lukete horretarako? Zer giro, zer jarduera, zer tresna behar ditugu? Zer egin behar dut nik haiekin? Nik neuk, irakasleak, zer paper, zer jarrera, zer proposamen garatu behar ditut?

Honek guztiak ebaluaziotik haragoko gogoeta behar du nonbait.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia