Hizkuntzaren alde ezkutua: estrategia komunikatiboak
Plisti-plasta | 2008, Abendua 18 - 20:06Ilargiak bezala hizkuntzak ere bi alde ditu: ezkutua edo iluna eta argia edo agerikoa. Ikusten ez dena ere existitu egiten da batzuetan, alegia. Zenbaitetan argitasunak itsutu egiten du, ordea. Edozein astronomok daki ilargia bere osotasunean aztertu behar dela. Modu berean, edozein irakaslek edota ikaslek jakin beharko luke hizkuntza bere osotasunean landu behar dela. Alderdi argia, esplizitua, ezin da izan ikaskuntzaren subjektu bakarra. Alderdi iluna, ezkutukoa, inplizitua, da ifrentzua. Alde bat bestearen osagarri, zein baino zein garrantzitsuago.
Denok ezagutzen ditugu antzeko gaitasun lexikala eta morfosintaktikoa dituzten hiztunak. Eta badakigu egoera komunikatibo baten aurrean jarrita, oso desberdina izaten dela baten eta bestearen gaitasun komunikatiboa. Antzeko lanabesak izanda ere, bata komunikatzaile trebea izan liteke eta bestea ez hainbeste. Zergatik ote? Arrazoiak ildo ugaritakoak izan litezke baina sarritan hizkuntzaren alde ilunean dautza gehienak. Seguru aski, hiztun batek besteak baino estrategia egokiagoak darabiltza.
Estrategia egokiagoak erabiltzeak erabaki komunikatibo egokiak hartzearekin du zerikusia. Erabaki horiek modu kontzientean har litezke edo ez, egoera komunikatiboaren arabera. Kontuan izan, erabaki horietako asko eta asko ez direla kontzienteki hartzen. Hiztun bakoitzaren gaitasun kognitiboarekin eta hizkuntza batean izandako murgilketarekin eta erabilerarekin dute zerikusia. Hauxe da, nire ustetan, bigarren hizkuntzaren ikasketan gainditu beharreko arazo nagusia.
Egia da hizkuntza batean zein beste batean estrategia komunikatibo ugari komunak direla. Hau honela, berebiziko garrantzia du xede-hizkuntzarekiko transferentzia egokiak, beraz. Zorionez, ikasle batzuek transferentzia gaitasun handia dute eta berorretaz baliatzen dira xede-hizkuntzan ere estrategiak garatzeko. Badira gaitasun hori berezkoa dutenak. Adimen kontua. Ezer gutxi dakigu honetaz eta ez gara sare neuronaletan endredatuko momentuz. Beste batzuek, berez edo lagunduta, estrategia inplizitu horietako asko esplizitu bihurtu dituzte; alde ilunetik argira ekarri, teknika bihurtu. Honek azaltzen du, besteak beste, zergatik ikasten den errazago laugarren edo bosgarren hizkuntza bigarrena baino. Baina badira transferentzia hori egiteko zailtasun larriak dituzten ikasleak ere. Nola lagun geniezaieke?
Ikasleok lehenengo hizkuntzan estrategiak erabiliaren erabiliaz bereganatu dituzte, murgilduaren murgilduaz. Xede-hizkuntzan modu berean bereganatzen dituzte. Batzuentzat lagungarri izan liteke teknikak irakastea, estrategiak esplizitatzea; beste batzuek, aldiz, honela ere apenas egiten duten transferentziarik eta xede-hizkuntzaren ikasketan denbora luzea behar izaten dute, lehenengo hizkuntzan egindako ibilbide bera errepikatu beharra izaten baitute ia.
Honelako mezuek izan behar duten luze laburrak honela eskatuta, gatozen ondorioetara. Bi besterik ez ditut aipatuko gaur gaurkoz:
Lehenengoa: irakasle eta ikasleok ezin dugu hizkuntzaren alderdi argian bakarrik lan egin. Ezin gara zuzentasunera eta aberastasunera mugatu. Estrategien munduan, egokitasunarenean, ere lan egin beharraz ohartzen bagara, Armstrong astronauta parafraseatuz esan genezake gure formazioan urrats txiki bat emango dugula baina pausu luzea izan litekeela ikas-irakasbidean.
Bigarrena: Salbuespenak salbuespen, estrategien mundua mundu pertsonala da, ikasle bakoitzari dagokiona. Ikasle bakoitzak berez dakartza estrategia jakin batzuk (onak eta txarrak) eta transferentzia gaitasun jakin bat. Beharrezkoa da, beraz, berauek ahalik eta modu pertsonalizatuenean lantzea. Honetan, lehen Armstrongi bezala, orain ekologistei jaramon eginez, modu globalean pentsatuko beharko dugu eta norbanakoarekin jardun.
Finean, honelakoak dira ilargia eta ikas-irakaskuntza. Batzuetan gora beste batzuetan behera, batzuetan berri eta beste batzuetan bete, batzuetan ilun eta beste batzuetan argi.
Argazkia: Eklipsea 2007-03-03. Egilea: Mr. Theklan. Flickr-etik hartuta. Lizentzia:
Transferentzia
Gai interesgarria ekarri eta interesgarri planteatu. Uste dut transferentziaren kontu hori ez dela izaten gehien erreparatzen zaienetarikoa. Ikasleak berez hizkuntza batetik bestera eskemak eta trebeziak pasatzeko konpetentzia deitu dakioke beharbada.
Horren harira galdera batzuk etorri zaizkit:
Beste kontu bat da ikas-estrategiak edo "ikasten ikastea" lantzearena eta ikaslea horren beharraz jabetzea. Euskara Irakasleak-era bota dut Bartzelonako Encuentro Practicoaren makoan bota den galdera bat. Zer egin ikaslea horren beharraz jabetzen ez denean?
Hala ere, uste dut galdera hori askoz era globalagoan egin daitekeela: zer egin ikasleak ikasteaz duen ideia eta guk daukaguna bat ez datozenean? Aste honetan berton lankide batek kontatu dit ikasle batzuekin zelako buruko minak dauzkan. Ikasleak era bateko jarduerak nahi ditu eta irakasleak halaxe egitea agintzera ailegatzen ari da. Eta ez dira ailegatu ikas-estrategiaren lanketa bezalako "modernitateetera",ez.
Era guztietako berrikuntzetarako oztopoa irakasle eta profesionalengan ikusteko joera izaten da, baina askotan "bezeroa" bera noraino dagoen haiek onartu eta ulertzeko prest, prestatuta eta prestu aztertu beharko genuke.
Sergio Mongek kontatu duen hau gogoratu dut, publizitatearen mundutik dator, baina gurean ere halakoak gertatzen direla esnago nuke.
Nola lortu ikasleek zopa jan dezaten?
Deigarria da noraino izan gaitezkeen erresistenteak egin behar dugun ahaleginaren zentzuaz guztiz jabeturik ez gaudenean (jabetzen garenean ere, lanak!). Logika zientifiko guztia zakarrontzira doa "ba nik beti horrela egin izan dut" bezalakoen aurrean. Zer egon daiteke horren atzean? Nire ustez, bi arrazoi hauek funtsezkoak dira:
1. aldatzeari beldurra. Nik nire betiko aditz ariketak ondo egin izan ditut, zertarako jarriko naiz komunikazio-trebetasunak lantzen? A ze txorakeriak! (transkribaturik: aditz ariketekin seguru sentitzen naiz, erantzun zuzen bat eta bakarra dute, beste ariketa hauek ez ditut ondo ulertzen eta aukera gehiegi dituzte, ezin dut jarri nire koadernoan ondo ala gaizki egin dudan)
2. aurretik egindakoa ondo ez dagoela onartzeak eragiten duen ondoeza. Nik beti horrela hitz egin dut, gustatzen ez zaiona, hor konpon! (transkripzioa: kontxo, ez ote dut gaizki egin orain arte? Onartu behar dut ez naizela komunikatzaile ona? Irentsi behar dut nire harrotasuna eta nire komunikazio-estiloa aldatu, moldatu edo zabaldu?)
Ikasleak kasu hauetariko batean baldin badaude, ez da zaila izango konbentzitzea. Borrokatxoak eragingo dizkigute, goxotasunez joan behar dugu bidea erakusten, eta batez ere ikaskideen konplizitatetik abiatuko gara... Baina azkenean, inguruko askok zopa jan eta hobeto sentitzen badira, denek bukatzen dute zopa gustura asko jaten. Azken batean, ikasleek ikasi egin nahi dute, ahalik eta azkarren, eta alde ilun hori lantzeko bidea eskainita, azkenean onartu egiten dute. Hori da, behinik behin, nire esperientzian ikusi dudana.
Arazoa da ikasleak ez daudenean ez 1en eta ez 2n. Ikasle hauek ez digute erresistentzia handirik erakutsiko baina, azkenean, ez dute zopa jango, ez baitakite ezta zertaz ari garen ere. Beraiek telebistari begira daude gu bazkaltzen ari garen bitartean. Beno, haiei telebista programa onak jarriko dizkiegu eta duten horrekin jokatuko dugu, ez dago besterik. Ez du merezi haserretzea, ezin dute ilargiaren alde iluna ikusi ez baitaude ilargiari begira, artizarrarekin daude liluraturik.
Azken hauekin, pazientzia, eta deskuidoan burua biratzen ikusten ditugunean, orduan zast! ekarriko ditugu geure lan-sistemara. Ikasle hauek dira, lortuz gero, izugarrizko aurrerapausoa ematen dutenak denbora laburrean.
Gu oso profesionalak gara, baina miraririk...
Bidali iruzkin berria