23
Ira
2007

Zenbakiak eta begiak

Plisti-plasta | 2007, Iraila 23 - 15:23

Lehengoan Xabier Imaz agertu zen euskaltegian. Matrikula egitera zetorren txintxo-txintxo. Ia bigarren mailako froga gainditu zuen galdetu nionean etsipen puntu bat nabaritu nion: “Bai eta ez” erantzun zidan. Nolatan, ordea?

Hauexek dituzue Xabierren notak:

1. zatia

  • Irakurmena: 16 puntu (gehienez 20 dira)
  • Idazmena: 17 puntu (gehienez 30 dira; azterketa gainditzeko 15 behar dira gutxienez)

2. zatia

  • Entzumena: 12 puntu (gehienez 20 dira)
  • Mintzamena: 17 puntu (gehienez 30 dira; azterketa gainditzeko 15 behar dira gutxienez)

Ikusten duzuenez, Xabierrek trebetasun guztiak nahiko aisa gainditu zituen baina EZ GAI izan zen. Zergatik, baina?

Bada, 2. zatian nahiz eta bi trebetasunak gainditu, ez zelako entzumena eta mintzamenaren artean 30eko puntuaziora heldu (29an geratu zen). Nahaste-borraste galanta, alajaina!

Nire ustetan honek guztiak badu jatorri faltsu bat eta ondorio kaskar batzuk ere bai.

Has gaitezen jatorri faltsuarekin, alegia. Okerra, trebetasun ekoizleen suprabalorazioan dago. Puntuazio-taulari begira argi geratzen da idazmenari eta mintzamenari ematen zaiela lehentasuna. Baina honela gertatzen al da komunikazio errealean? Zer egiten dugu batik-bat: entzun ala idatzi? Irakurri ala idatzi? Mintzatu ala idatzi? Zergatik aitortzen zaio idazmenari mintzamenari bezainbesteko garrantzia eta entzumenari edo irakurmenari baino handiagoa? Ez ote dira eskola zaharraren ajeak izango?

Beste kontutxo bat aipatu behar dizuet orain: aztertzailearen jokabidea, alegia. Aztertzaileak mintzamen azterketa baloratzen duenean, ikasleari hamabost puntu ematen dizkionean trebetasun horretan gai dela uste duelako da (ez daki entzumenean zenbat puntu atera dituen). Beraz, bere buruan ez dago 18 puntu atera behar dituela (%60) gai izateko.

Gatozen orain honen guztiaren ondorio kaskarretara: bata begi bistakoa da: Xabier Imaz. Nola adieraz geniezaioke gertatutakoa? Eta ez pentsa Xabier Imaz fikzioa denik, gure euskaltegian iazko azterketetan antzeko zazpi kasu gertatu ziren eta. Beste ondorio bat ere badago: irakurmenaren eta entzumenaren zailtasun-maila asko jaitsi da (maria bihurtu ditugu) batetik arrazoi praktikoengatik ( baremazio honekin “ez gainditu” kopurua gehiegi haz ez dadin) eta bestetik arrazoi ideologikoengatik (trebetasun hartzaileak bigarren mailakotzat jotzen direlako: ikus puntuazioak).

Nire ustetan irtenbiderik egokiena trebetasun guztiak gaindituz gero, ikaslea gainditutzat jotzea da; halaber, trebetasunen bat gaindituko ez balu “ez gainditua” emango genioke.

Dena den, beldur naiz Europako ez dakit zein erakundek ezarritako ereduari men egin beharko diogula (ia gauza onak ere inportatzen ditugun!) Hori horrela bada, Mintzamenean edo Idazmenean ikasle bat gaitzat joz gero, zuzenean 18 puntu (%60) ematea proposatzen dut Xabierri gertatu zaiona berriz gerta ez dadin, hots, entzumenean (%60) eta mintzamenean “gai” baina konputo orokorrean “ez gai”.

Barkatu zenbakiekin mareatu bazaituztet baina batzuetan zenbaki horien atzean aurpegi bat dago eta begi harritu batzuk (ikaslearenak eta irakaslearenak)

Argazkia: flooznyc

Etiketak: agiriak | azterketak | maila | tituluak |
Bidalitako artikuluak

Aurpegiak

Benito-(e)k 2007, Iraila 24 - 01:46-(e)an bidalia.

Zenbakiak gora zenbakiak behera, nire ustez, larriena euskara ikasleengan eta ikastearen inguruan sortzen ari den egoneza, etsipena, noraeza eta nekea.

Aspaldian komentatu nuen, agiri, proba eta azterketa sistema honekin ez ote gabiltza munstroa sortzen?

Munstroa

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 24 - 09:17-(e)an bidalia.

Munstroa aspaldi sortuta dago: erdarazko bihotza du, erdarazko mingaina eta Jaurlaritzak emandako paper polit bat ei darama poltsikoan.
Mary Shelley eta Vigotsky besotik helduta ikusi omen dituzte Gasteiz aldean.

Franki

Benito-(e)k 2007, Iraila 24 - 17:24-(e)an bidalia.

Hori da ba! Frankenstein! Hango eta hemengo adbakiekin izakia sortu eta behin eginda sortzaileari oldartu zaion munstro itzela suertatu... eta Frankik behar zuen bakarra maitasun apur bat baino ez zen...

Ygorren modura sentitzen naiz batzuetan.

Beste kasu bat

Karrajua-(e)k 2007, Iraila 24 - 12:58-(e)an bidalia.

Arkaitz Zarragak beste kasu baten berri eman du erabili.com-en: Hizkuntz eskakizunak

Santo Kristo Lezokoa!

plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2007, Iraila 24 - 15:38-(e)an bidalia.

Arkaitzena irakurrita ez dut beste esatekorik: Santo Kristo Lezokoa!

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia