14
Abe
2008

Ziborgak, hibridoak eta Robinsonen uhartetxoa

Plisti-plasta | 2008, Abendua 14 - 13:29

Badakizu zer den ziborga. Erdi mekanikoa erdi organikoa den izakia, alegia. Erdi eta erdi ez, baina zu eta biok ere apur bat ziborgak gara. Gure arteko komunikazioa makina batek ahalbideratzen du une honetan. Argi dago, dena den,  gero eta integrazio maila altuagoa lortu eta lortuko dugula makinak eta gizakiok, teknologia gero eta nonahikoagoa da eta. Nonahikoa? Ez, pentsa! Bada gure gizartean lekutxo bat, Robinsonen uhartetxo bat, oraindik konkistatu gabea, ikasgelaz ari naiz, jakina.

Badakizu zer den hibridoa. Izaera desberdineko elementuen konbinazioa. Gurera etorrita dimentsio fisikoa eta birtuala nahasten dituena. Gero eta  irakasle eta ikasle gehiagok duguna eta euskaltegietan autoikaskuntza geletan hesituta eta koarentenan bizi arren, guztia kutsatzen hasi dena, Robinsonen uhartetxoa bera arriskuan jartzen duena.

Baina galde egiozu zeure buruari  teknologia eta birtualitatea arriskua ala aukera diren. Gaixotasun ala sendabide. Oztopo ala baliabide. Erantzuna ziur asko ezin da borobil-borobila izan. Halere, arriskuak arrisku (eta horrelakoak ere badira), ziur naiz, zuk eta biok, nire lagun ziborga, baliabidetzat dauzkagula. Gauzak honela, egin degiogun begiratutxoa Robinsonen uhartetxoan gertatzen ari denari.

Irudia: Lost in Space. Egilea: Runran. Flickr-en bidez.  AtribuciónCompartir bajo la misma licenciaLizentzia

Robinson eta Ostiral ditugu eztabaidan.

Robinsonek beldur apur bat die ziborgei. Irla hiru zatitan banatu nahi du: irlaren zatirik handienean izakiak biziko dira eta euren arteko harremana presentziala izango da; bigarren eremu batean izakiek makinekin harreman mugatuak izango dituzte eta taldekakoak betiere; hirugarren lur-zatikoek banakako harreman libreagoak izango dituzte makinekin.

Ostiralek, ostera, ez du irla zatitu nahi, ez da mugazalea, makinak eta izakiak uhartean libre bizitzearen aldekoa da, eta izaki bakoitzaren esku utzi nahi du harreman moduari buruzko erabakimena, ez die inolako beldurrik ziborgei.

Muturreko teknologiaz baliatuta entzun dezagun beraien arteko elkarrizketa zatitxo bat:

R:  Ikas-irakaskuntza presentzialak , ausentzialaren aldean, komunikazio sinkronikoa eta kalitatezkoa bermatzen du eta horrek jarraitu behar du izaten gure apustu nagusia.

O: Epe laburrera ez dut uste presentziala / ausentziala  izango denik eztabaida. Makinek, zentzurik zabalenean ulertu hitz hau, gero eta kalitate handiagoko komunikazio sinkronoa ahalbideratuko dute eta. Nire ustez ere garrantzitsuena gizakion arteko komunikazioa da baina komunikazio horrek kanal ugari izan ditzake. Ezin ditugu ikasleak elbarritu, ezin dugu historia atzera bota, ezin dugu sarea bazterrean utzi.

R: Ez diot nik sarea alde batean utzi behar denik esaten. Dena ez da sarea, ordea. Ikasleak elbarritu nahi ditudala diozu baina nik ez dut ukatzen dimentsio birtuala onuragarria izan daitekeenik, horregatik uste dut jarraitu behar duela ohiko ikaskuntzak eta horren ondoan autoikaskuntzak eta ikaskuntza konbinatuko taldeak sortu.

O: Nik beste ikuspegi bat daukat baina. Nire ustetan euskaltegiak zerbitzu gune balioanizduna izan behar du. Pentsatzen hasi behar dugu ohiko estandarraren egokitzapenean eta beharrezkoa da horretarako euskaltegi osoari, eta ez gela jakin batzuei, dimentsio birtuala ematea.

R: Begira, Ostiral, nahi duzuna esan, baina nonbait irakurria dut makina batek ordezkatzen duen irakasleak ordezkatua izatea merezi duela.

O: Arrazoi duzu horretan. Baina paradoxa bada ere, laster edo gero teknologia ukatzen duen irakaslea ordezkatuko du makinak eta horrek ere merezia izango du, ba.

Hau da hau, lagun! Zer hizkuntza ote darabilte hauek? Alde egin beharko dugu Karrajua honetatik lehenbailehen, ea nonbait ziborga ez den  jende normala aurkitzen dugun eta komunikazio naturalari ekiten diogun!

Etiketak: autoikaskuntza | konbinatua | zibergela |
Bidalitako artikuluak

Long Silver

Benito-(e)k 2008, Abendua 14 - 19:07-(e)an bidalia.

Robinson eta Ostiral horretan dabiltzala, ontzi bat hurreratu da irlara. Karelean zutunik, katalejoa begian, mapa eskuan eta loro eleabakarra lepoan, gorputza hankapaloaren aldera okertuta, Long John Silver.

Robinson eta koadrila euren demandetan itsututa, han altxorrik dagoenik barruntatu ere ez. Naufrago-izpirituak diren baino naufragoago egin ditu agi denez. Irla urrun horretan altxorrik? Okurritu ere ez.

Long Silver-ek berriz hanka motz baina begia luze, Flint-en mapari eta loroaren mintzoari egin die kasu, eta nabigatzaile senari gehien bat. Hemen altxorra dago, ziertoena!

Naufrago koittado horiek ordea, ez daukate maparik, ez dute altxorren berririk, ezta hura lurpetik ateratzeko pikotxarik, ez palarik. "Zertarako nahi ditugu pala-pikotxak naufrago koittadook geure hilobia egiteko ez bada?" Galdetuko lukete naufragoaren ironiarekin.

Long John-en eskifaia txalupak hartu eta hondartzara bidean da dagoeneko. Altxorra altxorra da, eta behar den lekuan sartuko dute pikotxa. Ez dago irlan haien pikotxari eutsiko dion harresirik, ez. Eta pikotxa ez bada, kainoiak eta bolbora ere badute, eta naufrago gajoekin errukirik ez. Irla hau defendatu nahi duen armadarik ez dago gainera. Kar, kar, kar... ronaren kupelaren gainean kantari.

Naufragoen hitz aspertuak jarraitzen du, itsasoan ortzemugaren urruntasunari begira biak, handik aterako dituen fragataren esperantzan, hondartzari erreparatu gabe.

Labarren artetik Ben Gunn-en eldarnioren bat entzuten da lantzean behin. Jack Sparrow ere irlan lehorreratu ei zen aspaldian, ronik ez zegoela ikusita egin zuen alde.

Long Silverrek katilua hartu, kupelan sartu eta topa egin du loroarekin. Txin-txin.

Gaztelugatxe

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Abendua 16 - 09:57-(e)an bidalia.

Amesgaiztoen eta azken arrastoen arabera, bat egin dute Long Silverrek eta Robinsonek. Altxorraren bila ari omen dira. Dabiltzala tentuz, altxorraren mapa batzuek ixa gehiegi baitauzkate. Dabiltzala kontuz, Gaztelugatxen enbat itzelak izaten baitira, baita Hispaniola bera hondoratzeko bestekoak ere.

Bitartean, loro elebakarra Ostiralen lepo gainean pausatu da, lasai antzean: Keben, anitx onki. Keben anitx onki ei dio.

Ixaren madarikazioa

Benito-(e)k 2008, Abendua 16 - 12:10-(e)an bidalia.

Eta ixa horiek zoratu zuten Ben Gunn, ixa horiek uxatu zuten Sparrow, ixa horiek kondenatu zuten Kako-oker kapitaina, eta ixa horiek galduko dituzte gure lagunak begia mapatik kentzen ez badute.

A ze filibustero koadrila gabiltza hemen! Eskerrak gure pirateria bestelakoa dela.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia