11
Uzt
2009

Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioa

Aitor | 2009, Uztaila 11 - 02:18

Lehengo ekainaren 12an eta 19an UEUk antolatu zuen Euskara erabiltzeko motibazioa sustatzeko trebakuntza-saioan izan zen Aitor gure kolaboratzailea, eta laburpen hau bidali digu hemen publikatzeko.

  • Eibarren, UEUren Ikastetxe Nagusian
  • Irakasleak: Elhuyar Aholkularitza Zerbitzuko Helene Armentia eta Idoia Aldekoa
  • Partaide-kopurua: 20
  • Ekainaren 12an eta 19an

Arrakasta ia segurtaturik zuen hasieratik. Izan ere, ikastaroaren edizio bakarra zegoen aurreikusita (maiatzaren hasieran), baina eskaera kontuan izanik errepikatu egin behar izan zuten ekainean.

Ikastaroak, errepikatzearen errepikatzeaz ia aspertzeraino entzun dugun jakitearen eta erabileraren arteko desorekari aurre egiteko pista batzuk eskaini nahi zizkigun bertan elkartu ginen euskara teknikari, euskara irakasle, irakasle-ohioi..

Abiapuntua, ezin argiagoa zen konstatazio teoriko-praktiko batetik egin genuen: euskararen erabileran hainbat faktorek eragiten dute; jarrerak, besteak beste. Orduan, euskararen erabileran aurkako faktoreak gailentzen direnean (ezagutza-mila urria, ingurune erdalduna, ohitura-falta…) jarrera indartu egin behar da. Baina nola landu daitezke jarrerak? Eraldaketa-prozesu baten bitartez. Prozesu honek, bertan parte hartzen dutenen jarrera berritzea bilatzen du, modu kontziente eta positiboan, Reflect Ekintzaren bitartez. Ikuspegi honek hainbat ezaugarri ditu:

  • Parte-hartzea eragiten du
  • Bibentziala da
  • Talde- izaera sendotzen du
  • Bisuala da
  • Parte-hartzaile guztien artean eraikitzen da.
  • Aldaketa eragiten du

Talde-izaera sendotzea hasieratik bilatu zen saio bakoitzaren hasieran taldea girotzeko egiten ziren dinamiken bitartez. Ondoren, egun bakoitzaren gunea izango ziren ekintza edo dinamika nagusi bana burutu genuen.

Euskararen ibaia

Lehenengo egunekoa izan zen. “Ni eta euskara” gaia ardatz hartuta, ibaia marraztu behar genuen. Ibaiaren ibilbidearen (edo lehortearen) bidez irudikatu behar genuen gutako bakoitzak euskararekin izandako harremana eta lotura gure bizitzan zehar. Ondoren etorri ziren azalpenak eta galde-erantzunak are gehiago aberastu zuten dinamikaren edukia.

Zuhaitza

Bigarren egunean burutu genuen dinamika hau. Hasteko, dinamizatzaileak galdera bat luzatu zigun bat-batean erantzuteko: “Zeintzuk dira gure inguru hurbilean euskara dagoen egoeran egotearen arrazoiak?” Gure erantzunak kontuan hartuta, arazoa nagusiak identifikatu eta zuhaitzaren enborrean jarri genituen; sustraietan j arazoaren zergatiak eta adarretan ondorioak. Ondoren, proposatu zigun kartulinatxo batean idazteko zer zegoen gure esku egitea guk eragin genezakeen esparru zehatzean. (“zer egin dezaket nik?”), zer talde mailan eta zer gizarte mailan.

Dinamika bakoitzaren bukaeran egindakoaren gaineko hausnarketa txikia egin genuen kontuan izanik zenbateraino egon zen agirian edo jokoan parte-hartzaileon subjektibitatea, balio etikoak, adiskidetasuna/maitasuna, poztasuna eta desinhibitze fisikoa.

Erabilgarri izan zitezkeen dinamiken beste menu zabal bat geratu zitzaigun aukeran; hala nola:

  • Talograma”: gai jakin batean inguruan parte hartzen duten eragileak identifikatuta, eragileok marraztu gaiarekiko duten kokapena, eragina, pisua… kontuan hartuta.
  • “Diagramak”: taldearen osaketa, funtzionamendua, antolaketa eta harremanak grafiko batera eraman.
  • “Mapak”: toki bateko espazio ezberdinak bereiztu (non egin daitekeen euskaraz, adibidez) kolore edo ikurren bidez.
  • “Euskara animalia balitz”…

Dinamika hauen erabilgarritasuna

 Nire iritziz dinamika hauek talde (“lantaldea” gure kasuan) baten egoera edo arazoak aztertzeko balio zuzena dute (euskararen erabileraren egoera, erabilerarako dauden jarrerak…) argudioa nagusi den ohiko bide arrazionalak erabili beharrean, adierazpena erraztu eta honetan sakontzeko lagungarri izango zaizkigun bestelako bide sortzaileagoak erabiliz.

Baina, jakina, dinamika hauek ezin dira erabili edozein momentutan eta edonola. Zenbait kontu garrantzitsu aintzat izan behar dira. Lehenengo eta behin, taldea eginda egon behar da, osatua; hau da, giza-harremanak egonkortuta daudenean baino ezin dira erabili. Gainera, argi izan behar dugu zer lortu nahi dugun dinamika jakin baten bidez, eta ez soilik polita edo atsegina delako. Eta osotasun bat izan behar dugu argi gogoan, dinamika bakoitza aparte eta aurrekoarekin eta erdi proiektaturik dugun hurrengoarekin elkar lotuta.

Bukatzeko, antolatzaileek azpimarratu zigutenez, dinamikok lau kide baino gehiagoz osatutako taldeetan dira erabilgarri eta ahal den neurrian talde- eta bakarkako konpromisoetara eraman behar gaituzte.

Argazkia: 10 Principles of Beautiful Photography. Egilea: Stuck in Customs. Lizentzia.

Etiketak: erabilera | euskara | hizkuntza | motibazioa |
Bidalitako artikuluak

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia