01
Abe
2008

“Lehenak badu geroa”: Ekitaldi akademikoaren kronika laburra

Aitor Etxebarria | 2008, Abendua 1 - 01:23

Aitorrek ostiraleko jardunaldiko lehenengo laburpena bidaldi digu. Orain arte jaso dugun lehenengoa da, eta lehenengo albiste modura, eta gogoeta eta iruzkinetarako abiapuntu gisa ekarriko dugu hona.

Bestalde, asko ibili ginen apunteak eta oharrak hartzen eta falta diren gauzak batek edo besteak edukiko ditu. Era berean, seguruenik han egon ginen askok geure euskaltegi eta erakundeetan informazioa zabaltzeko ardura izango dugu. Denok ez dugu dena edukiko eta beharbada zati garrantzitsuren bat falta zaigu.

Falta zaizkigunak osatzeko, zalantzan ditugun zatiak argitzeko edo zuzenketak egiteko, Karrajuaren wikian jarri dugu testu hau, han bakoitzak bere ekarpena eginez denok informazio eta testu osatuagoak eduki ahal izango ditugu.

Zer? Egingo dugu proba elkarrekin osatzeko?Animoa, oso erraza da eta.

Wikia zer den? Oso erraza, denon artean idazten den testu bat, ikusi bideo hau bestela (azpitituluak euskaraz irteten ez badira, aukeratu beheko zerrendan).

Bestalde, jardunaldiaren inguruan iritzia, hausnarketa edo eztabaidarako animatuko zaituztegu Euskara irakasleak gunea erabiltzera. Han bota ditzakezue zuen mezuak, iruzkinak, ondorioak edo galderak.

Bide batez, ostiralean hizlari jardun zinetenok esandakoak idatziz jarri edo laburpenak egin badituzue, hemen jarriko dizkizuegu, nahi baduzue. Erabili formulario hau edo hau gurekin harremanetan jartzeko.

Hona hemen Aitorren laburpena. Eskerrik asko, Aitor.

1. Euskalduntze-alfabetatzea: ikasprozesuaren azterketa 2000-2001 / 2006-2007": Josu Perales - HABEko teknikaria

Josu Peralesek datu-andana luzea eman zuen azken ikasturteetako ikuspegi zabala eta osoa eskaintzen zuena. Emandako guztietatik hauek azpimarratuko nituzke:

Ikasle-irakasleen soslaia

  • Emakumezkoen presentziaren nagusitasuna, irakasle zein ikasleen artean. Zergatia argi ez egon arren, hipotesi bezala plantaeatu zuen emakumezkoari dagokion sozializazio-prozesuetako nagusitasuna.
  • Ikasle zein irakasleon batez besteko adinaren igoera orokorra.

    Gurea, dena den, gehiago hazi da. 2007An irakasleon batez besteko adina 38 urte bazen, ikasleena 34.

  • Ikasleriak nolabaiteko “elite” sozial bat osatzen du, beren ikasketei erreparatzen badiegu, aspaldiko euskaldunaren itxura edo topiko “baserritarrarekin” hautsiz.
    Jatorriari dagokionez, atzerriko ikasle-kopuruaren etengabeko gorakada azpimarra genezake (egun 1425)
  • Esperientziari erreparatzen badiogu, badirudi sektorea egonkortu egin dela. Izan ere, irakasleon %56k hamar urte baino gehiago daramagu zeregin honetan

Mailak, moduluak eta emaitzak

  • Kontrakoa uste bazen ere, behe-mailetako matrikulazioa da nagusi. Behialako 1-6 urratsetan ematen dira matrikulen %50
  • Emaitzarik kaskarrenak ere behe-mailetan ematen dira.
  • Ikas-moduluen trinkotasunari dagokionez, beherantz egin du nabarmen ohiko modulu estandarrak (egunean bi ordukoa) eta gorantza doa etengabe autoikaskuntza.
  • Batez beste, 200 bat ordu behar dira aspaldiko urratsa gainditzeko, 900 ordu A-2ra arte heltzeko eta 2400 ordu prozesu osoa bukatzeko. Beste hizkuntza batzuetan beste, omen.
  • Urtero 4000 euskaldun oso berri inguru ateratzen dira kalera eta 1100 EGAdun (3. mailadun) ere bai

Etorkizunerako erronkak

Datu hauen argitan honako erronka hauek planteatu zituen Peralesek:

  • Gizonezkoak erakarri
  • Etorkinak ere HEAra erakarri
  • Modulu trinkoagoetara ere erakarri, hauexek baitira, Peralesen ustez, behe-mailetan ematen den nolabaiteko porrota gainditzeko giltzetako bat.

2. Lehenengo mahai-ingurua: "Emaitzak nola hobetu"

Mahai inguru honetan parte hartu zuten:

  • Mertxe Luzuriagak, Deustuko Euskara Irakaslegoko irakasleak
  • Marian. Maizpideko zuzendariak
  • Joseba Arbelaitzek, Hernaniko UEko zuzendariak
  • Begoña. Leioako UEko Idazkari Akademikoak
  • Mertxe Mugikak, AEKko koordinatzaile nagusiak.

Hiru galdera izan zituzten erantzun beharrekoak:

1. Nola hobetu HEAko emaitzak?

Hona hemen emandako erantzun batzuk.

Batzuek euskaltegietako barruko lana azpimarratu zuten:

  • Zentroak kohesioa izan behar zuen; eta hau irizpideetan eta elkarlanean islatu.
  • Horretaz gain, jarduera didaktikoaren kalitatea bermatu behar da: denboraren kudeaketa, Metodologia kontu handiz zaindu behar dugu... Klase orduari ahalik eta etekinik handiena atera
  • Gainera, tutoretza-lana garrantzi haundiko kontua izan behar da: ikasle-irakasle arteko harremana, ebaluazio jarraia. Ildo honetatik, irakaskuntza ahalik eta indibidualena izaten saiatu behar dugu, ikasleen jarraipen egokiarekin
  • Material ahalik eta egokienak eta ebaluazioa ere funtsezko elementuak dira.
  • HEOKa eta Europako Markoa honetarako guztirako lagungarri zirela gaineratu zuen batek.

Baziren euskaltegitik kanpoko beste elementu batzuk:

  • Batek baino gehiagok kanpoko jardunak azpimarratu zituzten: Mintzalaguna proiektua, “Liluratu” izeneko egitasmoa (liburu baten inguruko jarduna idazlearekin)...
  • Honetan guztian euskaldun zaharren inplikazioa azpimarratu zuen baten batek. Azken batean ikaslea euskal komunitatearekin lotzea eta euskara baliagarria zela ikustaraztea lortu behar dugu eta beren motibazioa zaindu.

Azkenik, irakasleok ere zaindu eta babestu behar gaiztuztela azpimarratu zen: prestakuntza mimatu, lan-baldintzak hobetu, gizarte-mailako errekonozimendua areagotu...

2. Ikasleak modulu trinkoetara eraman beharra al dago? Hala izatekotan, nola?

Emandako erantzunak ordenatu nahian eta orokorrenetatik hasita, marko pedagogikoari tresnei baino garrantzia handiagoa eman beharra azpimarratu zen. Honekin batera berriro aipatu zen ahalik eta zuku eta etekinik handiena eman behar diegula ematen diren orduei.

Modulu trinkoetara erakarri beharra baino gehiago azpimarratu zen euskaltegian bertan egiten dena kanpoan egiten denarekin edo egin daitekeenarekin osatu beharra. Behe-mailetan garrantzi handiagoa izan behar du euskaltegikoak bertakoak, baina mailetan gora egin ahala kanpoan egin dezaketenak eragin handiagoa izan lezake.

Eta ildo honetatik euskal kulturaren kontsumorantz bideratzea aukera ona izan litekeela aipatu zen. Eta bide batez euskararen prestigioa eta erabilgarritasuna azpimarratu.

3. Eta irakasleen prestakuntzaz zer?

Hona hemen hasteko konstatazioa: kasu nahikotan pasoko lanbidea da gurea, soldata, ordutegiak, oporrak eta abarrek eraginda seguruenik. Alde horretatik lanbidea dignifikatu beharra ikusten da: lan-baldintzak hobetu, agian Hezkuntza-alorreko irakasleekin parekatu...Eta honen barruan kokatu irakasleen prestakuntza, irakasle hasiberrietatik hasita.

Gure teilatuari begira, jarrera aktiboaaren premia azpimarratu zen; hots, eroso eta bertan goxo ez geratzeari dagokiona. Honen haritik, ikerketa-arloa erabat geldirik dagoela nabarmendu zen.

Prestakuntza honetarako beste ezaugarri batzuk:

  • Esperientziak trukatu, egiten denaren berri eman.
  • Tutoretza eta Teknologia berriak, prestakuntzarako bi arlo premiazko
  • Prestakuntza ofiziala eta arautua bultzatu. Ildo honeatik, Unibertsitate(ar)ekin nolabaiteko elkarlana sustatu

3. HABEren egitasmo berriak

3.1. HABEren egitasmo nagusiak

Joseba Erkizia HABEren Zuzendari Nagusiak, berak zuzentzen duen erakundeak esku artean dituen egitasmo batzuen berri eman zuen

  • a) Giza Baliabideen prestakuntza, bai iraunkorra, bai hasi-berrientzatko oinarrizko prestakuntza didaktikoa. Bolognarako bidetik berrikuntzak.
  • b) Mailen inguruan, 4. mailaren erreferentzialtasuna lortzen bidean, HEOKa osatu beharra azpimarratu zuen. 2008-09 ikasturtea dugula lehena 4. maila modu orokorrean eskeintzen dena.Laster burutuko da merkatuan dauden titulu guztien arteko konbalidazioa. Une honetan Hezkuntzako HEak eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako titulazioak falta dira baliokidetza hau erabat gauzatzeko.
  • c) Ikas-sistemen garapen osoa: presentziala, autoikaskuntza eta konbinatua.
  • d) Nafarroa eta Iparralderako HEOKaren erreferentzialtasuna. Ildo honetatik, Iparraldeko EEP eta Nafarroako Euskarabideari HEOKaren garapena eskaini zaie eredu gisa, elkarlana sustatzeko asmoz.

3.2.Azpi-mailen egitasmoa

HABEko teknikari batek (Aintzane Ibarzabalek) egitasmo honen berri zehatzagoa eman zuen. Funtsean, A-1, A-2 eta B-1 mailak azpimailetan zatitu eta berauek zehazteko egitasmoa da. Honen premia edo justifikazioa Josu Peralesek emandako datuek erakusten duten hasiera maila hauetan ematen diren emaitza kaskarragoetan datza.

Honen emaitza litzateke ondoko azpimaila hauek bereiztea

  • A-1.1 eta A-1.2 (A-1 mailaren barruan)
  • A-2.1 eta A-2.2 (A-2 mailaren barruan)
  • B-1.1 eta B-1.2 (B-1 mailaren barruan)

Berez ez litzateke izango urratsetarako itzulera bat. Une honetan azpimaila hauen helburu orokorrak eta zehatzak definitzen dihardute. Edukietan, komunikazio-jarduerak izango lirateke oinarri. Eta hauetan honako elementu hauek bereiztuko lirateke:

  • Funtzioak
  • Testu generoak
  • Gaiak
  • Adierazpen linguistikoak.

Honi guztiari ebaluazio irizpideak eta hizkuntza-lagin eredugarriak gehituko zaizkie.

3.3. Adierazle-sistemak

Xabier Elorza HABEren teknikariak eman zuen honen berri. Funtsean, euskaltegi bakoitzak bere ibilbidearen eta bere lanaren autoebaluaziorako tresna eraginkorra izan nahi du adierazle sistemak.

Euskaltegi bakoitzaren datuak, lurraldekoak eta EAE osokoak kontrastatzeko bidea emango dute. Bost urteko ikuspegia eskainiko dute, grafikoz ongi orniturik.

Hona hemen zein esparrutako datuak emango diren: ikasleak, talde ratioa,mailen banaketa, trinkotasuna, tipologia (aurrez aurre, autokikaskuntza...), birmatrikulazioa, asistentzia, urratsak ehun orduko, lorpenak mailaka, egiaztapenetara aurkeztuak, egiaztapen-frogetako emaitzak.

4. Bigarren mahai-ingurua: autoikaskuntza

2006. urtean egindako inkesta batean emandako datuen harira hiru azpitalde eratu ziren lanean eta gogoetan aritzeko:

  • Autoikaskuntza
  • Irakaskuntza Konbinatua
  • Jarraipen Sistema

Lehenengo bi arloetan aritutako euskaltegi batzuen arteko mahai-inguru bana egin zen, bi urte hauetan burututako lanaren berri emateko.

Autoikaskuntzari zegokionean, Barakaldoko UE (Joxemari Lasa), AEK (Aintzane Goenaga), Mondragon Lengua eta Hegoelade euskaltegietako ordezkariek hartu zuten parte.

Hainbat kontu aipatu zituzten. Garrantzitsuenen artean hauek:

  • Modalitate honetan parte hartzen duten irakasleen prestakuntza berezia, bai teknologiari dagokionean, bai sistemak eragindako ikasleekiko tratu bereziari begira.
  • Hainbat elementu kontuan hartzekoak: teknologia eta metodologiaren arteko uztarketa, malgutasuna, i(ra)kas sistema honen aldeko hautua egin duen ikaslea kontuan hartzeko premia...
  • Autoikaskuntzaren “abantailak”: ordutegi eta espazio aldetiko zurruntasunarekin etetea eta aukerak zabaltzea. Pertsonalizaziorako aukera handiagoak.
  • Gabezien artean, “hoztasuna” eta besteengandik ikasteko traba gehiago, nahiz eta saretik eta sarean ere ikas daitekeen.

Bukatzeko, partehartzaile baten metaforarekin geratu ginen: Seguruenik, autobus-gidari izatetik taxi-gidaria izatera igarotzen ikasi beharko dugu. Eta taxi-gidari izatetik, auto-eskolako irakaslea izatera.

5. Ikaskuntza konbinatua

Parte hartzaileak Ulibarri, Maizpide, Barakaldoko UE, Leioako UE eta AEK-ko ordezkariak izan ziren.

Ikaskuntza konbinatua zer den hobeto ulertzeko Hizpideko azken zenbakian argitaratutako artikulu batera jotzea da egokiena;baina hitz gutxitan labur daiteke esanez aurrez aurreko eta ikaskuntza birtualaren arteko konbinazioa dela.

Ezaugarriak identifikatzerakoan, hezkuntzarekin lotutako ezaugarri hauek azpimarratuko genituzke: metodologia anitza; ez da konbinazioa huts eta ausazkoa: lehenengo ondo zehaztu beharra dugu nora goazen eta zer nahi dugun; komunikazio-aukerak ugaritu egiten dira sistema honetan;malgua da; pentsamendu kritikoa garartzera dator; pedagogia aldetik,ikaslearen protagonismoa areagotzen du; oso egokia da behar berezietarako;elkarreragina eta elkarlana sustatzen ditu; espazio-denbora mugak hausten ditu.

Antolaketaren aldetik, aurrez aurrekoaren etekina areagotzen du; ikasle-kopuruaren mugarekin hausten du; feed-backa bultzatzen du eta berau asinkronikoa ere izan daiteke; irakaslearen presentzia erraztu egiten du.

Azkenik, teknikaren aldetik, eduki digitalak eskura jartzen ditu.

Honek guztiak alde on asko ditu: autonomia sustatzen du (ikasleak nahi duenean eta nahi duen tokian aritu ahal da); eraginkortasunaren aldetik ere, errendimendua handitzen du,arretaren galera ekiditen du neurri handi batean; pertsonalizazio handiagoa ahalbidetzen du. Antolaketa aldetik ere erraztasunak ematen ditu.

Baina dena ez da urre. Izan ere,sistema honek ikasle tipo jakin bat eskatzen dut: autonomoa, IKTekin etxekotua... Irakasleari ere formakuntza berezia eskatzen dio. Eta materialaren aldetik, azkenik, egokitzapena eta birmoldaketa eskatzen du.

Irailaren 12koa da sistema hau arautzen duen ebazpena.

Bukaeran, HABEren Zuzendari Nagusiak guztion parte hartzea eskertu ondoren, ez zuen albo batera utzi honelako edo beste era bateko formatuko topaketa batzuk antolatzea.

Etiketak: euskalduntzea | euskaltegiak | HABE |
Bidalitako artikuluak

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia