05
Urr
2010

Udal Euskaltegietako murrizketak

Leire Narbaiza | 2010, Urria 5 - 01:06

Leire Narbaizak bere blogean idatzi duen artikulua hona ekarriko dugu bere baimenarekin. Krisia eta murrizketak aipatzen ari dira ikasturte hasiera honetan, eta kezka asko hasi dira zabaltzen, eta geure ahotsa entzuteko ordua ailegatu da akaso. Hona Leireren hitzak bada:

Ikasturte berrian ikasle asko kalean.

Udal Euskaltegietara murrizketak etorri dira. Gerrikoa estutu behar omen dugu guztiok, eta 2010-2011 ikasturtean %12,4 murriztuko dute gure aurrekontua. Euskaltegi guztiei ematen zaien aurrekontua, berriz, %6 moztuko da.

Zertan igarriko da hau? Irakasleen kontrataziotan. Hau da, plantillakoak direnek baino ez dute klaserik emango. Beraz, izena eman duten hainbat ikasle kalean geratuko da. Euskara ikasi ezinda.

Eudelek salatu duenaren arabera, 59 irakasle kaleratzea ekarriko luke neurri horrek. Ez dute ondo azaltzen. Seguru aski, irakasle horiek langabezian egongo ziren udan; izan ere, behin behinekoak direlakoan nago (batzuk 15 urtean, edo gehiago, lan honetan). Oso larria da, kontuan izanda, iaz kontrakoa geratu zela, behar beste irakasle kontrata zitezkeela, alegia. Horri esker, egin nuen lan iaz.

Larria izan liteke irakasle horiena, jakina. Baina ez da are larriagoa hizkuntza ofiziala ikasteko aukera barik gelditzea? Ez gara, bada zerbitzu publikoa? Eta, gainera, bokazio horrekin ez gabiltza? Kalitatearen aldeko lan guztietan ez dugu gure Mision-vison-valores-en hori defenditzen? Orduan?

Pasa den urtean, krisia dela eta, euskaltegietako matrikulak gora egin zuen. Jendea animatu egin zen euskara ikasten. Eta aurten hauxe. Nire iazko ikasleen erdia kalean geratu da. Badakizue zelako mina ematen duen horrek? Euskarentzako galdutako jendea da, berriro ere martxan jartzen eta motibatzen kostatuko zaiena kontuan izanda.

Gasteizko gobernua noraezean dabilela uste dut euskara irakaskuntzari dagokionez. Ez dakite zer egin, eta udal euskaltegiak patata beroa dira euren eskuetan. Baina errua ez da eurena huts-hutsean: Lehengo hautsek ekarri dituzte lohiok! Udal euskaltegiak sortzetik dira arazo, inprobisazioaren iturritik ezin litekeelako ezer ganorazkorik atera-eta. Nagusi biren morroi, neurri zorrotzak, ordutegi zurrunak eta epe laburrean jarrita pentsamendua. Sekula ez gaituzte iraunkor nahi izan, eta hona hemen emaitzak.

Baina ez dute merezi euskaldungaiek zerbitzu publiko iraunkor eta gaur eguneko beharrizanetara egokitutakoa? Ikasleei begiratzen diena eta ez ratioei, orduei edo diruari?

Leire Narbaiza: Udal Euskaltegietako murrizketak (Kalamuatik Txargainera)

Etiketak: euskaltegiak | krisia | murrizketak | udal euskaltegiak |
Bidalitako artikuluak

Euskaltegiak

Natxo (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Urria 6 - 16:55-(e)an bidalia.

Euskaltegietako irakaskuntza irakaskuntzatzat hartuko ahal dute noizbait! Helduen irakaskuntza bakarrik da irakaskuntza gazteleraz egiten denean? Hots , zergatik dago Hezkuntza Sailean ( hau aspaldiko kontua da, ez gobernu honena) "graduado" atera nahi dutenen irakaskuntza eta euskaltegiena Kulturan, euskara ikastea ez al da helduak formatzearren egindako irakaskuntza? Euskaltegi pribatua zergatik ez da euskaltegi kontzertatua, horrek lekarkeen guztiarekin? Zer dela eta egin behar dira 9 hilabeteko kontratuak udal euskaltegian eta hori berori urtebetekoa da Institutuan bada? Badakit eztabaida zaharra (30 urtekoa) dela baina, noiz helduko dio kñlase politikoak behar bezala gai honi?Zergatik onartu dute barruan daudenek egoera hori? Irakasleen kolektibo plazadunak zer egin du egoera honi bulta emateko?, Plazadunak edo jabeak, berdin dio.

Hezkuntza, kultura, euskara...

Benito-(e)k 2010, Urria 7 - 01:44-(e)an bidalia.

Euskaltegiak kulturan edo hezkuntzan... gogoratu dut gai hau Euskara Irakasleak-en ere agertu zela (ez dut loturarik jarri, dagoeneko Ning-eko sareak ez daudelako ikusgai). Niri orduan eztabaida apur bat bizantinoa iruditu zitzaidan, baina onartu behar da egoera hau zerbaiten zantzua dela.

Bada gogoratu beharreko gauzatxo bat akaso. Zuk helduen hezkuntza aipatu duzu, baina helduek hizkuntzak ikasteko -euskara barne- badira EAEko Hezkuntza Sailak kudeatutako zentroak: Hizkuntza Eskolak.  Matrikula prezio erakargarria eta euskaltegietan baino modulazio txikiagoak eskaintzen dituzte oro har.

Eta leku askotan, ez hiriburu handiak gainera, hiru aukera izaten dira helduek euskara ikasteko: Udal Euskaltegia, euskaltegi homologatua (batzuetan bat baino gehiago) eta Hizkuntza Eskola. Bi publikoak dira, administrazioak kudeatuta, eta bestea diru publikoaz lagunduta.

Baliteke helduen euskalduntzeak hori eta gehiago behar izatea, baina inoiz pentsatu dut nola azalduko geniokeen hau kanpotik datorren bati. Hark erraz galdetuko luke "Nolatan hiru aukera horiek?", eta egia da, ez da erraz ulertzekoa. Helduen euskalduntzearekin azken 30 urteotan jazo diren guztiak ezagutu barik behintzat, eta hala ere zaila arrazoitzen.

Zeren zantzua hau guztia? Ba, seguruenik Helduen euskalduntzean eta hizkuntzaren normalizazioan oro har nor bere aldetik ibiltzearena eta ibili nahi izatearena. Beharbada askok eduki dute interesa honetan, asko pentsatu dute zerbait egin behar dela, edo zerbait egiteko presioa izan dute, baina zaila da hemen ezertan bat egitea, eta horrela suertatu da dena akabuan. Deigarriagoa administrazioaren partetik bat ez egite hori gainera. Seriotasun eta interes falta aipatu da egunotan, eta hala esango nuke neuk ere, eta akaso hau dena kudeatzeko efizientzia gehituko nuke.

Hala ere, interesgarria izango litzateke pentsatzea egoera hau noraino den kaltegarria eta noraino onuragarria. Bistan da adibidez, ikasteko aukeren eskaintza handiagoa eta anitzagoa izan dela bateko. Baina zenbat nahaste, desoreka eta injustizia ekarri ditu besteko?

Patata beroa dantzan ibili da urteetan, eta orain hari oratzea ez da erraza inorentzat, gutxiago patatazalea ez denarentzat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia