22
Aza
2006

Beldurrak kentzen

Tandem fundazioko Jürgen Wolf eduki genuen hizlari atzo Santutxun. Berbalagunak antolatuta Euskaraz hitz egiteko beldurra nola galdu lelo erakargarria zeukan hitzaldiak, berbalagun eta euskaltegian ikasle dabiltzanentzat gehien bat.


Kopia - 100_0792

Neuri ere interesatzen zitzaidan kontua. Tandem-i buruz zerbait entzun dut inoiz. Hizkuntz elkartrukeak antolatzen dituztela, hainbat herritan zabalduta daudela, mintzalagunen inspiratzaileak direla,... Hala ere, ez da bigarren hizkuntzaren ikaskuntzaren munduan sarri entzuten den izena, eta zerbait desberdina aurkitzearren edo.

Eta zerbait desberdina bai..., eta ez.

  Gauza berriak, edo niri berriak egiten zaizkidanak, ideian bertan aurkitu nituen gehien bat. Norbaitek euskara ikasleei hizkuntza ikasteko eta praktikatzeko aholkuekin hitzaldia ematea gurean behintzat ez dut uste ohikoa denik. Irakasle gehien-gehienok, autonomiaz eta ikas-estrategiez azken urteotan bota duen txaparradarekin ere, egingo nuke oraindino gidari-tutore-aholkulari paper horretan ez gaudela eroso-eroso. Horrez gain, sasoi baten berritzailea zen baina nire ustez klasiko bihurtu den hitzaldiak emateko era dinamiko-umoretsu baten eginda, arrakasta totala ez dakit, baina jendea gauza batzuei erreparatzen jartzea ez da zaila, eta hori behintzat lortu zela uste dut. Orain aholkuak eginetara eroateko ordua dator.

www.flickr.com

Esan zirenetan ez nuen berrikuntza handirik aurkitu: hizkuntza praktikatzeko aukerak aprobetxatzeko estrategiak, elkarrizketarako estrategiak, trebetasunen azterketa (ahozkoak gehien bat), jarrerak.

Tandem fundazioaren webgunean ibili naiz kukutxua egiten (webguneak hobeto esanda), ni neu kokatzearren edo. Hizkuntz elkartrukeak dirudi haien bandera nagusia, eta gainetik ikusita, elkarrizketa eta ahozko hizkuntzaren erabilera izan daiteke ardatz metodologikoa. Hitz eginez ikasi, (mintza)praktikan oinarritutako ikuspegia. AEKn urteak egin ditugunoi halako planteamenduak ez zaizkigu arrotzak egiten. Seguruenik, 70-80etan sortu zen zerbaitetatik hartu dugu zerbait biok ere.

Azkenotan etorkinen inguruan ere lanean hasita daude. Planteamendu interesgarria: hizkuntzak eta hizkuntza ikastea kulturen eta pertsonen arteko zubia izan daiteke. Elkartrukea hizkuntzatik harago. Neurri baten Lea-Artibaiko Berbalagunan edo Kataluniako "Voluntaris per la lingua"n aplikatzen saiatu diren bidea.

Atera dut inpresioa azkenotan ingelesaren irakaskuntzatik datozen korronte teorikoak eta adituak nagusitu direla gure mundu honetan (gaztelaniaren irakaskuntzatik pasatuta), eta Tandem-en moduko esperientziak eta ikuspegiak estalita-edo geratu direla. Hauek ere ez dira izango metodo definitiboak, baina emaitzen eta interesaren aldetik ez dut uste baztertzekoak direnik. Neuri behintzat ikuspegi sozial-alternatibo hori oso interesgarria iruditzen zait gurean dauzkagun erronka batzuetarako: euskararen sustapena, inmigrazioa, ikastea eta erabiltzea uztartzea,...

Akabuan, irakasleon artean komentatuta, ez dugu gauza berri askorik entzun, baina entzuteko modua ez da betikoa izan. Bai, hitzaldia ikasleentzat izan da eta.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia