didaktika

05
Ots
2012

Internet: sarean zun-zun

Plisti-plasta | 2012, Otsaila 5 - 18:43

Gizartearen historian badira zenbait asmakizun ia perfektu, apenas aldatu gabe urteak eta mendeak irauten dutenak. Gure ingurura begiratutxo bat eginda, holakoak ditugu mahaia, euritakoa edo jantzita ditugun zapatak. Beste asmakizun batzuek, ordea, bide luzeagoa egiten dute, mutazio gaitasuna dute, eta errealitatea eta historia bera ere aldatzen dute. Honelakoak ditugu telebista, inprenta edo antibiotikoak. Bada gure garaian ere halakorik, internet deitzen da.

Batzuek uste dute internet eta beronen ingurukoak bitartekoak direla, eta bitartekoak soilik tresna direla, ez dutela inguruan eraginik. Alegia, boligrafoa erosteak ez zaituela idazle bihurtzen. Eta arrazoi dute. Baina zati batean bakarrik. Nire ustez, bitartekoa ez da neutrala, are bitarteko horrek mutazio gaitasuna duenean eta hedakorra denean. Nola pentsatuko zuen, ba, AEBko Defentsa Departamentuak abian jarri zuten asmakizun hark erraztu egingo zituela Tunez edo Egiptoko herri-matxinadak? Bitartekoa ez da neutrala, ez.  Beste adibide bat  jartzearren, esan, beti izan direla sare-sozialak, gizakiaren ezaugarri dira, baina eraldatuz joan dira teknologiaren altzoan; pentsa ezazue nolako jauzia dagoen, adibide baterako, telegrafotik Twitterrera edo Meucciren telefonotik smartphonera.

Begira diezaiogun, bada, interneti. Arrastoa ateratzeko garrantzitsua da jakitea zein bide egin duen orain artean. Honetaz hitz egitean berehala hasten dira batzuk zenbakiak jartzen, dela 1.0, dela 2.0, dela… Eta ondo dago baina betiere modu lineal-kontsumista batean ulertzen ez bada. Ez, internet ez da produktu bilduma bat soilik; ez da 1.0tik 2.0ra aldatzen, eskuko telefonoa aldatzen dugun bezala. Internet mutantea da eta geruzaka hazten da, estratifikazio dinamikoa eta saretzea ditu bere hazkunde moduak. Hasiera batean informazio iturri biltegia zen, bertara jo eta iturria zabaldu beharra geneukan; ondoren, internet bera arduratzen zen gure egarria asetzeaz eta une honetan taberna handi bat da; egarria asetzeko ez ezik, harreman-gune erraldoia. Baina bakoitzak nahi duen moduan erabil dezake, oraindik orain hor daudelako geruza guztiak (iturria, etxez etxeko zerbitzua eta taberna).

Zer ote da hurrengoa? Konturatzen bazarete, internet, aurrera egin ahala, gero eta errealagoa da, birtualitatetik ihes egin nahian dabilela dirudi. Gaur egun denok gara apur bat ziborg, birtualitatea gero eta errazago integratzen dugu gure bizitza errealean. Gero eta errealagoa da birtualitatea, beraz; eta errealitatea gero eta birtualagoa. Hitz-joko honek erakusten digu mugak lausotzen ari direla eta fusioa gure begi-bistan gertatzen. Honen erakusle argia da ‘errealitate areagotua’ deiturikoa. Adibide baterako, zeruari begiratzen diogunean zalantza izaten dugu urrunean ikusten ari garen izar hura zein ote den; ba, gaur egun, eskuko telefonoa atera, izarra fokuratu eta Google Sky Mapek esaten digu zein den izarraren izena. Errealitatea eta birtualitatearen batuketak eman diezagukeen jauziaren adibide xume bat baino ez da. Oso bide luzea eta oparoa dute aurrean alor honetan eta neurologian, egiten ari diren zenbait lanek.

Baina ezin gara horretan geratu. Lehenagokoan telebistako saio batean internet burmuin erraldoia zela zioten eta berari konektatuta zituela milioika eta milioika burmuin (zurea eta nirea, besteak beste). Burmuina bezala, beraz, internet ere errealitate konplexua da. Informazio biltegi eta ekoizlea, adimen kolektiboaren egoitza, harreman eta interakzio plaza handia, orain arteko errealitatea osatzera datorrena.

Buru asko ditu internetek eta erredukzionista da nire ustean industria eta zerbitzu-gizartearen ostean, informazioaren gizartea datorrela esatea. Hori baino askoz gehiago da. Funtsean zer edo zer izatekotan, harreman eta errealitate ugalduaren gizartea izango da. Baldin eta munduan diren Heraklesen jarraitzaileetako baten batek buruok mozten ez badizkio, behintzat.

Honezkero, zuetako baten batek pentsatu du zertaz ari naizen, Karrajua euskara eta didaktikari buruzko txokoa izaki. Ba, zeharka bada ere, euskarari eta didaktikari buruz ere ari natzaizue, lagunok.

Irudia: Deventer op Stelten de Generale. Egilea: Ronald Rugenbrink. Lizentzia.

22
Urt
2012

Nola egiten ditudan zuzenketak

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 22 - 15:00

Lehengo batean, ‘fresh learning’ izeneko artikuluan nioen ebaluazio-mota guztiak direla baliagarriak baina autoebaluazioa dela autoikaskuntzaren modurik berezkoena. Hurrengo pasartean autoikaskuntzak erreferentzia eta gaitasuna dituela beharrezko esaten nuen. Praktikara jaitsita, nahiz eta nirea oso eredugarria izan ez, erroreen zuzenketa (ebaluazioaren atal bat soilik) nola egiten dudan adieraziko dizuet.

1.Bogako idazlanen zuzenketa.

Tomasek uste du bizimodu hori oso gogorra dela eta Julenek erantzun dio horrela jarraitzen badutela badute, oso txarto pasako dute dutela...

Okerra ezabatzearena eta forma zuzena ematearena da autozuzenketatik urrunen dagoen modua baina kontuan izan behar da ikasleak zuzenketa-masa altua izaten duela astean eta lan kognitibo arina eskatzen dion zuzenketa ere izan behar duela.

2.Tutoretzarako idazlanen zuzenketa.

Tutoretza baino bi edo hiru egun lehenago bidaltzen didate idazlana postaz eta hona zuzenketa:

Atzo goizean bi ordu egon nintzen telebista aurrean. Neka-neka eginda nengoen eta ez nuen burua gauza konplikatuetarako. Zigarroa piztu eta izugarrizko irudi nazkagarriak dauden telesail horietako bat ikusiz egon nintzen.

Urdinez daudenak zuzendu beharrekoak dira. Horiz daudenak biziki egokiak direnak, eta azpimarratutakoak beste modu batean formulatu beharrekoak; egia esan, azpimarratu ordez, Wordeko oharrak erabiltzen ditut honetarako eta testuari buruzko ohar orokorragoak egiteko.

Honezkero, konturatuko zineten  lehenengo eta bigarren zuzentzeko moduaren artean badela alderik. Batetik, ikasleari berari eskatzen zaio zuzentzea edo birformulatzea eta bestetik, errefortzua eskaintzen zaio alderdi onak ere nabarmenduz. Baina oraindik ere urratsak eman behar dira autonomiaranzko bidean. Bigarren zuzenketa modu honek monitorizazio lana tutorearen / irakaslearen esku uzten baitu.

3.Tutoretzako mintzamen-saioen zuzenketa

Tutoretza guztietan mintzamen-saio labur bat (5-10’) grabatzen dugu eta ikasleari ematen zaio grabazioa etxean zuzen dezan. Hurrengo tutoretzan irakaslearekin batera entzuten du grabazioa eta zuzenketa proposamenak egiten ditu ikasleak (betiere esaldi literaletan oinarritutakoak). Tutoreak ikaslearen zuzenketa osatzen du.

Zuzenketa-mota honetan ikasleek hartzen dute beren gain monitorizazioaren pisu osoa eta oso modu desberdinean ekiten diote lan horri. Batzuek entzun ahala hartutako apunteak ekartzen dituzte. Beste batzuek transkripzio osoak egiten dituzte… Kontu honetan garrantzitsua da zehatz aritzea, ez du balio adibidez ‘konpletiboak ahaztu ditut’ esateak, esaldi literalekin jokatu beharra dago, monitorizazioa egokia izan dadin.

Oro har, hiru zuzenketa-mota hauek konbinatuz lantzen ditugu erroreak, alor honetako autoebaluaziorako bide egiten dugulakoan, lan-karga kognitiboa orekatuz, erreferentzia eskainiz eta gaitasuna eraikiz.  Zuzenketaren alorrean, urteetako esperientziak esaten digu tutoreak esandakoak baino pisu askoz handiagoa duela ikasleak berak aurkitutakoak.

Baina hau guztia ez da ebaluazioaren zati bat baino, honekin batera eta are gehiago autoebaluazioaz ari garela beste ebaluazio tresna batzuk baliatu beharra dago, besteak beste portfolioa,  bakarra aipatze aldera, autoebaluazioan duen garrantziagatik. Baina nahikoa pazientzia izan duzue gaurkoz eta beste batean arituko gara horretaz.

Argazkia: Red ink. [phil h]. Lizentzia.

20
Urt
2012

Play button

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 20 - 23:43

Gaurkoan adierazi nahi dudana azaltzeko zure laguntza behar dut, irakurle. Begiak itxita irakurri beharko duzu, irudiz hornitu testua eta baten batean atzera egiteko ere eskatuko dizut. Bideo-jolasa proposatzen dizut , baina badakizu pantaila batetik bestera pasatzeko puntu ugari lortu behar dituzula.

1.pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu altzairuzko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk, puntu potolo baten inguruan. Gezi koloretsu batzuk ere badaude. Gehienek puntu potoloa dute jomuga edo abiapuntu. Taka-taka-taka… sakatu eta sakatu puntu potoloari eta klinn-klinnn-klinnnn pasako zara bigarren pantailara.

2. pantaila

Itxi begiak eta irudizta ezazu egurrezko kaxatxo bat eta bertan puntutxo batzuk. Orain irudizta ezazu kaxatxo horren barruan puntutxo horiek lotzen eta askatzen  zenbait gezi koloretsu barreiatzen direla. Zenbat eta gezi gehiago egon,  puntu gehiago lortuko dituzu baina kontuan izan puntutxo guztiek izan behar dutela helmuga eta iturburu. Klinnn-klinnnn-klinnn hirugarrenera.

3. pantaila

Egia esan, bigarren irudiko kutxatxoa bezalakoa da baina paperezkoa, puntutxoak eta gezi koloretsuak barreiatzen dira baina zenbaitetan papera zeharkatu eta kanpora ateratzen dira eta kanpoan dauden beste puntutxo batzuekin ere lotzen dira. Konplexuagoa da jokoa, elementu gehiago ditu baina honaino helduz gero, zale-zaletuta izango zaitugu.

4. pantaila

Oraingo honetan ez dago kutxaren beharrik. Geziak eta puntuak besterik ez. Armiarmatxo bat ari da etengabe bere sarea ehuntzen. Zure lana amaitu da. GAME OVER.

Orain, mesedez, pentsa ezazu kaxatxoa ikaskuntza esparrua dela: ikasgela (birtuala edo fisikoa). Puntutxoak ikasle eta irakasleak direla eta gezi koloretsuak beraien arteko interakzioak (formalak zein informalak, birtualak zein aurrez aurrekoak). (Egin atzera irakurgaian, mesedez).

Lehenengo irudia, eskola zaharreko irudia dugu, lehenbailehen gainditu beharreko anakronismoa.

Bigarren irudia, ‘little box’ Siemensen hitzetan, aurrerapausoa da, interakzioan baitu fokusa baina beti ere ikaskuntza-komunitatearen barruan.

Hirugarrenean, glokalizazioa Siemensen hitzetan hau ere, ikasleek interakzioa dute euren artean baina baita hiztun komunitatearekin ere.

Laugarrena, PLEari dagokio, ikasleak ikaskuntzan baliagarri zaizkion interakzio modu eta iturriak aukeratzen ditu.

Eta non dabil hau idazten duena? Bada, aitortuko dizut,  bigarren pantailara heldu nahian… hortxe, hortxe. Traketsa naiz, gero! Autoikaskuntzan nabil eta zail egiten zait Boga (puntu potoloa) eta neure tutore lana (batzuetan potoloa hau ere)  egokitzea, baina  atzenengo ebaluazio-bileran sare-sozialekin saiotxo bat egitea erabaki dugu eta… Kontatuko dizuet bigarren pantailara pasatzea lortzen dudanean (lortzen badut, behintzat).

Zuek, behintzat, ikasi duzue begiak itxita irakurtzen. Ez zarete makalak!

Argazkia: Extra Ball (Shawn Clover). Lizentzia.

16
Urt
2012

#freshlearning (2)

Plisti-plasta | 2012, Urtarrila 16 - 18:13

Aurreko mezuan autoikaskuntza dagoen atakatik ateratzeko hemeretzi irizpide nagusi zirrimarratu ditut. Lan horretan jarraituko dut oraingoan ere.

20. Irakasteko modua baino garrantzitsuagoa da ikasteko modua.

21. Praktika didaktikoak ikas-prozesuan partaide direnen ideia didaktiko adostuen ondorio izan behar du.

22. Edozein curriculum edo paradigma didaktikoren balioa eragindako praktikaren neurrikoa da.

23. Ikaskuntza-prozesuaren konplexutasunaren ondorioz, gaur gaurkoz
metodologia oro dago beta fasean.

24. Planteamendu mekanizistak murriztaileak dira ikas-irakaskuntzaren antolaketan eta inplementazioan.

25. Didaktikariei, ikasleei eta irakasleei administrazio-kudeatzaileei besteko
erabakimena aitortu behar zaie.

26. Hizkuntzen ikas-irakaskuntzan, gutxienik arauak besteko pisua du estrategia komunikatiboak.

27. Ohiko ikaskuntza eta ebaluazio-atalei (zuzentasuna, aberastasuna…)
eraginkortasun komunikatiboa gehitu behar zaie.

28. Trebetasunen pisuak eta nolakotasunak erabileraren neurrikoa izan behar du. Ez, adibidez, entzumena arindu eta idazmena astundu.

29. Elkarreraginaren lanketak eta neurketak berezkoa izan behar du. Kontua ez da elkarreragina erabiltzea  zuzentasuna eta abarrak neurtzeko.

30.    Autoikaskuntza ez da bigarren mailako ikaskuntza edo ikaskuntza osagarria (hori ere bai, nahi izanez gero). Inguruabarrez gain, ikaslearen hautu metodologiko izatea du helburu.

31. Autoikaskuntzak uztartu egin behar ditu indargune duen pertsonalizazioa eta ikasketa esparru soziala.

32. Autoikaskuntzaren eta ohiko ikas-irakaskuntzaren arteko mugak lausotu egin behar dira eta continuuma osatu.

Bertan bukatzen dira oraingoz, bururatu zaizkidanak. Badakit erraza dela esatea eta zaila egitea baina zuhaitza apur bat astindu nahi badugu eta fruituren bat jaso, ideia batzuk izan behar ditugu makila.  Freshlearning, adiskidea ;-)

Argazkia: Perfect Summer Melonscape! Josh Liba. Lizentzia

26
Api
2011

Konoaren bueltak

Duela lau urte Dale-ren konoaren aipamena egin nuen hemen, sarean zebilen irudi bat ekarri nuen hobeto esanda. Dale-k hobetoen zer ikasten dugun azaldu nahi izan zuen konoaren figura horrekin, eginaz ikastearen balioa azpimarratuz eta ikaskuntza instrukzio hutsetik harago joan behar duela nolabait adieraziz.

Gaur Clarión blogean jakin dut orduko irudi hura ez dela Dale-ren benetako konoa, enpresa batean 1967 inguruan hango batek egin zuen bertsio librea baino. Dale-ren figurari kuantifikazio batzuk gehitu zizkioten irudi serioago, zientifikoago eta "enpresarialagoa" eman guran. Badakizue enpresa munduan zenbat gustatzen diren grafikoak, portzentaiak eta zenbakiak oro har.

Zenbakietatik aparte ez bide dago alde handiegirik Dale-k adierazi nahi zuen ideiaren eta bertsio kuadrikulatuaren artean. Ikaslea ikasgaiaren esperientzian eta errealitatean zenbat eta inplikatuago ikaskuntza eraginkorragoa. Hizkuntzaren arlora ekarrita, hizkuntza zenbat eta gehiago erabili, erabilera hori ikaslearentzat zenbat eta baliagarriago, emozionalago, asebetegarriago eta esanguratsuago; hobeto, arinago eta gusturago ikasiko da nonbait.

Clarióneko artikuluan konoaren bertsio propioa egiteko bidea proposatu digute bestalde. Edozein ikastaro edo ikas-aktibitatetan aplikatu daiteke, formulario baten bidez ikasleei nola ikasi duten gehiago galdetu ahal diegu. Proba egin zuten eta emaitzak Dale-ren jatorrizko konoaren ideietara hurbildu zirela ikusi zuten.

Pentsaten jarri naiz nola egin litekeen horrelako bat euskara ikasleekin, eta duda bat etorri zait. Gure kasuan ikasleek erantzungo lukete praktikan eta hizkuntzaren erabileran murgilduz gehiago ikasten dutela? Ala instrukzioak, azalpenak eta jarduera mekanikoek pisu handia hartuko lukete?

Alegia, hIzkuntza ikastea hizkuntza horrekin gauzak egiten ikastea baino hizkuntza hori "kontrolatzea" eta "ezagutzea" delako ideia beste arlo batzuetan baino zabalduago ote dago gurean?

Beti etortzen zait gogora ikasle batekin gertatutakoa, egun batean klasean, halako digresio linguistiko-filologiko baten ostean ikasle hark: "Zenbat ikasi dugu gaur!"

Irudia: Cono de la experiencia (Wikimedia). Egilea: Jgaray.

06
Aza
2010

Bipuntozero gara aspaldian?

Jendea sare sozialetan enredatzen hasi denetik blogak hilda ei daude. Blog honek azkenotan izan duen aktibitatea ikusita diagnostiko onik ez luke izango, ez. Baina gaixo honek ez du epidemiarik ekarri, eta badira munduan irakurri eta alegratzeko modua ematen duten blogak oraindik ere.

Hizkuntzen irakaskuntzaren esparru zabalean eta gaztelaniaren ikas-irakaskuntzan (ELE deitzen duten horretan)  zehazki, JRamónELE da horietako bat. Gogoeta didaktiko interesgarriak, originalak eta praktikakoak sarri, hausnartu, motibatu eta ikasteko abiapuntu ona. J. Ramón Malaga Sí eskolako zuzendari akademikoa da, irakasle eta materialgile lanetan ibilia, baita irakasleen prestakuntzan ere. Eta blogean bere lanarekin lotutako ideiak, hausnarketak eta proposamenak jorratzen ditu, blogari onen estiloan: labur, argi eta gertutasunez.

Gaur hain zuzen ere post dotorea ekarri digu: Características 2.0 de un profesor de E/LE.

Gogoeta original eta grafikoa. Web2.0 (honez gero hilda behar lukeen beste bat) kontzeptuari buelta eman, eta, sarri egin den ez bezala, 2.0 irakaslea eta 2.0 zerbitzuen zerrenda grafiko-diagramiko estentsiboa egin beharrean, kontzeptua bera eta irakasle baten papera alderatu ditu, eta grafiko argigarri honetara ekarri.


Eta grafikoari kolpe hasi eta lehenego ideia. Web2.0 kontzeptuan ez daude bada aspaldian irakaslearentzat aldarrikatzen diren hainbat rol eta gaitasun berberak? Asmakizun berri(tzaile)a ei zena aspaldiko ideia dela esan liteke:

  •  Web "soziala". Irakaslea ere "soziala" da, baita beraren papera eta lana ere. Ikaslea inguru sozialean diharduen pertsona da, besteekin elkarrekin atazak egiten dituena, besteekin eta "besteei" ikasten diena, afektibotasunaren porlanak finkatzen duen giro batean dihardu, sare sozial bat ehuntzen dituen harietako bat da, eta hizkuntza giro eta inguru horren tresna sozial nagusi bezala erabili eta ikasten du.Eta irakaslea ere "sozietate" horren bazkide eta agentea da.
  • Elkarrizketa, solasaldi handia. ikasleekin jositako sare hori ehuntzen du haiekin hartu-emanean, elkarreraginean; sakea egin,  pilota jaurti, jaso eta bueltan jaurti. Etengabeko solasaldi batean dihardu, hamaika feedback klase tratatu eta haiekin jokoa berregin, egokitu...
  • Sinpletasuna, argitasuna. Argi azaldu eta argi jardun. Ideiak eta gauzak eskuragarri egin, dosi txikietan, gradual, egunez egun apurka-apurka gehituz. Diskurtso eta ideia konplexuak galbahetik pasa eta dosifikatu, hurreratu.
  • Remixa. Eduki eta formatuen aukera desberdinak aintzat hartu eta josten ditu. Ideiak jaso eta testuingurura ekarrita josten ditu soineko berri baten forman. Hizkuntzaren lagin errealak jaso eta tratatzen ditu. Ez da mugatzen espazio eta formatu estandarretara, betikoetara, aukera guztiak aintzat hartzen ditu. Ez du bilatzen erabateko originalitatea, baina edukiak jaso eta nahasteko ohitura eta gaitasuna du.
  • Edukia. Benetako zerbait esatea edo entzutea, edo benetako zerbaiten gainean jardutea bilatzen du. Hizkuntza bera ere benetakotasun horren menpean nahi du, komunikazioan zer den jakin nahi du, komunikazioaren edukiekin zer lotura duen unean-unean
  • Beta iraunkorra. Inoiz ez da perfektu sentitzen, beti dago bertsio-berritzearen beharra, kontzientea da horretaz, larritu gabe baina konformatu gabe. Hobekuntzarako bidea edonondik zabaldu daiteke. eta ate-begi guztiak ditu irekita. Praktikan probatu eta aurkitzen ditu erroreak eta arteztu beharrekoak.

J.Ramónen grafikotik boteprontoan datozen burutazioak izan dira horiek. Bipuntuzerismoaren beste ezaugarri batzuk ere jorratu litezke agian: partekatzearen kultura, gardentasuna, pertsonalizazioa eta abar.

Esango duzue hori ez dela irakaslearen eredu klasikoa, ideia tradizionala. Ez, ez nuke hori esango neuk ere, baina irakaslearen 2.0 ezaugarri horiek, ez dut uste web2.0k ekarri dituenik ere, lehenagotik ari gara horietako askoren aldarria entzuten. Eta esango nuke aspaldian direla  hizkuntza-irakaslea deskribatzeko eredu politkoki zuzena. Badakizue, praktikan jartzea kostatu arren, edo harekin kontraesan garbian egon arren, aldarrikatu behar den hori.

Ez diet nik kontra egingo, ez, aitzitik, bide ona erakusten dutela uste dut, eta gainera askotan berba potolo-anbiguoen atzetik zehazki zer dagoen ulertzea kostatzen bada, akaso web2.0 horrek ekarri duenari kuku egin diezaiokegu, ideiak ulertzen eta aplikatzen lagunduko digun adibideren edo argibideren bat aurkituko dugu beharbada.

Irudia. J.Ramón Ele. Lizentzia: cc-by-nc-sa

11
Ira
2010

Pregoiak eta txupinak

Urte berria hasi da gaur ofizialki, 2010-11 ikasturtea alegia, EAEn noski. HABEk txupinazioa bota digu azken urteotan legez, Gasteizen aurton.

Polemika barruntatzen zen aurten diru-laguntzen murrizketak direla eta, baina odolik ez da ikusi gaur (arte). Seguruenik udan ohikoa dena baino lan gehiago egin behar izan dute hainbatek, eta irailaren 10era bake-legean ailegatzea lortu da, gaurko prentsaurrekoak hori pentsatzeko bidea eman dezake behintzat.

Bestela, zeremoniaren pisu nagusia pregoia eta txupinazoan jarri da. Bilboko Aste Nagusiaren antzera, Ernesto Martin Peris irakaslea pregoilari, eta Blanca Urgell kontseilaria txupinera. Ostean pintxoak eta tragoak, festa-giroan ez nuke esango, kon-pintxeoan utziko dugu kontua.

Zeremoniazalea ez bazara, pregoilariaren hitzak izan daitezke erakargarriena, joateko motiboa. Ikasgelan hizkuntza erabiltzea zer den eta zertarako-zergatik kokatzen saiatu zaigu kataluniarra, eta honakoetako zeremonialitate-testuingurua gorabehera (diskurtso irakurriak, formalidadea, zeremoniaren pisua eta arreta non-zertan dagoen...) iruditu zait hizkuntzen ikas-irakaskuntzan azkenengo urteotan mahai gainean ditugun ideiak, diskurtsoak eta oinarriak azaltzeko konpendio-hitzaldi interesgarria egin zaigula.

Ideia batzuk memorian jasota: hizkuntza erabiltzea hitz egitea baino gehiago da, ez da produzitzea soilik ganera, eta horrela ikusi beharko genuke, izan ere, hizkuntzaren eskurapena ez da burutzen soilik partaidetzarekin, hizkuntza modu pasiboan erabiltzea ere erabiltzea da eta.

Bestalde, erabilera eta ezagutza ez dira aparteko munduak, erabilera hizkuntzaren ezagutza da azken batean, eta hizkuntza erabiltzea ez da soilik hizkuntza praktikatzeko modua, hizkuntza ikasi eta aktibatzeko unea eta bidea ere bada, eta hala saiatu da frogatzen adibide batzuekin.

Funtsean, azken urteotan didaktikaren munduan predikatzen diren hainbat ideia (ustez) ezagun jaso eta josten saiatu da Martin Peris, eta non-zertan aplikatzen-agertzen diren erakusten saiatu ere bai.

Hori izan da niretzat pregoiaren alderdirik interesgarriena. Ez du ideia iraultzaile berririk plazaratu, ezta klaseko arazo guztiak konponduko dizkigun metodo-bide-truko sekreturik erakutsi ere, ez, azken batean predikatzen-asumitzen (omen) dugun hori guztia praktikaraino eraman edo praktikan ikusteko saioa besterik ez du egin, laburra akaso, beste testuinguru batekoa (gaztelaniaren irakaskuntzan), baina hobekuntzarako bide nagusia une honetan seguruenik: egiten duguna pentsatzen dugunaren markoan kokatu, aztertu eta hartaz gogoeta egin, geure koherentzia aztertu, eta geure usteak konprobatu.

Dena den, akabuan pentsatzen geratu naiz zein izaten ote den horrelako hitzaldien emaitza. Erreakzioetan ohikoak izaten dira hitzaldiaren estiloagatik edo hizlariaren izenagatik bakarrik berehala loreak botatzen hasten direnak, harago joan barik. Beste batzuk erraz hasten dira "bainak" topatzen: "horrek guretzat ez du balio", "bai, baina hori nire ikasleekin...", "baina hori ez da berria".... Sententzia batzuk ere tradizionalak izaten dira: "Betiko txapa" (didaktika noski), "honek zer esango digu guri ba?" eta abar.

Ez naiz inor kritikatzen hasiko, baina uste dut didaktika kontuek ikas-irakaskuntzan ardaztuta dagoen sektore batean bigarren plano batean jarraitzen dutela, eta hori ez dut uste ona denik. Didaktikari eman nahi omen zaio bultzada HABEtik. Tira. Alde guztietatik dago zer aldatu asko: jarrerak, diskurtsoak, estiloak, ikuspegiak....

Eguneraketa: Martin Perisen hitzaldia gustatu zitzaienek, edo ideiaren bat bueltaka dabiltzanek, edo galdu zutenek lehengo urteko Simposio ELEko (pdf) bideo hau ikus dezakete. Ez da berdina, baina lehengo egunekoan jorratu zituen ideia batzuk landu zituen M. Perisek.

21
Eka
2010

Akademikoa

Ekainaren 22a, udako lehenengo eguna. Urtea abenduan edo ekainean amaitzen ote den ondo ez dakigun latitudeotan itxiera eta despedida ekitaldietarako gorde ohi dira horrelako datak, eta duela egun batzuk gonbidapena heldu zitzaidala halako baterako gonbitea izango zelakoan, eta ez. Donostiako Vitoria-Gasteiz kaletik zetorren gutunazalaren barruan 2010-06-22 Batzorde Akademikoaren bilera irakurri nuen.

2009ko martxotik ez da bildu Batzorde hori, eta honez gero -honegatik eta beste hainbat seinalerengatik- Donostiako Vitoria-Gasteiz kalean gurekin ahaztuta zeudelakoan (han inor bizi ote den dudan ere bai) San Juan bezperaren bezperan gonbitea. Hau menua:

Helduen Euskalduntzerako Oinarrizko Kurrikulua: Egoera: azpimailak, datuak eta lehentasunezko adierazleak, Proposamena: HEOK birbatua, Helburua: HEOK bakarra euskararen herritarren eremuetarako.

Akreditaziogintza: 2010eko gaitasun-proben egoera, Azterketak sortzeko Baliabideen Biltegia (ASBB), 2003ko abuztuaren 6ko Agindua berritzeko proposamena eta lan-egutegia.

Prestakuntza: 2009-2010 ikasturtearen balantzea, 2010 udaldirako egin eskeintza, 2010-2011 ikasturtearen hasiera-ekitaldirako proposamena, 2010-2011 ikasturterako 4. mailako gaikuntza-ikastaroa, Teknikari zein hizkuntza irakasleen etengabeko prestakuntzarako HABE liburutegiaren alerta-sistema.

Tira, sorpresaz beteriko eguna datorrela dirudi. San Juan suaren garra elikatzeko bestekoak ote?

Sindikatu edukia