24
Ira
2006

Berezia izatea zer den!

Gara: Bigarren plan estrategikoa garatzeari ekingo dio AEK-k

Geltokia gehigarrian AEKri buruzko erreportajea dakar gaur (06/09/24) Garak. Matrikulazio kanpainan gaude eta prentsa idatzian zein sarean euskaltegien gaineko informazio eta publizitate ugari egoten da, beste sasoi batzuetan baino gehiago.

Erreportajean neure izena agertzen da, eskaintzaz berbetan, haritik tiratzeko eskaintza-talde-xede berezien inguruan zertan gabiltzan azaltzeko parada hartuko dut.

Euskaltegietan leku guztietan legez, eskaintza etengabe gabiltza berrizten. Aurten adibidez honako nobedadeak ikusten dira: AEKren idazkuntza lantegia, Mondragon Linguaren "Formazio konbinatua" (b-learning?), 4. maila euskaltegi gehiagotan (Labayrun adibidez), Osalan,... Ez ditut euskaltegi guztien katalogoak arakatu eta gehiago daude segurutik (jakinarazi mesedez, ideia ona izan daiteke nobedadeen katalogoa egitea eta komentatzea).

Kontua da gurean aspaldi jarri ginela eskaintzaz hausnartzen. Ikastaro bereziak, talde bereziak, talde txikiak, ohiko taldeak,... gerora HABEren bidez etorri zen Xede Bereziko Ikastaldeak,... Terminologia nahastosoa eta klitxez betea.

Jarri ginenean gauza batez konturatu ginen lehenengoz. Eskaintzen genuena sailkatzeko irizpide argirik ez zegoela: ohiko taldeak, barnetegiak, etorkinak,... Gainera, euskara ikasteko edo lantzeko guztiak ez ziren ez "ikastaroak",ez "taldeak". Egiten duguna izendatzeko bestelako izena behar genuen, horrela bururatu zitzaigun generikoena "ikas-jarduerak" izan zen, hau da, hizkuntza ikasteko eskaintza.

Galdera orduan? Zer eskaintzen dugu euskara ikasteko edo lantzeko? Anabasa horretan ordena jarri behar zen katalogazioa eta analisia ganoraz egin ahal izateko. Eta horretarako irizpideak bilatu behar ziren. Hiru aurkitu genituen:

  1. Jarduera bakoitzaren xedea edo helburua. Zertako egiten da? Eta hemen hiru bloke aurkitu genituen:
    • Euskalduntze orokorra, euskal hiztun konpententearen maila orokorrera heltzeko jarduerak. Hemen jakina euskaltegi eta barnetegietako ohikoak daude, baita autoikaskuntza jarduerak ere. Gure aktibitatearen zati handiena jakina.
    • Alfabetatzea. Honen azkenengo helburua aurrekoaren berdina den arren, abiapuntua bestelakoa izanda bereiztea hobetsi genuen. Dena dela, gaur egun alfabetatzea ia desagertuta dagoela susmatzen dut. Ala ez?
    • Helburu zehatzerako eta trebakuntza berezituetarako jarduerak. Goi-mailako trebakuntza (4. maila, hizkuntza-teknikoa,..) eta behar izan espezifikoetarako jarduerak (lan mundurako zer egin zehatzetarako trebakuntza, gazte-hizkera,..) ditugu hemen. Baita neurri handi baten hizkuntz-agiriak prestatzekoak. EGA ikastaroak adibidez, horrela nahiago izan dugu tratatzea honela. Beste azpimultzo bat konpetentzia maila orokorretik beherako trebakuntzarena izan zen: Aisa, adinekoentzako ikastaroak, gurasoentzako jarduera batzuk,..
  2. Jardueraren formatoa edo ingurunea. Zein da une honetan euskaltegiko talde presentziala eta autoikaskuntzako eskaintza baten arteko aldea? Xedea? Ez euskalduntze orokorra izaten da kasu guztietan. Zer aldatzen da orduan? Ikas-jarduera hori non-noiz-zelan gauzatzen den. Irizpide hau ez da inondik ere itxia, etengabe sortu daitezke formatu eta inguruna berriak. Une honetan honakoak ikusi ditugu:
    • Bertatik bertarako ikastaldeak, presentzialak. Ordutegi finkoa eta maiztasun zehatzarekin. Ohikoena duda barik.
    • Barnetegiak eta trinkotasun handiko jarduerak.
    • Tutoretza eta autoikaskuntza sistemak.
    • Eskola partikularrak edo talde txikiak, edo modulazio bereziko taldeak, edo talde ez iraunkorrak.
    • Ingurune birtualeko jarduerak eta teleikaskuntza: on-line ikastaroak, aula birtualak,..
    • Eredu mistoa: b-learning eta halakoak.
    • Eskaintza modularra. Ikastaroak, jarduerak eta tailerrak konbintzatzen dituena adibidez.
  3. Jardueraren hartzailea. Bi bloke nagusi:
    • Publiko orokorrari eskainia, hau da, matrikula irekia nahi (eta ahal) duten guztientzat.
    • Kolektibo espezifikoetarako eskaintza: Adminsitrazioko partaideentzat, lan-munduko partaideentzat, kolektibo sozialentzat (gurasoak, gazteak, etorkinak, adinekoak,...)

Irizpide hauetatik datozen itemak irekiak dira dudarik gabe, eta behin eta berriro agertu daitezke gauza berriak, baina hiru irizpide nagusien konbinazioak definitu dezake edozein jarduera une honetan (edo horrela izan da orain arte).

Kontua dator orain, eta zer da berezia eta zer ez?

Ez dakit ondo noraino eta zergatik den beharrezkoa berezitasuna markatzea. Segurutik bolumen handia daukaten jarduera batzuek estandar edo ohiko eginda daude aspaldian, eta beste batzuek ikutu marjinala hartuta daukate. Horrez gain, erakunde eta euskaltegiaren arabera gauzak aldatuko dira: AEKrentzat berezia dena ohikoa izan daiteke Bai & By, Labayru edo Maizpiderentzat adibidez. Espezializazio maila batzuk badaude eta, ez oso handiak baina.

Gurean bolumenari eta geure pertzepzioari erreparatu genien. Honela bada, hau da gurean ohikoa edo estandarra.

  • Xedea: euskalduntze orokorra
  • Formatoa eta ingurunea: euskaltegiko talde presentzialak eta udako barnetegiak.
  • Kolektiboak: publiko orokorra.

Euskaltegiko eta barnetegiko 1 mailatik 3erako modulazio estandarra, HABEk zehaztutakoa alegia. Honenbestez, hemendik kanpokoek trataera berezia beharko dute. Zer esan nahi du honek?

  • Trataera kurrikular berezitua: metodologia, irakasleen prestakuntza, materiala, ..
  • Trataera komertzial-administratibo berezitua: merkatu-azterketa, publizitatea, kudeaketa, matrikulazioa, prozedura eta prozesu zehatzak...
  • Baliabideen trataera berezitua: irakasle eta pertsona espezializatuak, diru-iturri bereziak (diru-laguntzak, matrikula,...), garapenerako neurri bereziak (esperientzia pilotuak, ikerketa lana,..), formazio-ildo propioak, bideragarritasun azterketa zehatzak.

Kontua da gaur berezia dena bihar-etzi ez dela hain berezia izango, eta alderantziz (alfabetatzea kasurako). Baina gure ustez, euskaltegion garapenean zer eskaintzen dugun ahalik eta argien definituta eta berrikuntzak kokatzeko era edukitzea garrantzitsua da anabasan ez jausteko.

Euskaltegiok gauza gehiago egin ditzakegu, eta egin behar izango ditugu seguruenik. Hau gure partetik pausotxoa baino ez da izan, findu, borobildu eta aztertu egin beharrekoa oraindino. Beste eragile batzuek ere klitxeetatik irteteko eta aukera guztiak ikusteko moduko ahalegintxoa egin beharko lukete. Bai, administrazioez ari naiz gehien bat.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia