22
Api
2009

Berrikuntzaren ajeak

Elkarrizketa (denari eztabaida deitzeko mania  hori!) polita izan dugu Jolaus eta biok Atoan-en. Nodos Elekoek egin duten manifestuaren aipamena ekarri nuen Atoan-era, eta Jolausek bueltak ematen hasi. Gaia: berrikuntza, datorrena, teknologia eta horren inguruko ajeak eta etsipenak.

Elkarrizketa hori hemen jarraitzea pentsatu dut, Karraju handia kantxa zabalagoa da oraindik orain eta Wink. Edozelan ere, hemen daukazue abiapuntua:Nodos Ele: 2. manifestua (Atoan).

Hango aipamen batzuk ekarriko ditut leheengo:

Gure hezkuntza sistemaren ardatz nagusiak definituko dituzten espezialistek teknologiaren ikuspegi zaharkitu hori aldatzen ez duten bitartean, zaila izango da Downes eta Siemensek planteatzen dituzten teoria berritzaileak gure geletara eramatea. Piaget, Vygotsky eta Bruner-en teoriak hain barneratuta dituzten horiek noiz ulertuko dute teknologiak zeharo aldatu dituela informazioari balio erantsia gehitzeko moduak? Noiz ezagutuko dituzte Downes, Siemens edo Shirkyren teoriak? Noiz azalduko zaizkie magisteritza egiten ari diren etorkizuneko irakasleei teoria hauek Unibertsitatean? 2020an? 2025an? Ni jubilatu baino lehen bai?

(Jolaus)

Planteamendu, ideia, gogoeta eta psikolastoetan ibilitzen gara sarri. Nik neuk "Teoria ona baino praktikoagorik ez dago" dioen horrekin bat nator erabat, baina horrek ez du praktikarako pausoa kentzen, eta sentsazioa izaten dut askotan aldarri horiekin batera esperientzia praktiko arrakastatsu eta argien berrien faltan gaudela.

[...]

Azken batean, kontua ez ote litzateke izango predikatzen diren hainbat ideia norberak aplikatzeko ahalegina egitea, aplikatzea eta ebaluatzea?

(neu)

Ikasle helduen kasuan, ezinezkoa lanketa bide berri hauek aurrera eramatea. Bide luzea egin dute irakasleen babesean, irakasleak esandakoa egiten, irakasleari entzuten, irakasleak galderak egiten eta eurek erantzunak ematen. Ez dakite/ ez dute nahi, bapatean euren aprendizaiaren arduradun nagusiak bilakatu; ez zaie sekulan horrela"erakutsi" eta horrelakoal planteatzen zaienean, muturra okertzen dute.

[...]

Irakasleriak ez du abenturarako gogorik edota ausardiarik. Orain gertatzen ari dena, duela 40 urte ikastoletan zegoen izpirituari berriro heltzea eskatzen du. Orduan euskal hezkuntza munduan dena egiteke zegoen, ereduak, materialak... dena zerotik sortu beharra zegoen eta izpiritu baikorra eta ilusioa zegoen edonon. Gaur egun, eroso bizi gara; baliabideak argitaletxeek ematen dizkigute, programazioa aspaldi daukagu lotuta, gurasoek hori eskatzen digute... Zertarako praktikara eraman kontu berriak?

(Jolaus)

Ikusten duzuenez ideia pare bat erabili ditugu besteak beste: berrikuntzarako baldintzak eta berrikuntzen praktikotasuna.

Hariarekin jarraitzeko ideia pare bat gehiago apuntatu nahi nituzke. Aspaldian sartuta gabiltzan gogoeta etengabetik aterata eta hari segida ematekotan.

  • Eredu pedagogiko berriez hitz egiten da erraz, baina iruditzen zait konektibismoa, teknologia eta halakoetan oraindik orain ez dela eredu pedagogiko osorik eraiki. Oinarrizko ideia batzuk, hastapeneko konstrukto teorikoak, erakargarriak akaso, interesgarriak gehienetan... baina gauzak zehazki nola-noiz egin pista gutxi ematen dutenak oraindiko. Deigarria (eta apur bat antojagarria azkenotan) egiten zait web2.0, elearning2.0 eta halakoei buruzko aurkezpen eta azalpen gehienetan beti zerrenda berdina ikustea: blogak,wikiak, podcast-ak... edo delicious, flickr, blogger, wordpress eta enparauen logoen erreskada. "Bale, eta horrekin zer?" galdetuko dute askok, eta arrazoiarekin nire ustez.
  • Praktikoak izan behar dugu. Onartzen dut "praktikoa" hitza aipatzea askotan geldirik egoteko atxakia baino ez dela izaten, edo "esaidazu zer egin behar dudan" horren sinonimoa, "ez dut pentsatu nahi" alegia. Baina azken batean praktikan amaitzen dira buruko jarioen erreka guztiak, eta horrek eman behar dio balioa ideiari, hau da, praktikatik ebaluatzen hasi behar dira gauzak askotan.
  • Berrikuntza berez ez da ezer. Berrikuntzak zerbait ekarri behar dio aplikatzen duenari, berriarekin irabaziko duela ikusi behar du. Egia da begiak erraz isten dituzten asko dabiltzala inguruan, bai, baina begiak berahala zabaltzen dira probetxuren bat aterako dela frogatzen denean. Eta berrikuntzarekin datorrena batez ere ahalegina, lana eta eztabaida bada, eta pareko emaitzarik ez bada ikusten/saltzen, ez dira asko arrimatuko, ez.
  • Erakundeen sustegua dela eta ez dela. Nik neuk erakundeetatik (eta ez nabil erakunde publikoez soilik), ez nuke asko esperoko. Lidergo berritzailea ez da inoiz "goian" egon. Berrikuntzara bi kasutan apuntatzen dira gehien bat: 1) irudia ematea komeni denean, edo politikoki zuzena izan behar denean ("berrikuntza, noski!"), eta 2) oztopo guztien gainetik norbaitek zerbaitek funtzionatzen duela frogatzea lortzen duenenan, erdarazko errefrauak zatar dioen modura: "Vistos los cojones, macho".

Jarrera atzerakoietan jausi behar dugu orain? Ez ba! Aurrera begira jarraitu behar dugu. Oztopoak asko dira, geugandik hasita seguruenik, baina era berean normala da oztopoak aurkitzea, eta normala da era berean azkenengo emaitza espero ez zena izatea, eta ustekabeak aurkitzea, onerako nahiz txarrerako.

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia