11
Aza
2009

Hizkuntza jakitea, hizkuntza ikastea

Azken egunotan mezu bi aurkitu ditut blogosferan hizkuntzaren ikaskuntzaz oinarri-oinarrizko galderak eta hausnarketak plazaratu dituztenak. Hizkuntza ikastearen eta jakitearen kontzeptuak eurak bueltaka.

Lehenengoan Enric Serrak hizkuntza jakitearen kontzeptuari bueltaka jardun zuen. "Tranpa" zeri esaten diogun abiatuta:

...sovint considerem que una persona que fa servir un corrector ortogràfic que li millora els textos no en sap i en realitat fa trampa; sovint pensem que les consultes a obres lexicogràfiques o d'altra mena en línia tapen les vergonyes de la ignorància lèxica dels alumnes, que fan trampa.

(Uste izaten dugu pertsona batek bere testuak hobetzeko zuzentzaile ortografikoa erabiltzen badu ez dakiela eta tranpatan ari dela; uste izaten dugu sarean ditugun hiztegiak eta obra lexikografikoak kontsultatzen direnean ikasleek ezezagutza lexikoaren lotsa izkutatzen dutela eta tranpa egiten dutela.)

Azterketa batean seguraski halakoak tranpatzat joko genituzke geuk ere. Norbearen ezagutza frogatu behar den horretan ez baita norberaren ezaguza frogatzen, bere horretan ulertuta.

Baina ondoren Serrak beste ikuspuntu bat ematen du: "Zer geratuko litzateke ondo ez dakien hizkuntzan behar duen eguneroko testu bat sarean aurkitu dituen ereduetan oinarrituta sortzen badu, eta hura erabiltzen badu?". Kasu bat eman du: italiera jakin barik, hitz klabeak bilatuta behar denaren moduko testua aurkitu, moldatu eta hegazkin-konpainiari erreklamazio gutuna idazten badiogu?".(Eta gehituko nuke nik: "Eta katalana arauaren arabera jakin barik Enricen bloga irakurtzeko itzultzaile automatikora jotzen badugu?").

Gaur egungo komunikabideek (ez hedabideek soilik) azalera ekartzen ari dira hizkuntza jakitearen kontzeptu "klasiko" horren herrenak nonbait. Beharbada, Serrak dioen modura, honetara hurreratu beharko dugu gero eta gehiago: " Sap llengua, en cert sentit: sap satisfer les seves necessitats lingüístiques" (Hizkuntza daki, nolabait behar izan lingusitikoak asetzen daki").

Zaila egingo zaigu gurean halakoei neurria hartzea. Hizkuntzari eman ohi diogun balio sinbolikoaz gainera, elebitasun-diglosiko batean hizkuntz-beharrak asetzeko estrategia instrumental ohikoa beste hizkuntza batera igarotzea denean, baina era berean, horrek akaso esan nahi digu euskarari balio komunikatibo eta instrumentala eman behar zaiola, "tranpa" horiek tranpa izatetik zerbait lortzeko estrategia bihurtu daitezen denon pertzepzioan, ez hizkuntza ez jakitearen seinale lotsagarriak. Eta balio komunikatibo hori euskara-klasean ere eman dakiokeela uste dut. Ikasleak hiztegia begiratzen duenean begiratu dezala han interesatzen zaion edo behar duen zerbait adierazi edo ulertzeko, ez irakasleari "tranpa" egiteko.

Bigarrena hizkuntza ikasteaz ari da. Curriculum-oinarri batzuk dira. Brasileko Rio Grande do Sul eskualdeko hezkuntza idazkaritzak egindako dokumentu batekoak eta Gonzalo Abiok gaztelaniara ekarrita.

Askorentzat ezagunak izango dira horrelakoak, eta erantzun (politikoki) "zuzena" asmatzea ez zaie kostatuko. Beste batzuentzat "filosofia" eta "didaktika txapak" izango dira.  Beharbada lehenengoek askotan horrelako predikamentuak zabalduko dituzte sarri, froga grafikoak edo praktikoak gutxi edo lauso azalduta, bigarrenekoen eszeptizismoa sustatuz, eta iritzia eta prakitka aldatzeko motiborik eman barik. Beharbada, baina badaezpada hona ekarriko ditut hizkuntza ikastearen ideiaz han plazaratu diren galdera batzuk. Egundo ez du kalterik egiten pentsatzen paratzeak:

  • Hizkuntza ikastea ezer ez jakitetik dena jakitera pasatzea da, ala hizkuntza ikastea zerbait egin edo zerbaitetan jarduteko trebezia eskuratzea da?
  • Hizkuntza ikastea hura nolakoa den eta nola funtzionatzen duen  ulertzea da (hotsak, hiztegia, gramatika arauak) gero hori guztia praktikan jartzeko, ala hizkuntza ikastea hizkuntza hori hemen eta orain nahi dugun jendearekin jarduteeko erabiltzea da?
  • Hizkuntza bat ulertzen (entzun/irakurri) eta egiten (hitz egin/idatzi) trebetasun batzuk hurrenkera batean eskuratzea da, ala hizkuntza hori ulertzen eta egiten ikastea trebetasun guztiak batera erabiltzeko lehenengo aukeratik hasita erabiltzea da?
  • Bigarren hizkuntza baten ikaskuntza bakarrik gerta daiteke ikasle gutxiko taldeetan, ikasmaterial eta baliabideez ondo hornituta eta ordu kopuru serio baten barruan, ala pertsona-kopuru eta testuinguru ugaritan hizkuntza horretan murgiltzea eskatzen duten praktika sozialetan partaide izateko aukera bakoitzean gertatuko da?
  • Hizkuntza ikasteak ez dauka zer ikusirik ez curriculumeko beste disziplinekin ez eguneroko bizitzarekin, ala hizkuntza ikasteak jakintza eta bizitzaren arlo ugaritan jardutea eskatzen du?
  • Ikastea motibazioaren eta arretaren ondorengoa da, ala ikasteak akaso esan nahi du ikasgaiari arreta ematen zaiola ikasi ahala ikasgai horri balioa ematen eta balio horretaz jabetzen garelako?

Ez naiz hasiko erantzun zuzena zein den eztabaidan, beste galdera batekin geratu naiz eta: euskararen balio komunkatiboari nola eutsi eta hura nola erakutsi ikasi nahi duenari?

Kalkulagailua

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Azaroa 17 - 11:02-(e)an bidalia.

Kontu honek, zeharka bada ere, matematika-eskoletan kalkulagailua erabiltzearen zilegitasunari buruzko eztabaida dakarkit burura. Ez dakit eztabaida hori erabat agortua den, baina planteamendu orokorretara ekarrita bada oraindik ere zer argitu. Hara, nik ez dakit neure kabuz zenbait funtzio matematikori erantzuna ematen, horretarako kalkulagailua erabiltzen dut. Tranpa al da? Pobretu egiten al du horrek nire adimena?

Azter dezagun apur bat kontua. Onartu behar dugu ezin dela ezagutza guztia norberaren kaskoan gorde. Burua ez dela edukiontzi soila, alegia. Betidanik egon da kanpo-adimena, burutik kanpoko biltegietan gordea : liburuetan, kalkulagailuetan, ordenagailuetan… Burua, beraz, ezagutza edukiontzia ez ezik, ezagutza bilatzailea ere bada, ezinbestez. Are, gaur egungo iraultza teknologikoak bere bilatzaile eta konektibitate funtzioak biderkatuko egingo dituela dirudi, ezagutza bera ere eraldatuz, fluxu bihurtuz. Horra bada, lehenagoko galderei erantzuna. Kalkulagailua edo Xuxen edo itzultzaile automatikoak erabiltzea ez da tranpa eta ez du adimena pobretzen. Adimenaren funtzionamendua apur bat aldatzen du, bai. Eskola tradizionalaren eta euskaltegi tradizionalaren kontzeptua apur bat dantzan jartzen du, bai. Edukien transmisiotik benetako komunikagaitasunera garamatza, bai.

Kalkulagailua dela eta, matematika gutxiago al dakit? Hau ere erantzun beharreko galdera da. Egia da kalkulagailurik erabili gabe erro karratua ateratzen dakienak nik baino matematika gehiago dakiela, agian. Baina, zergatik ote? Bi arrazoi bururatzen zaizkit: edo nirea baino memoria askoz hobea du, edo bere lanbideak edo zaletasunak matematikak modu jakin batean erabiltzea eskatu dio sarritan. Utz dezadan memoriarena alde batera (luze joko liguke gai horrek). Eta errepara diezaiogun besteari , erabilerari, beharrari, zaletasunari, alegia. Zerk eraman du Benito, besteak beste, katalana erabiltzera? Katalanak berak ala katalanez dauden zenbait eduki interesgarriren berri izan nahiak? Bada, matematikak edo katalana bezala, euskara beharrezko eta interesgarri bilakatzen badugu, lortuko dugu jendeak hizkuntza eduki bezala ikusi beharrean, tresna bezala erabiltzea eta hor ez dago tranparik. Horrek ez du, inola ere, euskararen unibertsoa murrizten.

Ondorio gisa, esan genezake ondo dagoela eta ona dela euskara ikastea baina hori bezain garrantzitsua (eta ebaluagarria) dela euskaraz gauzak egitea, konpontzea, dibertitzea… baita euskaltegietan/euskaltegietatik ere.

Irainak eta laztanak

Benito-(e)k 2009, Azaroa 17 - 21:46-(e)an bidalia.

Kontu hau gogora etorri zitzaidan lehengo domekan, irratian geundela, galdetu ziguten zer iritzi genuen irainak sortzeko makinaz, Sustatun zabaldu zen kontu honen harira.

Euskaldunen eta euskara ikasleen adierazkortasunaz kezkatua gabiltza azkenotan, piperrik gabeko hizkuntza zabaltzen ari dela eta hori guztia, eta horrelako makinak, txisteak eta abarrak sortzen dira. Eta ondo, baina "ikasten" laguntzen dute benetan? Hau da, artileria faltan dabilen euskaldun(gai)ari batailarako armak ipintzen dizkio deskarga behar den momentuan eta behar den modura botatzeko moduan? Ez dakit ba.

Akaso lagunduko diote hainbat gauza "ezagutzen", dudarik ez, baina asmatuko ote du tiro egiten behar den lekura?

Galdetu ziguten hau ikasteko bide ona zen, eta geratu nintzen euskara ikasleei gomendioa egiteko: euskaraz irainak nola botatzen diren ikasi eta zeureganatu nahi baduzu, teknika onena, zirikatu eta kakaztu klasea irakaslea zurekin benetan haserretu arte, orduantxe edukiko duzu-eta irainen neurri benetakoa bistan eta belarrian. 

Bigarren neurri bat: euskarazko hedabideetan lar zuzenak gara. Telezaborra deitzen den horretako apur bat beharko genuke jendeak irainak eta biraoak benetan ikasi eta erabil ditzan. Beste hizkuntza batzuetan horren eragina ondo baino hobeto dago frogatuta, ezta?

Azken batean, horixe, ikastea zer da gauzak egiteko trebezia norbereganatzea ez bada? Zaila da orduan haserretzen ikastea inor haserretu barik.

Hori ba, ez dadila inor haserre nirekin! Innocent

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia