Mahai gainean agertu zait udazkenean onddoak bezala. Hizpide 65. Artikulu gutxi oraingoan eta denetik apur bat:
- Joseba Ezeizak Ikasle hasiberriei irakasteko materialak artikulu sortaren hirugarrena eta azkena. Sorpresa atsegina izan dira aurreko biak. Errematea besteen neurrikoa bada, ederto.
- Moodle-ekin datorkigu M. Jose Lasheras. Moodle plataformaren erabilera didaktikoa irakasleen prestakuntzarako: orain arteko eskarmentua. Eskarmentua gurean luze-luzea ez da, horregatik bada ondorioak albait arinen ateraz gero, hobeto.
- Udan ikastaroa ematen eduki genuen La Lagunako unibertsitateko Jose Luis Vera Batista. Ikastaroa eman eta artikulua ere utzi digu: Euskara-ikasgai bat nola planifikatu euskra H2 denean: iruzkinak eta iradokizunak.
- Krashen aipatu genuen lehengoan tontamentean. Orain Hizpiden, ohiturari jarraituta, han munduan argitaratutako artikulu baten itzulpena dakarte. Garon Wheeler irakasleak Kanadako TESL erakundearen aldizkarian argitaratu zuen Krashen, a Victim of History artikuluaren itzulpena dakarkigute: Krashen, historiaren biktima. Morboa behintzat bai. Zer egin diote Krasheni ba?
Horraino oraingoaren edukiak. Datozen egunotan, badakizue... jarraituko du.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu





jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Krashen, historiaren biktima artikulua irakurri ondoren, hausnarketatxo bat egitea komeni zaigula uste dut.
Artikuluaren muinera jota, argi dago historian zehar bi joera nagusi izan direla hizkuntza ikaskuntzari dagokionean: artistak eta zientifikoak, alegia.
Artistak intuizioan oinarrituta zera esango du... “hizkuntza batean ikastea... ez da syllabus mailakatuei jarraituz, urratsez urrats, antola daitekeen prozesu naturala. Prozesu intuitiboa da, eta horretarako gizakiek badute gaitasun natural bat, baldintza egokiak izanez gero susper daitekeena.” (Howatt 1984), hots, esperientziak esaten diguna ez diezagula zientziak ezabatu.
Zientifikoak, berriz, ikerketa enpirikoetan oinarritutako syllabus mailakatuak eta neur daitezkeen sistemak bultzatuko ditu.
Historiaren bilakaerak arlo gehienetan zientzia intuizioaren gainetik jarri du, baina gurea bezalako arlo batean non ezagutza enpirikoa hain urria den (ezin dugu oraindik zehazki jakin buruan zer gertatzen den) artistak zientifikoak bezainbesteko papera jokatu du. Honela sortu da zenbait dibortzio, funtsezkoena teoria enpirikoaren (behar beste garatu gabea eta irakasleen espektatibak guztiz asetzen ez dituena) eta praktikaren artekoa (intuizioan oinarritutakoa, Gregg-ek dioen moduan hizkuntza irakasle onak izateko asko jakitea eskatzen ez duena).
Berriro ere banderak, trintxerak eta zauriak (Krashen bera ere hil nahi omen dute). Badakizue ni ez naizela dikotomia zalea: poesia irakurtzen duten zientzialariak eta zientziaz arduratzen diren poetak ditut maite. Hortaz, zergatik ez aldi berean bi bideak jorratu: batetik syllabus egoki batean oinarritutako ikaskuntza formala eta, bestetik, komunikazio-jario aberatsean oinarritutako ikaskuntza informala? Biak ala biak zein baino zein garrantzitsuago. Biak ala biak elkarren osagarri.