Sektoreari buruzko hausnarketa planteatu ziguten lehengoan Batzorde Akademikoan, erronka eta kezka nagusiak zeintzuk ziren aipatu eta hemendik aurrera jorratzeko geratu ziren apuntatuta. Han esan zirenen artean, ideia batekin geratu naiz egunotan, irakasleen lana, irudia eta ospe soziala "saldu" beharra. Helduen euskara irakasleak profesionalak dira, lana serio egiten dute, prestakuntza eta gogoarekin ari dira eta hori guzti hori jendartera zabaldu beharra dago.
Egia da, edo horrela begitandu zait neuri pentsatzen hasita. HEAren publizitatean eta sektoreaz hitz egiten denean irakaslea gutxitan aipatzen da. Ikasle-kopuruak, erakunde eta euskaltegien metodologia, egiturak, tresnak, eskaintza ugariak eta desberdinak... baina horren atzetik dabiltzan pertsonak gutxi, euren merituak, prestakuntza, ibilibidea, ospea... Ez dago izarrik gurean, irakasle ezagunik (irakasle lanagatik behintzat) gutxi.
Ez dut ikerketa zehatzik egin, baina nire eskuetara heldu diren balorazio inkesta askotatik jasotako inpresioa da: irakaslea izaten da ikasleari baloratzeko ematen zaizkien galdetegi, inkesta eta halakoetan puntu gehien jasotzen dituen "item" horietako bat. Ikasleekin berba eginda berdin, ikas-prozesuko une erabakiorrak nabarmentzean irakasleren baten papera aipatzen da sarri. Hala ere, ez da "saltzen" den elementua izaten, euskaltegian edo erakundean den-denak klonak edo operazio berdina berdin exekutatzen duten operario balioaniztunak bailiren.
Eta nire ustez, bada saltzeko generoa gainera. Esperientzia handia metatuz doa gurean adibidez, hogei urtetik gora dihardutenak asko adibidez, gero eta gehiago. Milaka ordu klase, jardunbide desberdinak ezagututa eta eskarmentatuta, eta hori baino garrantzitsuagoa: ikasle askoren errekonozimendua jasotako profesionalak ditugu.
Horri kontrajarrita, badakigu, soldatak, kabaretera-ordutegiak, segurtasun eza, egonkortasun falta, eta, horren ondorioak: desmotibazioa, estresa, lanaren ordain afektibo-sozial eskasa.
Honetaz gabiltzala, sarean endredatzen Madrid Teacher webgunera heldu nintzen lehengoan. Deigarria egin zitzaidan eta Atoan-en apuntatu nuen hain zuzen ere. Madrid Teacher ez da (ez dirudi hala behintzat) akademia edo erakundea, hizkuntz-irakasleek euren zerbitzuak eskaintzen dituzten gunea baino. Irakasle bakoitzak bere curriculuma, espezialitatea, lan-metodoa eta lan-eremua azaltzen ditu, batzuek esperientziak kontatzeko bideoak ere erabiltzen dituzte bertan. Norberaren promozioa egiten da neurri handi batean, ez erakunde edo akademia batena. Freelance irakasleak ditugu nonbait, helduentzako hizkuntza batzuen irakaskuntzan ohikoa izaten da figura hori, gurean nahikoa marginala berriz.
Pentsatzen hasita, ez dakit freelance maila horretaraino heldu beharko genukeen (ikara apur bat ematen du egia esanda), baina, ez litzaiguke ondo etorriko indibidualazio apur bat gurean ere? Onerako nahiz txarrerako jakina. Irakasle power?
PD: Badakit, ironikoa (adar jotzea ere bai) iruditu lezake irakasle power horrek irakasleak harrien azpitik topatzen dabilenarentzat.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu


jasotako azkenak...
Gure jarioak(OPML)
Karraju "guztiak": Xfruits
Markatu del.icio.us-en



Nolabaiteko anonimatotik irten ("Irakasle power" irakurri ondorengo erreakzioa ote?) eta orain arteko "etxepel" "Aitor" bihurtuko da.
Zuk esandakoaren haritik, uste dut behin baino gehiagotan eta toki batean baino gehiagotan erreibindikatu dela irakasle-irudiaren birbalorazioa. Halaxe da. Baina ni neu talde edo korporazio mailan geratuko nintzateke. Hau dela eta, eta arlo praktikora jaitsi nahian, badugu nondik hasi. Udaletxearen erakunde autonomiaduna garenok (hau da, udal euskaltegietako irakasleok) hortxe dugu gure lanpostuen balorazioaren erronka. Badakit batzuek eman dituztela dagoeneko urrats batzuk; beste batzuok horretan ari gara urte luzeetako eskari edo erreibindikazio bat etengabe aldarrikatzen. Beste sareetakook, egia esan, badakit gu baino egoera kaxkarragoan zaudetela, nahiz eta azken urteetako itun eta hitzarmenek bidea pitin bat ireki dizueten.
Badakit dena ez dela soldata kontuetara mugatzen, baina soldata mailako aitorpenak nolabait beste maila bateko aitorpenerako bideak irekitzen ditu.
Irakasle power edo freelance delakoa beste upel bateko sagardoa da. Hori norberaren lanaren eta balioaren emaitza izango da. Horretan, zu zeu zaitugu, Benito, eredugarri. Inon freelance-rik bada, hona hemen Karrajuan.
Eta honetaz eta hartaz ari garela, zer gehiago aipatu zen Batzorde Akademiko ospetsu hartan? Azkenean ba al da gehiago jakiterik?