06
Abe
2008

IV inkesta soziolinguistikoa eta Euskara 21

Lehengo ostiralean HABEren jardunaldi akademikoko dance-aren ondoren, arratsaldean euskaltegi sare batzuetako martxosook chill out apur bat izan genuen Bilboko Euskararen Etxean. Badakizue, session batekin nahikoa ez, eta after hours baten bila hasten direnetakoak gara.

Hantxe beraz AEK, IKA eta Batuzeko 20 bat lagun DJen zain. Laster agertu ziren: Patxi Baztarrika EAEko Hizkuntza Politikarako sailburuordea, eta Erramun osa HPSko koordinazio zuzendaria. Sessioneko programa:

Baztarrikak hasi zen inkestarenak jorratzen. Datuen azalpena nahikoa grafiko eta amenoa egin zigun (beste session batetik gentozela estimatzekoa dena). Funtsean hainbat lekutan azaldu dituztenak eta, adibidez, hemen dituzuenak.

Gauza batzuk apuntatu nituen.

  • 2006ko datuak dira, urte horretan hogei urte lehenago baino 300.000 elebidun gehiago daude. Haietatik 100.000 inguru helduen euskalduntzeren fruitua direla estimatzen da.
  • Elebidunaren tipologia aldatuz joan da. Herri txikietatik ingurune urbanoetara, adinaren batez bestekoa beherantz. Oraingo elebidunaren tipologia hau dela esan daiteke: Ingurune urbanoan bizi den gaztetxoa ama-hizkuntza erdara duena.
  • Erdaldun elebakarren kopurua beherantz egin du etengabe.
  • Euskara jende gehiagok daki, erabili ere gehiago egiten da horren ondorioz, baina oraingo elebidunak ez du euskara lehengo elebidunak baino gehiago erabiltzen.
  • Ideia pare bat azpimarratu zituen Baztarrikak, dagoeneko ezagunak: familia-bidezko transmisioa da euskarari geroa emateko giltza nagusietako bat, eta elebidun pasibo gehiago behar dira.
  • Euskarari "modernitate" ikutua eman behar zaio, eta elebakarrak euskal mundura erakarri egin behar dira, ezin ditugu erdal mundura kondenatu.
  • Euskara eskola eta euskaltegien bidez ari da transmitizen gero eta gehiago, horrek elebidun berriengan gabezia funtzionalak ekar ditzake: erregistro kolokiala, hizkuntzaren osagai afektiboa, familia-hizkera...

Ondorio eta gogoeta moduko batzuk:

  • Estimagarria da erakunde publikoetatik euskalgintzan gabiltzanoi gauzak zuzenean eta jarduteko aukerarekin ematea. Aurkezpena landuta zeukaten biek eta nahikoa zuzen eta natural jardun ahal izan genuen. Entzuten denarekin edo hitz egiten duenarekin konforme egon daiteke edo ez, baina horrelako aukerak ez dira ohikoenak izaten, eta, berriro diot, estimatzekoa da.
  • Elebi hitz-erroa han eta hemen:. elebiduna, elebitasuna, elebiduntzea, gizarte elebiduna, elebakarrak, elebidun pasiboak... Euskalgintzan berriz "euskalduna" izan da orain arte hitz-ardatza: euskalduntzea, euskalduna, euskaldun berria, erdalduna, Euskal Herri euskalduna... Hitzak hitz eta ideiak ideia, uste dut halako talka ekarri duela izendatze horrek. Bere logika eduki dezake: EAEn ofizialak diren hizkuntza biak jakin beharko genuke denok, inork ez luke "beste" hizkunza zertan ez jakin; eta horrela, eztabaida eta hausnarketarako gai izan daiteke, baina elebitasuna-diglosia bereizketatik hasita, elebitasun kontzeptua nahikoa estigmatizatuta eduki duten euskalgintzaren sektore aktiboenetako askori terminologia-jasa horrek ez dizkie belarriak asko goxatzen. Eta uste dut ez duela asko laguntzen euskalgintzaren gutxieneko sustengua eta adostasuna bilatzen.

HEAri begira

  • Elebidun/euskaldunaren tipologia berriak gabezia funtzionalak eduki ditzake hizkuntz-erregistro informal edo "beroenetan". Hizkuntzarekiko identifikazioan eta transmisioan eragina du horrek, eta, ondorioz erabileran ere bai. Hemendik aurrera bizimoduko gauza hurbilenak euskaraz egiteko arazoak dituzten heldu euskaldunak gero eta gehiago izango dira horren arabera. Helduak euskalduntzea bada gurea, bistan dago hortik erronka bat etor daitekeela guretzat.
  • Elebidun pasiboak behar ditugula dioskue behin eta berriz. "Pixka bat es mucho", 1 maila eta azpimailak garatu eta hornitu behar direla, elebakarrak euskarara erakarri behar direla, euskaraz jarduteko oinarri-oinarrizko gaitasuna behintzat lortu behar dela... Tira, ez dut ezetzik esango, baina:
    • Orain arte euskarara hurbildu ez diren elebakar askorekin -benetan "hurbilduko" badira- lan egin beharko da, eta ezagunak ditugu aspaldian kolektibo horretan  aurkitzen diren jarrerak, jokaerak, aurriritziak eta lan egiteko zailtasunak. Materialak eta (azpi)mailak egokitzeaz gainera, nago ez ote ditugun beste gauza batzuk ere egokitu beharko. Euskal mundura "erakartzeko" ahalegina egiteko prest egongo gara gehienok, baina ez da samurra izango.
    • Oinarrizko komunikazio-trebakuntza batekin konformatu beharko dugu askoren kasuan. Ondo, beti ez gara ibiliko "dena ala ezer ez" horretan. Baina oinarrizko behar izan komunikatibo horiek ondo identifikatu eta horra begira jarri beharko ditugu jarduna, metodologia eta tresnak. Dudan nago hala ere oraingo egiaztapen eta diru-laguntzen sistemek horretan lagundu edo lana kakaztu noraino egingo diguten.
    • Nik neuk beti pentsatu dut inor "euskal mundua" deritzan honetara ekartzeko biderik eraginkorrena hark "mundu" osasuntsua, bizia, komunikatua, ikusgarria eta irekia ondo-ondo ikustea dela. Eta ez naiz ausartzen esatera adjektibo horiek euskaldunen komunitatearen oraingo deskribapena egiteko onenak direnik.

Edonola ere, solasaldi interesgarria izan genuen Baztarrikarekin. Lehen esan dudan modura estimatzekoak dira horrelakoak, betiko hasiera ekitaldietako zeremonia-diskurtsoetatik aparte. Eta askotan ez bezala, komunikaziorako ateren bat irekita dagoela dirudi behinik-behin.

Horrezaz gain, Osak Euskara21 ekimenarren berri eman zigun labur-labur, aurrekoarekin luzatu egin ginen eta ez zitzaion tarte handirik geratu. Funtsean webgunean dagoen informazioa eman zigun eta horren ondoren parte hartzeko gonbidapena luzatu zigun guztioi eta gonbitea luzatzeko gonbitea ere bai, hemen doa beraz.

Erakunde eta sektore gehiagotako jendearekin ere arituko ei dira horrelakoetan. Beraz, zuetako inork horrelako batean parte hartu eta zerbait komentatu edo osatu nahi badu, hemen ere kantxa daukagu.

funtsean ados

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Abendua 9 - 17:49-(e)an bidalia.

Eskerrik asko, Benito. Egia esan, Karrajua eta Atoan-en bidez egiten diguzun zerbitzuekin ia soberan ditugu delicious, bloglines eta enparauak.

Nik, egia esan, nahiko ados nago Baztarrikaren diskurtso honekin. Uste dut elebitasunaren hedapena eta,horri begira, euskaraz ez dakitenak euskararen larrera erakartzea oinarrizko apustua direla. Badakit ez dela samurra; sektore jakin batzuetan ia ezinezkoa dela esango nuke. Zaila da aurpegira barre eta iseka egiten dizutenak erakartzen saiatzea..., baina, jarrera orokor gisa, ezinbesteko lana dugu.

Arrazoi bat baino gehiago ikusten dut honetarako, baina bat erabat "utilitarista" da, biziraupen kontu hutsa. Sinistuta nago euskarak bizirauteko ezinbestekoa duela ezagutzen ez dutenengana zabaltzea. Asko kostatzen zait imaginatzea nola iraun dezakeen euskarak bizirik euskal komunitate hutsaren trinkotuta. Agian duela mende erdi edo mende oso bat bai, baina gaur-gaurkoz, ezinezkoa zait.

Beste kontu bat da ea elebitasun hutsa eta perfektua bideragarria den; hau da, oreka ederrean bizi diren bi hizkuntzen arteko elkarbizitza, inor inori nagusitu gabe. Hau ere ezinezkoa iruditzen zait. Baina horren aurrean daukagu Fishman-en teoria.

Elebitasuna

Benito-(e)k 2008, Abendua 12 - 02:10-(e)an bidalia.

Nik neuk ez nuke esango euskaldunok herri elebakarra izan behar dugunik, hau da, hizkuntza bakara jakin behar dugula, ez, eta bi barik, dozena bat badira hobeto. Baina hortik aurrerakoek kezkatzen naute. Elebitasuna norberak menperatzen dituen hizkuntzen kopurutik harago goazenean. Horrela bada, zer da gizarte elebiduna?

  • Egun on / Buenos días esaten duena? Hori hedabide eta jardunbide ofizial batzuetatik harago ez da sinestekoa.
  • Hizkuntza bata edo bestea berdin-berdin erabiltzen dituena, orain euskaraz, orain erdaraz? Ez da naturala.
  • Hizkuntzetako bati (gure kasuan zein izango den asmatzea ez da zaila) balio sinboliko hutsa emango diona? Ez justua ez praktikoa, eta akabuan alferrikakoa.

Total, hizkuntza bat bizirik mantentzea hizkuntza horri balio komunikatiboa ematea da azken finean. Eta balio komunikatiboa komunikatzen dutenek ematen diote, eta komunikatu behar dutenek ez badute komunikatzen (eman eta hartu) ez dago komunikaziorik, eta komunikaziorik ez badago ez dago ezer interesgarririk, ez barrukoarentzat ez kanpokoarentzat.

Jakina, neuk ere uste dut ez dakitenak ekarri behar ditugula gurera, bestela kontzientzia arazo larriak izango nituzke lan egiten dudan lekuan ibilita. Seguraski gure komunikazio-kodea egokitu egin beharko dugu horretarako askotan, automarketing-a ere egin behar ei dugu, baina produktua munduko erakargarriena eta eskuragarriena eginda ere, airea saltzen badugu, edo beste produktu batek merkeago eta hobeto egiten badu... kontsumitzailea ez da tontoa, eta ez du aparteko inbertsiorik egingo airearen trukean.

Euskal komunitatea ezin dela bere barnean trinkotuta bizi diozu. Baliteke, baina euskal komunitatea trinkotzen ez bada eta bere "territorioa" ondo markatzen ez badu, ez da egongo inor nora erakarri.

Apur bat txepetxiano jarri naiz akaso. Bide batez, Aitor,zer esan nahi duzu zehazki Fishman-en aipamenarekin?

Zehaztasun batzuk

aitor (ez da egiaztatu)-(e)k 2008, Abendua 12 - 15:43-(e)an bidalia.

Ez nuen esan nahi, hala esan badut, euskal komunitatea ezin dela bere barnean trinkotuta bizi", baizik eta trinkotze hutsarekin ez duela bere biziraupena bermatuta, nire ustez baehintzat. Trinkotzea hori gutxieneko baldintza da, baina ez, seguruenik, nahikoa.

Fishman-en harira, oker ez banago, bere RLS delakoa lortze bidean aitortzen du (bere hitzen nolabaiteko interpretazio askea eginda) elebitasun orekatu osoa seguruenik ezinezkoa dela; kontua ez dela norbere hizkuntza sendotzea eta indartzea beste hizkuntzaren aurka joanda; edo justu beste hizkuntza horrek dituen erabilera-esparru berak lortzea, imitazio hutsez. Ahalik eta elebitasun orekaturik posibleena lortu behar delakoan, "diglosiazko elebitasun orokorraz" mintzo da; euskaldunok euskaldunokin euskaraz ahalik eta funtzio gehien burutzea, nahiz eta erdaldunekin erdaraz aritu. Ondorioz, euskarari bere espazio fisiko eta funtzionala onartuko dio erdal munduak; eta euskaldunok, geure normaltasun giroan onartuko dugu erdara ere geure izatea.
Enfin, ez dakit eskua joan zaidan Fishman-en interpretazio honetan. Hala bada, barka diezadala nire atrebentzia.

Trinkotzea eta hedatzea

Karrajua-(e)k 2008, Abendua 12 - 17:13-(e)an bidalia.

Ez, Aitor, neuk ere ez dut interpretazio hori egin. Uste dut gainera azken batean gauza bera esan dugula. Euskal komunitateak bere esparrua ondo zehaztu eta trinkotu behar du, baina gero ezin da muga horietan zarratuta geratu. Egin nahi izan dudan zehaztapen bakarra izan da trinkotze edo sendotze hori barik, alferrikakoa dela hedatu nahi izatea, ez baita zer hedaturik egongo azken batean.

Fishmanen interpretazioa interesgarria iruditu zait era berean. Neuk ere ez dakit oso "ortodoxoa" ote den (adituek bidea argituko al digute! edo erreieta egin. Wink), baina konforme nago puntu batzuetan: ezin gara beste hizkuntz-komunitateen imitazio hutsean edo harekin beti borrokan ibili. Geure esparruak zehaztu eta sendotu egin behar ditugu, geure espazioa, eta espazio hori eraiki egin behar dugu, ez aldarrikatu soilik. Eta esango nuke euskararen espazioaren eraikitze horretan, lotura afektiboak eta identifikazioak baztertu barik, euskararen bidezko komunikazioaren kalitatea eta kantitatea direla eragile nagusiak.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia