24
Mar
2009

Pil-pilaren borborkadak

Sarea pil-pilean dabil. "Pil-pilean" esamoldea bero-bero, gori-gori ulertzen dute askok. Pil-pila inoiz prestatzen saiatu denak badaki bakailaoa suabe-suabe, apurka-apurka egin behar dela, berakatzak, olioak eta gelatinak bat egin dezaten orduak behar dira, eta lapikoari pazientziaz eragin eta eragin. Ez gabiltza patatak olio beroaren txir-txirrean frijitzen, ez.

Interneten fast food-a topatzen dabilenak etsipena aurkitzen du berehala horrela. Borborkadak han eta hemen irteten dira, zarata handi barik, pok! ozenagotxoren bat entzungo duzu inoiz baina lapikoari eragiten jarraitu behar da etengabe behar den moduko bakailaoa jango badugu.

Bakailaoa jateko moduan egon dadin buelta batzuk falta dira oraindino. Baina olio epeletik hiru burbuila klase ikusi ditugu azkenotan, behin baino gehiagotan:

Azken egunotan berriro entzundako kontuak izan dira, ez dira berriak hemen. Eta guri zer? esan du honez gero batek baino gehiagok.

  1. Euskara ikastea toki, pertsona eta ordu tarte batean baino ez da gertatzen ezta? Bestela bada, badakigu, ez da gure ardura.
  2. Hizkuntza komunikazioa bada, hizkuntza ere ez da elkarrizketa, jarioa, joan-etorria, hartu-emana, elkartrukea, mogimendua? Eta ikastea?
  3. Zer nahi dugu, ikastea ahalbidetu ala ikas-instituzioak mantendu?

Txapelketako bakailaoa esperoko du baten batek, basi-basi egiteko moduko saltsarekin konformatuko gara beste batzuk. Segituko dugu ligatzen.

Hedapena eta uzkurdura

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 25 - 10:14-(e)an bidalia.

Txuri ala beltz, on ala txar... dikotomia eta muturreko sailkapen manikeisten zale ez banaiz ere, batzuetan errealitatea ispilatzeko modu errazak dira. Akatsa aitortuta, eragin diezaiogun apur bat kaxolari.

Hara, nire ustetan badira ikasteko modu bi. Batak hedapena du joera; besteak, aldiz, uzkurdura.

Ikasle batzuek hizkuntza edo beste ezein gai jorratzen dutenean, inguruari begiratu eta eskola edo euskaltegia ez ezik, inguruak berak ematen dizkien aukerez baliatzen dira ikasten jarraitzeko; are, ikasitakoa beren bizitzan integratzen dute eta ikasitakoaz baliatu egiten dira norbere hazkunderako.

Beste ikasle batzuek, ostera, bereizi egiten dituzte 'bizitza akademikoa' eta 'bizitza erreala', bien arteko hormak eraikitzen dituzte, bizitza akademikoa eskolako edo euskaltegiko denborara, espaziora eta harreman-sarera mugatzen dute. Esparru itxiak sortzen dituzte: lana-ikasketak/ familia-aisialdia... eta ez dute nahi izaten lanaren eta ikasketen adarrak inola ere beste esparruan sartzerik.

Hedapenezko ikasleei dagozkie gehienbat: ikaskuntza, sarea (eskola barne), autonomia, barne-motibazioa, elkarrizketa, erabilera eta etengabeko ikaskuntza.

Uzkurdurazkoei: irakaskuntza, eskola,kanpo-motibazioa, bakarrizketa, ezagutza eta ikaskuntza etena.

Ez naiz ni hemen hasiko esaten zein jarrera den zilegiago. Badakit hedapenezkoak ikaskuntza egokiagoa ahalbideratzen duela baina badakit, halaber, askoz zailagoa dela horrelako jarrera izatea. Hamaika arrazoi tartean: kultura mailakoak, egoera sozio-politikoari dagozkionak...

Irakasleok, beraz, prest egon behar dugu ikasle mota batzuei zein besteei erantzuteko, baina horretarako ondo aztertu behar dugu zein izango den gure jokabidea.

Hanburgesa nahi duenari pil-pila prestatzen irakatsi? Pil-pila nahi duenari ere hanburgesa eman? Hanburgesa nahi duenari hanburgesa eman? Biei legatza saltsan?

Erantzun zuzenik eta argirik ez daukat, baina gaur gaurkoz beti antzeko platerak prestatzen ditugulakoan nago. Alegia, gure errezetan osagai asko sartu behar ditugulakoan: aniztasuna, malgutasuna, pazientzia, emozioak,jolasa, bizitza erreala... Eta xuabe-xuabe, apurka-apurka eragin (ardo tragoxkaren bat ere beharko dugu, ba!).

Uzkurdura ala isolatze-antolatzea?

ainhoa (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 25 - 12:47-(e)an bidalia.

(Hasi aurretik: asko gustatu zait pil-pil borborkaden metafora, uste dut beste testuingururen batean erabiliko dudala, zure baimenarekin ;-)

Ez dut uste zalantza handirik dagoenik jarrera hedatzailea duten ikasleek prozesua azkarrago eta sakonago egiten dutela ikaskuntza unitate isolatu eta iragazkaitz gisa ikusten dutenek baino. Ikasle hedatzaileen kasuan, ikas-erakundeak ez du horrenbesteko garrantzirik, euskarri txiki bat baino ez da, ikasten ari diren gaiari buruz hausnartzen laguntzen diena, baina ez dute laguntza handirik behar jakintzaren aldamioa eraikitzeko.

Baina ulertu behar da ikasle guztiek ezin dutela jarrera hori izan, besteak beste bizitzaren konfigurazio konplexuan ikasten duten objektu horrek ez duelako pisu bera kasu guztietan. Alegia, pertsona batzuk ikasle hedatzaile izan daitezke motibazio handiko ikasgaietan eta isolatzaileagoak euren bizitzan edo motibazioan horrenbesteko eragina ez duten gaietan.

Dikotomian aurkeztu nahi baina neuk behintzat esango nuke hedatzailearen kontrakoa ez dela uzkurra, isolatzailea baizik, eta horretan nortasunak ere badu zerikusirik. Jakintza unitate isolatuetan ikusten duten pertsona askok antolaketa dute buruan, euren bizitza ondo sailkatutako ataletan antolatu nahi dutenak, jakintza metadatutan etiketatu nahi dutenak, ondoren etiketa-arteko zuhaitz konplexuak eraikitzeko. Beharbada ez dira konturatzen jakintza holistikoagoa dela eta etiketatze hori artifiziala dela gure garunarentzat.

Edo, besterik gabe, laneko ordutegia bete, euskaltegiko klase guztietara joan eta gimnasiora astean hiru egunetan, egun berberetan, joanez bizitzan ondo konplitzen ari diren sentsazio lasaigarria behar dutelako.

Irakasleok ere, egun batean, artista modernotzat joko gaituzte eta telebista-saio arrakastatsuak egingo ditugu. Interes eta nortasun horiek denak ikasgelan kudeatzea arte surrealistatik ez dabil, ez, oso urrun!

Metaforaren abantailak

Karrajua-(e)k 2009, Martxoa 27 - 02:05-(e)an bidalia.

Metaforek aukera hori dute (arriskua esango dute batzuek igoal), interpretazio askotara ekar daitezke, eta, kasu honetan bezala, nik beste leku batera apuntatzen nuen arren, gogoeta beste adar batetik joan da, polito joan ere.

Ikasle tipologian, edo ikasteen tipologian hobeto, barrena abiatu gara. Uzkurra-isolatzailea eta hedatzailea. Bigarrena egiten zaigu lagunago duda barik, baina pentsatzen hasita, eta metaforara ekarri nauen ideiara bueltatuta. Uzkurdura-isolamendua ikasleak berez duen ikuspegia ote da? Ez ote da ikaskuntzaren ikuspegi hedatuenak sortu duen "aldamio" lehenetsia? Ikasi, klasean,ikastaroan, epe batean eta ingurune horretan egiten da, bestea ez da "ikastea", edo "denbora galtzea" da, edo ez da "serioa". 

Konturatu zarete lehenengo ideia hori Simposio de Educacion Expandida horrek piztu duela asteon. Ainhoak aurreko artikuluan komentatu duenaren haritik, azken batean ikastea zer den, non gertatu daitekeen eta zergatik komeni den hedatzea ez da izango ikasleari azaltzea erakustea komeni den zerbait? Halako ariketa edo halako jarduera zertan lagunduko dien esatea komeni den bezala.

Eta, jakina, ikastearen ikuspegi hedatuago hori helduen euskalduntzean berton geure kolektiboan eta erakundeetan hedatu beharko litzateke lehenago.

Bizitzaren hitza

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Martxoa 27 - 10:21-(e)an bidalia.

Eskerrak, hitzak ez bezala (uzkurdura/isolamendua), kontzeptuak batzen gaituela, mentalesean ere hitz egiten dugunaren seinale. Kontua da zergatik gertatzen diren honelako jarrera erreaktiboak (zenbaitetan proaktiboak bezain zilegiak, ez ahaztu) gure mundutxoan. Edo beste modu batean esanda, zergatik ikasle batek ez duen ikasprozesua bizitza ez-akademikora hedatu nahi. Edo gordinago esanda, zergatik ikasle batek ez duen euskarak denbora gehiago ‘jaterik’ nahi.

 Arrazoiak ugariak izango dira, hala nola, euskal komunitatearen erakargarritasun falta; ikasteari buruzko praktika, uste eta ohitura okerrak ; ikas-irakas erakundeen eraginkortasun eskasa; hizkuntza-politikaren norabide okerra… Horiek guztiak hor daude eta ez dut horretaz zalantzarik egiten. Baina bada horien gainetiko bat, beroriek eragindakoa neurri batean: norberaren bizimoduaren antolamenduari dagokiona, alegia.

Gaurko gizarte azkarrean aisialdia eta denbora urrezkoak dira eta guztiok daukagu lehentasunak ezarri beharra. Lehentasunak ezarri eta erabakiak hartu beharra, hain zuzen. Bizimoduari dagozkion erabakiek, zer esanik ez, eragin eta baldintzatu egiten dute ikas-prozesua bera. Erabaki akademikoek baino maila altuagoa dute. Berauek arrazoitzen dituzte ibilbide akademikoaren zenbait kontraesan eta muga. Zer egin, orduan?

Hedatzailea den ikasleari sarea, adabegi sendoak (hedatzaileak) eta jarioa eskaini behar dizkio euskal komunitateak. Hedatzaile izan litekeen ikasleari lagundu eta ahalbideratu egin behar zaio ikas-prozesua, bere ikasteko moduak hobetuz (ikasten ikasi) eta sarea ehuntzen lagunduz. Baina zer egin hedatzailea izan nahi ez duen ikaslearekin? Nire ustetan, halakoetan gure mugak onartu eta jokabideak moldatu beharrean gaude. Alferrik dira zenbaitetan hainbat paradigma ‘eder’ baina bestelako ikasleentzat pentsatutakoak,  didaktika ‘zikina’ erabiltzeko prest egon beharko dugu, ikasleari ,betiere, ostertzaren ederra erakutsiko behar diogun arren.

Bai, badakit, pentsatzen ari zaretela bizitza nahasiagoa dela, holistikoagoa, ez hain kontzientea. Hala ere, badakit, halaber, esaerak dioenaren ildotik  ‘mailua daukanarentzat guztia dela iltze-buru’. Euskara eta ikas-irakaskuntza dira gure mailua eta iltze-burua. Baina sarritan bizitzak agintzen du, eta arrazoi duzue: bizitza nahasiagoa da, holistikoagoa.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia