12
Urr
2009

Uribarriko gau-eskola aurrera doa

Lagun batek kontatu zidan behin ingeles-hiztun batekin elkartu zela Bilbon eta ingeles arinaiztarrean "city" hitzarekin definitu zuela lekua, ingelesdunak zuzendu-edo egin ei zion: Bilbao "city" berbara baino gehiago hurreratzen dela "town" adierara. Ez da hain handia alegia.

Bilbaino batentzat ingelesaren bereizketa horiek (hala baldin bada) purrustada edo bilbainada bat botatzeko modukoak izango dira seguruenik. Bai, bistan dago Bilbo ez dela ez London, ez New York, ez Sidney (gura lukete haiek ba!), baina mundu asko daude Pagasarri eta Artxanda bitarte honetan. Titaniozko museoa eta erreka bazterreko paseo horietatik alboetarantza apur bat eginda.

Era berean, Bilbo izango da euskara jende heldu gehien ikasten dabilen udalerria, euskaltegi eta ikastegi asko eta jendetsuak, Boluetatik Zorrotzaraino, baina mapamundiko mundu guztietan ez dago aukera hori ziurtatuta: Uribarri, Zurbaran, Otxarkoaga, Abusu edo Errekalde lako auzo jendetsuetan ez dago helduek euskara ikasteko berariazko zentro eraturik. Alboko auzoetara edo erdigunera jaistea izaten da aukera hangoentzat. Bestelako alternatibarik sortzen ez bada behintzat, eta egon da halakorik.

Uribarri auzoan adibidez, partida bat urte dira han egon zen euskaltegia itxi zenetik, eta beste aukerarik ezean lehengo eredura bueltatzea pentsatu zuten bertako euskaltzale batzuek, gau-eskolara hain zuzen ere. Hala bada, bost urtez ibili dira doako eskolak antolatzen interesa duten auzokideentzat, boluntario jardunda eta auzoko eskolako lokalak erabilita, klaseak nahiz bestelako aktibitateak. Eta aurten ere hala egiteko asmoa eduki dute, baina...

Aurten urtero legez, gelak eskatzera joan, eta ez die eskolako lokalak erabiltzen utziko. Hala adierazi dute Bilboko beste elkarte eta euskaltzaleoi bidali diguten mezuan:

Uribarriko Gau Eskolako ikasle eta irakasleok bosgarren ikasturteari ekingo diogu datorren 14an hasiko den ikastaroan. Denbora honetan Uribarriko eskola erabili izan dugu geure jarduerak aurrera eramateko; honela, helduei euskalduntzeko aukera eman diegu, euskara klaseak doan eskainiz. Urte hauetan zehar auzokideen erantzuna gero eta hobea izan da, euskarara musu truk hurbiltzeko aukera topatzeaz gain lagun arteko giro polita sortu baita, auzoko egunerokotasunera ere iritsi dena.

Aurten, ordea, geure harridurarako, EZ DIGUTE URIBARRIKO ESKOLA ERABILTZEN UTZIKO. Gure ustez, erabaki honen zergatiak oso irristakorrak dira, iraingarriak ez direnean, baina ondorioz,  Uribarriko helduei euskalduntzeko aukera bat kentzen zaiela iruditzen zaigu.

Ez dakit zehazki zer gertatu den, baimena nork eta zergatik ukatu dien. Bilboko eskola askoren jabea eta kudeatzailea Udala bera da, beraz azken erabakia Erkoreka plazaren bueltan ibiliko da. Esan dudan modura, ez dakit zein arrazoi izan den tartean, baina Uribarriko euskaltzale horien haserrea pizteko modukoa bai behintzat, eta horrela lanean dabilen jendeari haserretzeko arrazoiak ematea ez dut uste bidezko eta ganorazkoa denik.

Are gutxiago jakinda Bilbon euskara ikasi nahi duen hiritarrak dituen aukerak ez direla beste hainbat udalerritan daudenen bestekoak: ez udal euskaltegirik edo euskaltegi publikorik, eta euskaltegi pribatuetan ikasteko diru-laguntza sistema murritza (gurasoentzat, langabeentzat edo kasu zehatz batzuetarako besterik ez). Hau da, euskara ikasten duten bilbotar askok HABEren diru-laguntza baino ez dute jasoko ( zati handi bat probak gaindituz gero gainera). Doan ikasteko aukera ematen duenari gauzak ez erraztea ez da oso ulergarria, ez.

Tira, arrazoiak arrazoi eta kontuak kontu, Uribarrin aurrera doaz eta asteazken honetan (urriak 14) matrikulazio festa egingo dute auzoko kanpan, euskarara urrun joan barik hurreratu nahi duenari arrimatzeko festa.

Ikusten duzuenez, Bilbon badira beste mundu batzuk, titaniotik eta Q87tik haragokoak. Ea kontua zentzu apur batekin konpontzen den.

Lekua lortu dute

Benito-(e)k 2009, Urria 24 - 02:13-(e)an bidalia.

Albiste honetan irakurri dugu Udalak eta eskolak ez dietela baimenik eman, baina  Artxandape ikastolari esker klaseekin jarraitu ahal izango dute.

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia