!name-ren blog-a

10
Urt
2007

Unibertsitatea.net

Hemen aipatzeko eduki dut aspaldi baina gauza bat edo beste dela, gaur arte gogoratu ere ez. UEUk martxan ipini duen unibertsitatea.net atariaz nabil hain zuzen ere.

Zerbitzu anitzen artean, unibertsitatearen munduko jendearen euskarazko blog komunitatea dauka barruan. Ideia interesgarria, denak atari baten batuta. Hiru aurkitu ditut Karrajuko agregatzailearentzako interesgarri:

Gauza interesgarri gehiago ere badaude. Diseinu txukuna eta blogari onak.

Gure munduan halako bat zerbait egiteko kapaz izango ginateke? Horra lehenengo enbidoa. Inork hartuko? Jeneroa egon badagoela uste dut.

10
Urt
2007

Klonak

Karrajuaren lehenengo klona mahatsorriak.org-en abian ipini nuenetik aukerak topatzen jarraitu dut. Karrajua bi blog horretan joan naiz horren berri ematen hain zuzen ere (poliblogariaren bizitza itogarria da, benetan, izan zaitezte zuen betiko blogari fidel, blogosferan adarrak ipintzen neke-neke eginda akabatzen duzu).

Pentsatu dut sasoia izan dela orain arteko klonen zerrenda egiteko. Hona hemen:

  1. http://karrajua.schtuff.com | Schtuff
  2. http://karrajua.wetpaint.com | Wetpaint
  3. http://www.bildu.net/bookmarks/bontxi/klaserako | bildu.net (estekak)
  4. http://www.alesti.org/?public=karrajua | Alesti (jarioak)
  5. http://docs.google.com/View?docid=ah89qfjb3tsm_5dmtcvg | Google docs (dokumentu bakarra)
  6. http://karrajua.wikispaces.com | Wikispaces
  7. http://karrajua.wufoo.com/forms/idatzi-eiguzu | Wufoo (formularioak)
  8. http://xfruits.com/bontxi/eklblogak | Xfruits (jarioak, metabloga)
  9. http://karrajua.netcipia.net | Netcipia
  10. http://karrajua.terapad.com | Terapad
  11. ...eta baten bat daukat hortik ahaztuta, seguru.

Batzuk ia gune osoa ordezkatu dezakete. Azken biak gehien bat. Beste batzuk funtzionalitate batzuk baino ez dizkiote ematen. Baina tontamentean eta denbora asko eman barik gauzatxoak irteten dira. Ahaztu barik hauetako bakoitzak hainbat aukera dauzkala.

Lehengo ondorio berdina, konpartitzea eta zabaltzea inoiz baino errazago. Orain, klon horiek guztiek falta duten bezala, zer konpartitua eta konpartitzeko gogoa eduki behar da.

03
Urt
2007

Jaurlaritzaren diru-laguntzak

Prentsaurrekoa egin du gaur HPSak aurtengo aurrekontuak, diru-laguntzak eta ildo orokorrak azaltzeko.

Gure sektoreari dagokionez aipu hauek jaso ditugu:

Helduen euskalduntze-alfabetatzeari dagokionez, euskaltegien sektorea normalizatzeko berealdiko saltoa eman dugu 2006 urtean, besteak beste hiru ikasturtetarako finantzaketa adostu baitugu. Finantzaketa horren konpromisoa beteko dugu, baina badira bi arlo berri aurrerapauso sendoak emango ditugunak: alde batetik, ikasleentzako diru-laguntza indibidualak %100 gehitu ditugu 2007rako (2006ko 625.000 euroetatik 2007ko 1.250.000 euroetara pasatu gara), eta bestetik, 2006a euskaltegi pribatuen sektorea normalizatzeko urratsa eman den urtea izan den bezala, 2007an euskaltegi publikoen sarea hobetzeko neurriak hartuko dira, EUDELek eta Kultura Sailak osaturiko batzordeak lortzen dituen akordioen arabera. Gainera, HABEk formazio modulu espezifikoak lantzen jarraituko du, besteak beste osasun-arloan, etorkinentzako, merkatarientzako, etabar.

Igartzen denagatik, ikasleentzat diru gehiago (ez bada beste nonbaitetik kentzen), udal euskaltegien egokitzapena-edo, eta kolektibo espezifikoetarako ikasmaterialak eta moduluak.

Informazio gehiago:

Iritzirik?

02
Urt
2007

Ikasbil vs. feed43

Opor egun hauetan karrajuko RSS jarioetan aspaldi egin behar nuen egokitzapena egiten ibili gara. Ikasbil-en jarioak konpontzen gehien bat. Badakizue Ikasbil-ek ez duela jariorik eskaintzen, eta berton agertzen diren edukietan era askotako gauza interesgarriak izaten ditugu sarri: albisteak, ikasmaterialak, dokumentuak,... baina haiek jarraitu nahi izanez gero ikasbil bisitatu beste aukerarik ez dago. Feed43 zerbitzuari esker hango eduki batzuk RSSatzea lortu dugu, Karrajuko agregatzailean nahiz bestelakoetan ere informazio eguneratua izateko.

Hauek lortu ditugu honez gero:

Hala ere, arazo asko ematen dituzte RSS "pirata" horiek. Beharbada, honez gero konturatu zarete agregatzailean jario askotan azken albisteak soilik gehitu beharrean behin eta berriro kargatzen dutela zerrenda guztia, albisteak errepikatuz eta ordena kronologikoa gorde barik. Saiatuko gara konpontzen, dagoeneko baten batekin lortu dugu, baina ez da erraza.

Irakasle askok oraindino sindikazioaren berri ez dute edukiko, baina Ikasbil bezain sarri eguneratzen den informazio eta baliabide iturrian zer berri dagoen jakiteko egunero bisitatzen ibili beharra baino askoz aukera hobea da nire ustez, eta RSSekin ibiltzen den edonoren ustez ere bai seguru asko. Ez dakit zergatik ez duten sindikazioa eskaini, badirudi EJren webguneetan berriketa egin dela orain dela gutxi, eta plataforma berrian ez dutela inon sindikazioa atondu. Honako sasoian halako eguneraketa eginda bekatua izan daiteke sindikazioaz ahaztu izana.

Bitartean hor dauzkazue jarioak agregatzailean gehitzeko, zerbaitetan lagundu ahal badizue, ondo.

19
Abe
2006

Lourdes Gauna Aduriz: "Karrantzan Korrikaren alde lan egiteko gogoz daude guztiak"

Lourdes Gauna Aduriz, AEK-ko Enkarterriko arduraduna, 2006-12-19

"Karrantzan itxaropena umeengan daukagu. Eskolan D eredua dago, urte dezentean, gainera. Umeek eta gazteek badakite euskara beren artean harremanak izateko beste, nahiz eta euskaldun osoak ez izan. Gazteak dira gure itxaropena, baina helduenekin daukagun problema larriagoa da. Karrantzako ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarritzen da, eta oso zaila da helduekin lan egitea; hau da, haiek daukaten ordutegia eta gurea ez datoz bat. Gero, uda eta udaberri garaian belarretara joan behar dute... Orduan, desastre hutsa da". (2006/12/19) [Sareko Argia]

Korrikaren saga aurrera doa. Berrian gaur leloaren eta  ibilbidearen aurkezpenaren albistea eman dute. Interesgarria Enkarterriko AEK-ko arduradun Lurdes Gaunaren elkarrizketa. Karrantzan eta Enkarterrin euskara eta Korrika zelan bizi diren eta han lan egiteak zelako gazi-gezak dakartzan. Ikuspegi errealista eta itxaropentsua aldi berean, honako ekitaldiek ekartzen duten triunfalismoan jausi barik. Honekin geratu naiz:

Ikasle asko izan ez arren, euskarak eta euskal kulturak ez dute irudi txarrik inguru horretan, ezta?

Ez, ez dago irudi txarrik. Euskararen alde lan egin behar dutela esaten badiezu, ez dute inolako oztoporik jartzen. Orain ere Korrikaren alde lan egiteko gogo handiarekin daude guztiak. Baina gauza bat da egun bat edo ordu batzuk euskararen alde ematea eta beste gauza bat da hizkuntza bat ikasteko konpromisoa hartzea. Iaz arte bi talde izan ditugu, eta batzuk nahiko maila hartu dute.

19
Abe
2006

1.600 hiritarrek mintzalaguna izan dute aurten

1.600 hiritarrek mintzalaguna izan dute aurten - 1.600 lagun inguruk parte hartu dute euskaldunberriei euskaraz aritzeko aukera ematea helburu duen Mintzalaguna ekimenean 2006. urtean zehar, Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak (HPS) eta Topaguneak sinatutako hitzarmenaren ondorioz. [Erabili.com berriak]

HPStik bidali dute albistea. Topagunearekin hitzarmena sinatu dute honelako egitasmoak sustatzeko. Albiste ona, egitasmo hauek aspaldian behar zuten sakadatxo hori. 

19
Abe
2006

Eskaera Tolosatik

Harremanetarako formularioaren bidez eskaria heldu zaigu Okzitaniako Tolosatik. Zabaltzea eskatu digute eta hemen daukazue:

Kaixo,

Toulouse Frantzian, euskera ikasten ari garen Iparraldeko zein Hegoaldeko zenbait lagun gara eta lehen egiten zen modura, elkarri euskeraz eskutitz edo mailak bidaltzeko hegoaldeko lagunen bila gabiltza, interesaturik egonez gero, erantzun perabasolo[abildua]hotmail[puntua]com mail helbidera.

Eskerrik asko eta Zorionak,

Per


Toulouse map - Tagzania

Badakizue, praktika epistolarra (paperezkoa zein digitala) egiteko aukera ona. Beharbada mintzalagunen inguruan dabilen jendeari interesatuko zaio bereziki, edo idazten ohitura hartu nahi dutenei, edo Garona Garai eskualde horretan zer dabilen jakinmina daukanari, edo... Animoa bada!

Ez dakit honelako ekimenek zer arrakasta izaten duten, sare sozialak etorri zaizkit gogora. Horrelako zerbaitek funtzionatuko ote luke?

29
Aza
2006

Nafarroako euskaltegiak Parlamentuaren aurrean

Atzo Nafar Parlamentua aurrekontuen eztabaidan ari zela, kanpo aldean elkarretaratu ziren AEK eta IKAko lankideak diru-laguntzak eta errekonozimenduaren eskean.

Informazio gehiago: Diario de Noticias-en, Berria eta Gararen paperezko edizioetan ere agertu da, baina digitaletan ez dut aurkitu. AEK eta IKAren webguneetan ez dago informaziorik.

Aizu eta HABE aldizkariek ez bezala, espero dezagun honela ibili beharraren urteurren gehiagorik "ospatu" behar ez izatea.

Sindikatu edukia