unibertsitatea

23
Ira
2010

Tituluak eta oinarrizko kit-ak

Tituluez eta agiriez gero eta gehiago egiten da berba mundu honetan: euskara-agiriak, unibertsitate-agiriak, 1. maila, 2. maila, 3.maila. EGA, 4.maila, baliokidetzak eta baliogabekidetzak. Eta tituluak ez direnean, dirua mintzagai, diru-falta, jakina, baina hori beste kontu bat da.

Eta tituluen harira, euskara-irakasle lanetan hasteko behar diren titulazioen harira hain zuzen, egunotan Berrian agertu den polemika batek utzi nau apur bat harrituta, eta etsita ere bai.

Josu Gotzon Landeta irakasleak lehengo larunbatean Euskal Filologia mespretxuaren putzuan artikulua bota zuen. Haren ustez euskal filologiako litzentziaturak ez du behar lukeen besteko baliorik hartzen hanbat postutarako merituen artean. Euskara irakasle izateko hain zuzen ere, 4.mailaren azpitik, edo beste edozein unibertsitate-tituluren parean geratzen dela. Aspaldiko kontua.

ingurura begiratu eta esan diezadatela zelan den posible euskaltegi, ikastetxe edo instituzio publiko batean Euskal Filologia karreraren gainetik EGA titulua eta Laugarren Profila lehenestea

Horren ondorioz irakasten den euskararen kalitateaz egiten dituen gogoetak eta bota dituen argudioak apur bat muturrekoak iruditu zaizkit, gehiegizko terminoren bat ere bai.

Bitartean, hona hemen euskal filologoa, burokraziak salduta eta lan merkatuan galduta, erretolika euskañola duen edozein beharginek ordezkaturik, zeintzuk eta hizkuntza pobre eta ezegokia haien atzaparretan jausten diren ikasle koitaduei kutsatzen dieten horiek.

Sestaoko Udal Euskalteko Luis Astorkiak erantzun dio gaur Berrian bertan. Minduta eta hark ere gogor baina sarkasmoarekin filologoen interesaz eta egokitasunaz, eta esperientziaren balioaz bota digu zeharkako mezua:

Denoi egokitu zaigu zelan edo halango zehar-kalteren bat jasatea, baina zeuk itxaron ezazu, eta eduki ezazu pazientzia eta eroapena, nire moduko «ikasle-kutsatzaileok» laster hartuko dugu-eta erretiroa.

Eta, esan dudan legez, apur bat harrituta geratu naiz, polemikagatik beragatik eta hartu duen tonuagatik. Pentsatzen hemen tituluez ari garela eta ez diogula heldu honen ostean dagoen muinari, geure esparruan behintzat.

Euskaltegietan irakasle jarduteko (homologazioa izateko hobeto esanda), unibertsitate-titulua eta euskara titulua behar dira. Diplomatura mailako unibertsitate-titulua eta EGA edo 3. mailaren pareko euskara-titulua (4. mailaren eskakizuna noraino hasi den ez nuke jakingo esaten). Horrela da, bai.

Baina non karajo ikasten da jende helduari euskara irakasten? Nork eskaintzen du prestakuntza hori? Hizkuntza aztertzen, ikertzen eta hari ebakuntzak egiten ikasteko lekuak egongo dira akaso, baina, auto baten tripak ezagutzeak gidatzeko baimenik ematen ez duen moduan, hizkuntzaren ezagutzak ez du zertan eman beste inori hura ikastarazteko dohairik.

Eta datorren astean beharbada hasiko dira filologo, biologo, antropologo eta urologo batzuk lanean inon horretarako titulurik ematen ez den "logia" batean. Sestaoko Luisek esan duen modura, ibilian-ibilian derrigor ikasi behar den arte batean. Eta intrusismoagatik ez da kexarik egongo, hemen hasieran denok izan gara intrusoak eta.

Deigarriena da inor gutxi kezkatzen dela honegatik. Tituluak gora eta tituluak behera bai, baten baten buruko mina izango da akaso titulu-eskakizunak Boloniara egokitzea edo, baina oihan honetan galtzeko oinarrizko kit-a emateko kezka gutxi, eta zaila da horrela oihanean ibiltzeari gustua hartzea.

11
Mai
2007

Moodlemoot Euskadi

Sustatun iragarri dute: I. Moodle Esperientzien Elkartrukerako Jardunaldiak - MoodleMoot Euskadi.

Hemen asmoa:

Unibertsitateko irakasleez gain, gure inguruan Moodle erabiltzen dugunok elkarren berri izateko topagune izan nahi lukete jardunaldiok: lehen eta bigarren hezkuntzakoak, Berritzeguneetakoak, euskaltegietakoak, helduen formazioan dabiltzanena... Halaber, programa informatikoen garapenetan interesa duten ikaslentzat dago irekia

Ekainaren 27an eta 28an izango da. Donostian. Programa ez dute oraindik zehaztu. Antolatzaileak EHUko IKTrako Gerenteordetza eta iKide Taldea dira.

10
Urt
2007

Unibertsitatea.net

Hemen aipatzeko eduki dut aspaldi baina gauza bat edo beste dela, gaur arte gogoratu ere ez. UEUk martxan ipini duen unibertsitatea.net atariaz nabil hain zuzen ere.

Zerbitzu anitzen artean, unibertsitatearen munduko jendearen euskarazko blog komunitatea dauka barruan. Ideia interesgarria, denak atari baten batuta. Hiru aurkitu ditut Karrajuko agregatzailearentzako interesgarri:

Gauza interesgarri gehiago ere badaude. Diseinu txukuna eta blogari onak.

Gure munduan halako bat zerbait egiteko kapaz izango ginateke? Horra lehenengo enbidoa. Inork hartuko? Jeneroa egon badagoela uste dut.

Sindikatu edukia