23
Ira
2010

Tituluak eta oinarrizko kit-ak

Tituluez eta agiriez gero eta gehiago egiten da berba mundu honetan: euskara-agiriak, unibertsitate-agiriak, 1. maila, 2. maila, 3.maila. EGA, 4.maila, baliokidetzak eta baliogabekidetzak. Eta tituluak ez direnean, dirua mintzagai, diru-falta, jakina, baina hori beste kontu bat da.

Eta tituluen harira, euskara-irakasle lanetan hasteko behar diren titulazioen harira hain zuzen, egunotan Berrian agertu den polemika batek utzi nau apur bat harrituta, eta etsita ere bai.

Josu Gotzon Landeta irakasleak lehengo larunbatean Euskal Filologia mespretxuaren putzuan artikulua bota zuen. Haren ustez euskal filologiako litzentziaturak ez du behar lukeen besteko baliorik hartzen hanbat postutarako merituen artean. Euskara irakasle izateko hain zuzen ere, 4.mailaren azpitik, edo beste edozein unibertsitate-tituluren parean geratzen dela. Aspaldiko kontua.

ingurura begiratu eta esan diezadatela zelan den posible euskaltegi, ikastetxe edo instituzio publiko batean Euskal Filologia karreraren gainetik EGA titulua eta Laugarren Profila lehenestea

Horren ondorioz irakasten den euskararen kalitateaz egiten dituen gogoetak eta bota dituen argudioak apur bat muturrekoak iruditu zaizkit, gehiegizko terminoren bat ere bai.

Bitartean, hona hemen euskal filologoa, burokraziak salduta eta lan merkatuan galduta, erretolika euskañola duen edozein beharginek ordezkaturik, zeintzuk eta hizkuntza pobre eta ezegokia haien atzaparretan jausten diren ikasle koitaduei kutsatzen dieten horiek.

Sestaoko Udal Euskalteko Luis Astorkiak erantzun dio gaur Berrian bertan. Minduta eta hark ere gogor baina sarkasmoarekin filologoen interesaz eta egokitasunaz, eta esperientziaren balioaz bota digu zeharkako mezua:

Denoi egokitu zaigu zelan edo halango zehar-kalteren bat jasatea, baina zeuk itxaron ezazu, eta eduki ezazu pazientzia eta eroapena, nire moduko «ikasle-kutsatzaileok» laster hartuko dugu-eta erretiroa.

Eta, esan dudan legez, apur bat harrituta geratu naiz, polemikagatik beragatik eta hartu duen tonuagatik. Pentsatzen hemen tituluez ari garela eta ez diogula heldu honen ostean dagoen muinari, geure esparruan behintzat.

Euskaltegietan irakasle jarduteko (homologazioa izateko hobeto esanda), unibertsitate-titulua eta euskara titulua behar dira. Diplomatura mailako unibertsitate-titulua eta EGA edo 3. mailaren pareko euskara-titulua (4. mailaren eskakizuna noraino hasi den ez nuke jakingo esaten). Horrela da, bai.

Baina non karajo ikasten da jende helduari euskara irakasten? Nork eskaintzen du prestakuntza hori? Hizkuntza aztertzen, ikertzen eta hari ebakuntzak egiten ikasteko lekuak egongo dira akaso, baina, auto baten tripak ezagutzeak gidatzeko baimenik ematen ez duen moduan, hizkuntzaren ezagutzak ez du zertan eman beste inori hura ikastarazteko dohairik.

Eta datorren astean beharbada hasiko dira filologo, biologo, antropologo eta urologo batzuk lanean inon horretarako titulurik ematen ez den "logia" batean. Sestaoko Luisek esan duen modura, ibilian-ibilian derrigor ikasi behar den arte batean. Eta intrusismoagatik ez da kexarik egongo, hemen hasieran denok izan gara intrusoak eta.

Deigarriena da inor gutxi kezkatzen dela honegatik. Tituluak gora eta tituluak behera bai, baten baten buruko mina izango da akaso titulu-eskakizunak Boloniara egokitzea edo, baina oihan honetan galtzeko oinarrizko kit-a emateko kezka gutxi, eta zaila da horrela oihanean ibiltzeari gustua hartzea.

filo-logia

Arkaitz Zarraga (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Iraila 24 - 09:53-(e)an bidalia.

Ni ere filologoa omen naiz, eta aitortzen dut, filologiak euskalzaletasuna eman zidan batez ere; corpusaren ezagutza ere neurri batean, baina hizkuntzen irakaskuntzaren inguruan ia-ia ezertxo ere ez. Gehiago esan dezaket: Filologia hasteaz batera AEKn hasi nintzen, 18 urterekin, Iralako ama talde bati euskara irakasten. Seguru nago haiek gehiago irakatsi zidatela klase-emateaz izen handiko beste irakasle askok baino.
Josu Gotzon lagunak, gure karrerako lehen urtean "nagusietakoa", ondotxo daki Deustun nola hartzen genuen euskalzaletasuna: trikia arkupeetan zehar eta Luzarrarako bidean (gu haien atzetik joaten ginen ostiral batean bai eta hurrengoan ere bai). Baina ondotxo daki berak ere karrerak ez zigula irakaskuntzarako aparteko ezagutzarik eman. Gehiago esango nuke, ezta euskararen ezagutza maila nahikoa ere, izan ere, jende askok amaitu du karrera euskara maila jasorik gabe.
Bada garaia filologiaz haratago, hizkuntzen irakaskuntzan gabiltzanontzat egokia izango den karrera, gradu, master edo dena delakoa aldarrikatzeko.
Ez dakit Bolonia, Polonia edo Kolonian, baina bai Euskara irakasleak behar dituen gaitasunak garatzera bideratutako ikas-prozesu antolatua. Ibiliaren ibiliak asko irakasten du, baina ezagutza teorikoa praktika egokiekin uztartuta oso lagungarria da edozein langintzatarako. Tituluak behar dira? ez dakit, ezagutza bai, gaitasuna ere bai. Gertatzen dena da horrek inbertsio ekonomiko pertsonal handia eskatzen duela.
Por tzierto, Josu eta bere kintakoak ikusi nituen bazkari-afari-(batzuk gosari) hartan, eta ulertzen dut "laguntasunaren gorespen" fasetik horrelako hausnarketak egitea, baina Josuk ondo daki ikasi duen gehiena ez diola Filologiak berak eman; bestela erantzun dezala Karrajuan: zein ikasgaitan?
Besarkada bat Josuri, bere kintakoei, Karrajuako irakurleei eta Filologiako dinosaurioei. Ondo hasi ikasturte berria.

tituluen balorazioaz

pmontoya (ez da egiaztatu)-(e)k 2010, Iraila 24 - 13:03-(e)an bidalia.

 Ados nago Landeta jaunarekin esaten duenean euskal filologiako litzentziaturak ez duela behar lukeen besteko baliorik hartzen hainbat postutarako merituen artean.

Ezta Euskal Filologiaren alorrean irakasle eskolako diplomaturak ere gaineratuko nuke nik.

Euskara irakasle izateko titulu batzuk lehenetsi behar badira, bi horiek dira, zalantzarik gabe.

Eta lan-poltsetan, euskara irakasle izateko lan poltsetan, oinarrizko baldintzen atalean bi horiek bakarrik aipatu nahi ez badira, merituen balorazioan nabarmen "saritu" beharko lirateke,  pedagogia eta psikopedagogia lizentziaturak baino gehiago; eta orain, askotan, berdin puntuatzen dira.

Aurreko iritzietan puntu interesgarri asko aipatu dira baina ez naiz orain  bestelako kontuetan sartuko: irakasle (on)a izateko zer behar den edo zer ez.

Erakunde ofizial batean euskara irakasle izateko titulu batzuk lehenetsi behar badira, goian aipatutako biek izan beharko lukete. Hizkuntza baita gure irakasgaia. Euskara. Eta zein titulu ofizialek akreditatzen du hori? Gaur egun, goian aipatutako biek.

 

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia