prestakuntza

Ongi etorri lagun

Benito(e)k bidalita 2009, urria 8 - 07:40(e)an.

"Urte berri on!" esatea izango litzateke aproposagoa, guretzat urtea orain hasi da eta, urriaren 1ean. Urteroko ziklo klasikoa, eta klaseak hasita dagoeneko.

"Ongi etorri" esan beharko diegu hala ere -eta seguruenik esan diegu honez gero- euskarara arrimatu guran etorri zaizkigun horiei guztiei, baina badira beste batzuk ongi etorri hori merezi dutenak (eta ez nago seguru beti behar den modura esaten diegun gainera): gure ondoan lanean hasi diren irakasle berriak, lankide berriak.

Ez da sekretua euskaltegietan hainbat jende dagoela lanean ibilita (interesgarria izango litzateke euskaldun edo elebidunen artean zer portzentaje den). Horrek hain zuzen ere, adierazten du sektore honetan langileen mugikortasuna dagoela, aritu eta beterano asko bai, baina aldi berean urtero (edo sarriago) berritzen den multzoa ere bai.

Eta orain izan daiteke sasoi aproposa uztailetik dabilen kontu bati buelta pare bat ematen hasteko: irakasle berrien prestakuntza, edo hasierako prestakuntza.

EHUko Ikastaro hartan hainbat gauza entzun eta ikusi genituen. IKA eta AEK-kook gure glotodidaktika ikastaroak aurkezteko, laburpen hau erabili genuen:

Laburpen modura, honako panorama ikusten dugu:

  • Helduen euskara irakaslearen prestakuntza bermatzen digun ikasketa ofizial gutxi daude. Bestalde, gure harrobia izan litezkeen gazte unibertsitarioek mundu honekin lehendik gero eta harreman gutxiago izandakoak dira.
  • Gurean lan egiteko ez dago prestakuntza eskari administratibotik, erakunde bakoitzaren esku geratzen da hori, nahi izanez gero. Homologaziorik ere ez dago, sare edo euskaltegi batetik bestera irakasleak mugitzen diren arren.
  • Lehen esan dugun bezala, urtero hartu behar izaten dira irakasle berriak, gehienetan azken orduan eta presaz, matrikulazioak eta taldekatzeak zer dakarte, orduantxe. Irakaslegaiari aurretiaz ezin zaio gauza handirik ziurtatu alegia.
  • Trinkotasun handiarekin egiten da lan gurean, hasiera batetik astean 10 klase-ordurekin jardutea arrunta izaten da. Gogor hasi behar da lanean, aurretik gutxi ezagutzen den arloan, eta hasierako prestakuntzarako aukera gutxirekin.

Glotodidaktika ikastaroak hutsune hori betetzera datoz neurri handi batean, baina badago zer hobetu asko, eta dena ez dago gure esku:

  • Hasierako prestakuntza honen beharra eta funtzioa argitzea eta aitortzea, eta berau homologatzea.
  • Prestakuntza eraginkorra lortzea, lanean hasteko bermea emango diena irakaslegaiari zein erakundeari. Prestakuntzaren diseinutik abiatu beharra dago seguruenik: prestakuntzarako ibilbidea, metodologia, ebaluazioa...
  • Hizkuntza-irakaslea zein euskara-irakaslea prestatzen duen sistema. Seguruenik bietatik daukagu denok, ez gara irakasle hutsak, ezta euskaltzale militante hutsak ere.

Eta zer egin? Akaso:

  • Behingoz, honetan interesa daukagun guztiok zerbaitetan elkar hartu eta ekin: administrazioa eta euskaltegiak (eta beste erakunde batzuk ere bai beharbada: unibertsitatea, euskalgintza...). Ez du erraza ematen.
  • Lanerako benetan prestatzen duen zerbait bilatu, ez beste zertifikazio soil bat. Eredu interesgarriak ikusi genituen ikastaroan: CELTA ikastaroetarako praktika-akademia, CLICen prestakuntza eredua, konpetentzien ikuspegia, praktikaren gaineko hausnarketa... Sentsazioa hartu nuen geurean teoria>praktika ibilbide horretan gaudela kateatuta, praktikarako denbora murriztuta, eta beharbada, hortik datoz hainbestetan predikatzen dena eta egiten dena lotzeko ditugun arazoak. Eta hain zuzen ere praktika da azken batean prestakuntzaren azkenengo epailea.
  • Hasierako prestakuntza horri segida emango dioten etengabeko prestakuntza programak eta aukerak. Eta ez nabil ikastaro sorta gehiago, formalagoak eta handiagoak eskaintzeaz soilik, norberaren lanaren gaineko hausnarketa sustatzen eta motibatzen duen giroa sortzea ere beharrezko da nire iritziz: irakasleen arteko komunikazioa eta elkarlana, prestakuntzarako baliabide formal eta informalak, praktika-komunitateak, lanaz hitz egin eta pentsatzeko uneak, guneak eta tresnak... Prestakuntza ikastaroak egitea baino zerbait gehiago dela ulertu beharko da agian, norbaitek eman behar digun zerbait baino gehiago.

Bitartean, ongi etorri lankide berriok. Eta ongi etorri horrezaz gainera zerbait gehiago ematen saiatuko gara, eta zuengandik hartzen ere bai.

Etiketak: |
Benito (r)en bloga | Iruzkin 1

Jakintza tazitoari tiraka

Benito(e)k bidalita 2009, iraila 23 - 03:18(e)an.

Uztailean Miramarreko ikastaroan jakintza tazitoaren asuntoa atera nuen, eta baten batek entzun ere bai. Gaur kontzeptu hori bueltan etorri da Julen Iturberen bloga irakurtzean.

Jakintza tazitoa langileek urteetan metatu duten hori da, eginaren eginaz bereganatu eta azaltzen batere erraza izaten ez dena. Gurean ez litzateke zaila izango kontzeptua azaltzea. Urte askoko ibilbidea egin duen jende ugari, kilometroak, miliak eta legoak egindakoa. Irakasle lanetan halako sena garatu du norberak ere deskribatzen jakingo ez lukeena, are gutxiago etorri berriari. Esperientzia hitzaren atzetik ezkutatu ohi da kontzeptua, baina seguruenik ibiliaren ibilia baino gehiagoaren fruitua izan da, edo, hobeto esanda, ibiliaren ibili hutsak ez du jakintza hori bermatzen.

Euskaren normalizazioan azkenotan hitzetik hortzera dabiltzan berba batzuk kontu honetarako ere balio dezakete: transmisioa, geroratzea, biziberritzea. Hizkuntzari ez ezik, jakintza profesional horri aplikatu dakizkioke ondo. Nola ziurtatu urteetan hainbat jendek bereganatu duen hori transmititzea, geroratzea eta biziberritzea, baita hobetu eta sasoi-testuinguru berrietara egokitu? Azaleratu ezik zaila dirudi.

Julenek lehengo urteko jardunaldietan batutako ondorio batzuk ekarri dizkigu, batzuk ekarriko ditut hona abiapuntu gisa:

  • Transferentzia hutsetik harago joan daiteke kontua, "co-construccion" dio han, elkar-eraikuntza edo itzul daiteke. Ez gabiltza batek eman eta besteak hartu erlazio sinple horretan nonbait. Talentuaren garapena ere aipatu da, etengabe garatu beharreko zerbait dela esan daiteke, elkarreraginik gabe ez da hobetuko.
  • Ikasteko espazio naturalak bilatu eta eguneroko praktikan txertatu behar dira. Ikasteko berariazko espazioak, prestakuntzarako jarduera antolatuak adibidez gainditu egin behar dira?
  • Erakundetik haragoko sare pertsonalak eraikitzea komeni da. Erakundeek jakintza "babesteko" duten kultura-tradizio hori gainditu behar ei dago horretarako. Pertsonek, eta ondorioz, erakundeek hartuko luketen etekinaren balioa gehituko nuke nik.
  • Prozedurak ezarri nahi izaten dira, kontrola, baina praktikarekin ikasten da azken batean. Praktikaren (auto)behaketaren eta haren gaineko hausnarketaren bidez seguruenik.
  • Tazituaren transferentzia talde txikietan zentratzea komeni da. Lanarekin zuzenean lotutako jardueretan seguruenik, interesetatik abiatuta eta zerbait zehatza lortzeari begira.
  • Gauzak esplizitu egiteko ardura handiagoa dago transmisioa garatzeko baino. Era berean, neurketa lehenesten zaio prozesuari. Hau da, zerbait "eman" eta zenbatek "hartu" izaten da kezka, zer ikasi eta zertan hobetu den baino gehiago adibidez.

Enpresa munduko hizkera ez zaigu samurra egingo gehienoi, baina nago azken batean oso gauza hurbilak ditugula horiek guztiak. Beharbada labur esanda honako zerbait esan daiteke: jakintza eraikitzen da jardunaren jardunaz, baina ez isolaturik jardunda, eta gainera inor ez da etorriko beti nahi genituzkeen instrukzioak ematera, ez baita erraza denaren instrukzioak azaleratzea.

Etiketak: | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Ezagutza tazitoaz

Arkaitz | 2009-07-03 00:16

Ez dakit Benitok ez ote duen oraindik asteazkeneko bazkaria ondo digeritu, edo bazkalondoa joan zitzaion kontrako eztarritik. Baina, bera protagonista izan zeneko kronikaren zain, nik zenbait gauza aurreratu nahi nituzke.

Hasteko, esan behar dut Benitoren aurretik andaluz saleroso bat jartzea ez zitzaidala parte onekoa iruditu. Dena dela, Benito ondo irten zen plaza (plazatoros) hartatik. Glotodidaktika ikastaroa eta AEK-k irakasleen prestakuntzan jartzen duten ahalegina agerian geratu ziren. Esan daiteke, egungo Helduen Euskalduntze Alfabetatzean irla bat izaten jarraitzen duela, aspalditik gainera. Nik esan dezaket ni neu behintzat markatu egin ninduela. Han galdetu ziguten ea zerk markatu gaituen irakasle bidean. Nik gaur arte ez dut aitortu, baina hor doa: batez ere Begok katuarena egin zuenean guk barre egiteko eta serio mantendu ginenekoak (barkatu Bego)

Egun, oraindik ere, unibertsitatean ez dago ikasketarik geureari begira. Filologian lizentziatuak dira hurbilen ibil daitezkeenak eta, denok dakigu hizkuntzaren didaktikatik zenbat edaten den fakultate hau duten unibertsitateetan.

Teoria, nahi duenak eskura du: liburuak, internet, ikastaroren bat edo beste eskatuz gero (udako “etenaldian” bazaude, ordainduta). Baina 3. saioan mahaikideek eta entzuleek azpimarratu zutenez, astean 20/30 klase-ordu eta gero, aukera gutxi daude bolondres joateko (beti dago kolgauren bat baina...). Etxeko kontuei eta buruko osasunari ere begiratu behar zaiela ere esan zuten (jendeak apuntatu egin zuen).

Ikerketaz ez zen askorik hitz egin, baina unibertsitaterik ez dagoenez, ikerketa aplikaturik ere ez. Beraz, irakasleen klaseetan ez omen da ikertzailerik sartzen; eta Donostian entzun genuenez, ezta beste irakaslerik ere. Irakasleok egin ohi ditugun ebaluaketa krudelen beldur gara akaso? Niri gogoa geratu zitzaidan galdetzeko ea zelan ikusten zuten bi irakaslek edo gehiagok kudeatutako taldeen kasua (ea norbaitek esperientziarik zuen).

Gauzak horrela, "ezagutza tazitoa" gainezka daukagu. Iragarkiak esaten zuen: "Tazitoa a tazitoa...": metatu egin dugu.

Metahizkuntzaz eta materialak sortzearen garrantziaz ere aritu ziren, baina Benitori ere zerbait utzi beharko diot kronikarako.

Ea txosnaren baten komentatzerik dugun!

Etiketak: | | |
Iruzkin 1
Bidalitako artikuluak

Uso eta erabilera

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 30 - 23:08(e)an.

Miramarreko bigarrena gaur. Ernesto Martin Perisek zabaldu digu eguna eta berriro ere gogoratzeko moduko aipamenak ekarri eta zer pentsatua eman dizkigu.

"Concepciones acerca de lo que supone ser capaz de usar una lengua" izan du izenburu saioak. Hasiera batean ikastaroko gai orokorretik —hizkuntz-irakaslearen hasierako prestakuntza— apur bat aldentzen zela pentsatu dut, eta akaso horrela izan da, baina berriro ere hizkuntzaren ikuspegiaz hausnartzera etortzea eta gogoratzea eta hura erakustea ez dut uste ezein hizkuntza irakaslerentzat batere kalterako izango denik  (berria nahiz aritua). Hainbat urte bueltaka eta hamaika biderrez aldarrikatu arren oraindik klaro-klaro ez dabilen kontua dela esango nuke.

Martín Perisek hamaika buelta eman dizkio kontuari, egia esanda, eta argi botatzen ditu ideiak eta laginak. Apuntatzeko modukoak izaten dira ekartzen dituenak, bereak edo beste inorenak:

  • Gaitasun testuala hizkuntzen arteko zubia dugu, hizkuntza desberdinetako hiztunen artetik gutxien aldatzen den konpetentzia.
  • Hizkuntza erabiltzen hastea ez da hizkuntza ahoskatzen hastea. Komunikazioaren adierazlea ez da hots-kopurua, komunikazioaren bidez transmitizen denaren kopurua baino.
  • Elkarrizketa ez da interrogatorioa.
  • Gramatika emaitza da, komunikazioaren ondorioa, ez komunikazioaren ezinbesteko baldintza.

Bere horretan seguruenik gogorrak edo kriptikoak egingo zaizkizue hitzok, polemikoak ere bai. Baina argi dauka zer den hizkuntza erabiltzea, eta argi utzi digula uste dut.

Hitzaldiaren izenburuaren azkenengo pasartea gaztelaniatik euskara ekarrita mezu honi etiketa bat gehitu behar niola konturatu naiz gainera: "...el uso de la lengua" > "... hizkuntzaren erabilera". Soziolinguistika etiketa gehitu dut hain zuzen ere. Perisi parafraseatuz ideia bat zirriborratu dut bat-batean: "hizkuntzaren erabileraren adierazlea ez da botatzen diren hotsen edo letren kantitatea, hizkuntza horrek komunikazioaren bidez transmititzen duenaren kantitatea eta kalitatea baino".

Goizaren gainerako orduak ECMLko Frank Heyworth-ekin eman ditugu. Hizlari atsegina eta umoretsua, ingelesen estilora. Pinganilloaren menpekotasunak horrelakoak ondo gozatzeko aukera kentzen digu askotan, lastima.

Europako Markoaren ingurumaritik abiatzen da bere lana (bide batez, Europako Markoaren filma ikusi duzue zuek? Bideo-clubean ez dut topatu). Markoaren ereduaren antzera hizkuntza-irakaslearen gaitasunen mapa desberdinak aurkeztu dizkigu, berak esan duen bezala, hizkuntza-irakasleak zer egiten jakin behar duen. EPOSTL, EPSTL eta EAQUALSen profila. Funtsean hizkuntza irakaslearen profila lan-munduan gero eta ohikoagoak diren konpetentzien zerrendetara ekartzeko saio desberdinak. Berak esan duen modura, hasiera batean apur bat deprimentea izan daiteke zenbat gauza egiten jakin behar den, baina tira perfekzioa ere ez dugu beti lortuko.

Ideia ezagun gehiago, hiru profil motarena adibidez: konpetentea, trebea eta maisua izendatu daitezkeenak, hau da, egiteko gai dena, ondo egiten duena, eta egin ez ezik eredu edo maisua ere izan daitekeena (azalpen kaseroan).  Kalitatearen kontzeptua ere bai, pertsonen asebetetzea eta emaitzen lorpenetan kokatua, EFQM ereduetan bezala adibidez. Azken batean mundu profesionaleko ikuspegi eta ideiak geure profesiora ekarrita.

Konpetentzia maila horretara ailagatzeko giltza batzuk aurkeztu dizkigu:

  1. Lidergoaren garrantzia
  2. Datuen bilketa eta behaketa
  3. Hausnarketa eta bideratzaile (facilitadorea) paperaren beharra.

Esan bezala, lan mundutik datozen ideiak eta ikuspegiak, handik ezagunak egin zaizkigunak, baina logikoa da, ezta? gurea ere lanbidea da azken batean.

Behaketa eta fazilitazioa (zelan itzultzen da hau?) jorratu ditu azken zatian. Interesgarria, baina dudatxoa geratu zait hasierako prestakuntzarako tresna egokienak ote diren, akaso etengabeko prestakuntzarako bai, baina hasberrien kasuan haien erabilpena askotan mugatuegia ote daitekeen pentsatzen geratu naiz.

Tira ba, bihar gehiago, eta geureaz.

Etiketak: | | | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Praktikatik teoriara

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 29 - 22:06(e)an.

Gaur konektatu bako eguna eta hausnarrean ipini naute entzundako batzuek:

  • Prestakuntza ez da entrenamendua
  • Gaitasuna garatzen bada, jardunagatik ez da hainbeste arduratu behar.
  • Hizkuntza irakastea etengabeko elkarrizketa da
  • Norberak eraiki behar du bere "teoria"
  • Uler diezazutela nahi baduzu, uler iezaiezu.
  • H1ean hitz egin daiteke H2an komunikatzeko
  • Bat-batean erreakzionatzen jakitea da kontua
  • Zailena egiten ari zarenaz hausnartzea da.
  • Ikastaroak ezin dira oinarri teorikotik hasi.
  • Esperientzien elkartrukatze soilak ez du aurrera egiten laguntzen.
  • Elkarreragina ezin da transmisioan oinarrituta predikatu.

Eta idatzi ahala zer egiten ari naizen pentsatzen. Bide batez, zuen irakasleak zergatik izan dira onak?

Bihar gehiago, bitartean  hemen, hemen, hemen edo hemen.

Argazkia: Miramar. Egilea izeus. Lizentzia.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Udako itsasmira

Benito(e)k bidalita 2009, ekaina 24 - 01:26(e)an.

EHUren udako ikastaroetan murgilduta ikusi dut jendea egunotan. Asko dira eta interesgarriak diruditen gauza asko seguruenik. Egia da era berean San Juan suarekin erre ohi ditugula azkenengo munizioak, honez gero norbera ere erre ez bada, eta uztail eta abuztu osoak ditugu aurretik geratu zaizkigun azken kartutxoen txinpartak ahazteko arsenala irailean berriro bete orduko

Baina tira, gure mundutxo honetan hain aukera gutxi gureaz jarduteko, badakizue didaktika kontu esoteriko horiek, eta datorren astean Miramarreko itsas-ikuspegiari begira jarri eta ikastaro kategoriarekin El profesor de segundas lenguas / II: la formación inicial y el desarrollo de la competencia docente (pdf) izeneko bat dugu.

Egitarauaren pdf-a deskargatu eta kuxkuxeatzeko umorea izan baduzue, ikusiko zenuten nire izena dagoela irakasleen artean. IKAko Xabier Bastida eta biok handik eta hemendik etorritako adituen azalpenen ondoren, gure erakundeetan euskara irakasleak abian jartzeko zer egiten dugun kontatuko dugu. Ez dakit horri "lezioa" kategoria eman dakiokeen, nik neuk behintzat ez dut hartu inori instrukzioak emateko asmorik. bakar-bakarrik helduei euskara irakasleak ziurtatzeko zer egiten dugun, zertzuk arazo aurkitzen ditugun eta nondik nora gabiltzan kontatu.

Irakasleak aurkitzea eta hasierako prestakuntza ziurtatzea izaten da gure sektorean gehien aipatzen diren kezketako bat. Seguruenik IKA edo AEK bezalako erakundeetan handiagoa. Baten batek bota zuen lehengoan euskaltegietan inoiz irakasle ibili den jende kopurua ikargarria dela, joan eta etorri izugarria daukagu gurean azken batean. Eta arazoak gutxi ez, ezta?

Beraz, bolbora apur bat geratzen bazaizue, eta tiroa Donostiaraino ailegatzeko moduan bazaudete, aukera ona daukazue honetaz munduan zer dabilen entzuteko gehien bat, baita gu zertan ari garen ere, eta azken eguneko mahai-inguruan zuen kezkak, galderak eta ekarpenak gurekin batera plazaratzeko.

Berriz, bolbora amaitu bazaizue , eta hala ere irakasle berrien prestakuntzaz zerbait esateko edo komentatzeko baduzue, hemen daukazue aukera plazaratzeko, beti bezala. Eta Miramarren egongo garenok estimatuko dizuegu gainera ikuspegi eta ideien ekarpena.

Datorren astera arte beraz, eta besteoi (gehienoi, ezta?) ondo pasa uda, merezi duzue eta.

PD: saiatuko naiz gure "lezioaren" materialak ekartzen, apur bat txukuntzen ditudanean. Eta Miramarren wifia ondo badabil, erretransmisio modukoren bat egiten.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Ikas-aroa

Benito(e)k bidalita 2009, maiatza 24 - 18:31(e)an.

Ikastaroa: iz. 1. Gai bati buruz jarraitasunez ematen diren eskolen edo irakaspenen multzoa. 2. Ik. ikasturte. • ikastaro trinko. Denbora-bitarte laburrean saio ugari eta luzeak eginez burutzen den ikastaroa. (Harluxet hiztegia)

Arazoa: zerbait ez dugu egiten egin nahiko genukeen legez edo (ustez) egin behar den bezala. Edo arazoak eta tentsioak ditugu zerbait (ustez) ez dugulako ondo egiten, edo ezinak jaten gaitu sarritan.

Beraz ikastaro bat behar dugu.

Ikastaro hitzak ikastearen, eta ondorioz, arazoak konpontzearen eta hobetzearen osagai ezinbestekoa egin dela dirudi askotan. Goiko definizioak dioen modura eskolak, irakaspenak, saioak... Ikastaro horrekin konkordantziak bilatzen hasiz gero, seguru nago aditz batekin bat eginda agertuko zaigula sarri: "eman". "Urliak emango digu ikastaroa", "Ikastaro bat eman behar digute", "Inork ez badigu ikastaro bat ematen...".

Ikastaroa, norbaitek ematen duen zerbait, eta beste norbaitek hartzen du beraz. Irakatsi hitza adiera horretan hartu ohi dela esango nuke, norbaitek eman, norbaitek hartu.

Eta horrela da? Geure jardunarekin gusturago egoteko nahi/behar ditugun trebeziak, informazioa, jarrerak, harremanak, erreferentziak edo ereduak denbora-tarte horretan norbaitek emango dizkigutela uste dugu benetan? Hor hasi eta amaitzen da kontua? Horrela ikasten da? Ezetz esango dugu gehienok seguruenera. Baina egin?

Euskara ikasteko praktikatu eta erabili egin behar dela predikatu ohi dugu, ikasten dena ezin ei du irakasleak kontrolatu, norberak beharren, motibazioaren eta inguruan dituen aukeren bidez ikasiko ei du era batean edo bestean.

Eta guk geuk? Geure edo inoren predikuak praktikatzen ditugu? Behar dugunera bideratzen dugu jasotzen dugun hori? "Ikastaroarekin" batera lortu nahi dugunari begira denbora-tarte eta ibilbide bat dugu nonbait?

Akaso prestakuntzan nabaritzen ditugun hutsuneak bideratzeko ikastaro hitzaren etimologiara jo beharko genuke: ikas-aro, ikasteko aroak planteatu beharko dira aurrerapausoak emateari begira, hobetze aldera. Noiz-nork-nor-zer-nola guztiak hurrrenkeran josita.

Eta posiblea da oso ikasteko aroak mugarik ez izatea.

Edo bestela, ez dakit zelako ikastaro baten beharrean nago ni ere.

Argazkia: Old man (with many hands) teaching Finnish sign language. Egilea: gak. Lizentzia

Etiketak: | | |
Benito (r)en bloga | 2 iruzkin

Hizpide 68 eta 69

Benito(e)k bidalita 2009, otsaila 25 - 00:33(e)an.

Azken asteoan Hizpide aldizkariaren zenbaki bi heldu dira ia jarraian: 68.a eta 69.a. 2008ko maiatza-abuztua batean eta urte bereko iraila-abendua bestean. Apirila bitartean hurrengoa agertuz gero, argitaratze datekin bat egingo dugu. Animo!

Zer dugu bada?

68.a HABEren 25. urteurrenaren harira dator, monografikoa dugu eta  "Ikas-prozesuaren azterketa (200-2001/2006-2007)" izenburua hartuta azaroko jardunaldi akademikoan aurkeztu zizkiguten datuen bilduma osoa dakarkigu 90 orrialdetik gora hartuta. Xabier Elortza eta Josu Peralesek egin dute bilketa-lana.

Azaleko begirada batean grafiko eta zenbakiak nagusi. 67. orrialdetik 70era ondorioen laburpena dugu eta "Gogoetarako hainbat zuin". Azaroan entzun genituen berdinak funtsean, hala iruditu zait gainetikako irakurketan. 

 Orduan bezala, uste dut interpretazio landuagoa beharko genukeela, eta ondorio bidean informazio gehiago. "HABErentzako datuetatik" harago, eta iturri gehiagotatik. Edonola ere arreta handiagoarekin irakurri beharko da.

69.a hartuta, ohiko formatura gatoz bueltan. Lau artikulu:

Amaia Arauzok Hizpide 67an hasi zen portfolioa jorratzen, Ulibarri euskaltegian burututako esperientzia baten berri eman du oraingoan. HABEn portfolioaren asunto honekin zerbaitetan ari direla ematen du.

Irizar eta Sarasolak euskara ikasleen testuak eta kazetaritza-testuak erkatu dituzte analisi informatikoaren bidez, proposamen didaktikoak egiteko ondorioak ateratzeko modua etor ei daiteke handik.

Joseba Ezeizak espezialitate-hizkeraren lanketaz eta irakaskuntzaz dihardu. Europan eta unibertsitate mailan horretarako gorputz didaktikoa taiutzen joan ei da azkenotan, interesgarria dirudi lan-munduan edo trebakuntzan dihardutenentzat.

Nekane Goikoetxeak bere doktorego-tesitik ekarri digu artikulua. Gaitasun komunikatiboa kontzeptua praktikara ekartzeko proposamena edo bidea urratu bide du Nekanek. Interesgarria hau ere, predikatzen dena pulpitutik jaitsi ezinda askotan ibiltzen gara eta.

Apurka-apurka hasi beharko da irakurtzen, eta komentatzen.

Etiketak: | | | |
Benito (r)en bloga | gehitu iruzkin berria

Syndicate content

Harpidetu

Bloga Webgunea Feedburner Erantzunak

opml Gure jarioak(OPML)

xFruits Karraju "guztiak": Xfruits


Bloglines-en harpidetu
Markatu del.icio.us-en

Mugikorretarako bertsioa


Creative Commons License
lan hau
Creative Commons-en baimen baten mende dago.

Jarraitu Karrajua e-postaz

Sartu hemen zure e-posta

Iruzkinak eta erantzunak e-postaz jarraitu



Powered by FeedBlitz


Send Me A Message

Estatistikak