Benito(e)k bidalita 2008, ekaina 23 - 00:29(e)an.
Ostiralean zabaldu zen IV. inkesta soziolinguistikoa. Datu eskean ibili ginen aurrekoan eta hemen datuetan behintzat badaukagu, 200 orrialdetik gora hain zuzen ere.
Ez dut datuen irakurketa zehatzik egin, baina guri dagokigunerako -badakizue, helduen eusakalduntze-alfabetatzea- interesgarria edo deigarri izan daitekeen zerbaiten bila ibili naiz. Zertzeladatxo batzuk.
Inkestan hiru bloke daude: gaitasuna, transmisioa eta erabilera. Lehenengo bietan jarri dut arreta gehien, eta Euskal Herri mailako datuetan gehien bat:
- Hizkuntza gaitasuna (201 orr.): elebiduna, elebidun hartzailea eta erdaldun elebakarra terminologia aurkitu dugu. Ehunekoetan 27, 15, 59 hurrenez hurren. Laurden bat euskalduna, erdia baino gehiago erdalduna eta, hartzaileen kopurua ez da handia honen arabera. Talde horrek izan beharko luke gure lehendabiziko xede-taldea beharbada. Elebidun bilakatzea nahi den jendarte baterako txikia iruditu zait talde hori hala ere. Erdaldunen eta euskaldunen artean ez dago koltxoi handirik nonbait.
- Elebidun hartzaileen kopurua bereziki handia da guri interesatzen zaigun adin-tarte batean, helduenean, hau da, 25 eta 50 urte bitartekoan. (204. orr.)
- Gaitasun erlatiboen datuak deigarriak egin zaizkit (205. orr.). Euskal elebidunak, elebidun orekatuak eta erdal elebiduen portzentaiak oso hurbil daude (30, 30, 40 ggb). Deigarria hau gehien bat: 10etik 4 baino ez dira errazago moldatzen erdaraz euskaraz baino?
- Transmisioa eta lehen hizkuntzaren datuei begira (209. orr.), elebidunen heren baten lehenengo hizkuntza ez da euskara izan (210. orr.). Hor kokatzen da gure lana nonbait:
Euskal Herriko 16 urtetik gorako elebidunen erdiak baino gehiagok (%58k) euskara izan du lehen hizkuntza, %11,8k euskara eta erdara eta ia herenak (%30,2k)erdara. Azken horiek euskaldun berriak dira eta eskolan edo euskaltegian ikasi dute eus-kara. EAEn eta Nafarroan, 16 urte edo gehiagoko elebidunen herena inguru dira eta gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Iparraldean oraindik oso txikia da euskaldun berrien pisua. Izan ere, elebidunen %7,5 baino ez dira. Halere, kontuanhartu behar da duela hamar urte %3,9 zirela.
- Transmisio lana ari gara egiten, dudarik ez. Ez dakit hala ere elebidun euskaldundu horien artean zein den eskola eta euskaltegien meritua (biena batera ez denean). 213. orrialdean horren adierazleren bat eduki dezakegu adina aintzat hartuta:
Aldi berean, baina, lehen hizkuntza erdara izan arren, euskara ikasi eta gaur egunelebidun diren 200.987 pertsona daude. Horiexek euskararen irabaziak dira.
Euskara irabazi dutenak, euskaldun berriak alegia, 178.000 lagun dira EAEn (16urte edo gehiagoko biztanleriaren %10), 19.000 Nafarroan (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %4) eta 3.900 Iparraldean (16 urte edo gehiagoko biztanleriaren %2).
Adinaren arabera, alde esanguratsuak daude euskaldun berrien artean.Ehunekoa txikia da 50 urtetik gorakoan artean (%1,7 batez beste). Baina 50 urte baino gutxiago dituztenen artean, euskaldun berrien ehunekoa asko ari da hazten.Hazkundea EAEn gertatzen ari da bereziki.
- Bai, EAEn bereziki irabaziak daude helduen esparruan (25 eta 50 urte bitartekoan). Esan bezala, hor egongo da gure lanaren emaitzetako bat, nahastuta seguruenik.
Azaleko begirada batean topatu ditudan lehenengo zertzeladak dira. Beharbada zuek irakurketa eta interpretazio landuagoa egin duzue.
Ez dakit inkesta honek behar besteko zehaztasunik ematen digun, baina uste dut gure sektorearen funtzioa eta lorpenez hausnartzen hasteko abiapuntua behintzat izan daitekeela. Zer diozue?
Loturak:
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Benito(e)k bidalita 2008, maiatza 8 - 15:16(e)an.
Garaigoikoan ikusi dut orain, eta hemendik ere saiatuko gara laguntzen. Txerraren testua ekarriko dugu hona:
Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza ohituren aldaketari buruzko ikerketa bat egin nahi du. Euskara familia bidez transmititzeak duen garrantziarekiko adostasunetik abiatuta, familia transmisioaren testuinguruan, hizkuntza-ohituren aldaketan eragiten duten faktoreak aztertzea dute helburu. Horretarako, hizkuntza-ohitura aldatu duten bikote batzuen azterketa burutzea proposatu da.
Ikerketa hau burutzeko ezinbestekoa da jendearen borondatezko laguntza, eta hauxe da eskatzen dutena: gaur egun Gasteiz, Laudio,Irun, Arrasate, Donostia, Hernani, Lasarte-Oria, Beasain, Tolosa, Zarautz, Igorre, Bilbo, Durango,Balmaseda, Bermeo, Lekeitio eta Mungia herri/hirietan bizi diren eta bikoteko hizkuntza ohitura “aldatu” duten bikoteen erreferentziak pasatzea (telefonoa, emaila...). Bikotea edozein “motatakoa” izan daiteke: ezkonduta daudenak / ez daudenak, seme-alabak dituztenak / ez dituztenak…, baina ezaugarri hori behar dute, beraien arteko harremaneko hizkuntzan aldaketa bat gertatu dela: lehenago beraien arteko harremana erabat edo nagusiki erdaraz zen, eta gaur egun, beraien arteko harremana erabat edo nagusiki euskaraz da.
Horren bikoteen berri izanez gero, jar zaitezte harremanetan Soziolinguistika Klusterreko kideekin.
Konpartitu mezu hau:
delicious |
zabaldu |
bildu
Asmoz fundazioa (http://hiznet.asmoz.org) | 2008-05-08 15:11
Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioa datorren ikasturteko Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoa prestatzen dabil iada. Beste urtebetez, Euskal Herriko Unibertsitateko Berezko Tituluen eskaintzaren artean ageri da eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzaren bermea dauka.
Hiznet, Hizkuntza Plangintza graduondokoa euskararen normalkuntzarako beharrezko diren soziolinguistika ezagutzaz osatua dago. Internet bitartezko ikastaroa da eta aurrez aurreko bost saiorekin osaturik dago. Bertako irakasleak unibertsitate desberdinetako irakasleak, hainbat enpresa eta euskalgintzako profesionalak eta Eusko Jaurlaritza eta Herri administrazioko teknikariak dira batik bat.
Graduondokoa euskalgintzako euskaltzaleei, euskara teknikariei, egunen batean zeregin horietan aritzeko asmoa dutenei, herri administrazioan, hezkuntza sisteman eta antzeko lan arlotan hizkuntza normalkuntzean erantzukizun publikoa dutenei,... zuzenduta dago.
Zortzigarren edizio berri hau, datorren azaroan hasi eta hurrengo urteko uztaila bitarte burutuko da eta ikastaroaren izen emate epea zabalik dago http://hiznet.asmoz.org webgunean.
Asmoz Fundazioa | 2008-01-30 17:02
Asmoz Fundazioak, bosgarren urtez jarraian,
Linguanet antolatu du, lan munduko euskara planen inguruko ikastaroa alegia. Euskararen erabilera bultzatzeko egitasmoak ugalduz doaz azken urteotan eta euskara erabiltzen diren esparruak zabalduz joan daitezen gero eta gehiago dira euskara planetan murgildu diren enpresak. Planen kopurua haunditzeak ekarri du, besteak beste, erabiltzen den metodologia sendotzen, hornitzen eta erabiltzaile berriengana zabaltzen joatea.
Horren adiera da Asmoz Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Emun, Elhuyar eta Artez elkarteekin elkarlanean, internet bidez antolatzen duen Linguanet ikastaroa. 50 ordutako ikastaro honek, internet bidez, euskara planen inguruko oinarrizko ezagutza teorikoa eskaintzea du helburu. Eguneroko praktiken esperientziak ezagutzeko aukera aurrez aurreko hiru tailer praktikoen bitartez izaten da. Hortaz, ikastaroak pedagogikoki formazio malgua, arina eta trinkoa eskaintzen du.
Euskararen erabilera sustatzeko lanean dihardutenei zuzenduriko formazioa izanik, hartzailea eremu askotarikoa izan daiteke: erakunde eta enpresetako teknikari eta koordinatzaileak, lan munduan aritzeko asmoa duten ikerlari eta ikasleak, euskararen presentzia areagotzeko lanean diharduten erakunde publikoetako langileak, hizkuntza normalkuntzako arduradunak,...
Ikastaroaren arrakastaren partaide dira ere laguntzaile eta irakasle moduan dabiltzan herri administrazio eta esparru sozioekonomikoetan diharduten hizkuntza plangintzako profesionalak.
Otsailaren 25ean hasi eta maiatza bitarte iraungo duen ikastaro honen informazio orokorra eta izen-emate orria Asmoz Fundazioko
http://linguanet.asmoz.org webgunean topa daitezke.