AOI

09
Api
2011

Gramatika hizpide

Plisti-plasta | 2011, Apirila 9 - 23:58

Bidaiatxo honetan lagundu nahi badidazu, Hizpideren 75. zenbakia izango dugu abiapuntu. Zehatzago, Josu Peralesen ‘Ba al dago bizitzarik atazetan oinarritutako irakaskuntzatik harago?’ artikulua. Bertan, Josuk, ohi bezain fin eta aratz, azken urteotan ikasbideek izaniko bilakaera erakusten digu.  Josuren iritziz,  proba enpiriko gutxitxo dago metodologia bat edo beste hobesteko.  Bere hitzak esanguratsuak dira oso: Ikasbide bat puri-purian egoteak ez du esan nahi hizkuntza ikasteko modurik eraginkorrena horixe denik. Indarrean zegoen ikasbidearekiko frustrazioa, asperdura, aldatzeko gogoa, gauza berrien lilura, argitaletxeen interesak, izan daitezke, besteak beste, ikasbide bat zokoratzeko eta beste bat besarkatzeko arrazoia.

Zenbait pausaldi egin ditu Josuk artikuluko ibilbidean, AOI zuhaitzak itzalpean ezkutatzen duenari  erreparatu dio batean, APP harkaitzaren gogortasunari beste batean eta Gramatika errekastoaren ibarrean ere eseri da, uraren emariari  begira. Hementxe paratuko gara gu ere Josuren ondoan. Longburuan duela:  Zeri begiratu:  hizkuntz formari ala hizkuntz formei? - galdetu digu tupustean.  Hizkuntz  formei begiratzen badiegu,  antzinako modu klasikoa izango dugu oinarri, item linguistikoen lantze soila. Hizkuntz  formari begiratzen badiogu, ostera, komunikazioa izango dugu funts eta abiapuntu, hizkuntzaren formak komunikazioari eragin liezazkiokeen  trabak edo erants liezaiokeen eraginkortasuna (gaitasun estrategikoa) aztertuko dugu. Korapilo polita!

Dagoeneko nekatzen hasiak gara eta nasai ditzagun, beraz, apur bat mendiko boten lokarriak. Horretarako, belarria zorroztu eta sei ikasgelatako jarduerak adituko ditugu segidan, zuk zeuk azter dezazun bilakaera, noiz den gramatika helburu eta noiz komunikaziorako baliabide:

  • 1. gela: Epa! Gogoan duzue atzo landu genuen ‘Norentzat’ kasua, ezta. Bada,  gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero ariketa analitiko batzuk egingo ditugu,  ondo ulertu duzuela ziurtatzeko eta praktikan jartzeko.
  • 2. gela: Epa, gaur erlatiboa esplikatuko dizuet eta gero berau zertarako erabil daitekeen azalduko dizuet:  identifikazioak eta definizioak egiteko, hain zuzen.
  • 3. gela: Epa, irakurri mesedez eman dizuedan testua eta erreparatu azpimarratuta dituzuen esaldiei:  erlatibozkoak dira. Zertarako erabiltzen ditugu? Nola eratzen dira?
  • 4. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue, erlatiboa erabiliz. Hara, erlatiboa egiteko…
  • 5. gela: Epa, atera mesedez etxetik ekarri dituzuen familia argazkiak. Nor den nor adierazi behar diguzue. Ikus dezagun zeintzuk baliabide behar ditugun horretarako: lexikoa, postposizioak, erlatiboa, deskripzioaren ordena…
  • 6. gela: Epa, azter dezagun atzo grabatutakoa (idatzitakoa). Hara, identifikazioa ez duzu egoki formulatu; batzuetan ez da gramatikalki zuzena (kasu honetan, adibidez) eta beste pasarte hau errepikakorregia da. Begira, erlatiboa deitzen den tresna hau erabil dezakezu, hobetzeko.

Beno, konforme. Akaso, ez dira adibiderik egokienak, esan dizut, ba, nekatu samar nengoela. Dena den, bada hor bilakaera bat. Beraz, zaude lasai. Ez lotsatu, batzuetan bide malkarretan gramatikaren makila erabili behar izanagatik. Baina gogoratu makila honek  komunikazioaren bidean  laguntza tresna izan behar duela beti, eta ez helburu. Makila helburu bihurtzen denean, denok mutu geratzen baikara.

Erreka ondoko iturriko ura eskaini digu Josuk, burua apur bat  freskatu eta zahatoari tira egin diogu guk, ordea…  Segi zuk ere bidea egiten,  gustuko baduzu.

04
Eka
2009

Guggenheimen

Plisti-Plasta | 2009, Ekaina 4 - 23:21

Erakusketa polit batean izan nintzen lehengo batean Guggenheimen. Bertan ziren Chomsky, Piaget , Vigotsky, Siemens, eta Downes margolari ospetsuen maisulan zenbait, hormatik zintzilik. Halakoetan egiten dudan legez, bost koadro aukeratu nituen, berorietan murgildu eta, gehiegi ulertu ez arren, margolan bakoitzari sentsazioak xurgatze aldera. Tentazioari ezin eutsi eta deskribatu egingo dizkizuet koadrootan agertzen ziren eszenak.

1. eszena

Informatikaria bere bulegoan lanean. Bezero bati egin zioten web-orriak akatsa du eta arazo hori konpontzen saiatzen ari da. Egia esan, berak berez ez daki akats hori konpontzen, ez dago honelako milaka kontu aurreikusezin buruan gordetzerik; gainera, gauzak egun batetik bestera aldatzen dira alor honetan. Arazo bat du baina badaki nora jo, non bilatu, non galdetu. Konponbidea sarean bertan aurkitu du.

2. eszena

Ikasle bat bere gelan lanean. Unibertsitaterako lan bat prestatu behar du. Lana osatzeko hamaika lekutan ibili da kuxkuxean. Ingelesezko, katalanezko, euskarazko eta gaztelerazko testuak bildu ditu. Ingelesarekin eta katalanarekin hala-moduz moldatzen da, baina sarean aurkitu dituen zenbait tresnaz baliatuz lortu du testu horiek neurri handi batean ulertzea. Prest dauka lana.

3. eszena

Ikaslea eta irakaslea sarean lanean. Euskara ikasi nahi duen ikaslearen PLEa osatu nahian dabiltza. Aste honetan sarean aurkitu dutena partekatzen eta aukeratzen ari dira. Pare bat jario interesgarri aukeratu dituzte. PLE edo PLNan badituzte dagoeneko hiztegiak, aldizkariak, abestiak, eduki jarioak eta harreman sare pare bat. Horretan jarraituko dute denboralditxo batean.

4. eszena

Hamabost ikasleko talde bat euskaltegian. Ataza bat egiten ari dira. Guztien artean pentsatutako ataza da. Blog bat egingo dute. Horretarako hainbat erabaki hartu dituzte: egitura, helburua, hartzailea, gaia… Bloga publiko egiteko asmoa dute eta beronen bidez komunitatearekin harremanetan hastekoa.

5. eszena

Alboko ikasgelako taldea. Ataza bat egiten ari dira. Irakasleak ikasleek ipuina kontatzen ikas dezaten nahi du. Ikasleen esku utzi du azken erabakia, dena den. Ados egon dira eta irakasleak zenbait ataza bideragarri proposatu ditu.

Horrela utziko ditugu oraingoz eszenak, gehiago osatu gabe. Hurrengo batean kontatuko dizuet horietako bakoitzak zer eragin zidan. Tartean aukera duzue, nahi baduzue, koadro bakoitzean murgildu eta printza didaktikoak ateratzeko.

Argazkia: Guggenheim Structure. Egilea: picturetunes. Lizentzia.

Sindikatu edukia