04
Eka
2009

Guggenheimen

Plisti-Plasta | 2009, Ekaina 4 - 23:21

Erakusketa polit batean izan nintzen lehengo batean Guggenheimen. Bertan ziren Chomsky, Piaget , Vigotsky, Siemens, eta Downes margolari ospetsuen maisulan zenbait, hormatik zintzilik. Halakoetan egiten dudan legez, bost koadro aukeratu nituen, berorietan murgildu eta, gehiegi ulertu ez arren, margolan bakoitzari sentsazioak xurgatze aldera. Tentazioari ezin eutsi eta deskribatu egingo dizkizuet koadrootan agertzen ziren eszenak.

1. eszena

Informatikaria bere bulegoan lanean. Bezero bati egin zioten web-orriak akatsa du eta arazo hori konpontzen saiatzen ari da. Egia esan, berak berez ez daki akats hori konpontzen, ez dago honelako milaka kontu aurreikusezin buruan gordetzerik; gainera, gauzak egun batetik bestera aldatzen dira alor honetan. Arazo bat du baina badaki nora jo, non bilatu, non galdetu. Konponbidea sarean bertan aurkitu du.

2. eszena

Ikasle bat bere gelan lanean. Unibertsitaterako lan bat prestatu behar du. Lana osatzeko hamaika lekutan ibili da kuxkuxean. Ingelesezko, katalanezko, euskarazko eta gaztelerazko testuak bildu ditu. Ingelesarekin eta katalanarekin hala-moduz moldatzen da, baina sarean aurkitu dituen zenbait tresnaz baliatuz lortu du testu horiek neurri handi batean ulertzea. Prest dauka lana.

3. eszena

Ikaslea eta irakaslea sarean lanean. Euskara ikasi nahi duen ikaslearen PLEa osatu nahian dabiltza. Aste honetan sarean aurkitu dutena partekatzen eta aukeratzen ari dira. Pare bat jario interesgarri aukeratu dituzte. PLE edo PLNan badituzte dagoeneko hiztegiak, aldizkariak, abestiak, eduki jarioak eta harreman sare pare bat. Horretan jarraituko dute denboralditxo batean.

4. eszena

Hamabost ikasleko talde bat euskaltegian. Ataza bat egiten ari dira. Guztien artean pentsatutako ataza da. Blog bat egingo dute. Horretarako hainbat erabaki hartu dituzte: egitura, helburua, hartzailea, gaia… Bloga publiko egiteko asmoa dute eta beronen bidez komunitatearekin harremanetan hastekoa.

5. eszena

Alboko ikasgelako taldea. Ataza bat egiten ari dira. Irakasleak ikasleek ipuina kontatzen ikas dezaten nahi du. Ikasleen esku utzi du azken erabakia, dena den. Ados egon dira eta irakasleak zenbait ataza bideragarri proposatu ditu.

Horrela utziko ditugu oraingoz eszenak, gehiago osatu gabe. Hurrengo batean kontatuko dizuet horietako bakoitzak zer eragin zidan. Tartean aukera duzue, nahi baduzue, koadro bakoitzean murgildu eta printza didaktikoak ateratzeko.

Argazkia: Guggenheim Structure. Egilea: picturetunes. Lizentzia.

Etiketak: AOI | konektibismoa | konstruktibismo soziala | konstruktibismoa |
Bidalitako artikuluak

Eskola piktorikoak

Benito-(e)k 2009, Ekaina 5 - 16:26-(e)an bidalia.

Margolanen artean sartuta zure erakusketa horretako koadroek eskola piktoriko desberdinen ikutuak dituztela begitandu zait.

Hiper-errealismotik hasi gara, kostunbrismotik gertu, errealitatearen eta ohituren isla zehatza, errealitateak bere biluztasunean pentsarazten digu, mozorrorik gabe. 

Dena dela, erakusketan aurrera egin ahala, errealismo hori ametsekin eta desioekin batuz doa surrealismoaren eta futurismoaren bideetan. Ikusten eta nahi dugun errealitatea fusionatzen doaz apurka-apurka.

Bilakera eta hor eten, azken txanpan ia espero gabeko buelta hartu digu. Errealitatearen eta ametsen erakustalditik ekintzara pasatu gara, muralismoa bezalako arte sozialera. Orduan konturatu naiz bost koadro horiek ez direla margolan isolatuak, mural baten piezak baino, narrazio batenak.

Ez dut ulertzen narrazio horrek nora garamatzan, baina Picassok esan ei zuen modura: "-Ostrak gustatzen zaizkizu? -Bai. -Eta ulertzen dituzu?".

Arte figuratiboaren aurrean gaudela da ziurtatu ahal dudan gauza bakarra. Eta ez da gutxi.

Figuraziotik abstrakziora

Plisti-plasta (ez da egiaztatu)-(e)k 2009, Ekaina 5 - 22:34-(e)an bidalia.

Arte figuratiboaren ertzak lausotzen direnean, azala garrasi bihurtzen denean (Francis Bacon gogoan), mundu lausoetan murgiltzen gara edozein artetan, hala margolaritzan nola didaktikan.Niri neuri ere bost koadro horiek ibilbide bat iruditzen zaizkit, narrazio bat. Hasi konektibismotik eta konstruktibismoan amaitzen dena, tartean hainbat paradoxa eta mestizaje. Etengabeko borroka dialektikoa islatzen dute gainera: ekintzaren eta eskurapenaren artekoa, hoditeriaren eta jarioaren artekoa, gizabanakoaren eta gizasozialaren artekoa, egituraketaren eta kaosaren artekoa.

Argi ditzadan zenbait kontzeptu erakusketa bateko liburuxka baino ilunago eta pedanteago jartzen ari naiz eta.

1. Ekintza eta eskurapena/ Hoditeria eta jarioa.

Konektibismoak zenbaitetan jakintza burmuinetik kanpo kokatzen du, sareko adabegietan. Hodia bera da garrantzitsuena. Ekintza da gunea; eskurapenak, ostera, pisu arina du oso (ikus 1. koadroa). Baina zuzenbiderako edo informatikarako, adibidez, baliagarria dena, baliagarria al da hizkuntzen ikaskuntzarako?

Mistoagoa da bigarren koadroa. Unibertsitateko gaiaren kasuan eskurapenak pisu arina du, hizkuntzei dagokienez, berriz, apenas dagoen eskurapenik. Etorkizunean eskurapenak zenbait testuingurutan ez al du pisua eta ezinbestekotasuna galduko?

Konektibista al da hirugarren koadroa? Honela izan daiteke itxuraz, baina sakonera jota bada paradoxa handi bat. Hizkuntza bera baita hodiaren osagaietako bat. Nola liteke orduan, hodia bera bihurtzea eskurapenaren helburu? Joera konektibista hutsa erabiliko bagenu, PLNa izango litzateke helburu eta ez hizkuntza. Agian, eskurapena helburu denean, konektibismoaren formulazio berri batera jo beharko genuke: garrantzitsuena ez da edukia, edukia eskuratzeko sortzen dugun ikas-dinamika baizik.

2. Gizabanakoa eta gizasoziala (ikaskuntza soziala)/ egituraketa (syllabusa) eta kaosa.

Laugarren koadroan konstruktibismo sozialean ari gara. Konektibismoak ez bezala, konstruktibismoak, paradigma helduagoa izanik, zenbait gauzatze metodologiko ditu: AOI da horien artean entzutetsuena. Baina badira definitu beharreko  hainbat esparru. Besteak beste, nola uztartu ikasle bakoitzaren eskurapen hurbileko gunea eta taldearena ataza kolektiboetan? Modu sozialean ikasten badugu ere, eskurapena pertsonala da. Nola uztartu bi kontu hauek? Horretarako ebaluazio pertsonalizatua eta autoebaluazioaz gain, beste bide batzuk ere bilatu behar direlakoan nago. Eta syllabusari buruz, zein da planteamendua? Beharrezkoa al da syllabusa ala egokiagoa al da burmuinak kaosa bere neurrira ordenatzeko duen gaitasunaz baliatzea? Nolako syllabusa: pertsonala, kolektiboa, aldez aurretik erabakitakoa, hizkuntzaren erabilera estandarretan oinarritua, unean uneko ebaluazioaren bidez apurka-apurka eraikia?

Sozializazio eskaseko konstruktibismoa erakusten digu bosgarren koadroak. Konstruktibismo hutsean amaitu da, beraz, gure ibilbidea. Erakusketako liburuxka ixteko ordua da.

Nire lagun batek (margolaria bera, ez dut uste kasualitatea denik) opor garaia heltzen denean beti galdera bera luzatzen dit: zergatik ari haiz beti urrunera joateko bidaia prestatzen. Ez al haiz konturatzen zenbat gauza dauden gorde gordean, nork ikusiko, metro karratu batean? Horixe izan da nire asmoa, didaktika metro karratu batzuk hona ekartzea eta bakoitzak, idatziz edo ez, bere narrazioa osatzea.

Ostretan ere badago zer ulertua

Benito-(e)k 2009, Ekaina 5 - 23:49-(e)an bidalia.

Picassoren hitzak bertan behera utzi dituzu, kar, kar. Ostraren forma ustez deszifraezinak ere asko esango digu, galdetuz gero, eta paradoxa, arte figuratiboa abstrakzioa baino latzagoa da ulertzen, dena bistan-bistan egon arren.

Neure aldetik burutazio batzuk.

  • Lehenengo eszenako informatikariak bete du asmoa, konpetentzia deitzen den hori nola edo hala baduela esan liteke. Baina zer eta nola ikasi du bitartean? Zer bereganatu du? Jakintza edo konpetentzia terminoetan, noski. Prozesu berdintsua jarraitu du bigarren eszenako ikasleak. Hizkuntza batzuk erabiltzeko konpetentzia duela frogatu du, termino klasikoetan ulertuta, hizkuntza horiek jakin ez arren. Eta hizkuntza horietan ikaskuntza prozesua burutu du bitartean? Zer, nola, noiz?
  • 3. 4. eta 5. eszenetan berriz, alde bat nabaritu dut. Aurreko biek ez dute ikasteko ardurarik izan, ikasiko zuten zerbait, seguru, baina ez da hori asmoa izan, arazo tekniko bat konpondu eta klaserako lan bat egitea baino. Azken hauek berriz, ikasteko zerbait ari dira egiten, baina ikasteko zerbait horrek ikastea beste funtziorik ez duela pentsa daiteke. Akaso hemen kontrako galdera egin daiteke: badakigu zer eta nola ikasiko dugun, baina zertarako? Zer egin behar da horrekin? Zer emango digu? Hiztegia zein hitz bilatzeko behar dut? Blogean zer kontatuko dugu? Nori kontatuko diogu ipuina? Nork entzungo digu, zergatik?

Eskurapena eta ekintza nola ezkondu? Galdera polita duda barik. Nola eman esanahia ikaskuntzari eta nola ikasi zerbait egitetik?

Ildo horretatik beste gauzatxo bat. Bihar Mintzaeguna dela eta bide batez kasik. "Blog bat egingo dugu komunitatearekin harremanetan jartzeko" pentsa daiteke. Eta ikaskuntzaren ikuspegitik hala izan beharko da, baina beste zerbait pentsatu behar dela uste dut: komunitateari zer esango diogu gurekin harremanetan hasteko interesa izan dezan? Nola piztuko dugu gurekiko komunikazioa? Ikasteko beharrezko dugun hori.

Edo. Berba egin behar dut ikasteko. Euskaldun batekin egingo dut. Zergatik nahi izango du pertsona horrek nirekin jardun? Zer eman ahal diot? Eta berak niri? Gure hitz-trukeen motibo bakarra hizkuntza (tresna) baino ezin da izan.

Bufa. Ostren enpatxua hartu dut. ;-)

Erabilera eta ikastea

Benito-(e)k 2009, Ekaina 7 - 20:16-(e)an bidalia.

Atzo Berrian Joxe Manuel Odriozolak publikatu zuen artikulu bat hizkuntz-politikan egon diren azkenengo mogimenduen harira: elebitasuna, nortasuna, hizkuntza. Mamitsua beti bezala, baina hitz hauekin geratu naiz:

Erabilerak adierazten duena ez da bakar-bakarrik euskararen osasun-egoera. Erabilerak adierazten du, orobat, hiztunaren zer-nolakoa ere, hizkuntzak, ikasi, erabiltzen diren neurrian baizik ezin direlako ikasi. Euskaldun izatea ez da euskara-jakite kontua, maiz esan izan dugunez, hizkuntza bat modu akademikoan eta formalean (eskola, euskaltegia...) jakiteak besterik gabe ez duelako inor hizkuntza horretan sozializatu denik frogatzen.

Identitate kontuak gorabehera, uste dut funtsean hemen planteatu den dikotomiaren buelta bat aurkeztu digula. Jakitea-sozializatzea Odriozolak, eskurapena-ekintza esan Plistik, ikasi-egin esango nuke nik akaso. Odriozolari kasu eginez gero, nola uztartu beharko genituzke ikaskuntza eta sozializazioa? Ikasleentzako aktibitate sozialak bultzatzen (askotan ikasleentzat soilik diruditenak)? Euskal komunitatearen sozializazio-sareetara ekarriz (topatzen eta bertan sartzen errazak izaten dira?)? Ikaskuntza eta sozializazioa bereiziz (de facto askotan egiten den bezala. Hemen "ikasi" egingo duzu, eta gainerakoa...)? Eta hizkuntza erabiltzen ez bada, nola ikasiko da? Alferrik ari gara orduan?

Bidali iruzkin berria

The content of this field is kept private and will not be shown publicly.
By submitting this form, you accept the Mollom privacy policy.
Sindikatu edukia