ezagutza

31
Urt
2010

Kaleidoskopioa

Plisti-plasta | 2010, Urtarrila 31 - 18:30

Begiratu, eta, zer ikusten dute nire begiek?

Hainbat itxuratan eta izarretan,

zafiroak, errubiak, topazioak.

Eta esmeraldak eta diamanteak,

eta amatistak, eta perlak,

eta nakarra, eta guztia, bat-batean!

Eskua mugitzearekin batera,

nire begiek zerbait berria ikusten dute.

(A. Izmailov, 1818ko uztaila)

Behinola, liburu baten izenburuarekin egin nuen topo. Gustura jarriko nizueke erreferentzia zuzena baina, tamalez, ez naiz aurkitzeko gai izan (barkatuko didazue zabarkeria). Gogoan daukat izenburu luzea zuela eta, bukatzeko, ezagutza kaleidoskopioa bezalakoa zela esaten zuela. Bueltaka eta bueltaka ibili natzaio ideia horri eta irudi politik sortu ez arren, hona pare bat burutazio.

David Brewsterrek asmatu zuen 1816an kaleidoskopioa eta ordudanik liluratu ditu zahar eta gazteak. Ez dakigu ezagutza noiz eta nola izan zen sortua baina honek ere etengabe liluratzen gaitu. Kaleidoskopioak ispiluak eta beirazko harri koloretsuak ditu osagarri. Horiek tutu baten barnean mugituz sortzen ditu irudi ikusgarriak. Modu berean, ezagutzak ere baditu bere ispiluak, beirazko harri koloretsuak eta etengabe hazten ari diren tutuak.

Gure euskara-ikaslearen ispiluak dira bere aurretiko ezagutza eta euskara hiztunen komunitatea (euskaltegia barne). Harrobi horretatik jasoko ditu harri koloretsuak eta sortuko ditu hainbat eta hainbat irudi desberdin.

Ispiluak aipatzean aurre-ezagutza aipatu dugu. Ezinbestekoa baita berau kontuan izatea eta beronen transferentzia pertsonalizatuan sakontzea. Batzuetan ahaztu egiten dugu hau eta modu jeneralistegian irakatsi nahi izaten diegu hizkuntza. Ispiluak aipatzean, halaber, euskara hiztunen komunitatea aipatu dugu. Batzuetan ahaztu egiten baitugu, interakzioa dela ezagutzaren funtsa eta interakzio honen murrizketak, uharte bihurtutako euskaltegiak, ez duela ezagutza behar beste akuilatzen.

Beirazko harri koloretsuez ere aritu gara. Ispiluek bikoizten edo hirukoizten dituzten berauen arteko elkar-hartzeak sortzen baitu irudia. Orain arteko teoria didaktiko guztiak saiatu dira harri horiek zein koloretakoak izan behar duten azaldu nahian: gramatikaren kolorekoak edo funtzioen kolorekoak edo sekuentzien kolorekoak edo … Txikitik handira (harritik irudira) aritu dira, baita handitik txikira ere (iruditik harrira). Syllabusak osatu dituzte… Azkenean, nire irudikoz, sarritan kolore bakarreko harriak eta irudi monokromoegiak osatu dituzte.

Kaledoskopioak, zorionez, ez du irudi bakarra edo irudi kopuru txikia sortzen. Badu kaos puntu bat. Eta hori ere komunikazioan onartu beharra dago. Helburua irudia bera baino gehiago sortzen duen liluran baitatza.

Baina irudi liluragarria sor dezan tutua mugitu beharra dago.

Begiratu, eta, zer ikusten dute nire begiek?

Hainbat itxuratan eta izarretan,

esmeraldak eta diamanteak.

Eta zafiroak, errubiak eta topazioak.

Eta nakarra eta amatistak.

Eta perlak, eta guztia, bat-batean!

Nire begiek zerbait berria ikusten dute,

eskua mugitzearekin batera.

Euskarak harri-bitxiak maileguan hartu beharra ere!

Irudia: Ode to Alex Grey. Egilea: Caneles. Lizentzia

Sindikatu edukia