lehendakaria

01
Ots
2010

Autobusak eta limusinak

Patxi Lopezek euskara ikasteko aurrekontuaren zenbatekoa jakinda aztoratzen hasi dira bazterrak atzotik hasita. Lopez eta, oro har, politikarien euskalduntzeaz luze jardun daiteke duda barik: zergatik ez ote duten lehenago ikasi, zergatik ez ote duten ikasten, zergatik ez ote duten ikasiko eta abar. Baina honen harira apuntetxo bat egin nahi nuke, akaso gutxik erreparatu dioten kontu bati.

Lopez, eta politikariak oro har, euskara ikasteko orduan ez dira euskaltegira joaten, eurentzako eskolak eta irakasleak nahi dituzte, berariazkoak. Eta jakina, taxia beti garestiago autobusa baino, eta limusina taxia bainoago. Baina taxia, limusina edo autobusa, billetea ez da euren poltsikotik ordainduko, alderdiak, administrazioak edo "enpresak" ordainduko du, eta "enpresa" hori guztiok garenean, guztion dirutik ordaintzen da.

Ez naiz ultraliberal jarriko, ez. Izan ere, une honetan politikari batzuen klaseak ez ezik, beste hainbatenak ere, gehienenak, neurri batean edo bestean diru publikotik ordaintzen dira, eta hala izan behar da seguruenik. Adibidez, euskaltegi bateko ikasle batek kasu gehienetan kostuaren erdia izango du ordainduta diru-laguntzen bidez. Baina horixe da kontua, "erdia", ez "dena".

Duela hilabete batzuk ikasle batzuekin kalkuluak egiten jarri ginen. Zenbat diru gastatu duen bakoitzak euskara ikasten. Eta diru-laguntzak kenduta ere batzuen kasuan -euskaltegia, barnetegia eta abarren artean- 4.000 eurotik gorako kopuruak irteten ziren, euren poltsikotik irtenda alegia.

Euskara ikastea doakoa izan behar dela esaten zen aspaldian, eta esaten jarraitu da, gero eta apalago entzun izan da hala ere. Badirudi batzuek eskubide hori eureganatu dutela ia nahigabean, baina guztiengana ez da oraindino heldu. Eta kostuak kostu eta prezioak prezio, limusinazale horiek autobusa zer karu dagoen gogoratu beharko lukete lantzean behin, horregatik eta horretarako baitute limusinan ibiltzeko pribilegioa.

Sindikatu edukia