mentalese

07
Ots
2009

Mentalese

Plisti-Plasta | 2009, Otsaila 7 - 18:59

Gaur bidaiatxo bati ekin diot, aulkitik mugitu gabe, neure burura joan naiz eta burutik mahai gainean pilatuta ditudan paper batzuetara: José Luis Guijarro Moralesen Serendipituosidad en la metodología del aprendizaje de idiomas artikulua jasotzen dutenak dira. Eta bidaia horretan ikusi dudana kontatzeko gogoa izan dut, gogoa eta etsipena. Zein zaila den bidaia bat kontatzea! Nola marraztu eta margotu Erromako kale hartako giroa? Nola Sofiako elkarrizketa haren goxoa? Eta zelan lortu nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

 

Ideiak trumilka datozkit, ia ordena barik eta ez daukat ordenatzeko gogo handirik. Barkatuko didazue baina ez naiz oso gida zuzena izango. Zatozte gustuko baduzue, baina jakinaren gainean zaudete, gai honetan turista hutsa naiz, apenas ezagutzen ditudan paraje hauek eta ziur aski galdu egingo naiz, gainera.

Galdera batetik partituko dugu: Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu?

Aspalditik usnaka zebilkidan ideia ikusi dut idatzita Guijarroren artikuluan, honela dio Steven Pinkerrek bertan: Pertsonek ez dute ingelesez, txineraz edo apatxez pentsatzen, pentsamenduaren lengoaian baizik (…)Mentalese’ deitzen dio hizkuntza horri eta hizkuntza unibertsala izan litekeela esaten du. Leihotxoak zabaldu zaizkit buruan: dejá vu, jendea; Atxaga; euskal zaldia; pin, pum, bang, danba; Krashen… Honela funtzionatzen du nire kaskarrak…

Dejá vu, jendea. Ez al zaizue gertatu inoiz,  burutazio bat etorri, txikitako sentsazio bat edo, hitzetan jarri nahi eta zailtasunak izatea? Ez al zaizue gertatu inoiz, zerbait esan nahi eta ez asmatzea? Ezin zerbait itzuli izana? Segundu bakarra ere hartu ez dizun pentsamendu bat hitzetara ekartzeko denbora luzea beharko duzunaz konturatu eta etsita geratzea? Badakit zer esan nahi dudan baina ez dakit nola pentsatu izana? Hitz berri bat aurkitzea, ‘dejá vu’ adibidez, zure hizkuntzan ez dagoena baina ezaguna duzun sentsazio bati erreferentzia egiten diona eta horregatik mailegu lez zeure egitea? Ez al zaizue gertatu inoiz,  ikasleek ‘jendea’ hitza pluraleko komunztaduran erabiltzea, nahiz eta ‘gente’ gazteleraz ere singularra izan, akaso beren buruan ‘gizakiak’ irudikatzen dituztelako?  Agian badago, beraz, hitza baino lehenagoko zerbait . Horixe da Pinkerren mentalese hori.

Atxagak bere liburuetan behin baino gehiagotan ematen digu gizakiok geure buruarekin izaten dugun elkarrizketaren berri. Mintzoa deitzen dio… Baina hori ote da Pinkerren mentalese lengoaia? Ezetzean nago. Mentalese edo mentalera (hitz traketsa da, gero!) nire ustetan pentsamendutik hurbilago dago eta hizkuntzatik urrunago. Gizakiak input primarioa zentzumenetatik jasotzen du eta memorian gordetzen du zenbaitetan, hortxe hasten da mentalera  lengoaia (ez hizkuntza) lez sortzen. Mintzoak, berriz, hizkuntza du. Nirea batzuetan euskaraz aritzen da eta beste batzuetan gazteleraz; oso noizean behin, beste hizkuntzaren batean (abestiren bat buruan dabilkidanean, normalean). Zein hizkuntzatan pentsatzen dugu? galderari erantzuten diogunean, beraz, sarritan mintzoari egiten diogu erreferentzia. Eta zuzena da, zati batean. Hizkuntza horretan / horietan ere azaleratzen baitugu gure pentsamendua, baina nire ustez pentsamenduak berak ez du hizkuntzarik eta hurbilago dago pentsamendutik mentaleraren lengoaia mintzoaren hizkuntza baino.

Euskal zaldia. Aspaldi batean, hizkuntza baten balioa adierazteko soziolinguista batek zera esan zidan: Pentsa ezak… Euskaldun batek ‘zaldi’ esaten duenean, zaldi txikikitxo bat, pottokaren tankerakoa, izaten dik buruan; aldiz, andaluziar batek ‘caballo’ esaten duenean Jerez aldeko zaldi handi, arranditsu horietako bat (ez nion esan, nik zaldi edo caballo esaten dudanean askoz kontzeptu unibertsalagoa izaten dudala gogoan: pottokak, Mendebaldeko filmetan ikusitako zaldiak eta Jerezekoak, besteak beste, hitz bera erabiliz izendatzeko balio didana). Horretan oinarritzen zuen irakasle hark hizkuntzaren balioa, errealitate desberdinak izendatzeko balio zuelakoan. Baina globalizazioak eta komunikabideek inputa asko bateratu dute eta mentalera lengoaiaren zenbait kontzeptu hurbildu (ingurunearen eragina ere ukaezina den arren). Euskal zaldiaren kontua bestelakoa da, beraz. Inputa daukagu lehenbizi (zaldi irudiak, mugimenduak, hotsak…), mentalera lengoaia ondoren (zaldiak beste izakien artean identifikatzeko balio diguna), eta hizkuntza ondoren, errealitate horren adierazpen eta konbentzio sozial gisa: zaldi, caballo… Baina beti al da horrela?

Nire ustetan ez, badago input sekundarioa (ez bigarren mailakoa) ere. Sozializazioak eta kulturak eskaintzen diguna.  Input mota honek  eskuratze prozesuaren norabidea aldatu egiten du kontzeptutik hizkuntzara izatetik, hizkuntzatik kontzeptura eramanez. Kontzeptuen mundua eta mentalera hizkuntzak berak aberasten du edo hizkuntzaren beraren bidez aberasten da( ‘burua jantzi’ esaten dugu euskaraz) . Horregatik irakurtzen dugu, aritzen gara solasean… zenbaitetan. Mentalera, mintzoa eta hizkuntza, beraz, anitzak dira, ezin dira modu estatikoan irudikatu, etengabeko jarioa dago beraien artean.

Pin, pum, bang, danba. Unibertsala al da mentalera? Nire ustetan ez. Edo ez erabat, behintzat. Ziur nago gizaki guztiok zenbait sentsazio, objektu… konpartitzen ditugula. Pentsatzekoa da, beraz, badagoela mentalera horretan corpus konpartitu garrantzitsu bat eta horregatik hizkuntza guztiek dituztela oinarrizko zenbait sinonimo. Baina inputaren pertzepzio mekanismoak zenbaitetan desberdinak izan litezke edota, behintzat, pertzepzio modu horiek hizkuntza bihurtu eta sozializatzeko moduak (gogoratu onomatopeiak: pin, pum, bang, danba; edo koloreak: beilegi, laru…). Bestalde, inputa ez da beti berbera izaten, ingurugiroa, eskurapen aukerak eta kultura garapenak ez baitira berberak  eta horrek mentalera corpusak desberdintzea ekarri du eta, ondorioz, baita hizkuntza corpusak ere. Argi dago ingelesaren hedadura, semantikoa adibidez, apatxearena baino askoz zabalagoa dela. Mentalerak hizkuntzaren hedaduran eragina duen bezala, hizkuntzak berak ere mentalera eragiten duela onartzen badugu, zilegi al da esatea ingelesa besterik ez dakien gizaki batek apatxea besterik ez dakien gizaki batek baino mundu kontzeptual zabalagoa izateko aukera duela? Utz dezagun galdera aidean, inplikazio gogorrak baititu. Dena den, inplikazio horiek arintzeko, esan dezadan argi daukadala mentaleraren hedapena eta edozein hizkuntzarena ez direla berdinak eta are gutxiago, mentaleraren eta ezein hizkuntzaren edota gizakiren garapen gaitasuna.

Krashen. Hizkuntzen didaktikara etorrita, honek guztiak inplikazio nabariak ditu. Ondo esplikatuko lituzke, adibidez, Krashenen eskurapena eta ikaskuntza bereizketak. Eskurapena mentalera hizkuntza batez errepresentatzea izango litzateke, bitarteko hizkuntzarik gabe. Eta ikaskuntza, berriz, lehenengo fasean, mentaleraren, lehen hizkuntzaren eta xede-hizkuntzaren arteko ‘ménage à trois’ bat eta bigarrenean, automatizazioaren bidez, eskurapen bihurtuko litzateke, hiztunak zuzenean joko bailuke mentaleratik xede-hizkuntzara. Honek esplikatuko luke zergatik ikasten duten umeek errazago (mentalera/hizkuntza eskurapena) eta zergatik nagusiek dituzten zailtasun gehiago nahiz eta metodo naturala erabili (ez litzateke adin edo burmuin kontua soilik izango). Inplikazio didaktikoak ditu, halaber, beste zenbait kontutan: transferentziaren planteamenduan eta abar…

Baina utz dezagun gaurkoz bidaia, Benito irudikatzen dut bestaldean,  nekatuta, muturra oker-oker eginda: psikolasto-morroi honek ez daki mezuak ezin direla hain luzeak izan, ala? bezalako burutazioekin. Barkatu guztiok. Jolas tonto bat da, turista sasijakintsu, harroputz baten bidaia. Abisatuta zeundeten baina… Ez al dizuet esan, bada, zaila dela bidaiak kontatzea? Zaila dela Erromako kale hartako giroa margotzea? Eta ezinezkoa nire kontuekin lagunak ez aspertzea?

Irudia:  Twitter 365 - Ft Yotsuba [027]. Egilea: KayVee.INCFlickr-en. Lizentzia

Sindikatu edukia